114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

341/2009 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofiziala Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan (Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikia) inskriba dadila eta haren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzen duena.

Francisco Javier Alegría Suescun jaunak Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialaren izenean aurkeztu duen inskripzio eskaera eta Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuko abokatuaren txostena aztertu dira.

Kontuan izanik Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta lege hori garatzeko abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamenduan ezarritakoak ere,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofiziala", helbidea Iruñean duena, Urdazubiko Monasterioaren kaleko 8. zenbakian, 5. bulegoan, hain zuzen, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan (Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikia) inskribatzea, 17. zenbakiarekin.

2. Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordearen osaera inskribatzea. Honelakoa da:

-Burua: José Antonio Bergasa García jauna.

-Buruordea: Alberto de Araoz Ezpeleta jauna.

-Idazkaria: Francisco Javier Alegría Suescun jauna.

-Diruzaina: Rafael Torrubia Chalmeta jauna.

-Kontularia: Nuria García León andrea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuekin batera (eranskin gisa gehitu dira).

4. Ebazpen hau Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 7an.-Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (444/2007 Foru Agindua, urriaren 4koa), Legegintza eta Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria, José Contreras López.

ERANSKINA

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO KUDEATZAILEEN
ELKARGOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. ATALA

Elkargoaren araubidea

1. artikulua. Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da. Nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko.

2. artikulua. Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofiziala eraenduko duten arauak honako hauek izanen dira:

2.1. Estatutu hauek.

2.2. Martxoaren 1eko 424/63 Dekretuak onetsitako Administrazio Kudeatzailearen lanbidearen estatutu organikoa eta hori aldatzen duten xedapenak, bereziki azaroaren 28ko 2532/1998 Errege Dekretua.

2.3. Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea.

2.4. Elkargo Ofizialei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legea, ekainaren 7ko 5/1996 Legegintzako Errege Dekretua, eta apirilaren 14ko 7/1997 Legea.

2.5. Nolanahi ere, Espainiako Konstituzioa eta bidezkoak diren gainerako lege xedapenak.

3. artikulua. Administrazio Kudeatzailearen lanbidearen berezko eginkizunak hurrengoak dira: abokatutzak bakarrik gauzatzen ahal duen teknika juridikoa aplikatzea eskatzen ez duten mota guztietako tramiteak eta jarduerak aztertzea, sustatzea, eskatzea eta egitea, pertsona naturalen eta juridikoen intereserako Administrazio Publikoen organoetan egiten diren kontuei buruzkoak. Horretarako, bezeroei informazioa, aholkuak eta laguntza emanen dizkie, jarduera biltzen duen administrazio prozedura ahalik eta modurik eraginkorrenean garatzeko asmoz.

Ordezkariak diren aldetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32.2 artikuluan xedatutakoaren babesean Administrazio Publikoen organoetan jarduteko, lanbidearen estatutu organikoetan ezarritako arauak bete beharko dira, ohikotasuna, ordainketa eta profesionaltasuna eskatzen direnean (adibidez, administrazio kudeatzaileen kasuan).

4. artikulua. Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoaren funtsezko xedeak honakoak dira: elkargoko kideen lanbidea eta lanbide interesak ordezkatzea eta defendatzea, gizartearen interes orokorrekin bat etorrita, eta lanbidean aritzea antolatzea haren esparruan eta ezarritako lege eremuaren barnean. Hori guztia Nafarroako Administrazio Publikoen eskumenari kalterik egin gabe eginen da, haien zerbitzuan lan egiten duten langileak erabiltzeagatik. Gainera, honako xedeak lortzen saiatuko da:

a) Elkargoko kideen lanbide prestazioen kalitate maila egokiaz arduratzea.

b) Elkargoko kideek beren jardueran, betiere, lanbidearen arau deontologikoak eta zerbitzatzen duten gizartearen eskakizunak beteko dituztela bermatzea.

c) Lanbidearekin zerikusia duten interes orokorrak behar bezala bete daitezen begiratzea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoei laguntzea haien eginkizunetan, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritako eran.

5. artikulua. Bere helburuak betetzeko, Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarren eskubide eta interesen errespetua bermatzea profesionalekiko harremanetan, lanbidearen etika zainduz eta diziplina ahalmena erabiliz.

b) Aholku organoetan eta langileak hautatzeko prozesuetan parte hartzea, Nafarroako Administrazio Publikoek hala eskatzen diotenean.

c) Elkargoko kideentzat interesgarriak diren lanbide, laguntza eta kultur jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea; profesionalei esperientziak eta ezagutzak trukatzeko aukera ematea, elkargoko kideak izan edo ez, eta etengabeko lanbide prestakuntza sustatzea.

d) Intrusismoa eta profesionalen arteko lehia desleiala galaraztea, antolamendu juridikoak aurreikusten dituen ekintzen bitartez.

e) Esku hartzea, bitartekaritza edo arbitrajearen bidez, elkargoko kideek elkarrekin edo hirugarrenekin izaten dituzten gatazka profesionaletan, alderdiek hala eskatzen dutenean.

f) Profesionalen hartukizun, ordainsari edo lansariak kobratzeaz arduratzea, elkargoko kideek eskatuz gero eta estatutu hauetan zehazten den moduan; eta txostena ematea prozesu judizialetan eta administrazio prozeduretan, profesionalen lansariak eztabaidagai direnean, hala egiteko eskatzen badiote.

g) Bere aurrekontuak onestea eta elkargoko kideen ekarpenak arautu eta finkatzea.

h) Elkargoaren estatutuek edo Barne Araubideko Erregelamenduak ezartzen duenean edo bidezko legeriak xedatzen duenean, elkargoko kideen lanbide lanak ikus-onestea. Nolanahi ere, ikus-onesteak lanaren egiletza eta egilearen titulazioa, eskumena eta gaikuntza egiaztatuko ditu, baita haren eduki formala ere. Hala ere, ez ditu adieraziko lansariak, ezta kontratuko gainerako baldintzak ere, alderdiek beren artean ados jarrita zehaztuko dituztela.

i) Txostena ematea Foru Komunitatearen arauen proiektuen gainean, lanbideari dagozkion gaiak arautu behar direnean, hala nola eginkizunak, esparruak, lansariak, gobernu organoetako kideen bateraezintasunak, prestakuntza edo espezializazio ikastaroak eta diplomak.

j) Elkargoaren antolamendu eraginkor eta demokratikoa bermatzea, Gobernu Batzordearen bidez. Ordezkaritza, batzordeak, lanbide espezialitateen atalak, lantaldeak eta ikerketa-taldeak ezartzea, Elkargoaren lurralde esparruan lanbidea hobeki garatzeko eta defendatzeko komenigarritzat jotzen direnak.

k) Europar Batasunaren esparruan beste erakunde edo lanbide elkarte batzuekin harremanak ezartzea, aipatutako eremuan lanbidea ezagutaraztea eta horretan aritzea erraztera bideratuta daudenak.

l) Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak babesten dituzten gainerako eginkizun guztiak, baita indarrean dagoen beste edozein legedik ezartzen dituenak ere, lanbide interesak defendatzeko eta elkargoaren helburuak betetzeko joera badute.

6. artikulua. Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialaren lurralde esparrua Nafarroako Foru Komunitatea da.

Elkargoaren barnean egonen dira derrigorrean Foru Komunitatearen esparruan lanean diharduten administrazio kudeatzaileak.

Era berean, Elkargoan sartzen ahalko dira, lanean ez badihardute ere, elkargoko kide bihurtzea eskatzen dutenak, administrazio kudeatzaileak baitira, edonon bizi direla ere.

7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen barnean Elkargoko ordezkaritzak ezartzen ahalko dira estatutuetako baldintzak betez, lanbide edo elkargoaren xedeak hobeki garatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

8. artikulua. Elkargoak berak edo Kontseilu Nagusiak elkargoa fusionatzea, xurgatzea, banantzea, izena aldatzea eta desegitea sustatuko ditu. Nolanahi ere, elkargoko kideen erroldaren bi herenek, gutxienez, eskatu beharko dute, ondore horretarako deitzen den bilkuran.

Hura onetsi ondoren, Elkargoak proposamena aurkeztuko dio Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, foru dekretua atera dezan.

9. artikulua. Elkargoaren baliabide ekonomikoak aurrekontuan agertu, eta elkargoko kideen Batzar Nagusiak onesteko aurkeztu beharko dira. Arruntak zein ohiz kanpokoak izan daitezke:

9.1. Honakoak izanen dira arruntak:

a) Elkargoko kide bihurtzeko eskubideak eta elkargoko kideek, elkarteek eta estatutu hauen 26.3 artikuluko bulego kolektiboek emandako kuotak.

b) Administrazio Kudeatzailearen lanbidearen estatutu organikoaren araudiaren arabera araututako kudeaketa poliza, irauten duen bitartean, eta Elkargo honek onetsitako arauak.

c) Txartel profesionalak egiteagatiko eskubideak.

d) Egiaztagiriak egiteagatiko eskubideak.

e) Zerbitzu zentralizatuengatiko eta elkargoko kideei ematen zaizkien gainerako zerbitzuengatiko tasak.

f) Hitzaldien eta ikastaroen antolaketatik ondorioztatutako diru-sarrerak.

g) Elkargoaren ondarea osatzen duten mota guztietako ondasunen etekinak.

9.2. Honakoak izanen dira ohiz kanpokoak:

a) Elkargoaren zerbitzu edo beharrizan zehatz bati erantzuteko Batzar Nagusiak erabakitzen dituen derramak edo ohiz kanpoko kuotak, edo legez bidezkoa den beste edozein diru-sarrera.

b) Estatuak, autonomia edo probintzia erakundeek, udalek edo edozein pertsonak, udalbatzak edo entitate publikok edo pribatuk Elkargoari emandako diru-laguntzak edo dohainak.

c) Jaraunspena edo beste titulu bat dela-eta Elkargoak jasotzen duen edozein ondasun.

10. artikulua. Elkargoak hauen bidez jardunen du:

a) Elkargoko kideen Batzar Nagusia.

b) Gobernu Batzordea, osoko bilkura edo batzorde iraunkor gisa.

c) Burua.

d) Elkargoko ordezkaritzak.

e) Elkargoko batzordeak.

11. artikulua. Administrazio Kudeatzaileen Lanbide Elkargoak eta Lanbide Elkargoen Kontseilu Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin dituzten harremanak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren bidez gauzatuko dira, korporazio eta erakunde aldeei buruzko kontuei dagokienez.

2. ATALA

Administrazio kudeatzailearen titulazioa, kide bihurtzea eta elkargoan baja hartzea

12. artikulua. Administrazio kudeatzailearen titulua eskuratzeko, lanbidearen estatutu organikoan xedatutakoari jarraituko zaio.

13. artikulua. Foru Komunitatearen barnean lanbidean aritu ahal izateko, nahitaezkoa da Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialeko kidea izatea. Beste elkargo batzuetako kideak diren administrazio kudeatzaileak aritu ahal izateari dagokionez, Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak horri buruz ezartzen duenari jarraituko zaio.

14. artikulua. Baldintza hauek bete beharko dira elkargoko kide bihurtzeko, lanean diharduen kudeatzaile gisa:

14.1. Adinez nagusia izatea.

14.2. Administrazio Kudeatzailearen titulua duela egiaztatzea agiri bidez edo hori lortzeko gaitzat jo dela egiaztatzen duen agiria aurkeztea, bidezko erakundeak egindakoa.

14.3. Elkargoko kide bihurtzeko eskabidea betetzea, ohiko bizilekua eta lanbidea gauzatzeko erabiliko duen lokala okupatzeko eskubidea agiri bidez justifikatuta.

14.4. Lanbidean aritzeko ezgaitua egotea dakarren zigorrik ez duela egiaztatzea, estatutu hauen 15. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

14.5. Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren egiaztagiria aurkeztea, interesduna elkargoko kide bihurtzea eragozten duen aurrekaririk ez dagoela egiaztatzen duena.

14.6. Interesdunaren aitorpena, estatutu hauen 15. artikuluaren arabera lanbidean aritzeko ezarritako bateraezintasunik ez duela adierazten duena.

14.7. Norbera lanbidean aritzea bermatzeko Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo baldintza.

15. artikulua. Gobernu Batzordeak elkargoko kide bihurtu nahi dutenek aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu eta egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu. Eskabidea tramitatzeari utziko zaio agiriren bat falta bada edo haren egiazkotasunari buruzko zalantzak badaude, konpultsak edo azalpenak jaso arte.

Gobernu Batzordeak lanbidean aritzeko asmoz elkargoko kide bihurtzeko zein lanbidearen helbidea aldatzeko eskabideak ukatuko ditu, interesduna honako kasu hauetako batean dagoenean:

A) Intrusismoagatik edo administrazio kudeatzailearen lanbidean ezkutuan aritzeagatik zigorra jaso izana epai irmoaren bidez, bidezko zigorra bete arte.

B) Elkargotik botatzea edo epai judizial irmoaren bidez lanbidean aritzeko zigortuta egotea, horretan adierazitako epean, estatutu hauen 92. artikuluaren arabera birgaitzeari kalterik egin gabe.

C) Administrazio Kudeatzaileen Lanbidearen Estatutu Organikoaren (2532/1998 Errege Dekretua) 10. artikuluan ezarritakoaren arabera bateraezintasunen bat izatea.

D) Dolozko delituen ondorioz zigorra jasotzea, aurreko a) idatz-zatian ezarritako epea igaro arte.

