13. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 12an hartua, Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, sarbideei eta hargune elektrikoari buruzkoa, onesten duena. Sustatzailea Indugarbi, S.L. da.

I.-AURREKARIAK ETA XEDEA.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko uztailaren 21eko Erabakiaren bidez, Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea tramitatzeari ekin zitzaion, jendaurrean jarri zen eta ukituriko udalei entzunaldia eman zitzaien, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legea eta Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren prozedura betetzeko. Erabakia 2008ko 97. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 8an.

Espedientearen helburuak hargune elektriko berria zehaztea eta instalazioetako sarbidea aldatzea dira.

Indarreko UPSean ageri den instalazioekiko hargune elektrikoa baztertu egin du Iberdrola enpresak; hortaz, aireko beste hargune elektriko bat proposatu da, 2.940 metroko luzera izanen duena eta instalaziotik Tutera-Tafalla 3 linearen euskarrira joanen dena. Euskarri hori "Los Plantados" parajean dago, Aragoi ibaiaren bazterrean, Zarrakazteluko udal mugapearen mugan.

Sarbidea aldatzeko, hiri lurzoruko sarbidea herriguneaz ekialdera mugituko litzateke. Bide horrek 1.492 metroko luzera izanen luke eta Traibuenas-Santakara-Zarrakaztelu NA-8604 errepideko 16,744 k.p.-ean eraikiko litzatekeen biribilgunetik abiatu, bertako bide trazaduratik jarraitu eta Uxue-Murillo el Fruto NA-5311 errepidearekin (20, 2 k.p.-a) glorieta berri baten bidez lotuko litzatekeen bide berri batean amaituko litzateke.

II.-AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK.

Espedientearen jendaurreko aldian, jarraian ageri diren hiru alegazioak aurkeztu dira. Antzeko edukia dutenez, hiruei batera erantzun zaie.

1. Pedro Alli Valles eta 207 sinatzaile gehiago.

Eskatzen dute kontuan har dadila hondakin plantako sarbidea Caparroso-Zarrakaztelu NA-124 errepidearen saihesbidearekiko hegoaldeko lotunean hasteko aukera, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza zuzendari nagusiak eta Murillo el Frutoko alkateak sinatutako aldez aurreko itunean ezarri bezala. Ildo horretan, adierazten dute sustatzaileak proposatutako sarbideak herrigunean sartzen jarraitzen duela, eta horrek bizilagun guztiei sortzen dizkie eragozpenak, eta oso erabilia den nekazaritza bide bat ukitzen duela.

2. Kerman Laskibar Zarandona.

Ez dago ados herrigunean (Caparroso-Zarrakaztelu NA-124 errepidea), bere ostatutik metro gutxira, glorieta bat jartzearekin. Adierazten duenez, proiektuaren datuen arabera, biribilgunetik 40-45 ibilgailu astun igaroko dira egunero, eta horrek zarata eta zikinkeria nahaste handiak eta bestelako ondorio negatiboak dakartza.

Alegatzaileak ez du ulertzen zergatik baztertu duen enpresak bidea goian aipatutako NA-124 errepidearekin saihesbidearen elkargunean lotzeko aukera eta, ildo horretan, proiektua berraztertzeko eskatzen du.

3. Agrupación Independiente Murillo (AIM).

Alegatzen dute hondakin plantako sarbidearen proposamen berriak herrian egin berri den saihesbideari esker herritik atera den ibilgailu astunen trafikoa itzularaziko lukeela herrigunera, nekazaritza makinek egunero-egunero erabiltzen duten bide bat ukituko lukeela, lur erauzketa handia eraginen lukeela eta herriko gas naturalaren horniketa nagusiaren hargunean aldaketak eraginen lituzkeela. Adierazten dute sustatzailearen helburu bakarra kostuak murriztea dela, kontuan hartu gabe sor ditzakeen kalteak eta herritarren ongizatea.

Eskatzen dute sarbide berriaren trazadura NA-124 errepidearen saihesbidearekiko hegoaldeko lotunean hasteko, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza zuzendari nagusiak eta Murillo el Frutoko alkateak sinatutako aldez aurreko itunean ezarri bezala.

