110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Udal ordenantza, Udalaren Musika Eskolako ikastaroetan izena eman eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2009ko martxoaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren Musika Eskolako ikastaroetan izena eman eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza (2009ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 24an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eguesen, 2009ko abuztuaren 18an.-Alkatea, José Anastasio Andía García de Olalla.

ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO IKASTAROETAN IZENA EMAN ETA PARTE HARTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da arau honetako prezio publikoa.

Sorrarazpena

2. artikulua. Ordaindu beharra ikastaroetan izena ematen den unean berean sortzen da eta zerbitzua eskatu dutenek ordaindu beharko dute.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

3. artikulua. Prezio publikoen diru-bilketa udal bulegoetan eginen da.

Matrikularen zenbatekoa matrikulazio epean ordainduko da matrikula formalizatzeko, postua erreserbatzearren. Bi modutara ordaindu ere, dirua bankuko kontuan sartuta edo helbideratzeko agindua emanda.

Hiruhilekoen kuotak urte bakoitzeko irailean, abenduan eta martxoan ordainduko dira. Ordainagiriak helbideratu ahalko dira dagokion helbideratze agindua beteta (ikasle zaharren kasuan ez da beharrezkoa izanen, baldin eta ez bada kontua aldatu nahi) eta dagokion kontuan kargatuko dira, adierazten diren datetan. Helbideratu gabeek ordainduko dute etxera iristen zaien ordaintzeko gaztiguan ezartzen den bezala.

4. artikulua. Matrikulatu ondoren eta ikasturte akademikoa bukatu baino lehen, eskola utzi nahi dutenek eskolako zuzendaritzari adierazi beharko diote hori idazki baten bidez; testu horretan, nahi izanez gero, bajaren arrazoiak aipatzen ahalko dituzte.

Ikasleak bere borondatez uzten badu eskola, ez zaio itzuliko matrikulazioaren zenbatekoa; izan ere, eskolak ikaspostuaren erreserba egin baitu, ikasleari espazio bat esleituz irakasle baten irakastorduen barruan, eta eskolak irakaslearekin urte osorako lanbide-lotura egin baitu.

Matrikulari dagokion zenbatekoa itzuli eginen da ikasturtea hasi baino lehen egiten badio uko ikasleak ikaspostuari; baina, orduan, uko egiteko arrazoia izan beharko da ikasleak ez lortzea lehen aukera gisa ezarritako musika tresnako ikaspostua. Ikasposturik lortzen ez denean ere itzuli eginen da zenbateko hori.

Kuota gisa ordaindu beharreko zenbatekoak hiruhilekotan hainbanatuko dira; honela egin ere:

-Urriaren 1a baino lehen gertatzen bada baja, ez da ordaindu beharko hiruhileko bati dagokion kuota bakar bat ere.

-Urriaren 1etik aurrera eta abenduaren 15a baino lehen gertatzen bada baja, lehen hiruhilekoari dagokion kuota ordainduko da bakar-bakarrik.

-Abenduaren 15etik aurrera eta martxoaren 1a baino lehen gertatzen bada baja, lehen hiruhilekoari eta bigarrenari dagozkion kuotak ordainduko dira.

-Martxoaren 1etik aurrera gertatzen bada baja, hiru hiruhilekoen kuotak ordainduko dira.

5. artikulua. Ikasturtea hasitakoan izena emanez gero, matrikula osorik ordainduko da eta irakasgaiak hiruhileko naturaletan, aurreko artikuluan adierazitako daten arabera.

6. artikulua. Matrikula zabalduz gero, matrikula osorik ordainduko da eta irakasgaiak hiruhileko naturaletan.

Tarifen aplikazioa

7. artikulua. Arau honen eranskineko 2. epigrafean agertzen diren murrizketak eskuratu nahi dituzten eskatzaileek nahitaez aurkeztu beharko dituzte eranskinean aipatzen diren frogagiriak.

8. artikulua. Aurreko ikasturtean ohorezko matrikula lortu duten ikasleek tarifa murriztuak ordaintzeko eskubidea izanen dute, ordenantza honetako eranskineko bigarren epigrafean ezartzen den gisan.

