13. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

719/2008 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Lukingo Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2004ko azaroaren 3an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, Lukingo lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, Udal Plan Orokorrean ingurumen arloan kontuan izan beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.

Udal Plan Orokorraren espedientea hilabetez egon zen jendaurrean, Lukingo Udalak iragarkia argitaraturik, 2005eko 96. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abuztuaren 12an.

2008ko urtarrilaren 18an Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa sartu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Ingurumen ondorioen azterlana barne, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Udal Plan Orokorraren espedientea 45 egunez egon zen jendaurrean, Lukingo Udalak iragarkia argitaraturik, 2008ko 10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urtarrilaren 23an. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Lukingo Udal Plan Orokorrak hurrengo hauek ditu xede nagusitzat: lehendik dauden hiri-sareen iraupena eta hobekuntza bermatuko duen lurralde eredua proposatzea, udalerriaren landa izaera gordez eta barneko bide-komunikazioa hobetuz; lurzoru beharrak asetzea bigarren etxebizitzetarako eta ekonomia jardueretarako; eta udalerriaren turismorako gaitasuna indartzea. Lurzoru urbanizaezinerako lehentasuna izanen da balio naturalen araberako babes eremuak mugatzea eta lurzoru mota horretan egiten diren jarduerak arautzea.

Halaber, indarra duen planeamendua abenduaren 20ko Lur Antolamendu eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera eguneratu eta egokitu da, hirigintzako legeriara moldatuz, lurzoru urbanizaezinari dagokionez bereziki. Aurreko planeamenduan lurzoru mota horri eta haren babes araubideari buruzko xehetasun azterlanik ez zegoen, eta orain zuzendu egin da hori.

Lukingo Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (8,8 km², eta Barbaringo udal mugapeak bi zatitan banatzen du Lukingo udal mugapea). Udal Planak etxebizitzen kopuruaren hazkunde handi baterako beharrezkoa den lurzorua aurreikusten du; eraikuntza arautzen du, dagoen homogeneotasun tipologiko eta formala mantentzearren; industriarako lurzorua erreserbatzen du; eta aurreikusten du herrigunetik kanpo dagoen bide berri bat eta Arroitz Iruña-Logroño autobiarekin lotzen duen errepide proiektuaren trazadurati berri bat eraikitzea.

Ingurunea ingurumen unitateak zehaztuz aztertu da, alegia, jarduketa zehatz baten aurrean modu homogeneoan erantzuten duten lurraldearen zatiak zehaztuz. Oraingoan hiru hauek dira: babeserako interes berezia duen landaredia, lurzati handi edo txikiz osatutako lehorreko lurrak eta ibaiak edo ur ibilguak.

Geologiari, edafologiari, erliebeari eta higadurari buruzko informazioa biltzen duten ingurune fisikoko datuak sartu dira. Lukin Ebroko sakonunearen iparraldeko mugan dago, iparraldean erliebea menditsuagoa da eta buztinak, harearriak eta limoak dira nagusi, benetako higadura handiarekin. Hegoaldean erliebea lauagoa da, bertan igeltsuak eta margak agertzen dira eta sakanak egotea ahalbidetzen dute, higadura txikiagoarekin.

Lur azaleko ur sareari buruzko datuak jasotzen ditu; ur-emari irregularreko errekek osatua da, esate baterako, Bueno eta Salado errekek, Reca eta Agolar erreka bideratuak eta Churripitita sakana.

Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, Nafarroako Erdialdeko eremu mediterraneo horretan berezkoa den landarediaren serie eta geoserieak identifikatu dira.

Udalerrian gutxi dira kartografiatutako berezko landarediaren serieen aztarnak, nabarmentzekoak dira udalerriaren iparraldeko erkameztiak eta bazterretako lurren nahiz muinoen sastrakadi mediterraneoak. Sakanei loturiko komunitateen artean nabarmentzekoak dira milazkadi eta ihidi mediterraneoen azalera txikiak, kontserbazio egoera irregularrean.

Hauek dira naturaren eta paisaiaren aldetik interes handiena duten udalerriko elementuak: abeldibideak (Imastik Iratxera doan errege altxonbidea, 19. iraganbidea eta 9., 10.eta 19. adarrak) eta Done Jakue bidea.

Ingurumen ondorioen azterlanean ondorioztatu denez, hiri lurzoruaren muga berriaren eragina txikia izanen da, hiri inguruko eremuko nekazaritzako alorrak ukituko baititu, eraikinez eta hiri lurzoru finkatuz inguratuak.

Plan honetan lurraldeko balio nagusien kontserbazioa bermatzen da, lurzoru babesgarriaren kategorian ondoko lurzoru urbanizaezin hauek sartu baitira: onura publikoko mendia (301. zenbakia), abelbideak (Errege Altxonbidea, adarrak eta iraganbideak) eta Done Jakue bidea, Interes Kulturaleko Ondasunak eta ur ibilgu nagusiak (Reca, Bueno eta Salado errekak eta Campanas erretena). Gorde beharreko Lurzoru Urbanizaezinaren kategorian: baso lurzoruak, Europar Batasunaren intereseko habitatak, aztarnategiak eta kultur balioa duten elementuak (San Isidro eta San Facundo ermitak eta Salado errekaren gaineko zubia), %20tik gorako malda eta landarezko estaldurarik gabeko eremuak eta Agolar sakana.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta Lukingo Udal Plana ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Udal Planean honako zuzenketa hauek gehitu beharko direla Ingurumen ondorioen adierazpen hau onesteko:

-Udal mugapeko lurzoru urbanizaezinean dauden erreketako eta sakanetako landaredi naturalaren kasuan, babes araubideak erabilera-aldaketa debekatua duela azaldu beharko du, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatzen duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legean ezarritakoa kontuan hartuta.

-Lan-eskala dela-eta, Planeko "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua (Nekazaritzako lurra)" azpikategoriaren mapetan ez dira sartu ekologiaren nahiz paisaiaren aldetik balio handia duten zenbait baso eremu, arboldunak zein arbolarik gabeak. Hori dela eta, Hirigintzako araudi partikularraren "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua " arautzen duen 7. artikuluan landaredi natural horren presentzia eta bere kontserbazioa bermatuko duen babes araubidea aipatuko dira. Gomendatzen da nekazaritzako lurzoruan dauden oihan azpilurzatiek "Batasunaren intereseko lekuek" duten babes araubide beretsua izatea (Hirigintzako Araudi Partikularraren 6. artikuluan zehaztuak).

-3. poligonoko 113., 114., 116. eta 117. lurzatietako ohian eremua, bere ingurumen balioa dela eta, zaindu beharreko lurzoruaren kategorian sartuko da.

-Hilerriaren hegoaldean aurreikusten den hiri lurzoruaren zabaltzeak (19A lurzatia) ez du 1,5 metro baino gehiagoko erauzketa ezpondarik sortuko ekialdean dagoen babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kontra. Betiere, ezponda landareztatu eginen da.

-Aurreikusitako etxebizitza kopuruari eta azalera osoei buruzko datuak zuzendu beharko dira lurzoru kategoriei dagokienez, Ingurumen ondorioen azterlana eta Hirigintzako Udal Plana bat ez datozelako. Baso lurzoruak eta intereseko habitatak osatuko dute Gorde beharreko Lurzoru Urbanizaezina, beren ingurumen balioa dela eta, hirigintza arautegian jasotzen den moduan.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Lukineko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 10ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0900213