147. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84/2009 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, "José Lázaro Galdiano" ediziorako saria ematen diona "Ahora, Ediciones de Bibliofilia" argitaletxeari, "El bebedor de lágrimas" lanagatik.

Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuak "José Lázaro Galdiano" ediziorako saria sortu zuen, José Lázaro Galdiano nafarrari agur eta ohore egiteko, eta, alde batetik, liburuen edizioaren kalitatea eta, bestetik, artea, esanahi zabalenean ulerturik, aztertzen dituen ikerketa historikoa eta saiakeragintza aintzat hartzeko.

Aipatutako foru dekretuak proposamenak aurkezteko baldintzak eta saria emateko prozedura finkatu zituen; sariduna proposatzeko ahalmena Nafarroako Gobernuaren, Lázaro Galdiano Fundazioaren eta Beireko Udalaren ordezkariek eta arteko teknikari adituek osatutako epaimahai bati eman zion; eta proposamena Nafarroako Gobernuaren lehendakariari bidali behar zaiola xedatu zuen, Nafarroako Gobernuak saria emateko erabakia har dezan.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariaren uztailaren 1eko 67/2009 Foru Aginduaren bidez, "José Lázaro Galdiano" ediziorako sariaren (2009. urtea) oinarri arautzaileak onetsi ziren, eta saria emateko 3.000 euroko gastua baimendu.

Epaimahaiak 2009ko urriaren 22ko bilkuran erabaki zuen "José Lázaro Galdiano" ediziorako saria (2009. urtea), "Ahora, Colecciones de Bibliofilia" argitaletxeko "El bebedor de lágrimas" lanari ematea proposatzea.

"Ahora, Colecciones de Bibliofilia" argitaletxearen "El bebedor de lágrimas" lanean ikus dezakegu José Lázaro Galdianok argitaratzaile eta bildumazale gisa egindako ibilbidean erakutsitako edertasun, berezitasun eta interes artistikoaren eragina. Lanaren egilea Miguel A. Hernández-Navarro da, hitzaurrearena eta aurkezpenarena, Mieke Bal eta Ángel Pina Ruiz, hurrenez hurren, eta irudiak Javier Pérezek egin ditu. Argitaratzaileak liburuki bakarrean bildu ditu testu poetiko, artista grafiko eta estanpazio serigrafiko bikainak.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 16an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. "José Lázaro Galdiano" ediziorako saria ematea "Ahora, Ediciones de Bibliofilia" argitaletxeari, "El bebedor de lágrimas" lanagatik.

2. Foru dekretu hau "Ahora, Colecciones de Bibliofilia" argitaletxeari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F0926800