13. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko lorategietako mantentze-lanetako laguntzaile izateko 14 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2008ko abenduaren 23an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen haren

ARAUAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko lorategietako mantentze-lanetako laguntzaile izateko 14 lanpostu oposizio bidez betetzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Lanpostuak honela banatu dira, txandetan:

-6 lanpostu txanda irekian.

-6 lanpostu igoera txandan.

-2 lanpostu txanda murriztuan, %33ko edo hortik goitiko minusbaliotasun aitortua duten pertsonentzat.

1.2. Hiri Kontserbazioko Alorrari atxikita daude deialdiko lanpostuak, eta zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 406000-34, 406000-36, 406000-37, 406000-38, 406000-39, 406000-40, 406000-41, 406000-42, 406000-43, 406000-44, 406000-45, 406000-46, 406000-51 y 406000-52.

1.3. Hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.

Era berean, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Ezgaitasuna dutenentzako txandako lanpostuak, txanda horretako izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Orobat, igoera txandan edo/eta ezgaitasuna dutenentzako txandan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok aprobatzen badute, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa bereganatzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Gisa berean, txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean, txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Iruñeko Udaleko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek D mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan kidetuko, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

-Zenbait gremiok profesional-ofizialari emandako laguntzak edo hurbileneko nagusiak agindutako lanak.

-Lan osagarriak eta langilea atxikita dagoen zerbitzuak berezko dituenak: Lorezaintza Zerbitzuko edo Hiri Kontserbazioko Alorreko elementu berezkoak edo organo horiei atxikitakoak prestatzea, instalatzea, erabiltzea, horien mantentze-lanak egitea, horiek konpontzea, deuseztatzea, kentzea edo lekuz aldatzea.

-Atxikitzen den udal zerbitzuaren makinak, tresnak, lanabesak eta ekipo osagarriak erabiltzea.

-Udal bulegoen, instalazioen eta biltegien mantentze-lanak.

-Makinen eta lanabesen oinarrizko mantentze-lan ez espezializatuak.

-Atezaintzako lanak, sarreraren kontrola, eta lokalen eta instalazioen mantentze-lan ez ezpezializatuak.

-Ibilgailuak eta makinak gidatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).

1.10. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda osatu nahi da, deialdi honen 3, 10, eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita, deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den tituluaren jabe izatea edo eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean eskuratzeko moduan egotea eta Nafarroako administrazio publikoetan egiazko zerbitzuetan bortz urteko antzinatasuna duela frogatzea; edo bertzenaz, titulurik ezean, administrazio horietan zortzi urteko antzinatasuna frogatzea.

2.3. %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna duten lagunendako erreserba txandako izangaien betebeharrak.

Ezgaitasuna duten lagunentzako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna.

2.4. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hautaprobak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetan aurkeztu beharko dira (Merkatuko karrika, 7-9; Zapateria karrika, 40; San Saturnino karrika, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 6 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasa eta azterketa eskubideak ordaintzeko. Zuzenean ordaindu ahalko da edo, bestela, transferentzia eginda; betiere, Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren Diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.3. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzen duten izangaiek, horretaz gain, 2.2. atalean adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3.4. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiburua: Ignacio Polo Guilabert, Hiri Kontserbazioko zinegotzi delegatua.

-Ordezkoa: Eduardo Palacios Sureda, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

-Mahaikidea: Oscar Esquíroz Noble, Hiri Kontserbazioko Alorreko zuzendaria.

-Ordezkoa: Juan Echenique Huarte, Hiritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrien Alorreko zuzendaria.

-Mahaikidea: Carlos González Hernández, Lorategietako zerbitzuko burua.

-Ordezkoa: Aitziber Otxoa Iriarte, nekazaritzako ingeniari teknikoa.

-Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

-Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

-Idazkaria: Javier Barace Egaña jauna, Hiri Kontserbazioko Alorreko idazkari teknikoa.

-Ordezkoa. Alfredo San Miguel Díaz jauna, Lehendakaritzako Alorreko idazkari teknikoa.

Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2009ko maiatzean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: bi proba izanen ditu.

Lehenbiziko proba: proba honetan ere aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Deialdiko II. eranskineko I. atalean aipatzen diren gaiei buruzkoak izanen dira galderak. Erantzun okerrak zehatuko dira.