16. artikulua. Egindako eskabidea eta gauzatutako diligentziak ikusirik Gobernu Batzordeak hartzen duen erabakia interesdunari jakinaraziko zaio bi hilabeteko epean, eskatzaileak derrigorrezko agiriak aurkeztu eta diligentziak amaitzen direnetik zenbatuta. Gobernu Batzordearen ezezko erabakiaren aurka, interesdunak berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko du Gobernu Batzordean hamabost eguneko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik zenbatuta. Errekurtso hori hogeita hamar eguneko epean ebatzi beharko da eta onartu ez dela ulertuko da, epe horren barnean ebazpenik ematen ez bada.

Berraztertzeko errekurtsoa ez onartzeko Gobernu Batzordeak hartzen duen erabakiaren aurka errekurtsoa aurkezten ahalko da Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusian hamabost eguneko epean, ebazpena jakinarazi edo, hala bada, administrazio isiltasunaren bidez errekurtsoa ezetsi eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

Errekurtsoa Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialeko Idazkaritzan aurkeztu beharko da eta Kontseiluari aurkeztuko zaio hogeita hamar eguneko epean, Gobernu Batzordearen txostenarekin batera, Batzorde horrek egokitzat jotzen badu.

17. artikulua. Gobernu Batzordeak elkargoko kide bihurtzea onartu ondoren, eskatzaileak hurrengo baldintzak bete beharko ditu bi hilabeteko epean, baiezko erabakia jakinarazten den egunetik aurrera zenbatuta:

a) Elkargoko kide bihurtzeko eskubideak ordaintzea.

b) Interesdunak lanbidean aritzeko aukeratu duen herrian administrazio kudeatzailearen jarduerari dagokion Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartu duela egiaztatzea.

c) Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean edo Administrazio Kudeatzaileen Lanbide Mutualitatean alta hartu duela egiaztatzea.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea, Elkargoak zehaztutako zenbatekoa eta forma dituena. Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak eskumena izanen du estali beharreko gutxieneko zenbatekoa ezartzeko.

Aurretik adierazi diren baldintza guztiak bete ondoren, eskatzaileak lanean diharduen administrazio kudeatzailearen izaera eskuratuko du, eskubide eta betebehar guztiak izanda.

Lanean ez diharduten pertsona gisa elkargoko kide bihurtzea eskatzen duten pertsonek lanean dihardutenen baldintza guztiak bete beharko dituzte, hurrengoak izan ezik: lokala okupatzeko eskubidea agiri bidez egiaztatzea, 14.6 artikulua, eta artikulu honen b), c) eta d) idatz-zatiak.

18. artikulua. Elkargoko kidea izateari utziko zaio:

a) Heriotzagatik.

b) Legezko ezgaitasunagatik.

c) 88. artikuluaren eta hurrengoen arabera erabakitako Elkargotik botatzeagatik.

d) Norberaren borondatez hartutako bajagatik, 19. artikuluan ezarritako moduan.

e) Elkargoaren kuotak ez ordaintzeagatik, 20. artikuluaren arabera.

f) 15.c) artikuluan ezarritako bateraezintasun arrazoiengatik.

g) Diziplina espedienteagatik, 72. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako kasuetan.

19. artikulua. Etxe aldaketak, Elkargoko bajak eta lanean ez diharduenaren lanbide egoeraren aldaketa modu fede-emailean eta hamabost eguneko epean jakinarazi beharko dira, aldaketa horietako edozein gertatzen den unetik zenbatuta.

Lanbide helbidearen lekualdaketak edo aldaketak aldez aurretik jakinarazi beharko dira, bulegoa barne hartuko duen lokala okupatzeko behar bezalako titulua duela justifikatuta.

Lanbide helbideari baja ematen bazaio edo hura lekualdatzen bada, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren aldaketari dagokion aitorpena aurkeztu dela frogaatu beharko da bi hilabeteko epean.

Lanbide helbidea beste elkargo baten lurralde mugapenera lekualdatzen denean, Elkargo horri jakinarazi beharko zaio, aldi berean Kontseilu Nagusiari jakinaraz diezaion. Horrek aurreko Elkargoko buruari jakinaraziko dio, bertan baja hartuko baitu.

20. artikulua. Elkargoaren ohiko edo ohiz kanpoko kuotak, derramak, kudeaketa polizak eta Batzar Nagusiak onetsitako elkargoaren beste karga batzuk ordaintzeko orduan hiru hilabetean baino gehiagotan atzeratzen den elkargoko kideak baja hartuko du Elkargoan, Gobernu Batzordearen erabakiaren bitartez. Arrazoi horietako baten baten bidez baja hartu baino lehen, elkargoko kideari ordaintzeko eskatuko zaio gutun ziurtatuaren edo telegramaren bidez, eta hamabost eguneko epea emanen zaio alegazioak egiteko edo zor diren diru-kopuruak errekargurik gabe ordaintzeko.

Arrazoi horrengatik baja hartzen dutenek elkargoko kideen eskubide guztiak galduko dituzte, berriro elkargoko kide bihurtzeko eskatu eta atzeratutako kuotak gehi %30eko errekargua ordaindu arte.

21. artikulua. Lanean diharduen eta elkargoko kidea den administrazio kudeatzailearen izaera egiaztatzeko, interesdunak eskatuta, Elkargoak Kontseilu Nagusiak ikus-onetsi eta zigilatutako nortasun txartel profesionala emanen du.

Nahitaezkoa izanen da txartela itzultzea, baja hartzen badu edo lanean aritzeko zigorra ezartzen bazaio.

Nortasun txartel profesionala galduz gero, idatziz jakinarazi beharko zaio Elkargoari, konturatu bezain laster.

22. artikulua. Elkargotik botatzea ez dakarten arrazoiak direla-eta lanbidean aritzeari uzten dioten administrazio kudeatzaileek kideak izaten jarraitzen ahalko dute, lanean ez diharduten administrazio kudeatzaile gisa. Elkargoko kideei dagozkien eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte, lanbidean aritzeari atxikitakoak izan ezik, estatutu hauetan eta beste arau aplikagarri batzuetan ezartzen diren mugak errespetatuta.

Lanean ez diharduen arren, elkargoko kidea den administrazio kudeatzaileak elkargoko kidea dela egiaztatzen ahalko du idazkariak egin eta buruak ikus-onetsiko duen ziurtagiriaren bidez, hori eskatzen baldin badu.

23. artikulua. Administrazio kudeatzailearen lanbidea pertsonalki gauzatuko da, inor tartean sartu gabe, eta, administrazio kudeatzaileak eskatuta Elkargoak emandako txartela dutenez, tramite kudeaketak egiteko baimenduta dauden langileek baino ezin izanen diote lagundu.

Ez da tartean sartutako pertsona bat lanean aritzeko egintzatzat joko esku hartzen duten alderdietako edozeinek eskatuta tramitatutako kontuetan administrazio kudeatzailearena egitea; gainera, errespetatu beharko da interesdunak administrazio kudeatzailea hautatzeko duen eskubidea.

Administrazio kudeatzaileek jardun eginen dute beren izena eta abizenak erabiliz eta beti adierazi beharko dute administrazio kudeatzaileak direla. Hala ere, Elkargoaren aldez aurretiko baimena izanda, beste izendapen edo izen sozial bat gehitzen ahalko dute, beren bulegoak bereizteko.

Lanean diharduten elkargoko kideek derrigor erabili beharko dute lanbidea bereizten duen identifikazio grafismoa edo logotipoa, Elkargoak ezarri bezala.

24. artikulua. Administrazio Kudeatzaileen Elkargoak lurraldeka antolatuta daudenez, bizilekuari dagokion elkargoko kidea izan behar denez eta lanbidea pertsonalki jardun behar denez, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 3.2 artikuluaren 2. puntuan (apirilaren 14ko 7/1997 Legeak emandako gaur egungo testuari jarraikiz) ezarritakoaren arabera, elkargoko kide bihurtzeak bidezko lurralde esparruan lanbidean aritzeko gaituko du.

Noizean behin beren elkargoa kokatzen den lurraldetik kanpo jarduten dutenean, beren elkargoaren bidez jakinarazi beharko dizkiete beste elkargoei haien mugapeetan eginen dituzten jarduerak. Horrela, antolamenduaren, ikus-onespenaren, kontrol deontologikoaren eta diziplina ahalmenaren arloetako eskumenei loturik geldituko dira, kasu bakoitzean ezar daitezkeen baldintza ekonomikoekin. Dena den, horri dagokionez, lehentasunez aplikatuko dira Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak onesten dituen arauak.

Ez da administrazio kudeatzailearen elkargotik kanpoko mugapean lanean aritzeko egintzatzat joko agiriak Administrazio Publikoko erakundeetan kudeatu eta aurkeztea; agiri horiek titularraren bulegoa kokatzen den herrian sortutako kontuetatik ondorioztatuko dira, baina ezin izanen du bulego edo establezimendu iraunkorrik izan zabalik, bezeroei arreta egin, aginduak edo agiriak jaso, iragarkirik argitaratu edo administrazio kudeatzailearen lanbideari lotutako errotulurik instalatu beste herri batzuetan. Salbuespena izanen dira 25. artikuluan ezartzen diren sukurtsal baimenduak.

Administrazio kudeatzaileak artikulu honetan ezarritako lurralde esparruaren barnean gauzatzen duen eginkizuna bulegoa kokatzen den herritik kanpo bizi diren bezeroekin ere gauzatzen ahalko du, jarduera profesionalak administrazio kudeatzailearen lokalean egiten baldin badira.

25. artikulua. Nafarroako Elkargoari atxikitako administrazio kudeatzaileek, bulego profesionalaz gain, bulego osagarri bat ezartzen ahalko dute elkargoaren lurralde mugapenaren edozein tokitan. Hala eta guztiz ere, aldez aurretik esan beharko diote Elkargoari eta eskuratutako eskubideak errespetatu beharko dituzte.

Hori zabaltzeko, eskatzaileak agiri bidez justifikatu beharko du lokala okupatzeko eskubidea, administrazio kudeatzailearen lanbidea gauzatu ahal izateko, jabea, gozamenduna, maizterra eta abar den kontuan hartu gabe.

Bulego osagarria betebehar profesionalak betetzeko aukera ematen dion lekuan ezarri beharko da, titularra kokatuta dagoen lekua kontuan hartuta.

Bulego osagarrian lansaripeko langileak kontratatzen badira, langile horiek elkargoak langileei emandako txartela izan beharko dute. Administrazio kudeatzaileak eskatu beharko ditu txartel horiek, estatutu hauen 34. artikuluan ezarritako formari eta baldintzei jarraikiz.

26. artikulua. Lanbidea estatutu hauetan arautzen den moduan askatasunez eta pertsonalki gauzatzeko eskubidea alde batera utzita, elkargoko kideak diren administrazio kudeatzaileek profesionalki jarduten ahalko dute jarraian aipatzen diren moduei eta baldintzei jarraikiz, Elkargoak aldez aurretiko baimena eman eta horrek ezarritako kuotak ordaindu eta gero:

26.1. Administrazio kudeatzailearen lanbidean aritzea bazkideen edo elkarteetako kideen eta enpresa, lanbide eta sindikatu entitateen -besteak beste- zerbitzura, honako baldintza hauek betetzen direla justifikatuta:

a) Entitate horietako bakarraren zerbitzura jardutea. Bulego hori sukurtsaltzat joko da, administrazio kudeatzaileak herri berean edo beste herri batean beste bulego bat zabalik badu.

b) Benetako egoitza izatea, betebehar profesionalak betetzeko aukera ematen baitu.

c) Kokapena eta lanbide jarduera bereizita dituen lokala edo espazioa izatea, Elkartea dagoen eraikinaren barnean.

d) Entitateak eta administrazio kudeatzaileak egin beharko duten kontratuaren fotokopia kautotua aurkeztea, bi alderdiek ezarri dituzten itunak adierazita.

e) Administrazio kudeaketako zerbitzuak administrazio kudeatzaile titularrak ematea, Elkargoak emandako txartela duten langileek laguntza emanen dutela. Langile horiek administrazio kudeatzailearen kontura eta erantzukizunpean jardunen dute beti, estatutu hauen 34. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

f) Kudeaketak eta tramiteak interesdunaren izenean eta kontura egitea, Elkargoak ordainsarien tarifei buruz onetsitako arauak errespetatzen dituzten ordainsariak lanbide jarduera guztiei aplikatuta.

g) Gutunetan, fakturetan, ordainagirietan eta administrazio kudeaketako jarduerari lotutako gainerako agirietan, baita errotuluetan ere, administrazio kudeatzailearen izena eta abizenak edo sozietatearen izena agertzea, artikulu honen 3. puntuan adierazitako sozietateei dagokienez.

h) Administrazio kudeatzaile gisa lan egiten duen entitatean zuzendari eta lansaripeko langile ez jardutea.

i) Administrazio Publikoan aurkezten diren idazkietan eta agirietan administrazio kudeatzailearen zigilua agertu beharko da.

26.2. Bi administrazio kudeatzaile edo gehiago elkartzea, guztientzat bulego bakarra jarrita. Bakoitzak bere bezeroei ematen dizkien zerbitzu profesionalengatiko faktura egin beharko du.

Elkartutako administrazio kudeatzaileak lanean diharduten elkargoko kide gisa inskribatuta egon beharko dira, estatutu hauen 17. artikuluan ezarri bezala. Halaber, Elkargoaren bidezko kuotak eta gainerako kargak ordaindu beharko dituzte eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda daudela egiaztatu beharko dute.

Elkartutako administrazio kudeatzaileek banaka edo taldeka iragartzen ahalko dute beren burua, publizitateari buruz indarra duen legeria beteta. Lokala okupatzeko eskubidea agiri bidez egiaztatu beharko dute, elkartutako kide baten edo batzuen izenean. Era berean, ezin izanen dira izan beste bulego profesional baten titularrak. Dena den, bakoitzak sukurtsal bat ezartzen ahalko du, estatutu hauen 25. artikuluak zehaztutakoarekin bat etorrita.