9. artikulua. Irakasgaiak baliokidetzen direnean eta ikasleak ez badu klaseetara joan behar, ez da hiruhilekoko tasarik ordainduko, matrikula bakarrik.

10. artikulua. Kontzeptu desberdinengatik ordaindu beharreko tarifak honen eranskinean ezarritakoak dira, hurrengo paragrafoan adierazitako salbuespenarekin:

Udalak ez badu besterik erabakitzen, ondoko urteetako tarifak izanen dira aurreko ikasturtekoak, haiei aplikatuta KPIaren urte bateko apiriletik hurrengo urteko apirilerako ehuneko aldaketatik heldu den igoera. Haiek aditzera emanen dira ikasturte bakoitzeko matrikulazio aldia hasi baino lehen.

ERANSKINA

1. epigrafea. 2008/2009 ikasturteko tarifak

A. I. maila

-I. mailan musika hastapena ikasten da bakarrik; hiru eta sei urte bitarteko ikasleentzat da. Irakasgai honek honako irakas-denbora hauek ditu:

1. zikloa: 1. kurtsoa eta 2.a (3 urteko eta 4 urteko ikasleentzat, hurrenez hurren): astean hiru saio, 30 minutukoak, edo 45 minutuko bi saio, gehienez ere 10 ikasleko taldeetan eta gutxienez ere 3kotan.

2. zikloa: 3. kurtsoa eta 4.a (5 urteko eta 6 urteko ikasleentzat, hurrenez hurren): astean hiru saio, 40 minutukoak, edo ordu bateko bi saio, gehienez ere 10 ikasleko taldeetan eta gutxienez ere 4kotan.

-Honako prezio hauek izanen dira:

  • 1. zikloa:
  • Eguesibarren erroldatuak:
  • 46,49 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 85,58 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • 46,49 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 128,33 eurokoa bakoitza.
  • 2. zikloa:
  • Eguesibarren erroldatuak:
  • 46,49 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 113,48 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • 46,49 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 170,15 eurokoa bakoitza.

Adierazitako zenbatekoei aplikatuko zaizkie, bidezko denean, 2. epigrafean aipatutako beherapenak.

B. II. maila

-II. maila 6/7 eta 11/12 urteko ikasleentzat da, eta maila horretan jarraian adierazten den eran antolatuko dira irakasgaiak, aipatzen diren irakas-denborekin:

  • Musika Hizkuntza: astean bi saio, ordubetekoak, gehienez ere 12 ikasleko taldetan eta gutxienez 6kotan.
  • Musika tresna: 30 edo 45 minutu astean 2 edo 3 ikasleko taldeetan, hurrenez hurren, gehi beste 20 minutu astean, banakako irakaskuntzan.
  • Abesbatza: astean 45 minutu.

-Honako prezio hauek izanen dira:

  • Eguesibarren erroldatuak:
  • 81,38 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 204,42 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • 81,38 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 306,53 eurokoa bakoitza.

Adierazitako zenbatekoei aplikatuko zaizkie, bidezko denean, 2. epigrafean aipatutako beherapenak.

C. Sarbideko kurtsoak

-Eskola honetan 9 urtetik aurrera sartzen diren ikasleentzat da aukera hau, helduak barne eta aldez aurretik ezagupenak izan ala ez izan. Ikasleeak prestatzen ditu gero II. edo III. mailako kurtsorik egokienean sar daitezen. Aukera honetan II. mailako irakas-denbora eta irakasgai berak daude, baina beste programazio didaktiko batzuekin, ikasleen adin eta inguruabar desberdinetara egokiturik.

Prezioak II mailakoak berak dira.