Bigarren proba: proba honetan ere aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Deialdiko II. eranskineko II. atalean aipatzen diren gaiei buruzkoak izanen dira galderak. Erantzun okerrak zehatuko dira.

Bi probak egun berean eginen dira, bata bertzearen ondotik.

Proba hauek egiteko ez da inongo testurik erabiltzen ahalko, ezta bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du.

Bigarren ariketa: ariketa praktikoa, lanpostuaren egitekoei buruzkoa. Epaimahaiak gehienezko iraupena zehaztuko du hura hasi baino lehen.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa.

Lehen ariketa:

Lehenbiziko proba: 0tik 60 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 30 puntu beharko dira.

Bigarren proba: 0tik 60 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 30 puntu beharko dira.

Zati bakoitzean huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsiko dira, probak hasi baino lehenago epaimahaiak erabakiko duen proportzioan.

Puntuazioa, guztira, izangaiek bi zatietan lortutako puntuazioen batuketa eginez sortuko da. Epaimahaiak bigarren zatia zuzenduko du bakarrik izangaiak lehenbiziko zatia gainditu badu.

Bigarren ariketa:

0tik 30 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

6.4. Bi ariketetako probak baztergarriak izanen dira, eta kanporaturik geldituko dira eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak.

6.5. Lehen ariketa kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo ariketa non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitortua dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hauta-probak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta haiek egin diren tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero zerrenda hori Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Hautaproben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan -hurrenez hurren eta ordena berean- puntuaziorik altuena lortzen dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritza Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia egiaztatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko osasun zerbitzuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasunik nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

i) B kategoriako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko kazetari izateko lanposturako izendatua izateko Lehendakaritza Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8.-Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatutakoa betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute zein hautatzen duten eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik; bestela, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnetatik, jakinaren gainean jarri ondotik.

8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aldean.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

9.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiak, lorategietako mantentze-lanetako laguntzaile izateko lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie ebazpen baten bidez.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, Iruñeko Udalean aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

-Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

-Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko die, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritza Alorreko Zuzendaritzak, aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda osatuko du deialdi honetako lehen ariketa gainditzen duten izangaiekin.

11.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako lehen ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

-Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia egiaztatua, titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

-NANaren fotokopia konpultsatua.

-B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

b) Aurreko zerrendakoak izan gabe, deialdiaren lehen ariketa gainditzen dutenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2008ko abenduaren 23an.-Zinegotzi-idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena: ...................., adinez nagusia. NAN/nortasun agiria: ........ Jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ Jaioterria (udalerria, probintzia): ............. Nazionalitatea: ................ Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua): ............ Posta kodea / Herria: ...................... Telefonoa: ............. Laneko telefonoa: ........................

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko lorategietako mantentze-lanetako laguntzaile izateko 14 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda (*).

f Txanda murriztua.

(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik.

Datuen babesa.-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei gehituko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko karrika, 7-9; 31001 Iruñea).

Iruñean, 20...ko ................ (a)ren .... (e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

I. zatia

1. gaia.-Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.-Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.-Lan arriskuei aurrea hartzea, lorezaintzako lanetan.

4. gaia.-251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

II. zatia

1. gaia.-Soropilen eta zelaien sorrera.

2. gaia.-Soropilen eta zelaien mantentze-lanak.

3. gaia.-Zuhaitzen landaketa.

4. gaia.-Zuhaixken, landaresien, sasoiko loredun parterreen, landare geruzagileen eta erraboilen landaketa.

5. gaia.-Zuhaitzen mantentze-lanak: inausketa.

6. gaia.-Zuhaitzen beste mantentze-lan batzuk.

7. gaia.-Zuhaixken eta landaresien mantentze-lanak: inausketak eta beste mantentze-lan batzuk.

8. gaia.-Ureztapeneko instalazioak.

9. gaia.-Ureztapeneko sareen mantentze-lana.

10. gaia.-Zuhaitz, zuhaixka eta lore espezieen ezagupena.

Oharra: Lorezaintzako egungo irizpideetan eta indarra duten araudi teknikoetan oinarri hartuta zuzenduko da ariketa.

Iragarkiaren kodea: L0819792