Elkartutako administrazio kudeatzaileek lansaripeko langileak edo beste elementu edo zerbitzu batzuk erabiltzen badituzte guztien artean, berariazko xede horretarako merkataritza sozietatea, sozietate zibila edo ondasun komunitatea osatzen ahalko dute, artikulu honen 4. puntuan ezarritakoaren arabera. Kasu horretan, batera erabiltzen duten bulegoa hartzen duen lokalaren titulartasuna sozietatearen edo ondasun komunitatearen izenean agertzen ahalko da, jabe, maizter edo zuzenbidean aitortutako beste titulu bat duen alderdia den aldetik.

26.3. Lanbidea bulego kolektibo batean gauzatzea, beste administrazio kudeatzaile batzuekin edo elkargoa duen titulazio liberala edo ofizialki aintzatetsitako titulua duten pertsona fisiko batzuekin batera. Denak indarra duen antolamendu juridikoak zerbitzuak emateko onartutako merkataritza sozietate edo sozietate zibil baten zati izanen dira, eta sozietate hori askatasunez ezarritako itunek eraenduko dute, estatutu hauetan, lanbidearen estatutu organikoan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoari aurka egiten ez badiote.

Baztertuta egonen dira kooperatibak, ondasun komunitateak, lan sozietate anonimoak eta bazkide bakoitzaren partaidetza portzentaje mugatzen duen beste edozein. Eratutako sozietatea anonimoa bada, haren akzioak izendunak izan beharko dira derrigor.

Era berean, inolako titulaziorik ez duten pertsona fisikoekin elkartzen ahalko da, aurretik aipatu diren formula juridikoen bitartez. Kasu horretan, pertsona horien partaidetza ezin izanen da kapitalaren %25etik gorakoa izan, guztira, administrazio kudeatzailearen odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak izan ezean; izan ere, horrela bada, baimenduta dago lanean aritzea ondasun komunitatea osatuta.

Bulego kolektibo horiek Elkargoaren baimena beharko dute, ezarri eta funtzionatzeko. Elkargoaren baimen hori eskuratzeko, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

a) Sozietatea osatzen duten administrazio kudeatzaile guztiak elkargoko kideak izan beharko dira lanean diharduten profesional gisa, estatutu hauen 17. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Kuotak eta estatutuetako elkargoaren gainerako kargak ordaindu beharko dituzte, sozietateari egokitzen ahal zaizkion tributu edo beste mota bateko betebeharrei kalterik egin gabe.

b) Sozietate baten zati diren administrazio kudeatzaileak sozietateak edo haren kideek egin dituzten eta administrazio kudeatzailearen berezkoak diren jardueretatik datozen jarduera eta erreklamazio guztien erantzuleak izanen dira batera eta solidarioki, Elkargoaren aurrean, bazkideak banaka edo batera ukitzen dituzten mota guztietako beste edozein erantzukizuni kalterik egin gabe.

c) Sozietatearen zati diren administrazio kudeatzaileak kapital sozialaren eta bozkatzeko eskubideen %50aren, gutxienez, titularrak izan beharko dira.

d) Sozietatearen zati diren administrazio kudeatzaile guztiek edo horietako baten batek haren gobernu organoetan eta administrazioan parte hartu beharko dute, horrek irauten duen bitartean.

e) Sozietateak erabiltzen dituen lokalak okupatzeko eskubidearen titulartasuna (jabetza, alokairua, gozamena eta abar) hori osatzen duten administrazio kudeatzaile guztiena edo baten batena edota sozietatearena izan beharko da.

f) Sozietatearen zati diren administrazio kudeatzaileak ezin izanen dira beste bulego profesional baten titularrak izan elkargoaren lurralde esparruaren barnean. Dena den, bakoitzak sukurtsal bat ezartzen ahalko du bere izenean edo sozietatearen izenean, estatutu hauen 25. artikuluak ezarritakoari helduta. Jada ezarrita dauden eta baimendutako sukurtsalak dituzten administrazio kudeatzaileek eskuratutako eskubideei eutsiko diete, nahiz eta aipatutako bulegoak 25. artikuluaren lehenengo paragrafoko ondorioetarako zenbatuko diren.

g) Administrazio kudeatzailearen lanbideari dagozkion kudeaketa eta tramiteetarako sozietateak erabiltzen dituen langileek estatutu hauen 34. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Elkarteak eskatuta, Elkargoak nortasun txartel profesionala eginen du erregelamenduko baldintzak betetzen dituzten langileentzat.

h) Sozietate baten zati diren administrazio kudeatzaileak bulego kolektiboa dagoen herrian lanbidean aritzeko aukera ematen dien lekuan bizi beharko dira benetan.

i) Administrazio kudeatzailearen jarduerari buruzko gutunetan, fakturetan, ordainagirietan eta sozietateak egiten dituen gainerako agiri batzuetan, sozietatearen izena ez ezik, horren partaide diren administrazio kudeatzaileen izena eta abizenak ere agertu beharko dira, horretako kide diren beste profesional batzuen izenak agertzeari kalterik egin gabe. Nolanahi ere, administrazio kudeaketa dela agertu beharko da, baita lanbidearen identifikazio logotipoa ere.

Sozietatearen izenaren barnean administrazio kudeatzaileen zein, profesionalak izanda, sozietatea osatzen duten pertsona fisikoen izenak eta abizenak agertzen ahalko dira. Pertsona fisikoen izenak aipatzen badira, nahitaezkoa izanen da horretan administrazio kudeatzaileen abizenak aipatzea.

j) Administrazio kudeatzaileen eskumeneko jarduerei buruz sozietateak egiten dituen jarduera guztietan, Elkargoak ordainsarien tarifei buruz onetsitako arauak errespetatzen dituzten ordainsariak aplikatu beharko dira.

k) Izena, sozietatearen helbidea, karguak, sozietatearen estatutuak, kontratuko itunak eta sozietateko kideen

partaidetza ekonomikoa nolabait aldatuz gero, horixe jakinarazi beharko zaio Elkargoari eta hiru hilabeteko epean justifikatu beharko da, aldaketa gertatzen denetik aurrera zenbatuta.

l) Administrazio kudeatzailearen eskumeneko gaietan profesionalki aritzea sozietatearen izenean egiten bada ere, agiriak bulego publikoetan aurkezteko zigilua eta, hala denean, sozietatea osatzen duten administrazio kudeatzaileetako baten baten sinadura erabili beharko dira.

Elkargoari horren Elkarte Erregistroan inskribatzeko beharrezko baimen egokia eskatzeko, sozietateek hurrengo agiriak eman beharko dituzte:

1. Merkataritza erregistroan edo bidezko erregistroan inskribatutako eskrituraren edo behar bezala bideratutako eratzeko agiriaren kopia kautotua; administrazio kudeaketaren jarduera sozietatearen xedearen barnean agertu behar da berariaz.

2. Sozietateak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea.

3. Identifikazio fiskaleko zenbakiaren frogagiria.

4. Lokala okupatzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria.

5. Gainera, norberari dagozkion kuotak ordaintzea.

6. Norbera lanbidean aritzea bermatzeko Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo baldintza.

26.4. Halaber, herri berean edo herri ezberdinetan lanean diharduten bi administrazio kudeatzaile edo gehiago elkartzen ahalko dira, langileak edo bulego profesionalaren berezko jarduerak garatzeko behar diren beste elementu edo zerbitzu batzuk batera erabiltzeko baino ez, agiriak bulego publikoetan aurkeztea eta kudeatzea barne. Hori dela eta, merkataritza sozietatea, sozietate zibila edo ondasun komunitatea osatu beharko dute.

Baterako zerbitzu horietarako lan egiten duten lansaripeko langileak lan-kontratudun gisa agertu beharko dira eta Gizarte Segurantzaren araubidean inskribatuta egon beharko dira Elkartearen izenean, estatutu hauen 34. artikuluak arautzen duen langileen txartela eskuratu ahal izateko. Horretan elkartea aipatuko da, enpresaburu gisa.

Elkarte horiek Elkargoaren erregistroan inskribatzeko, kide guztiek sinatutako idazkiaren bidez eskatu beharko da eta agiri bidez justifikatu beharko dira eratzea eta ezarritako itunak, baita, hala denean, Merkataritza erregistroan inskribatu izana ere. Horrez gain, identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia eman beharko da.

26.5. Elkargoaren erregistroan inskribatutako merkataritza sozietateek, sozietate zibilek edo ondasun komunitateek inskripzio eskubideak ordaindu beharko dituzte Elkargoak onesten duen zenbatekoan. Eskubide horiek ez dute zerikusirik izanen sozietatea edo komunitatea osatzen duten administrazio kudeatzaileek Elkargoaren kuotak eta elkargoko kide bihurtzeko kuotak direla-eta ordaindu behar dituztenekin.

26.6. Elkargoaren Elkarte Erregistroan elkarteak baja hartzea eta horri atxikitako eskubideen galera hurrengo arrazoiengatik gertatuko dira:

1. Elkarteko kideak diren administrazio kudeatzaileek eskatzen badute.

2. Sozietatea osatzen duten kudeatzaileek lanbide jarduerak gauzatzeari uzten badiote.

3. Elkartea desegiten bada.

4. Artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

26.7. Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez, Elkargoak bere Elkarte Erregistroan inskribatutako elkarteak berrikusiko ditu aldizka, horiek estatutu araudia betetzen duten egiaztatzeko. Horretarako, elkarteek Elkargoak eskatzen dizkien agiriak eta datuak eman beharko dituzte.

26.8. Artikulu honetan xedatutako guztia lanbidearen estatutu organikoak eta haren erregelamenduak gaiaz egiten dituzten arauen mende egonen da, goragoko arauak baitira, azaroaren 27ko 2532/1998 Errege Dekretuaren zioen azalpenaren arabera lanbidean aritzeko oinarrizko ohartzat jo daitezkeen kontuei dagokienez.

27. artikulua. Elkargotik botatzea ez dakarten arrazoiak direla-eta lanbidean aritzeari uzten dioten administrazio kudeatzaileek elkargoko kideak izaten jarraitzen ahalko dute lanean ez diharduten kudeatzaile gisa. Elkargoaren barne araubideko erregelamenduak esleitzen dizkien eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

Administrazio kudeatzaile bat hiltzen denean, horrek ebatzi gabe utzi dituen kontu profesionalak aztertzen jarraitzen ahalko dute haren alargunak edo kausadunek, Elkargo bereko beste kudeatzaile bat bitarteko ordezkari hautatuz. Bitartekotasun horrek urtebeteko gehieneko iraupena izanen du eta beste urtebetez luzatzen ahalko du Gobernu Batzordeak, kasuaren zirkunstantziek justifikatzen badute.

Era berean, erretirodunak urtebeteko epea izanen du tramitatzen zituen kontuak bukatzeko.

3. ATALA

Elkargoko kideen eskubideak eta betebeharrak

28. artikulua. Elkargoko kideei estatutu hauetan eta lanbide elkargoen foru legean eta erregelamenduan agintzen diren eskubideak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie, administrazio kudeatzailearen lanbidearen estatutu organikoak ezartzen duenari kalterik egin gabe, derrigor aplikatu beharreko guztiari dagokionez.

29. artikulua. Honako hauek dira administrazio kudeatzaileen betebehar orokorrak:

29.1. Lanbidean aritzea pertsonalki eta inor tartean sartu gabe. Uneoro zintzotasunez, begirunez eta zilegitasunez jardutea.

29.2. Tramitatutako kontuak jasota uztea, bulego bakoitzaren berariazko izaeraren arabera, bost urteko epean, kontua amaitzen denetik zenbatuta.

29.3. Bere lanbide jarduerei buruzko agiri eta idazki guztietan izena eta abizenak, elkargoko kidearen izaera eta zigilu profesionala eta, hala denean, logotipoa agerraraztea.

29.4. Gobernu Batzordeko kideei, Elkargoko batzordeei eta administrazio kudeatzailearen lanbideko nagusi hierarkikoei behar bezalako begirunea eta errespetua izatea.

29.5. Elkargoko batzar eta bileretara joatea, horietara joateko dei egin bazaio.

29.6. Gobernu Batzordeak edo Elkargoko batzordeek, ordezkaritzek eta ordezkariek egindako deiei erantzutea, haren eskumeneko kontuek sortu badituzte deiak.

29.7. Benetako egoitza izatea betebehar profesionalak betetzeko aukera ematen dion lekuan, bai bulego propioari edo nagusiari dagokionez, bai Elkargoak baimendutako sukurtsalei dagokienez.

29.8. Bizilekua edo lanbide helbidea aldatzen bada, Elkargoari jakinaraztea eta bi kasuetan estatutuek ezartzen dutena betetzea.

29.9. Elkargoen Kontseilu Nagusiaren, Autonomia Erkidegoetako Elkargoen Kontseiluaren eta, hala denean, Mutualitate Orokorraren elkargoaren kargei eusten parte hartzea, kudeaketa poliza barne.

29.10. Administrazio kudeatzaileen eskumeneko ekintzak edo tramiteak egin ohi dituzten sarkinen lanbide zereginik edo agindurik ez onartzea.

29.11. Elkargoko edo administrazio kudeatzailearen lanbideko goi mailako organoetako Gobernu Batzordeak hartutako erabakiei men egitea, hala denean, errekurtsoa jartzeko eskubideari kalterik egin gabe.

29.12. Baimena eskatzea aldez aurretik beste lankide bati agindutako gaien kudeaketaz arduratzeko, begirunea izateko arauak zaintzeko asmoz; baimen hori ez da inoiz ere ukatuko.

