13. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

1/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana, "Las Balsas-Alaitz mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko desjabetze proiektua eta horrek ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.

Enpresa zuzendari nagusiaren urriaren 22ko 3162/2008 Ebazpenaren bidez, "Las Balsas-Alaitz mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko desjabetze proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu zen (2008ko 139. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 14koa).

Jendaurreko aldia igarota, bidezkoa da aurkeztutako zortzi alegazioak ebaztea, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (aurrerantzean CENER) egindako txostenean adierazi bezala. Txosten horretan alegazio guztiei erantzun zehatza ematen zaie, eta espedientean dago.

Beste alde batetik, jendaurreko aldian Eloko katastroan aldaketa bat gertatu da eta, ondorioz, mugape horretako 5. poligonoko 4. lurzatia 5. poligonoko 14. lurzatia da orain; lurzatiaren titularrak ez dira aldatu.

Azkenik, epe horretan parke eolikoaren sarbideak zehaztu dira. Hori dela eta, Eloko 5. poligonoko 14. lurzatiaren (lehengo 5. poligonoko 4. lurzatia) ukipenak aldatu dira: behin betiko okupazioa 16.366 metro koadrora murriztu da, eta Untzueko 3. poligonoko 135. lurzatikoa 34. 342 metro koadrora. Halaber, Eloko 5. poligonoko 1. lurzatia desafektatu da.

Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluak xedatzen duenarekin bat, onura publikoaren adierazpenak berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatu edo ukitutako eskubideak eskuratu beharra eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikulua bete ahal izateko.

Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Las Balsas-Alaitz mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko desjabetze proiektua behin betiko onestea eta jendaurreko tramitean aurkeztutako alegazioak CENER zentroak egindako txostenean adierazi bezala ebaztea.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, aldaketa hauekin:

a) Eloko 5. poligonoko 4. lurzatia 5. poligonoko 14. lurzatia da orain. Gainera, lurzati horren behin betiko okupazioa 16.366 metro koadrora murriztu da.

b) Untzueko 3. poligonoko 135. lurzatiaren behin betiko okupazioa 34.342 metro koadrora murriztu da.

c) Eloko 5. poligonoko 1. lurzatia desafektatu da.

3. Instalazioaren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 52., 53. eta 54. artikuluak eta hura garatzen duen Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluak betetzeko.

4. CENER zentroari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Ebazpen hau eta egindako alegazioei emandako erantzuna alegatzaileei jakinaraztea.

6. Ebazpen hau onuradunari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 7an.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0900504