114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1751/2009 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Arakilgo udal mugapean esnetarako behiak ustiatzeko jarduerarako Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, instalazioaren konfigurazio berrira egokitzeko. Titularra Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, apirilaren 7ko 696/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zuen esnetarako behiak ustiatzeko jarduerarako, Arakilgo udal mugapean. Titularra Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, ekainaren 17ko 1362/2009 Ebazpenaren bidez, Arakilgo mugapean esnetarako behiak ustiatzeko jarduerarako Ingurumen baimen integratua aldatu zuen, instalazioaren konfigurazio berrira egokitzeko. Titularra Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietatea da. Aldaketaren eskaera 2009ko apirilaren 29an aurkeztu zen eta haren funtsa bi eraikin eraikitzea zen, bata makinak eta elikagaiak biltzeko eta bigarrenean interpretazio zentro bat eta etxebizitzak kokatuko dira.

2009ko ekainaren 22an titularrak aldaketa bat burutzea eskatu zuen. Horren funtsa abereendako nabeetariko bat kendu eta haren ordez beste nabe bat eraiki eta instalazioko aziendari 90 abelburu gehitzea da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, erabaki zuen aldaketa hori ez zela nabarmena eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena zen, abereen nabeen erabilerak aldatzen baitzituen, jezteko ekipamendu berriak instalatzen, abereak gehitzen eta simaurrak sortu eta kudeatzeko plana aldatzen, eta beraz zeukan ingurumen baimenean kontuan hartu behar zen. Horretarako, baimena ere aldatu behar zen.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa legeriaren kontrakoa ez bada.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Arakilgo udal mugapeko 332. eta 228. lurzatietan esnetarako behiak ustiatzeko jarduerarako Ingurumen baimen integratua aldatzea, instalazioaren konfigurazio berrira egokitzeko. Titularra Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

2. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

3. Instalazio horri Ingurumen baimen integratua emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 17an eman zuen 1362/2009 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira baimena aldatzearen ondorioz; ebazpen honen eranskinen araberako testua izanen dute, hauetan ezarri baitira jardueraren garapenerako bete beharko diren baldintzak.

4. 0250040332/1/2 Simaurra sortu eta kudeatzeko planaren bertsio berria onesten da.

5. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta 2016ko apirilaren 8an bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

6. Titularrak instalazio osoa irekitzeko baimena eskatu beharko du, aldaketa burutu eta gero, funtzionatzen hasi baino lehen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietateari, Arakilgo Udalari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua, 7. solairua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0921748