30. artikulua. Elkargoko kideak diren administrazio kudeatzaileek hurrengo eskubideak izanen dituzte:

30.1. Eskubideak gauzatzeko eta betebeharrak betetzeko legeek eskatzen dituzten mota guztietako tramiteak sustatu, eskatu eta egitea Administrazio Publikoen edozein organotan, edozein pertsona natural edo juridikoren intereserako eta hark eskatuta, legez beste tituludun lanbide batzuei dagozkien eskumenak izan ezik.

30.2. Erregelamenduko elkargoko karguetarako hautesle eta hautatuak izatea.

30.3. Gobernu Batzordera jotzea beren eskubideen babesa eta defentsa eskatzeko edo zintzotasun profesionalari kalte egiten dioten ekintzak eta ez-egiteak salatzeko. Era berean, estatutu hauek nolabait haustea, eta lanbidean aritzean gertatzen ahal diren adiskidetasun gabeziak eta legez kontrako lehia ere salatzen ahalko dira.

30.4. Mandatugilearen izenean egindako aurrerakinak jasotzea eta bidezko ordainsariak egiaztatzea.

30.5. Merezi duten eta Elkargoak edo Kontseilu Nagusiak ematen duen saria jasotzea.

30.6. Sariak eta laguntzak jasotzea, Elkargoak ezarri bezala.

30.7. Antolatzen diren ekitaldi guztietara joatea, Kontseilu Nagusiak edo Elkargoak zehazten dituen baldintzak errespetatuta.

30.8. Elkargoak edo Kontseilu Nagusiak ezartzen dituen zerbitzuak erabiltzea.

30.9. Administrazio kudeatzaileek Administrazio Publikoarekin batera lan egiten ahalko dute, prozedurak arinago tramitatzeko asmoz. Horretarako, prozeduren zirkunstantziak gomendatzen dutenean, administrazio organo eskudunen eta Administrazio Kudeatzaileen Elkargoaren artean adosten ahalko da agiriak aurkeztea eta tramitatzea errazteko bidezko neurriak hartzea, konpultsatzeko administrazio eskumenei kalterik egin gabe; izan ere, horiek egiten ahalko dira egokitzat jotzen den guztietan eta herritarrei aintzatetsitako eskubideak errespetatuta.

4. ATALA

Ordainsariak

31. artikulua. Administrazio kudeatzaileak jaso beharreko ordainsariak Elkargoak onetsiko ditu eta gutxi gorabeherakoak baino ez dira izanen.

Administrazio kudeatzaileen ordainsariei aurka egiten zaien guztietan, Gobernu Batzordeak irizpena eman beharko du, hori eskatzen bazaio, bidezko batzordearen aldez aurretiko txostenarekin batera, hala denean.

Halaber, Gobernu Batzordeak ordainsariei buruz haren mende jartzen den edozein kontu ebatzi beharko du hautamenez, administrazio kudeatzaileak edo ordaintzeko erreklamazioa jasotzen duen interesdunak bere borondatez eta idatziz eskatzen badu. Arbitraje erabakia ezin izanen da eman, bi alderdiei entzunaldia eman baino lehen, eta horren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik aurkeztu.

32. artikulua. Elkargoko kideek jasotzen dituzten ordainsariei buruz Elkargoan gordetzen diren datuak ezin izanen dira erabili inola ere horiek agertzen dituen espedientea sortzeko egon diren xedeak ez direnetarako.

33. artikulua. Elkargoko kideen artean sortzen diren kontuak Elkargoko Gobernu Batzordeak ebatzi beharko ditu, bidezko batzordearen aldez aurretiko txostenaren bidez, hala denean. Horren aurka estatutu hauen 16. artikuluan ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

6. ATALA

Administrazio kudeatzaileen langileak

34. artikulua. Administrazio kudeatzaileek baimendutako langileen laguntza jasotzen ahalko dute, bai bulego barnean, bai bulego publiko eta pribatuetan kudeaketak egiteko. Nolanahi ere, langile horiek elkargoko kidearen zuzendaritzapean, zaintzapean eta erantzukizunpean jardunen dute.

Langile horiek indarra duen lan arloko legediak eskatzen dituen baldintzak bete beharko dituzte eta ezin izanen dute izan estatutu hauen 15. artikuluan administrazio kudeatzaileentzat ezartzen den inolako bateraezintasunik.

Baimendutako langilearen izaera elkargoko kideak eskatuta Elkargoak egindako txartelaren bidez egiaztatuko da. Horretarako, beharrezkoa izanen da interesdunaren NANaren fotokopia eta Gizarte Segurantzako araubidearekiko afiliazioa eta kotizazioa justifikatzen dituzten agiriak eranstea.

Gobernu Batzordeak txartela egitea ukatzen ahalko du, lanbideari dagokionez hartzailearen jokabideak eta zirkunstantziek justifikatzen badute. Ukoa ematen duen erabakiaren aurka errekurtsoa aurkezten ahalko da, estatutu hauen 96. artikuluak ezarritako moduan eta baldintzekin.

16 urtetik beherakoei ezin izanen zaie eman administrazio kudeatzaileen langileen txartela.

Langileen txartelak norberak erabiltzeko izanen dira, urtero berriztatuko dira eta Elkargoari itzuli beharko zaizkio, interesdunak txartela eskatu duen administrazio kudeatzailearentzat lan egiteari uzten dionean.

II. KAPITULUA

Elkargoaren araubidea eta administrazioa.

1. ATALA

Batzar nagusiak

35. artikulua. Elkargoaren barne araubideari eta Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak eratzeari dagokienez, estatutu hauetan, Elkargoaren barne araubideko erregelamenduan, Nafarroako lanbide elkargoen lege eta erregelamenduan eta lanbide elkargoen Espainiako oinarrizko legedian oro har xedatutakoak eraenduko du, aplikagarria denean.

36. artikulua. Batzar Nagusien bilkurak ohikoak edo ohiz kanpokoak izan daitezke. Azkenak Gobernu Batzordeak komenigarritzat jotzen duenean eginen dira edo lanean diharduten elkargoko kideek, Elkargoko erroldaren %20 gutxienez ordezkatuko dutenek, Gobernu Batzordeari idatziz eskatzen diotenean. Elkargoko kide horiek idazkian zehaztu beharko dute zergatik eskatzen duten Batzar Nagusien ohiz kanpoko bilkura egiteko, eguneko aztergai zerrendan agertzen diren gaiak baino ez direla aztertuko.

Elkargoko kideek behar bezala eskatutako Batzar Nagusien ohiz kanpoko bilkurak eskabidea aurkeztu eta hurrengo hogeita hamar eguneko epearen barnean egin beharko dira; Gobernu Batzordeak deitzen dituztenek epe berdina izanen dute, erabakia hartzen denetik aurrera zenbatuko dena.

37. artikulua. Batzar Nagusien bilkuretarako deialdiak idazkariak izenpetutako txarteletan egindako deien bidez egin beharko dira. Horietan bilkuren eguna, ordua, lekua, eguneko aztergai zerrenda eta, hala denean, bete behar diren Gobernu Batzordearen karguak adieraziko dira. Deialdiak elkargoko kide bakoitzaren bulego profesionalera bidaliko dira hamabost egun lehenago, gutxienez; egun horietan elkargoko kideek Batzar Nagusiak aztertu beharreko gaiak aztertzen ahalko dituzte Elkargoko idazkaritzan, bulego orduetan.

Halaber, deialdia Elkargoaren iragarki oholean argitaratuko da, hamabost eguneko epean.

38. artikulua. Ohiz kanpoko Batzar Nagusiak deialdiko eguneko aztergai zerrendan agertzen diren eta haren mende jartzen diren kontu guztiak aztertzeko eskumena du eta, bereziki, hurrengo aldeei buruzkoak direnak:

a) Elkargoaren estatutuak onestea eta aldatzea.

b) Elkargoaren edo haren ordezkaritzen ardurapean zentralizatuta dauden lanbide zerbitzuak sortu, kendu edo etetea.

c) Gobernu Batzordeari baimena ematea, Elkargoaren ondasun higiezinak eskuratu, saldu, besterendu edo horietan kargak ezartzeko.

d) Gobernu Batzordearen, kideetako baten baten edo Elkargoaren antolamenduaren zati diren ordezkaritzen, batzordeen eta atalen kudeaketa gaitzestea.

e) Elkargoko kideen kontura derramak eta ohiz kanpoko kuotak onestea.

f) Estatutu hauen 8. artikuluan aurreikusitako kasuak.

39. artikulua. Ohiko Batzar Nagusiak Gobernu Batzordeak zehazten dituen egunean eta orduan eginen dira, urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan. Ohiko Batzar Nagusien eskumenak honako hauek izanen dira:

a) Aurreko Batzar Nagusiaren akta irakurri eta, hala denean, onestea.

b) Aurreko urtean Elkargoak egindako jardueren azalpen memoria irakurtzea.

c) Aurreko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa aztertu eta, hala denean, onestea.

d) Gobernu Batzordeak ekitaldirako egindako aurrekontua irakurri eta, hala denean, onestea.

e) Hautatu behar diren Gobernu Batzordeko kideak hautatzea, hala denean.

f) Elkargoko kideek egindako proposamenak, estatutu hauen 40. artikuluaren arabera.

g) Ohiz kanpoko Batzar Nagusiaren esparruari ez dagozkion elkargo eta lanbide gaiei buruz Gobernu Batzordeak egindako proposamenak.

h) Buruaren edo Gobernu Batzordearen ustez eguneko aztergai zerrendan sartzea komeni den edozein eskaera, galdera edo bestelakorik egiteko txanda, haren izaera dela-eta estatutuei jarraikiz Ohiz kanpoko Batzar Nagusiari ez badagokio.

40. artikulua. Ohiko Batzar Nagusia egin aurreko hamar egun natural igaro baino lehen, elkargoko kideek idatziz aurkezten ahalko dituzte hark aztertu eta erabakitzeko aurkeztu nahi dituzten proposamenak. Elkargoko hamar kidek, gutxienez, sinatu beharko dituzte, Gobernu Batzordeak onartzeko eta eguneko aztergai zerrendara gehitzeko.

41. artikulua. Buruak eztabaidak zuzenduko ditu eta eztabaidetan proposamenaren alde eta aurka egiteko bi txanda emanen ditu; txandak amaitutakoan, proposamena bozkatuko da. Buruak esku hartzen ahalko du, jardun baino lehen.

Gaiaren garrantziak edo larritasunak eskatzen badu, buruak txanden kopurua gehitu, eta zuzenketak edo aipamenak egiteko hitza ematen ahalko du. Dena den, horiek sortu dituen alde zehatzera mugatu beharko dira.

Eztabaidan buruak hitza emanen du eta arrazoibidean luzatzen diren, eztabaidatutako gaira mugatzen ez diren, edo agintariei, Batzar Nagusiari edo elkargoko beste kideren bati errespetua agertzen ez dioten elkargoko kideak ohartaraziko ditu.

42. artikulua. Batzar Nagusiak lehen deialdian modu baliozkoan eratzeko, elkargoko kide gehienak bertaratu beharko dira. Quorumik ez badago, Batzar Nagusiak bigarren deialdian eratuko dira lehen deialdirako ezarritako zegoen orduan baino ordu erdi beranduago. Haien eraketa baliozkoa izanen da, bertaratutako kideen kopurua edozein dela ere.

43. artikulua. Erabakiak bertan direnen gehiengoaren bidez hartuko dira eta, berdinketarik bada, buruaren kalitateko botoak erabakiko ditu. Aho batez hartutako erabakiak baliozkoak izanen dira.

Elkargoko kide guztiek (bai lanean dihardutenak, bai lanean ez dihardutenak) eskubide eta betebehar berdinak izanen dituzte, Gobernu organoetako partaidetzari eta Elkargoaren ordezkaritzari dagokienez. Botoa delegaezina da.

Nahitaezkoa da Batzar Nagusien bilkuretara joatea, elkargoko kideak joatea eragozten dion arrazoi justifikatua idatziz alegatu ezean.

Bozketak eskua jasoz, izendunak, publikoak edo sekretuak izan daitezke. Izendunak izanen dira bertaratu diren kideen heren batek eskatzen duenean; sekretuak, hau da, txartelen bidezkoak, aldiz, bertaratu diren gehienek eskatzen dutenean edo buruak xedatzen duenean, mahaiarekin bat etorrita, uste badu eztabaidatutako kontuak elkargoko kideren baten ohoreari eragiten ahal diola edo izaera bereziko beste zirkunstantzia batzuk daudela.

44. artikulua. Erabakiek elkargoko kide guztiak behartuko dituzte, hartzen diren unetik aurrera.

Gobernu Batzordeak uste duenean Batzar Nagusiaren erabakia legeen edo gaur egungo estatutuen aurkakoa dela baino ezin izanen da eten hori egitea, eta haren aurka errekurtsoa aurkezten ahalko da hogeita hamar eguneko epean Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseiluan, horrek bidezko ebazpena eman dezan.

45. artikulua. 1. Hautatu beharreko karguez jabetzeko beren burua hautagai aurkeztu nahi duten elkargoko kideek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

a) Lanbidean aritzean huts egiteagatik zehapena jaso ez izana, estatutu hauen 51. artikuluan ezarritako moduan.

b) Bete behar den edozein kargutarako, Elkargoko hiru urteko gutxieneko antzinatasuna izatea. Salbuespenak izanen dira Elkargoko buruaren eta ordezkariaren karguak, horietarako bost urteko antzinatasuna izan behar baita.

c) Hautagaiak sinatutako eta elkargoko hamar kidek, gutxienez, bermatutako kandidatura proposamena aurkeztea, hautaketa eguna baino hamar egun aurrerago.

