114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EL BUSTO

Ezkondu gabeko bikote egonkorren udalaren erregistroa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

El Bustoko Udaleko Bizilagunen Batzarrak, 2008ko maiatzaren 21ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren El Bustoko Udalaren Erregistroa arautzen duen ordenantza. 2008ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, otsailaren 20an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik, eta inork horren gaineko erreklamaziorik aurkeztu ez duenez,.

El Buston, 2009ko abuztuaren 31n.-Alkatea, Jesús Ripa Asensio.

Eranskina

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa bete dadin, osorik argitaratzen da haren testua.

1. artikulua. Izaera administratiboa.

Ezkondu gabeko bikote egonkorren El Bustoko Udalaren Erregistroak izaera administratiboa du eta, bertan, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak inskribatzen ahal dira, baita haien iraungitzea ere, ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea.

Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, haien sexu orientazioa edozein dela ere, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago bertze bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartze egonkorra.

Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bizikidetasunezko elkartzea osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, Erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta, adostasun libre eta osoarekin, aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartzeak egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu moduan.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du El Bustoko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak edo inskribatuak ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

5. artikulua. Lehenbiziko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Bikoteari buruzko inguruabarrak eta hitzarmena idatzita.

Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak: idazpen horretan agerraraziko dira hitzarmenaren izaera, hitzarmenaren izena eta araubide ekonomikoarena, halakorik baldin bada, eta idazpena egiteko bide ematen duen agiri publiko edo pribatua. Agiri horren hiru kopia aurkeztu beharko dira; bikoteko kideei kopia bana itzuliko zaie eta hirugarrena dagokion paper-sortan artxibatuko da, ezkondu gabeko bikote egonkorren El Bustoko Udalaren Erregistroan. Interesdunei itzuliko zaizkien titulu horietan ohar bana idatzi eta sinatuko da, idazpena zenbatgarren liburukian eta orrialdean dagoen adierazteko.

Aurreko lerroaldetan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak bikote egonkorren Udalaren Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

7. artikulua. Bikote egonkorra desegitea:

-Kide bat ezkontzen denean.

-Bien artean hala erabakita.

-Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, bertze kideari modu frogagarrian jakinarazita.

-Urtebetetik gora elkarrekin bizitzetik geldituta.

-Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuta bikote egonkorren Udalaren Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

8. artikulua. Erregistroaren kokalekua.

Erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorrean egonen da.

9. artikulua. Erregistroko Liburu Orokorra.

Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak jarriko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Oinarrizko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira, geroago, Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Liburu Lagungarria.

Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

12. artikulua. Idazpenen publizitate eza.

Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, Erregistroaz arduratzen den funtzionarioak ematen dituen egiaztagiriak salbu, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

13. artikulua. Erregistroaren doakotasuna.

Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

14. artikulua. Tratamendu bera.

Izatezko bikoteen Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute El Bustoko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, bikote egonkorren berdintasun juridikorako 6/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

El Bustoko Herriko Etxean, halako egunean: ..........., honako hauek agertu gara:

Izena: .........................; jaioterria: ..................; helbidea (erroldakoa): ........................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ...................

Izena: .........................; jaioterria: ..................; helbidea (erroldakoa): ........................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ...................

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen Erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizikoa.-Aipatu ordenantzan ezarritako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari TAOALaren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ezta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ezta ezkontzeko inolako ezgaitasun aitorturik ere.

Borzgarrena.-Ez dugula nahi/nahi dugula Erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula El Bustoko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela ezkontzaren bidez lotua, ez gure artean ez bertze inorekin ere, eta gutako inor ez dagoela inskribaturik antzeko eduki eta xedeak dituen inongo erregistrotan.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko elkarte egonkorren El Bustoko Udalaren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ...................................... Sinatua: ....................................

II. ERANSKINA

El Bustoko Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: Izena: .....................................; N.A.N. zenbakia: ..............,

Eta ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko; izan ere, horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren Erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: ...................................... Sinatua: ....................................

Iragarkiaren kodea: L0921686