114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Ordenantza, Ezgaitasuna duten pertsonei Txulapaingo Udalean aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak, 2008ko urtarrilaren 23an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Txulapaingo Udalean Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2008ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Txulapainen, 2009ko irailaren 1ean.-Alkatea, Mikel Armendáriz Elso.

ORDENANTZA, EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek pertsona ezinduei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, pertsona ezinduek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1. Elbarriak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

A) % 33tik gorako elbarritasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

-Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

Behin betiko baliaezintasuna dutenen ahaide bizikideak edo zaindariak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen ahaidetasuna frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

A) %33tik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

-Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak Udalaren bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita indarra duen gidabaimena eta ibilgailuaren agiriak ere; gainera, bi argazki, koloretan, karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

a) Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

c) Txartela daraman ibilgailua elbarrientzat erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatu ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Baita aparkatzeko debekuaren seinalea duten tokietan eta udaltzainek espresuki baimentzen duten tokietan ere.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babesean: txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoen pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten tokietan. Garraio publikoarentzat erreserbatutako lerroetan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartel honek ez du eskubiderik ematen aparkatze mugatuko eremuetan (Eremu Urdina) eta aparkatze murriztuko eremuetan (Alde Zaharra) aparkatzeko.

g) Txartela zein udalerritan eskuratu den, beste herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

h) Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, arrazoiak adierazita.

i) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

-Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

-Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.

-Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

-Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aurretik, entzutea emanen zaie interesdunei. Zehapen ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak betetzen direla frogatu beharko da.

Hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezarritako ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: L0921749