45.2. Hautagaiak aurkezteko epea amaitzen den egunaren hurrengoan egiten den bilkuran, Gobernu Batzordeak erregelamendu baldintzak betetzen dituzten eta hautatzen ahal diren pertsonak hautatzea erabakiko du, eta haien izenak argitaratuko ditu Elkargoaren iragarki oholean. Gobernu Batzordeak hautagaiak baztertzeari buruz hartzen dituen erabakiei aurka egiten ahalko die baztertutakoak, bost eguneko epean Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusian gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz.

46. artikulua. 1. Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko, elkargoko kideek zuzeneko eta isilpeko botoa emanen dute.

46.2. Hauteskundeak egiteko finkatu den egunean, bozkatzen hasi baino lehen, mahaia eratuko da. Haren kontrolpean hauteskundeetako ekintza guztiak eginen dira. Mahaiburua Elkargoko burua edo hori ordezten duena izanen da, idazkariak eta Gobernu Batzordeko beste edozein kidek lagunduko diote eta ikuskatzaile zenbatzaileek (hautagai bakoitzak bakarra aurkezten ahalko du) ere osatuko dute.

Hautagai bat ezin izanen da hauteskunde mahaiko kidea izan inoiz.

Hauteskunde mahaia eratu ondoren, buruak hasiera emanen dio bozketari.

Bozketa amaitu eta gero, zenbaketa eginen da, jendaurrean jarriko dena. Horrela, hautesleek zalantzaren bat sortzen duten txartelak aztertzen ahalko dituzte, hautatutakoak izendatu baino lehen.

Hauteskundeetako txarteletan baliogabetzat joko dira izen irakurtezinak, zein hautagairi eman nahi zaion botoa argi zehazten ez dutenak eta kargurako hautagai ez diren pertsonenak. Hala ere,txartelean dauden gainerako izenak baliozkoak izanen dira, baldintzak betetzen badituzte. Buruak txartelak atera eta irakurriko ditu banan-banan, eta ikuskatzaileek horiek aztertzeko aukera izanen dute.

Boto zenbaketa amaitu ondoren, buruak emaitza iragarriko du eta hautetsi izendatuko ditu karguetarako boto gehien lortu dituzten hautagaiak. Berdinketarik egonez gero, Elkargoan antzinatasun handiena duen hautagaiaren alde eginen da.

46.3. Elkargoko kideek botoa posta bidez emateko sistema erabiltzen ahalko dute, hurrengo baldintzak kontuan hartuta:

a) Txartelean argi eta garbi adierazi beharko dituzte bozkatzen diren karguak eta jarraian bozkatzen duten hautagaiaren izena idatzi beharko dute.

b) Posta ziurtatuaren bidez gutun-azala bidaliko dute eta kanpoaldean hauxe idatzi behar dute: "Karguak hautatzeko ondorioetarako baino ez". Gutun-azal horren barnean elkargoko kideak sinatutako bidaltze gutuna sartuko da, bertan zigilu profesionala eta jarraian sinadura agertuko direla eta nortasun agiri nazionaleko zenbakiaren berri emanen dela.

Era berean, agiri baten barnean boto txartela biltzen duen gutun-azal itxia egonen da.

Hautatzeko onartuko dira hauteskunde mahaiak bozketa amaitutzat jo arte horretara heltzen diren gutun ziurtatu guztiak. Buruak banan-banan sartuko ditu hautestontzian eta idazkariak boto-emaileen izenak idatziko ditu zerrendan.

47. artikulua. Gobernu Batzordeko kargu hautagarrietarako kandidatura modu baliozkoan aurkeztu duten elkargoko kideek berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute hautaketa egiteko moduaren aurka Gobernu Batzordean, hauteskundeak egin eta hurrengo hamabost eguneko epearen barnean. Errekurtso hori hamabost eguneko epean ebatziko da.

Goian aipatu den errekurtsoaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusian. Errekurtso hori Elkargoan aurkeztuko da, aurka egindako erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egunetan.

48. artikulua. Batzar Nagusien aktak Gobernu Batzordeko buruak eta idazkariak sinatuko dituzte. Horietan hauteskundeen aipamena egiten bada, ikuskatzaileek ere sinatuko dituzte.

2. ATALA

Gobernu Batzordea

49. artikulua. Honako hauek osatuko dute Gobernu Batzordea: burua, buruordea, diruzaina, kontularia, idazkaria, idazkariordea, erregelamendu bidez zehazten diren kideak eta elkargoko ordezkaritza bakoitzeko kide bat, ordezkaria izanen dena. Kide guztiak lanean diharduten elkargoko kideak izan beharko dira eta diru betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

50. artikulua. Gobernu Batzordea osoko bilkura eta batzorde iraunkor gisa eratzen ahalko da. Osoko bilkura osatuko dute 49. artikuluan aipatu diren kide guztiek, hiruhilekoan behin, gutxienez, bildu beharko direnek. Batzorde Iraunkorra, ostera, honako hauek osatuta egonen da: burua, buruordea, idazkaria, diruzaina, kontularia, idazkariordea eta barne araubideko erregelamenduan zehaztutako kide kopurua, eta buruak deitzen duenean bilduko da.

51. artikulua. Gobernu Batzordeko kideak Batzar Nagusiak hautatuko ditu, estatutu hauetan adierazitako arauen arabera.

Agintaldia lau urtekoa izanen da eta bi urtean behin berrituko dira erdiak, hurrengo ordenari jarraikiz:

Lehen txanda: burua, diruzaina, idazkariordea eta batzordekide bakoitiak.

Bigarren txanda: buruordea, idazkaria, kontularia eta batzordekide bikoitiak.

Kargu horiek mugarik gabe hautatzen ahalko dira berriro. Agintaldia amaitu baino lehen dauden lanpostu hutsak, buruari edo idazkariari dagozkionak ez direnak, Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez betetzen ahalko dira; hala ere, hautatu berriak kargua gauzatuko du, agintaldia amaitu arte geratzen den denborarako. Lanpostu hutsa buruarena edo idazkariarena bada, berriz, buruordeak edo idazkariordeak, hurrenez hurren, beteko dute, estatutuak berritu arte soilik.

Diziplina zehapena jaso duten elkargoko kideek ezin izanen dute bete Gobernu Batzordeko kargurik, zehapena jakinarazi zaion unetik urtebeteko epean (hutsegite arinen kasuan) eta bost urteko epean (hutsegite larrien edo oso larrien kasuan).

Gobernu Batzordea eratu edo aldatzen denetik hamabost eguneko epean haren osaera jakinarazi beharko zaie Elkargoen Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Gobernuari.

52. artikulua. Gobernu Batzordeari ondokoa dagokio, Osoko Bilkura gisa:

52.1. Elkargoaren ordezkaritza juridikoa buruak gauzatuko du. Beharrezkoa bada, buruordeak ordeztuko du burua eta, biek ezin badute egin, Gobernu Batzordeak bere kideen artean hautatutako pertsonak.

52.2. Elkargoa edo elkargoko kideak ukitzen dituzten xedapen guztiak betetzea eta betearaztea, legeetatik, erregelamenduetatik edo goragoko mailako agintariengandik ondorioztatzen direnak, baita Batzar Nagusiaren erabakiak eta bereak ere. Hori dela eta, zorrotz betetzeko egokitzat jotzen diren neurriak hartuko dira eta behar bezala men egiten ez dutenentzat estatutu hauek adierazten dituzten zuzenketak ezarriko dira.

Elkargoaren estatutuak, barne araubideko erregelamendua eta horien aldaketak idaztea eta Batzar Nagusiari aurkeztea, hark onets ditzan.

52.3. Elkargoko kide bihurtzeko eskabideak, sukurtsalak zabaltzea eta elkargoko kideen lanbide egoeran sortzen diren elkargo mailako gainerako aldaketak ebaztea.

52.4. Elkargoko kideek administrazio, lankide eta bezeroekiko harremanetan lanbide etikako ahalik eta printzipiorik handienak erakustea zaintzea.

52.5. Elkargoko kideen alde egokitzat jotzen dituen lanbide eta kultur prestakuntzako ekitaldi guztiak antolatzea, lanbide gaitasunik handiena sustatzeko asmoz.

52.6. Aurreko ekitaldi ekonomikoko memoria eta kontuen likidazioa idaztea, eta elkargoko kideen Batzar Nagusiak onesteko proposatzea.

52.7. Elkargoko kideen Batzar Nagusiari proposatzea elkargoaren kuoten zenbatekoa, elkargoko kide bihurtzeko eskubideak, eta Elkargoaren baliabide ekonomikoak osatzen dituzten gainerakoak onestea, baita horiek biltzea, administratzea, eta urteko aurrekontuak egitea ere.

52.8. Ohiko eta Ohiz kanpoko Batzar Nagusiak deitzea eta horien eguneko aztergai zerrenda adieraztea.

52.9. Elkargoko kideen diziplina mailako eskumenak gauzatzea klandestinitateari eta lanbide intrusismoari buruzko mota guztietako espedienteetan eta bestelako jardueretan; eta edozein motatako ekintza judizialak egitea jurisdikzio arruntean eta beste erakunde eskudun batzuetan, egokia bada.

52.10. Elkargoaren xedeak hobeki betetzeko komenigarritzat jotzen dituen elkargoko batzordeak, espedienteak tramitatzeko batzordeak zein ikerketa batzordeak hautatzea.

52.11. Lanbide espezializazioko adarren araberako atalak sortzea; horietara gehitzen ahalko dira lanean diharduten elkargoko kideak, jarduera adar horietan lan egiten dutela egiaztatzen badute, antolaketa eta araubide ekonomikoko arauen arabera Gobernu Batzordeak zehazten duen erregistroan inskribatuz.

52.12. Elkargoko kideak babestea haien eskubide guztietan eta administrazio kudeatzaileentzat komenigarritzat jotzen diren hobekuntza guztiak kudeatzea Elkargoaren izenean.

52.13. Elkargoko langileak hautatzea, zigortzea eta botatzea.

52.14. Estatutuei jarraikiz Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarekin izan behar diren koordinazioari eta harremanei eustea.

52.15. Lanbide jardueren truke elkargoko kideek jaso behar dituzten ordainsariei buruzko tarifen gaineko arauak onestea eta aldatzea, eta eskatzen zaizkion lanbide ordainsarien kontuei buruzko irizpena ematea.

52.16. Estatutu hauek eta beste xedapen aplikagarri batzuk ematen dizkioten eskuduntzak erabiliz, bidezko ekintza guztiak egitea.

53. artikulua. Gobernu Batzordeari ondokoa dagokio, Batzorde Iraunkor gisa:

a) Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurarenak berariazkoak ez diren espedienteak ebazten jardutea, tramiteak oro har neurri handiagoan azkartzeko.

b) Gobernu Batzordearen Osoko Bilkuraren eskumeneko erabakiak hartzea, aplikazioaren premia dela-eta gomendagarria denean. Dena den, erabaki horiei buruzko txostena emanen zaie beti Gobernu Batzordeko gainerako kideei hamar eguneko epean, bilkura bakoitzeko erabakien kopia laburrarekin batera.

54. artikulua. Gobernu Batzordea buruak deitzea beharrezkotzat jotzen duenean edo kideen heren batek, gutxienez, eskatzen duenean bildu beharko da. Nolanahi ere, eskabidea aurkeztu eta hurrengo berrogeita zortzi orduen barruan deitu beharko da bilkura eta hurrengo zortzi egunetako batean eginen da.

55. artikulua. Batzordearen bilkura baliozkoa izateko kideen erdia baino gehiago bertaratu beharko dira beti, erabakiak bertaratutako kideen gehiengo osoz hartuko direla. Berdinketarik bada, buruaren botoak erabakiko ditu. Gobernu Batzordeko kideak bilkura guztietara joan beharko dira, horien deialdia jaso badute.

56. artikulua. Hona hemen buruari dagokiona:

a) Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofiziala ordezkatzea estatuko edo foru gobernuko edozein agintaritzatan edo erakundetan edo udaletan, udalbatzetan edo pertsona publikoen eta pribatuen aurrean, baita edozein mailatako eta jurisdikziotako justizia auzitegietan ere.

b) Gobernu Batzordea deitzea eta batzar nagusien deialdiak tramitatzea.

c) Batzar Nagusietan, Gobernu Batzordearen bilkuretan eta batzorde guztietan buru jardutea, eztabaidak gidatuta eta, berdinketarik bada, kalitateko botoa erabilita.

d) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak betetzen direla zaintzea.

e) Gobernu Batzordeko idazkariak egindako ekintzak eta ziurtagiriak adostea ikus-onespenaren bidez.

f) Kobrantzak eta ordainketak agintzea eta Elkargoaren funtsen inbertsioen igorpenak egitea.

g) Gaur egungo estatutuek agintariei esleitzen dizkieten eta elkargoko kideek derrigorrean bete behar dituzten zaintza eta zuzenketa eginkizunak gauzatzea.

h) Elkargoko kideen mota guztietako diziplina espedienteak eta intrusismoari eta klandestinitateari buruzko bestelako jarduerak hasteko agintzea. Behar den edozein ebazpen hartzea Elkargoaren izenean, Gobernu Batzordeak jardun ezin duenean; dena den, horren berri emanen dio egiten den lehen bilkuran.

i) Behar den edozein ebazpen hartzea Elkargoaren izenean, Gobernu Batzordeak jardun ezin duenean; dena den, horren berri emanen dio egiten den lehen bilkuran.

