110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Erriberriko UER3 unitateko 3. lurzatiaren xehetasun azterlana. Behin betiko onespena

Honen bidez aditzera ematen da Erriberriko Udalak, 2008ko ekainaren 29ko osoko bilkuran, behin betiko onetsi duela, legez eskatutako gehiengoarekin, Erriberriko UER3 unitateko 3. lurzatiaren xehetasun azterlana. Hona hemen xehetasun azterlan horren testu arau emailea:

Testu arau emailea

Lege esparrua

Agiria, Udal Plana garatzeko hirigintzako tresna den aldetik, aurkeztu da Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 62. artikuluan ezarrita dagoenaren babespean, xehetasun azterlanen edukiak biltzen baititu.

62. artikulua. Xehetasun azterlanak.

1. Xehetasun azterlanak hirigintza planeamenduko tresnak dira, eta beren xede bakarra da antolamendu xehakatuko determinazio hauek ezarri, aldatu edo berregokitzea:

a) Lerrokadura eta sestra lerroak seinalatzea, sistema orokorren barrenean sartzen diren bide elementuetakoak izan ezik.

b) Bolumenen antolamendu eta osaera, udal plan orokorrean finkatutako baldintzen arabera, bai eta eraikinen morfologia eta tipologia.

c) Fatxaden antolamendua.

2. Udal plan orokor batek, plan partzial batek edo indarrean dagoen plan bereziren batek antolamendu xehakatua lehendik ezarrita daukaten espazioen gainean bakarrik formulatzen ahalko dira xehetasun azterlanak. Beren xedearen ondoriozko determinazioak kenduta, xehetasun azterlanek ezin izanen dute indarra duten planeamendu-tresnen antolamendu xehakatuko determinaziorik aldatu eta, bereziki, ezin izanen dute beren esparruko lurrei dagokien aprobetxamendua handitu. Halaber, ezin izanen diete inola ere ez kalterik egin ez baldintzarik aldatu mugakide dituzten finkei.

3. Xehetasun azterlanek beren xede diren determinazioak zehatz-mehatz justifikatu eta ezartzeko behar diren dokumentuak izanen dituzte.

Ez da aldaketarik ezarri ez aprobetxamenduan ez erabileran ez eraikinaren garaieran; lurraldearen egitura organikoa ukitzen ez duten barne lerrokaduren seinalamendua, horra zertara mugatzen den agiriaren edukia.

Xehetasun azterlanaren esparrua

Xehetasun azterlanaren esparruak bat egiten du Erriberriko Udalaren Plan Orokorreko U.E.-R.3 unitatearen 3. lurzatiarekin.

Dokumentazio grafikoko 1. planoan islaturik dago esparru hori.

Proposamenaren deskripzioa

Udalaren Plan Orokorrarentzat 3. lurzatia orube bat da, bertze baten jarraipena dena (katastroko 857. lurzatia). Lurzati honek laukizuzen forma nabarmena izanen du; zabalera beti berdina da, 15,64 m, eta azalera, berriz, 317 m². Bere hartan, BS+2 izanen dituen eraikina zutitzea proposatzen da; haren azalera eraikigarri osoa 951 m² izanen da, eta aprobetxamendua, berriz, 761 aprobetxamendu unitate.

Lurzati honen lerrokadurak aldatzea proposatzen da, U.E.-R.3 unitateko 1 eta 2. lurzatien lerrokadurak ipar aldeko mugatik jarraiturik. Gisa horretara, lurzatia ez da egungoari itsatsiko, katastroko 857. lurzatia baita. Orubearen azalera, haren azalera eraikigarria eta haren aprobetxamendua ez aldatzeko, orubearen forma aldatu da, dokumentazio grafikoak islatzen duen gisara. Lurzati berriak zabalera beti berdina du, 20,33 m. Iparraldeko lerrokadura bere horretan utzi da, 1 eta 2. lurzatien jarraipen gisa, eta hegoaldeko lerrokadurak urbanizazio proiektuan aurreikusitako espaloiaren zabalerari eutsiko dio (2,40 m + zintarria). Lurzati berriaren azalera 317 m² da; azalera eraikigarri osoa, 931 m² , eta aprobetxamendua, 761 a.u. Eraikinaren garaiera, berriz, BS+2 izanen da, mantendu baita Udalaren Plan Orokorrekoa.

Proposamenaren zergatia

Lerrokadurak aldatzea proposatu da, 857. lurzatian eraiki den etxebizitza-blokeko leihoak ez tapatzea komenigarria delako.

Bertzalde, 1 eta 2. lurzatien eta diren blokeen artean oinezkoendako aurreikusi den pasealekuaren jarraikortasuna mantentzea lortzen da. Espaloiaren luze-zabalak bere horretan utzirik eta inguruaren gidalerroei jarraikortasuna emanik sortzen da antolamendua. U.E.-R.3ko bulebarrak, puntu horretan, zabalera handia du eta horrek haren jarraikortasuna bermatzen.

Ondoko grafikoan ikus daitekeenez, 3. lurzatian iparraldetik kentzen den azalera berdina eransten zaio ekialdetik; beraz, ez da lurzoru pribatuaren azalera aldatzen, ezta lurzoru publikoarena ere; aldiz, U.E.-R.3an bere horretan uzten da espaloi eta pasealekuen azalera (grafikoak).

Planoen zerrenda

1. Tokia eta kokaera 1/1.000 eta 1/5.000 eskalak.

2. Antolamendurako proposamena 1/1.000 eskala.

Ondorioa

Agiri honek alderdi guztiak ditu espedientea onetsi ahal izateko, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 62. artikuluan ezarriari jarraikiz. Bertan behar diren deskripzio eta zergatiak ematen dira.

Erriberrin, 2009ko abuztuaren 10ean.-Alkatea, María Carmen Ochoa.

Iragarkiaren kodea: L0921000