Alegazio guztiei emandako erantzuna:

Hasteko, gogora ekarri behar da erabakiak alegatutako alderdiei buruz dioena:

-Indarreko UPSak aipatzen dituen instalazioetako sarbidea, herrigunetik pasatzean, LOEEn "berdegune berezia: eremu berriarekiko txanga, pasealekua eta lorategia" deritzon gunetik iraganen da.

-Murillo el Frutoko LOEE 2007ko urriaren 4an onetsi zen. Bertan, etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriko esparru bat mugatu zen, gaurko herriguneaz ekialdean, eta udalez gaindiko plan sektorialera joateko saihesbide bat proposatu, haren bazterretik. Aurreko itunak, besteak beste, bide ematen du udalaren hirigintza planaren geroko idazketan UPSeko sarbidearen saihesbide proposamen bat zehaztu eta garatzeko, gaur egungo herrigunea eta aurreikusitako lurzoru urbanizagarria saihestuko dituena, eremuko garapen eredua zaintzeko lurzoru baliotsua barne (epe luzerako urbanizagarria izan litekeena), eta gaineratzen du trazadura NA-124 errepidearen Zarrakazteluko saihesbidearekiko hegoaldeko lotunean hasi beharko litzatekeela.

-Hondakin zentrorako proposatu den sarbide berria, LOEEn zehaztutako trazadura bezala, herrigunea hedatuko deneko eremuko mugaraino eramanen da. Horrela, zentroko trafikoak Murillo el Frutoko herrigunea saihesteaz gain (gehiena trafiko astuna baita), LOEEn aipatzen diren beste proposamen batzuei bide ematen zaie: herrigunea ekialdetik zabaltzeari eta txangako pasealekuari eta lorategiari.

-Trazadura, itunak dioen bezala NA-124 errepidearekiko hegoaldeko lotunean hasten ez bada ere, gaur egun LOEEn hiri lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako aurreikusten den egungo mugatik abiatuko da, UPSeko sarbidearen saihesbiderako LOEEn aurreikusten den trazaduratik 150 metro hegoaldera, gutxi gorabehera. Horrela, gaur egungo herrigunetik eta aurreikusitako lurzoru urbanizagarritik igarotzea saihestuko da. Halaber, trazadura horrek, herrigunetik gehiago urruntzen baita LOEEn proposatzen den saihesbidea baino, bide emanen luke herrigunea "Delantera San Miguel" alderdirantz zabaltzeko, La Paz kaleaz ekialderantz.

Hona orain arteko azpimarragarriena:

-LOEEren aldez aurreko itunak bide ematen du udalaren hirigintza planaren geroko idazketan UPSeko sarbidearen saihesbide proposamen bat zehaztu eta garatzeko, gaur egungo herrigunea eta aurreikusitako lurzoru urbanizagarria saihestuko dituena. Horiek horrela, espedientean UPSeko sarbidearen trazadura zehazten da, eta itunak horri buruz ezartzen dituen oinarrizko irizpideak betetzen dira, hau da, herrigunetik eta aurreikusitako lurzoru urbanizagarritik igarotzea saihesten da, alegatutako erabakian adierazi bezala.

-Espedientean planteatutako trazadurak LOEEren dokumentazio grafikoan aurreikusitakoa hobetzen du hein handian, bat etortzen ez diren arren trazaduraren hegoaldeko abiatze puntua eta itunean ezarritakoa (ez aginduaz, ordea).

Beste alde batetik, bidezkoa da jarduketa hauek aipatzea:

a) Murillo el Frutoko Udalak, 2008ko irailaren 1ean, espedientearen jendaurreko aldiaren barruan, beraz, osoko bilkurak abuztuaren 22an egindako saioan onetsi zuen erabakiaren ziurtapena aurkeztu zuen. Bertan udalak adierazi zuen sustatutako aldaketa babestu eta onesten duela, mesedegarriagoa eta onuragarriagoa deritzolako.

b) Alegazioak sustatzaileari igorri ostean, sustatzaileak horiei erantzuten dien txostena eman zuen. Bertan adierazi zuen aldaketaren helburuetariko bat bidea ekialderantz eramatea dela, trafikoa herrigunetik urrutiratzeko. Halaber, aipatu zuen, sarbidea enpresak bakarrik erabili behar ez duenez eta horren kostu osoa Indugarbik ordaindu behar duenez, enpresaren kostua behar baino gehiago ez handitzeko, aukeratu den trazadura berriak, Herri Lan zuzendari nagusiaren aldeko txostena duenak, udalaren bide bat eta herrilurretako zenbait lurzati ukituko dituela.