57. artikulua. Buruordea buruaren lekuan arituko da hura kanpoan edo gaixorik dagoenean edo lanpostua hutsik geratzen denean, eta haren eskuduntza eta betebehar guztiak izanen ditu.

58. artikulua. Diruzainari dagokio Elkargoari dagozkion mota guztietako funtsak biltzea eta gordetzea eta, kontulariek ikuskatu ondoren, buruak egiten dituen igorpenak ordaintzea.

59. artikulua. Kontulariak bai kobrantzak eta ordainketak, bai diruzainak eman behar dituen gainerako eragiketa ekonomikoak ikuskatuko ditu eta horien berri emanen du. Horrekin kontuak, balantzeak eta Gobernu Batzordeari aurkeztu behar dizkion eta horrek Batzar Nagusiari aurkeztu behar dizkion aurrekontuak eginen ditu.

60. artikulua. Idazkariak Elkargora bidalitako eskabideak, idazkiak eta bestelako mezuak jaso eta tramitatuko ditu, eta horien berri emanen dio buruari.

Urteko memoria eta egindako bilkuren aktak idatziko ditu eta, buruak ikus-onetsi ondoren, eskatzen diren eta egin behar diren egiaztagiriak eginen ditu.

Elkargoko kideen eta elkarteen erregistroa kudeatuko du. Horretan kideek edo elkarteek Elkargoaren barnean duten historia idatziko da, eta estatutu hauetan aurreikusitako xede guztietarako behar diren elkargoko kideen zerrendak osatuko ditu.

Halaber, ohoreen erregistroa kudeatuko du, estatutu hauen 102. eta 105. artikuluetan ezarri bezala.

Idazkaritza zerbitzuez gain, haren agindupean zuzenean jarduten duten langileak, artxibategia eta Elkargoaren zigilua izanen ditu bere ardurapean.

61. artikulua. Idazkariordea idazkariaren lekuan arituko da hura kanpoan edo gaixorik dagoenean edo lanpostua hutsik geratzen denean, eta haren eskuduntza eta betebehar guztiak izanen ditu.

62. artikulua. Kideek estatutuek esleitzen dizkieten eta, Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez, agintzen zaizkien eginkizunak gauzatuko dituzte.

Haien zenbakiek ez dakarte kategoria bereiztea eta haien helburu bakarra karguen ordezpena erraztea da, hori ez bada arautu beste artikulu batzuetan. Kargu horiek Gobernu Batzordean antzinatasun handiena duen kideak beteko ditu bitartekotasunez.

3. ATALA

Elkargoko ordezkaritzak

63. artikulua. Nafarroako Kudeatzaileen Elkargoak beharrezkotzat jotzen dituen Elkargoko beste ordezkaritza ezartzen ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitatearen barnean. Batzar Nagusiari (Ohikoa edo Ohiz kanpokoa) dagokio Elkargoko ordezkaritza horiek sortzea, aldatzea edo kentzea eta berak hartuko du Elkargoko ordezkaritza horiek sortzeko, aldatzeko edo kentzeko erabakia, bertaratutako kideen bi herenen gehiagoaren bidez. Elkargoko ordezkaritza horiek sortzeko, aldatzeko edo kentzeko proposamena Gobernu Batzordeak edo Elkargoko ordezkaritza sortu, aldatu edo kenduko den lekuko lurralde eremuko kideen gehiengoak abiaraziko du.

Elkargoko ordezkaritzek Elkargoa ordezkatzen dute beren lurralde esparruko agintaritzetan eta bestelako erakunde publiko eta pribatuetan, baita bertan lanean diharduten administrazio kudeatzaileen aurrean ere. Era berean, mugape horretan dauden elkargoko kideen ordezkaritza gauzatzen dute Elkargoan.

Era berean, nortasun juridikoa eta eskumenak izanen dituzte ondasunak eskuratzeko eta besterentzeko edo horien gainean kargak ezartzeko.

64. artikulua. Honakoek osatuko dituzte Elkargoko ordezkaritzak: ordezkaria, ordezkariordea, idazkaria, idazkariordea, diruzaina eta kontularia, mugape horretan dauden elkargoko kideek proposatuta Elkargoko Gobernu Batzordeak hautatu edo berritu dituenak, Elkargoak deituriko bilkuraren bidez. Elkargoko Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez beren karguetatik kentzen ahalko dira.

Aipatutako karguen agintaldia lau urtekoa izanen da eta bi urtean behin berrituko dira erdiak. Berritzeko lehen txandaren barnean egonen dira ordezkaria, idazkariordea eta kontularia; bigarren txandaren barnean, ostera, ordezkariordea, idazkaria eta diruzaina.

Hiruhilekoan behin bilduko dira derrigorrean. Era berean, ordezkariak edo kideen heren batek, gutxienez, eskatuta bildu beharko dira. Nolanahi ere, eskabidea aurkeztu eta hurrengo berrogeita zortzi orduen barruan deitu beharko da bilkura eta hurrengo zortzi egunetako batean eginen da.

Hartutako erabakiak eta ebazpenak Gobernu Batzordeari helaraziko zaizkio hamar eguneko epean.

65. artikulua. Elkargoko ordezkaritzaren mugapean dauden elkargoko kideak Elkargoko ordezkariak edo, hala denean, buruak deialdia bidaltzen dienean bilduko dira eta urtean behin, gutxienez, lurralde esparruari dagozkion gaiak aztertzeko.

Gobernu Batzordeak Elkargoko ordezkaritza baten mugapean dauden elkargoko kideen bilkura deitzen ahalko du, ordezkaritzako mugapean dauden elkargoko kideen erroldaren heren batek idatziz eskatzen duenean eta berariaz adierazten dutenean zergatik eskatzen duten bilkura egiteko. Bilkuran deialdiaren xede izan diren gaiak baino ez dira aztertuko.

66. artikulua. Elkargoko ordezkari hautatzeko, beharrezkoa izanen da lanean diharduen elkargoko kidea izatea, lanbidean aktiboki bost urtez jardun izana eta lanbidearen ondorioz hutsegiteengatiko zehapena jaso ez izana, estatutu hauetarako Gobernu Batzordeko kideak izateko jaioak dira-eta.

67. artikulua. Elkargoko ordezkaritzei ondokoa dagokie:

67.1. Elkargoko kideek administrazio, lankide eta bezeroekiko harremanetan lanbide etikako ahalik eta printzipiorik handienak erakustea zaintzea.

67.2. Beren lurralde esparruaren barnean kultur eta lanbide prestakuntzako jarduerak garatzea eta sustatzea eta, aldi berean, elkargoko kideek egiten dituzten eskaerak eta iradokizunak biltzea, Gobernu Batzordeari helarazteko.

67.3. Beren mugapean dauden elkargoko kideei lanbidearen aldetik ukitzen ahal dituzten gai edo xedapenei buruzko informazioa ematea.

67.4. Elkargoaren xedeak hobeki betetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten elkargoko kideen batzordeak edo atalak hautatzea.

67.5. Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak gauzatzea, Elkargoko ordezkaritzei dagokien neurrian.

68. artikulua. Eginkizunak gauzatzean, Elkargoko ordezkariek Elkargoko Gobernu Batzordearekin bat etorriz jardunen dute beti.

Ezin izanen dute zuzenean jo lanbidearen goragoko erakundeetara, beti Elkargoko Gobernu Batzordearen bidez egin beharko dutela.

Halaber, ez dute esku hartuko izaera orokorrak dakartzaten edo lanbidea ukitzen ahal duten gaietan Gobernu Batzordeari kasuaren berri eman baino lehen, horren bidez erabaki egokia har dadin.

4. ATALA

Elkargoko batzordeak.

69. artikulua. Beren eginkizunak eraginkortasun eta azkartasun handiagoz garatzeko, Gobernu Batzordeak batzordeak eratzen ahalko ditu, agindutako gaiak aztertu eta tramitatuko dituztenak Gobernu Batzordea ordezkatuta. Batzordeak ondokoak izanen dira:

-Barne Araubideko Batzordea: elkargoko kide bihurtzeko eskabide berriak, Elkarteen eta Sozietateen Erregistroko altak eta bajak, bulego eta sukurtsalak ireki eta ixtea, lekualdaketak eta lanbide egoeraren aldaketak egiaztatu beharko ditu. Horrez gain, intrusismoagatik, klandestinitateagatik eta lehia desleialagatik, kontuei aurka egiteagatik eta, estatutuak kontuan hartuta, elkargoko kideek egin omen dituzten arau-hausteei lotutako beste jarduera batzuengatik egiten diren salaketak argitzeko komenigarritzat jotzen diren diligentziak eginen ditu.

-Ibilgailu eta Garraioko Batzordea: zuzeneko egiaztapena edo elkargoko kideek aurkezten dituzten txostenak, salaketak edo erreklamazioak direla-eta Gobernu Batzordeak eremu horri buruz ezagutzen duen problematikari lotutako irtenbideak aztertu, egiaztatu eta kudeatuko ditu. Era berean, elkargoaren mugapean zerbitzu zentralizatuak ezartzeko aldez aurretiko azterlanez eta administrazioko organoekiko harremanez arduratuko da, erabakiak eta hitzarmenak lortzeko eta horiekin batera egokienak eta eraginkorrenak omen diren tramitazio eta kudeaketa sistemak ezartzeko.

-Irudiko Batzordea: Administrazio Kudeatzailearen lanbidearen eta Elkargoaren beraren irudiak jendaurrean bultzatzeko joera duten beharrezko ekimen guztiez arduratuko da.

Gobernu Batzordeak egokitzat jotzen duen beste edozein batzorde osatzea erabakitzen ahalko du.

5. ATALA

Zerbitzu zentralizatuak

70. artikulua. Ohiz kanpoko Batzar Nagusiak erabakitzen ahalko du Elkargoak lanbide zerbitzu zentralizatuak sortzea, elkargoaren eremu osoa edo horren zati bat barne hartzen dutenak.

Erabakia bertaratutako kideen bi herenek hartu beharko dute eta derrigor bete beharrekoa izanen da, mugape horretan dauden elkargoko kide guztientzat.

Zerbitzu zentralizatu horiei heltzeko, Elkargoko ordezkaritzak derrama edo tasa bereziak ezartzen ahalko ditu, zerbitzuko erabiltzaile guztientzat nahitaezkoak direnak eta ordezkaritzaren aurrekontuetan agerrarazi beharreko kontu-sailak dituztenak. Ordezkaritza hori zerbitzu zentralizatuen antolaketaz eta administrazioaz, beharrezko langileen kontratazioaz, altzariez eta behar bezala garatzeko behar diren elementu guztiez arduratuko da.

Kideen bi herenek hartutako erabakiaren bidez, Gobernu Batzordeak edozein zerbitzu zentralizatu ematea eteten ahalko du, bere iritziz zirkunstantziek eta premiak eskatzen dutenean. Gauzak horrela, horren berri eman beharko dio Ohiz kanpoko Batzar Nagusiari, hala denean, hori berresteko ahalik eta arinen deituko denari.

Zerbitzuen zentralizazioak ordezkaritza bakarra ukitzen duenean, erabakia mugape zehatzean lanean diharduten elkargoko kideen Ohiz kanpoko Batzar Nagusiak hartu beharko du. Bilkura hori ordezkariak deitu beharko du eta Elkargoko Gobernu Batzordeko bi kide horretara bertaratu beharko dira derrigorrean.

6. ATALA

Elkargoko langileak

71. artikulua. Korporazio zereginetarako, Gobernu Batzordeak Elkargoko langile taldea osatuko duten administrariak, laguntzaileak eta mendekoak hautatuko ditu. Langile horiek lan arloan indarra duten xedapenetan adierazitako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

III. KAPITULUA

Diziplina jurisdikzioa

1. ATALA

Elkargoko kideen hutsegiteak eta zehapenak

72. artikulua. Hala denean, sortzen ahal duten erantzukizun zibila edo penala alde batera utzita, elkargoko kideek diziplina erantzukizuna izanen dute Elkargoaren barnean, estatutu hauetan eta lege arau aplikagarrietan xedatu bezala.

73. artikulua. Elkargoak diziplina jurisdikzioa du administrazio bidean elkargoko kideak zehatzeko, bai lanbidean aritzearen ondorioz egiten dituzten ekintzengatik, bai egozten ahal zaien eta lanbide ospearen, elkargoko kideen ohorearen edo korporazio organoekiko eta lankideekiko errespetuaren aurkakoa den edozein ekintza edo ez-egiteagatik, bai, oro har, lanbide betebeharren eta jokabide arau etikoen edozein arau-haustegatik, horiek lanbideari kalte egiten badiote.

Diziplina eginkizuna Gobernu Batzordeari dagokio. Gobernu Batzordeko kide bat ukitzen duenean, Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia eskuduna izanen da espedientean eskumena izateko, haren estatutuek ezartzen dutenarekin bat etorrita.

74. artikulua. Elkargoko Gobernu Batzordeak erabakiko du diziplina espedientea hastea eta Batzorde horrek hautatzen duen tramitatzeko Batzordeak eginen du, bidezko Batzordearen bidez.

Tramitatzeko Batzordeek Elkargoko ikertzaileen zerbitzuak eta Gobernu Batzordeak baimentzen dituen gainerako baliabideak erabiltzen ahalko dituzte.

75. artikulua. Diziplina prozedura ofizioz edo salaketaren edo mezuaren ondorioz abiaraziko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsitako Zehatzeko Ahalmenaren Prozedurari buruzko Erregelamenduaren printzipioak eta xedapen osagarriak errespetatuta.

Diziplina espedienteetan elkarren segidako zenbakiak jarri beharko dira eta Elkargoko Justiziako Batzordeak kudeatzen duen erregistro liburuan idatziko dira.

Sinatu gabeko idazkiak ez dira salaketatzat joko.

76. artikulua. Buruak edo Gobernu Batzordeak aldez aurretiko diligentziak tramitatzea erabakitzen ahalko du, diziplina espedientea hastea erabaki baino lehen. Bidezko Batzordeak gauzatuko ditu diligentziak eta txostena bidaliko dio Gobernu Batzordeari hiru hilabeteko gehieneko epean, ezinbesteko kasu justifikatuetan izan ezik.

77. artikulua. Espedientea hasi dela eta Tramitatzeko Batzordea hautatu dela jakinaraziko zaio espedientea jasotzen duenari, estatutu hauen 97. artikuluan ezarritako ezesteko eskubidea erabiltzeko eta hamabost eguneko epean alegazioak aurkezteko.

78. artikulua. Diligentziak eta instruktoreak egokitzat jotzen dituen probak amaitu eta gero, espedientea jasotzen duenak estatutuen arau-haustea egin duela ikusten badu, karguen derrigorrezko agiria eginen du berehala eta erruztatuaren helbide profesionalera bidaliko du hartu-agiriarekin, posta ziurtatuaren bidez. Prozedura bideratzearen ondorioz, gertaeren, balizko kalifikazioaren, ezartzen ahal diren zehapenen edo zehapena jasotzen ahal duten erantzukizunen hasierako zehaztapena aldatzen bada, horren berri emanen zaio erruztatuari ebazpen proposamenean.

Derrigorrezko jakinarazpenen bidez haren helbidean aurkitzen ez bada, jakinarazpena eginen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuz.

79. artikulua. Karguen agiriarekin batera, espedientea jasotzen duenari entzunaldiko tramitea irekiko dela jakinaraziko zaio. Alegazioak egin, eta bere aldeko probak proposatzen ahalko ditu Tramitatzeko Batzordean, hamabost eguneko epean.

80. artikulua. Erruztatuaren alegazioak jaso, erantzuteko epea igaro eta, hala denean, espedientea jasotzen duenak eskatutako probak, instruktoreak egokitzat jo dituenak, egin eta gero, instruktoreak egokitzat jotzen duen ebazpen proposamena eginen du eta horren berri emanen dio espedientea jasotzen duenari, hamabost eguneko epean komenigarritzat jotzen duena alega dezan Tramitatzeko Batzordean, Zehatzeko Ahalmenaren Prozedurari buruzko Erregelamenduaren 19. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Ebazpen proposamena eta egindako guztia Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaizkio, hamar eguneko epean, hori jasotzen duenetik aurrera zenbatuta, egokitzat jotzen duen ebazpena har dezan.

Espedientearen azken ebazpena edo, hala denean, artxibatzeko erabakia arrazoitu beharko da, espedientea jasotzen duenari horren berri emanda. Gobernu Batzordeak erabakiko du erabakia salatzaileari jakinarazi behar zaion. Ebazpenak Zehatzeko Ahalmenaren Prozedurari buruzko Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioak sortuko ditu.

81. artikulua. Estatutu hauek ezarri ez dutenari dagokionez, diziplina espedienteak tramitatu eta ebazteko, Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregelamenduak, lanbidearen estatutu organikoak, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Zehatzeko Ahalmenaren Prozedurari buruzko Erregelamenduak xedatzen dutenari jarraituko zaio modu osagarrian.

82. artikulua. Elkargotik botatzeko erabakiak Gobernu Batzordeak hartu beharko ditu derrigorrean, isilpeko bozketaren bidez eta kideen bi heren ados egonda.

Arrazoi justifikatua dela-eta erabat ezinezkoa denean izan ezik, nahitaezkoa izanen da Gobernu Batzordeko kide guztiak bertaratzea botatzeko proposamena duen espedientea ebazteko deitu den bilkurara. Horretarako, gaia idatziko da deialdiaren eguneko aztergai zerrendan. Arrazoirik gabe bilkurara ez bertaratzea zehatzeko moduko arau-hauste larritzat joko da, 88.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

83. artikulua. Diziplina zehapena dakarten hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

84. artikulua. Hona hemen hutsegite arinak:

a) Lanbide betebeharrak ez betetzea.

b) Bi alditan baino gehiagotan ez joatea Batzar Nagusietara edo Elkargoaren deialdietara, arrazoirik gabe, edota ondoz ondoko bi bilkuratara, Gobernu Batzordeak edo Barne Araubideko Batzordeak deialdia bidali badio.

c) Kudeatzaileak edo haren langileetako baten batek txartel profesionala ez itzultzea, profesional edo gestoriako langile gisa baja hartu ondoren.

d) Aginduak eta kudeaketak betetzean zabartasuna agertzea, bezeroei kalte ekonomikoa sortzen diena, zenbatekoa dela-eta arau-hauste larritzat jo ezin bada.

e) Estatutuetako arauak beste modu batean ez betetzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez denean, eta Elkargoaren erabakiak betetzeari aurre egitea edo horiek nahita edo axolagabekeriaz atzeratzea.

85. artikulua. Hona hemen hutsegite larriak:

1) 29. artikuluaren 1., 3., 8., 9., 10. eta 11. idatzi-zatietan eta 82. artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako lanbide betebeharrak ez betetzea.

2) Sukurtsalak edo bulego kolektiboak ezartzea edo administrazio kudeatzaileen berezko zerbitzuak ematen dituzten elkarteetako kidea izatea, Elkargoaren baimenik gabe edo estatutu hauetan gaiari buruz ezarritakoa hautsita.

3) Lanbideari ospea kentzen dion jokabide txarra agertzea.

4) Ordainsarien kontuak eman edo jasotzea, Elkargoak ezarritako arauak hautsita.

5) Lanbidean aritzea, Elkargoan lanean diharduen administrazio kudeatzaile gisa inskribatu gabe, nahiz eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon.

6) Zigilu profesionala lagatzea edo behar ez bezala erabiltzea.

7) Agiri zehatzak tramitatzeko, administrazio kudeatzaileei sinadura aintzatesteko ematen zaien ahalmena behar ez bezala erabiltzea.

8) Bezeroen nortasun agiri nazionalaren datuak egiaztatzeko eskubidea, administrazio kudeatzaileei indarra duten hainbat arautan aintzatesten zaiena, behar ez bezala erabiltzea.

9) "Frogagiri profesionala" izeneko agiria egiteko edo ibilgailuen jabeei emateko ezarritako arauak ez betetzea, formatu eta helburu berdinak edo antzekoak dituen ereduak ezin baitu ordeztu eredu ofiziala.

10) Elkargoko kide bihurtzeko eskabidean, lanbide helbidearen aldaketetan, sukurtsalak ireki eta ixtean, Elkargoko Elkarteen Erregistroan alta edo baja emateko eskaeretan, lanbidean aritzeari uztean eta eskabide horiekin batera aurkeztutako agirietan idatzitako datuak zehatzak ez izatea nahita.

11) Bulego publikoetan bezeroen izenean egin beharreko tramiteetarako administrazio kudeatzaileei agiri ofizial zehatz batzuk erkatzeko ematen zaien eskubidea behar ez bezala edo gaizki erabiltzea.

12) Lehia desleiala

13) Lanbidean aritzeko estatutu hauetan baimendu gabeko izenak erabiltzea.

14) Elkargoko ikertzaileen jarduerei aurka egitea argi eta garbi edo horiekin begirunerik ez izatea, Gobernu Batzordearen, Barne Araubideko Batzordearen eta espedienteak tramitatzeko Batzordeen aginduz egindakoak.

15) Urtebeteko epean mota bereko bi hutsegite arin edo epe berean hiru hutsegite arin egitea, nahiz eta mota ezberdinetakoak izan.

86. artikulua. Hona hemen hutsegite oso larriak:

a) Bi urteko epean mota bereko arau-hausteak egitea.

b) Bi urteko epean estatutu hauetan larritzat jotzen diren bi arau-hauste edo gehiago egitea.

c) Zintzotasunik eza edo lanbide jokabide txarra agertzea, garrantzi ekonomikoa edo beste zirkunstantzia berezi batzuk direla-eta lanbiderako ospe-galtze nabarmena edo interesak erruztatuaren esku utzi dituzten partikularrentzat kalte larria gertatzen denean.

d) Lanbidean pertsonalki ez aritzea edo tartean jarritako pertsona baten bidez aritzea.

e) Intrusismo profesionala babestea eta estaltzea. Babesa edo estaltzea dagoela ulertuko da, administrazio kudeatzaileak sarkinarekin (pertsona fisikoa edo juridikoa, estatutu hauen 96. artikuluan ezarritako moduan eta zirkunstantzietan lanbide jarduerak gauzatzen dituena) lanbide arloko harremanak izan ohi dituenean. Harreman horiek bulego publikoetan administrazio kudeatzailearen eskumeneko gaiei buruzko agiriak kudeatzea ekarriko dute, aipatutako sarkinak aginduta, administrazio kudeatzailearen eta tramitatu beharreko gaietan interesa duten pertsonen artean zuzeneko harremanik egon gabe.

f) Elkargoko kide bihurtzeko unean bateraezintasuna dagoela ezkutatzea.

g) Jarduerak egitea, entitateak eratzea edo horietako kidea izatea, haien helburua edo xedea Elkargoaren berezko eginkizunak garatzea denean edo eginkizun horiek nolabait oztopatzen dituztenean.

87. artikulua. Larritzat edo oso larritzat jotzen diren arau-hausteak behin baino gehiagotan egiteari buruzko epeak zenbatzeko, hutsegiteak sortu dituzten gertaerak zein egunetan gertatu diren hartuko da kontuan.

88. artikulua. Hona hemen ezar daitezkeen zehapenak:

88.1. Hutsegite arinengatik:

a) Kargu-hartze idatziak.

b) Gaitzespen pribatua.

88.2. Hutsegite larriengatik:

a) Gaitzespen publikoa.

b) Administrazio kudeatzailearen lanbidean aritzeko ahalmena kentzea, sei hilabeteko edo hortik beherako eperako.

88.3. Hutsegite oso larriengatik:

a) Administrazio kudeatzailearen lanbidean aritzeko ahalmena kentzea, sei hilabete eta egun batetik bi urtera bitarteko eperako.

b) Elkargotik botatzea.

89. artikulua. Lanbidean aritzeko ahalmena kentzeko eta Elkargotik botatzeko ezartzen diren zehapenek ez dituzte ukituko mutualista den aldetik eskuratu dituen eskubideak.

90. artikulua. Gobernu Batzordeak arau-hauste larriengatik eta oso larriengatik tramitatutako diziplina espedienteei dagozkien zehapen erabakien gaineko testigantza bidaliko dio Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari, lanbidearen estatutu organikoan ezarritakoaren arabera.

Gainera, publizitatea ematen ahalko zaie arau-hauste larriek eta oso larriek eragindako zehapen irmoei, hala denean Gobernu Batzordeak erabakitzen duen moduan.

Elkargoko kideei ezarritako zehapenak haien espediente pertsonaletan idatzi beharko dira.

91. artikulua. Korporazioko diziplina zehapena dakarten hutsegiteak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, arinak badira; bi urteren buruan, berriz, larriak badira; eta lau urteren buruan, oso larriak badira. Nolanahi ere, hutsegiteak sortu dituzten gertaerak zein egunetan gertatu diren hartuko da kontuan zenbatzen hasteko.

Preskripzioa diziplina prozedura edo, hala denean, aldez aurretiko diligentziak hasten direnean etenen da, diziplina espedientea tramitatzeko aldi osoan. Prozedura sei hilabetetik gorako aldian eteten bada espedientea jasotzen duenari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik, berriro hasiko da zenbatzen.

92. artikulua. 1. Zehapena jaso duten elkargoko kideek birgaitzeko eskatzen ahalko dute. Horrekin batera, beren espediente pertsonaletan txertatutako oharra ezeztatzeko eskatuko dute, hurrengo epeetan, ezarritako zehapena betetzen denetik zenbatuta:

a) Hutsegite arinetan, sei hilabete.

b) Hutsegite larrietan, bi urte.

c) Hutsegite oso larrietan, lau urte.

92.2. Birgaitzea Gobernu Batzordeari eskatuko zaio eta hark hiru hilabeteko epean ebatziko du. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian hogeita hamar eguneko epean, errekurtsoaren xede den jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Aipatutako gora jotzeko errekurtso hori Elkargoko idazkaritzan aurkeztu beharko da eta administrazio bidea amaituko du.

92.3. Botatzen bada, zehatutako pertsonak bere jokabidea zuzendu duela behar bezala egiaztatzen duten probak aurkeztu beharko ditu eta Gobernu Batzordeak horiek balioetsi beharko ditu. Aldeko ebazpena ematen bazaio, berriro elkargoko kide bihurtzeko eskatzen ahalko du.

92.4. Gobernu Batzordeak birgaitzeko espedienteetan erabaki diren ebazpenen gaineko testigantza bidaliko dio Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

2. ATALA

Lanbidean aritzeko ahalmena aldi baterako kentzea.

93. artikulua. Lanbidearen ospea kaltetzen duten edo interesak erruztatuaren esku utzi dituzten partikularrentzat kalte larriak sortzeko aukera sorrarazten omen duten gertaerengatiko diziplina espedientea jasotzen duten elkargoko kideei lanbidean aritzeko ahalmena aldi baterako kentzea erabakitzen ahalko du Elkargoko Gobernu Batzordeak, kautelazko neurri gisa.