Alegatzaileek sarbide berriaren abiapuntua herrigunetik beraiek adierazitako puntura urrutiratzeko egindako eskaera onartu egin du enpresa sustatzaileak, obraren kostuak handitu arren, baldintza hauen pean: trazadura berria Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak onar dezala; eta udalak, egin behar diren obrak gauzatzeko, enpresaren eskura jar ditzala trazadura berriak ukituko dituen lur partikularrak.

c) Sustatzailearen erantzuna ikusirik, 2008ko urriaren 7an, Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, proposamenak duen udal interes handia dela eta, kontuan hartuta Murillo el Frutoko Udalak, espedientearen ebazpena eman baino lehen, horri buruz duen iritzia eman beharko lukeela, udalaren esku jarri zuen aurkeztutako alegazioen kopia, bai eta espedientearen sustatzailearen erantzunarena ere.

d) Aipatu eskaerari erantzunez, udalak, 2008ko urriaren 31n, herriko udal plan orokorra egin zuten arkitektoen eta bide berria diseinatu zuten ingeniarien txostenak erantsi zituen.

Lehenengo txostenean, arkitektoek aipatzen dute proposatutako trazadurak, funtsean, LOEEn onetsitako gomendioak biltzen dituela, eta LOEEren trazadurarekiko desberdintasuna hauxe dela: saihesbidea Santa Ursula kaleko azken eraikinaren kanpoko aldetik abiatzen dela; eta, ondorioz, trafiko astuna ez litzatekeela herrigunean sartuko. Azkenik, aldaketak eragindako hobekuntza eztabaidaezina baloratzen dute, baita LOEEaren trazadurari dagokionez ere, eta aipatzen dute hoberena bidea NA-124 errepidearen saihesbidearekiko lotunetik abiatzea izan arren, egun proposatutako abiapuntuak LOEEn biltzen diren gutxieneko aurreikuspenak gainditzen dituela dagoeneko.

Bere aldetik, ingeniarien txostenak adierazten du aurreikusitako trazadurak LOEEn ezarritako irizpideak betetzen dituela, hau da, saihestu egiten duela trafikoa egungo herrigunean eta etorkizuneko lur urbanizagarrian sartzea, eta NA-124 errepidearen saihesbidearekiko hegoaldeko lotunean abiarazteko proposamena, LOEEn jasotzen dena halaber, iradokizun bat dela eta ez agindu bat. Halaber, aipatzen du trazadurarik ulergarriena aukeratu zela; izan ere, ez du ekarriko duela 4 bat urte lurzati berrantolamenduaren ondorioz sortu zen ureztalurreko finkak desjabetzerik, desjabetze horiek lur zati handia ukituko bailukete, eremuko topografiaren eta desnibelen ondorioz eta aipatu lotunearen plataforma mantentzeko egin beharreko ezponden eraginez.

Azkenik, eta herriko gas naturalaren hargune nagusiaren ukipenari dagokionez, adierazten du Gas Naturalekin harremanetan jarri direla eta enpresak hargunea egiteko puntua eman duela, jakinik han eginen dela aipatu glorieta.

Goian esandako guztiaren balorazioak, lehenik, egindako alegazioak ezestera eramanen gintuzke. Dena dela, bidezkoa da beste zenbait gauza gaineratzea:

-Hasteko, kontuan hartu behar da planteatutako proposamenak ez lukeela egungo nekazaritza bidearen zirkulazioa oztopatuko, eta bertako lurzorua eta sekzioa hobetuko lituzkeela (bide berriak, espedientearen arabera, 10 metroko galtzada, lurzoru aglomeratu asfaltikoa eta 1,30 metroko zabalerako arekak izanen lituzke).