Gobernu Batzordearen erabakia erruztatuari jakinarazi beharko zaio eta horrek alegazioak aurkezten ahalko ditu Gobernu Batzorde horretan zortzi eguneko epean. Ahalmena kentzeko erabakia betearazlea izanen da Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak berresten duen unean, egokia bada. Izan ere, horri Elkargoko idazkariak kautotu dituen eta egindako agiriei eta diligentziei dagozkien fotokopiak bidaliko zaizkio hogeita hamar eguneko epean, espedientea jasotzen duenak alegazio horiek hartzen dituen egunetik edo horiek egiteko epea iraungi denetik zenbatuta.

Lanbidean aritzeko ahalmena aldi baterako kentzeko erabakia baliozkoa izateko, hori isileko bozketaren bidez hartu beharko da, 82. artikuluan Elkargotik botatzeko kasuetarako ezarritako baldintzak beteta.

3. ATALA

Errekurtsoak

94. artikulua. Elkargoak diziplina espedienteetan ematen dituen ebazpenen aurka espedientea jasotzen duenak errekurtsoa aurkezten ahalko du Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusian hilabeteko epean, aurka egindako erabakia jakinarazten denetik zenbatuta.

Behar bezala arrazoitu eta oinarritutako korporazio errekurtsoa Elkargoko idazkaritzan aurkeztuko da eta horrek Kontseilu Nagusiari bidaliko dio hamabost eguneko epean, espedientearekin eta Gobernu Batzordearen txostenarekin batera.

Elkargoen Kontseilu Nagusiak korporazio errekurtsoa ebatziko du lanbidearen estatutu organikoan edo, hala denean, ordezko arauetan adierazitako epean. Epe horretan elkargoko kideak ez badu jasotzen hartutako ebazpenaren jakinarazpenik, errekurtsoa administrazio isilbidez onartu dela ulertu beharko da, horrela administrazio bidea amaitzen dela.

Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusien ebazpenen aurka errekurtsoa aurkezten ahalko da, jurisdikzio aplikagarriaren legeak zehazten dituen epean eta moduan.

95. artikulua. Elkargoko Gobernu Batzordeak diziplina jurisdikzioan dauden arloei buruz gauzatzen dituen egintza, erabaki eta ebazpenen aurka, ukitutako elkargoko kideek berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute Batzordean bertan hamabost eguneko epean, edo korporazio errekurtsoa Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian hilabeteko epean, aukeran. Epe horiek aurka egindako erabakia jakinarazten denetik edo, hala denean, berraztertzeko errekurtsoa jakinarazten denetik zenbatuko dira. Korporazio errekurtsoa Elkargoko idazkaritzan aurkeztu beharko da.

Era berean, eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, administrazio zuzenbidearen mendeko lanbide elkargoen organoetatik sortutako egintza guztien aurka errekurtsoa jartzen ahalko da zuzenean administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan, korporazio errekurtsoak amaitu eta gero. Gainerako egintzen aurka errekurtsoa jartzen ahalko da zuzenean jurisdikzio eskudunean.

Lanbide elkargoen organoen egintza eta erabaki administratiboen aurka, Administrazioak eskuordetu dizkion ahalmen eta eskumenez baliatuz, errekurtso arrunta aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen, prozedura administratiboari buruzko indarreko legean ezarritakoari jarraituz.

4. ATALA

Intrusismoari buruzko espedienteak

96. artikulua. Elkargoak administrazio kudeatzailearen lanbidean ustezko intrusismo delitu edo hutsegiteengatik bidezkoak diren lege ekintzak gauzatuko ditu justizia auzitegietan eta komenigarritzat jotzen dituen diligentziak edo bilaketak eginen ditu Gobernu Batzordearen, Elkargoko batzorde eskudunaren eta, hala denean, Elkargoko ikertzaileen bidez.

Lanbideko jarduera sarkintzat jotzen da lanbidearekin zerikusirik ez duen pertsonak administrazio kudeatzailearen berezko kudeaketak edo tramiteak behin eta berriz egitea, horren truke ordainsaria jasota, edo horrelakotzat jo daitekeena, egintzak beste pertsona fisiko edo juridiko baten izenean behin eta berriz egiteagatik. Halaber, inolako kudeaketarik egin izana egiaztatzen ez bada ere, intrusismotzat joko da enkarguak jasotzeko iragarki edo gonbidapen publikoak edo pribatuak egitea edo alde horretatik propaganda edo publizitatea egitea estatutu hauen 3. artikuluan araututako administrazio kudeatzailearen lanbide eskumenaren gaien kudeaketari buruz. Era berean, intrusismo presuntzioaren edo eginkizunen usurpazioaren arrazoitzat joko dira tituluaren edo administrazio kudeatzailearen izaera nork bere buruari esleitzea, "administrazio kudeaketa»ren izena edo lanbidearen identifikazio logotipoa erabiltzea eta ustezko sarkina agiriak, tramiteak edo kudeaketak aurkeztu ohi dituen pertsona gisa identifikatzea, horiek egin behar diren erakunde publikoetan.

5. ATALA

Zehapen espedienteetako ezespenak

97. artikulua. Gobernu Batzordeko eta espedienteak tramitatzeko batzordeetako kideek ezin izanen dute zehapen espedienteen tramiteetan eta ebazpenetan esku hartu, espedientea hasteko arrazoia edozein dela ere, prozedura administratiboari buruzko legearen 28. eta 29. artikuluetan zehaztutako zirkunstantzietako baten batean daudenean.

Bidezkoa den kasuetan ez abstenitzeak ahalmena emanen dio espedientea jasotzen duenari Elkargoko buruari idatzizko ezespena aurkezteko. Bertan ezespena oinarritzen duen arrazoia adieraziko da modu arrazoituan.

Ezespena aurkezten duen pertsonak ezespena oinarritzen duen arrazoia ukatzen badu, Gobernu Batzordeak -eta haren izenean Elkargoko buruak- egokitzat jotzen duena ebatziko du hiru eguneko epean, txostenak eta, hala denean, egokitzat jotzen dituen aldez aurretiko egiaztapenak ikusita. Ebazpen horren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik aurkeztu, baina ezespena alegatzen ahalko da berriro, erruztatuak espedientean emandako ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezten badu.

6. ATALA

Tramitatzeko batzordeak eta ikertzaileak

98. artikulua. Elkargoko Gobernu Batzordeak espedienteak tramitatzeko batzorde bat edo gehiago hautatzen ahalko ditu. Batzorde bakoitza instruktore batek eta idazkari batek osatuko dute, Gobernu Batzordearen aginduz jardunen dute eta jurisdikzioa izanen dute Elkargoaren lurralde mugape osoan.

Era berean, tramitatzeko batzordeak hautatzen ahalko dira elkargoaren mugape zehatz batean bakarrik jarduteko, Gobernu Batzordeak komenigarritzat jotzen duenean.

Lanean diharduten elkargoko kideek osatuko dituzte tramitatzeko batzordeak eta hautaketen berri emanen zaio Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

99. artikulua. Gobernu Batzordeak ikertzaileak hautatzen ahalko ditu, espedienteak tramitatzeko batzordeei eta Elkargoko Barne Araubideko Batzordeari elkargoko kideek egin ditzaketen estatutuetako arau-hausteak ikertzen eta intrusismoari eta klandestinitateari buruzko espedienteak ukitzeagatik interesgarritzat jotzen diren informazioak eta frogak lortzen lagunduko dietenak.

Elkargoko ikertzaileek, Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak ikus-onetsita, Elkargoko buruak sinatu duen txartela edo identifikazio agiria izan beharko dute.

IV. KAPITULUA

Sariak eta ohoreak

100. artikulua. Gobernu Batzordeak ohorezko sariak ematen ahalko ditu Elkargoaren izenean graziaz eta hautaz, zerbitzu garrantzitsuak eta edozein entitate, erakunde, agintari, elkargoko kide eta lanbidearekin zerikusirik ez duen pertsonak administrazio kudeatzailearen lanbidearen alde hartutako merezimendu bereziak saritzeko.

101. artikulua. Sariak honako hauek izanen dira:

a) Ohorezko burua.

Sari hori agintariei, pertsona ospetsuei edo lanbideari garrantzi handiko zerbitzuak eman dizkioten pertsonei ematen ahalko zaie, baita Elkargoko buru ohiei ere.

b) Elkargoko ohorezko kidea.

Sari hori aurretik aipatu diren edozeini ematen ahalko zaio, Elkargoko buru ohiei izan ezik, baita elkargoko kide arruntei eta administrazio kudeatzailearen lanbidearekin zerikusirik ez duten pertsonei ere.

102. artikulua. Ohorezko buruari urrezko domina emanen zaio; elkargoko kideei, aldiz, zilarrezkoa. Bi motetako dominen aurrealdean lanbidearen ezkutua eta Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargo Ofizialaren titulua agertuko dira; atzealdean, ostera, saritutako entitatearen edo pertsonaren izena eta saria ematen den eguna.

Gainera, sarituei saria egiaztatzen duen titulua emanen zaie, ematea erabaki den bilkuraren aktaren kopia biltzen duena.

103. artikulua. Sariak biziartekoak izanen dira eta ordena kronologikoari jarraikiz inskribatuko dira Elkargoaren ohoreei buruzko erregistro-liburuan, saria ematea ekarri duten merezimenduak labur aipatuta.

Sariak behar bezalako handitasunaz emanen dira, Gobernu Batzordeak adierazten dituen ekitaldian eta egunean.

Ohorezko kargu baten titulartasuna bateragarria da Gobernu Batzordean, ordezkaritzetan edo Elkargoko batzordeetan beste edozein egoera aktibo izatearekin.

Gobernu Batzordeko kideak ez diren ohorezko buruak bilkuretara joaten ahalko dira, hori eskatzen badute, hitzarekin, baina botorik gabe. Horrez gain, sarituek Elkargoak egiten dituen ekitaldi ofizial guztietan lehentasunezko lekua betetzeko eskubidea izanen dute.

104. artikulua. 101. artikuluan ezarritako sariak emateko, beharrezkoa izanen da Gobernu Batzordeak erabakia hartzea, kide guztien bi herenek aldeko botoa emanda. Bozketa isilpekoa izanen da.

Horretarako, kontraesaneko espedientea hasiko da, elkargoko hamar kidek, gutxienez, eskatuta, Elkargoko buruari behar bezala arrazoituta bidalitako idazkiaren bidez.

Proposamena Elkargoaren eta haren ordezkaritzen iragarki-oholetan argitaratuko da eta idatziz jakinaraziko zaie Elkargoko erroldan agertzen diren guztiei. Hogeita hamar eguneko epea finkatuko da, egokitzat jotzen diren kontrako arrazoiak adierazi ahal izateko.

Kontraesaneko espedientearen tramitea ezin izanen da sei hilabetetik gorakoa izan eta Gobernu Batzordeak espresuki hautatu dituen instruktorearen eta idazkariaren ardurapean egonen da.

Gobernu Batzordearen ebazpenaren aurka ezin da aurkeztu inolako errekurtsorik.

105. artikulua. Estatutu hauen 101. artikuluan araututako ohorezko sariak alde batera utzita, Elkargoan 25 eta 40 urteko antzinatasuna betetzen duten kideek -lanbidean aritu zein ez-, sari berezia jasotzeko eskubidea izanen dute automatikoki: urteurrenen oroitzapenezko plaka, Elkargoak emanen duena, eta, horrez gain, Elkargoko korporazioaren bereizgarria. Horrek administrazio kudeatzaile onuradunaren eguna eta izena grabatuta izanen ditu eta zilarrezkoa izanen da, 25 urteko antzinatasuna duten elkargoko kideentzat; urrezkoa, aldiz, 40 urteko antzinatasuna dutenentzat.

Gobernu Batzordea sari horiek antolatu eta emateaz arduratuko da behar bezalako handitasuna duen ekitaldian.

106. artikulua. Aurreko artikuluetako berariazko sariez gain, administrazio kudeatzailearen lanbidearen merezimendurako domina izeneko ohorezko intsignia ezarri da, Gobernu Batzordeak zuzenean eta hautaz ematen ahalko duena, kontraesaneko espedientea hasi behar izan gabe. Intsignia hori administrazio kudeatzaileak ez diren eta, Batzordearen ustez, Elkargoari modu berezian lotuta egoteagatik edo lanbidearekin oro har neurri handian lan egin izanagatik sari hori merezi duten agintari, pertsona ospetsu, erakunde edo gainerako pertsona fisiko edo juridiko guztiei ematen ahalko zaie.

Domina hori metal preziatuzkoa izanen da. Hori emateko, beharrezkoa izanen da bilkurara doazen Gobernu Batzordeko kideen bi herenek aldeko eta isilpeko botoa ematea. Proposamena deialdiaren eguneko aztergai zerrendan agertu beharko da.

Sari hori ematen bada, horixe inskribatuko da estatutu hauen 103. artikuluaren lehenengo paragrafoak aipatzen duen ohoreei buruzko erregistro-liburuan.

V. KAPITULUA

Elkargoa desegitea

107. artikulua. Elkargoa desegiten bada, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan, lanbidearen estatutu organikoan eta Lanbide Elkargoen Oinarrizko Legean edo Lege Orokorrean ezarritakoari jarraituko zaio.

Elkargoak berak sustatuko du desegitea, Espainiako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bidez. Besteak beste, elkargoko kideak bidezko korporazioetara lekualdatu beharko dira.

Elkargoa likidatzeko batzordea hautatu beharko da, Kontseilu Nagusiaren kontrolpean jardunen duena eta Elkargoan dagoen ondarearen xedea edo aplikazioa eta desegitea bera xedatuko dituena.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Nafarroako Administrazio Kudeatzaileen Elkargoak estatutu hauek erregelamendu bidez garatzeko egokiak diren xedapenak emanen ditu, Gobernu Batzordearen bidez.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iragarkiaren kodea: F0920846