-Alegatzaile batek aipatutako zarata eta zikinkeria nahaste handiei eta bestelako ondorio negatiboei dagokienez, aipatu behar da murrizten ahal direla, biribilgunea ez beste bidegurutze eredu bati jarraitzen bazaio. "T" ereduko bidegurutze bat eginen balitz, loturaguneko lur erauzketak saihestuko lirateke, trafikoa herri lurzoruaren mugatik (ostatua) urrunduko litzateke, eta ez litzateke gas naturalaren hargune nagusia ukituko, artxiboetan dauden datuen arabera, herrira hegoaldetik sartzeko errepidearen ezkerreko aldean baitago.

Hori guztia ikusirik, bidezkoa da alegazioak zati batean onestea eta sustatzaileari ohartaraztea goian adierazitako "T" ereduaren aukera hartu beharko duela, edo, bestela, aipatutako inguru hurbilean trafikoaren ondorioak saihesten dituen besteren bat. Irtenbide hori osatzeko, bidegurutzearen eta ostatuaren arten arbolak landatuko dira. Puntu horretan hasten da hiri lurzorua.

III.-ONDARE HISTORIKOAREN ZERBITZUAREN TXOSTENA.

2008ko urriaren 6an, Ondare Historikoaren Zerbitzuak jakinarazi zuen proiektua bideragarria izaten ahal dela ondarearen ikuspegitik, nahiz eta, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59.3 artikuluarekin bat, gauzatze proiektuak katalogatu gabeko ondare arkeologikoa zaintzeko prebentzio eta babes orokorreko neurriak hartu beharko dituen.

IV.-NEKAZARITZAKO EGITUREN ZERBITZUAREN TXOSTENA.

Erabakian aipatzen da linea elektrikoak ureztalurraren inbentarioak ukitutako lurrak zeharkatzen dituela: Nafarroako Ubideko II. faseko ureztaketa eremuak eta eginiko ureztaketa jarduketak. Ukipen horri buruzko txostena eskatu zitzaion, bere garaian, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari. Espedientearen tramitazioaldian, ordea, ez du ukipen horren gaineko kontrako iritzirik eman.

V.-INGURUMEN ONDORIOEN ADIERAZPENA.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 2355/2008 Ebazpenaren bidez, espediente honi buruzko aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen, baldintza honen pean: Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentrora sartzeko bidearen eta linea elektrikoaren proiektu teknikoetan zenbait elementu eta neurri zuzentzaile sartzea. Proiektuok obrak hasi baino lehen aurkeztu beharko dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. "Murillo el Fruton paratuko den Hondakinak Birbaloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, sarbideei eta hargune elektrikoari buruzkoa, onestea. Sustatzailea "Indugarbi, S.L." da.

3. Sustatzailea ohartaraztea hondakin zentrora sartzeko bidearen eta NA-124 errepidearen arteko bidegurutzeari irtenbide bat emateko, "T" ereduko bidegurutze bat jartzeko irtenbidea hartu beharko duela, trafikoak ingurune hurbilean sortzen dituen ondorioak arintzeko. Irtenbide hori osatzeko, arbolak landatuko dira bidegurutzearen eta ostatuaren artean.

4. Proiekturako eta sarbideak gauzatzeko, jabari eta erabilera publikokoak eta sustatzailearen kargura izanen direnak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aldez aurreko baimena beharko da.

5. Aldaketa gauzatzeko proiektuetan, bai eta obrak egiteko ere, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2008ko urriaren 6an emandako txostenean xedatutakoari jarrikiko zaio.

6. Halaber, sustatzaileak Ingurumen ondorioen adierazpenean xedatutakoa beteko du.

7. Egin nahi diren instalazioetan (ubide publikoak, etab.) eragina izan edo horiek baldintzatu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, kasuan kasuko organo eskudunek eskatzen dituzten baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

8. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari jakinaraztea.

9. Erabaki hau Murillo el Frutoko, Pitillasko, Santakarako eta Zarrakazteluko Udalei, Aragoi Ibarreko Mankomunitateari, NILSAri, alegatzaileei eta "Indugarbi, S.L." enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea erabakiak bide administratiboari bukaera ematen diola eta horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 12an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0900407