D. III. maila

-III. maila 12/13 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat da (helduentzat ere badago aukera hau), eta maila horretan jarraian adierazten den eran antolatuko dira irakasgaiak, aipatzen diren irakas-denborekin:

  • Musika tresna: ikasle bakoitzak 40 minutu izanen ditu astean irakaslearekin ikasteko, eta denbora hori banakako klasean eta taldeko klasean banatzen ahalko da.
  • Osaera libreko irakasgaiak: irakasgai bakoitzak ezaugarri bereziak izaten ahalko ditu eta, horregatik, irakasgaiaren curriculumarekin batera proposatu beharko dira klaseen iraupena, banakako edo taldekako antolaketa, ikasle gehiagorekin edo gutxiagorekin. Egun eskaintzen direnak: Harmonia aplikatua I, Harmonia aplikatua II eta Musika estiloak; astean 90 minutukoa da irakas-denbora, gehienez ere 10 ikasleko taldeetan.
  • Abesbatza: II. mailan ezarritako antolaketaren antzekoa.
  • Instrumentu taldea/ganbera musika: talde motaren arabera, saioen eta kontzertuen berariazko egutegiak ezartzen ahalko dira, edo astean ordubeteko saio bat egin, edo taldeka lan egiteko egun gehiago ezarri, edo hariz hariko saioak egin... Hori guztia kontuan hartuz talde mota, parte-hartzaile kopurua, helburu pedagogiko eta artistikoak, etab.

-Prezioak II. mailakoak berak dira.

E. Kurtso indartuak

-Kurtso indartuetan, II. eta III. mailetako eskaintza bera izanen da, hurrenez hurren, baina luzatu eginen da ikasleak tresnako irakaslearekin arituko den denbora, 45 minutu arte; tarte hori banakako klaseetan eta taldekoetan banatzen ahalko da. Musika-hizkuntzako klaseak edo Kontserbatorioko erdi mailako kurtsoetan sartzeko probak prestatzeko beharrezkoak diren beste irakasgai batzuen klaseak dagokion mailakoak bezalakoak izanen dira printzipioz, baina, behar dela ikusten bada, luzatzen ahalko dira, curriculumak hobeki betetzearren.

Kurtso indartuetan arituko den ikasleak ez du prezio altuagoa ordaindu beharko.

F. Mantentzeko aukera

-"Mantentzekoa" deitzen den aukeran, instrumentu-taldean aritzen dira, asteko saioak eginez, gutxienez ere ordubetekoak; zenbait faktoreren arabera, ahal da denbora luzatu, hariz hariko saioak egin, etab. Taldeko jarduera horietan parte hartzen duten ikasleek, horretaz gain, urtean banakako hiru klase izanen dituzte, gutxienez.

-Badago bigarren aukera bat, "mantentzeko aukera berezia" deitzen dena: tresna klaseak izanen dira, aurreko paragrafoan aipatu diren taldeetako batean ez diharduten ikasleentzat. Ikasle bakoitzak astean 20 minutuz izanen du irakaslea berarekin; denbora hori banakako klaseetan edo talde txikietan antolatzen ahalko da, astean behin, hambostean behin, etab.

-Honako prezio hauek izanen dira:

  • Eguesibarren erroldatuak:
  • 81,38 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 90,89 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • 81,38 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 136,34 eurokoa bakoitza.

G. Bakarrik haurren abesbatza

-Abesbatzaren irakasgaia sartuko da ikasleek II. mailan izan beharreko irakasgaien artean (7-12 urtekoak). Nolanahi ere, egoten ahal dira II. mailan matrikulatu gabe abesbatzan kantatzen duten haurrak. Haur horiek prezioak hauek izanen dituzte:

  • Eguesibarren erroldatuak:
  • Hiruhilekoko hiru kuota, 53,03 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • Hiruhilekoko hiru kuota, 79,55 eurokoa bakoitza.

OHARRA: aukera honetan ez dago matrikularen tasarik, ez dagoelako ikaspostuaren erreserbarik, aukera honetan diharduten ikasleek gaitasun proba baten mendean daudelako.

H. Bigarren tresna

-Kuota hau ordainduko dute 2. tresna ikasi nahi duten II. mailako edo III. mailako ikasleek. Ez da matrikularik izanen, eta adierazitako zenbatekoa II. edo III. mailako hiruhilekoko kuotei gehituko zaie. Irakas-denbora izanen da II. mailako edo sarbide kurtsoetako tresnak duenaren antzekoa. Hona hemen prezioa:

  • Eguesibarren erroldatuak:
  • Hiruhilekoko hiru kuota, 112,43 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • Hiruhilekoko hiru kuota, 168,65 eurokoa bakoitza.

I. Bakarrik gitarrako egokitze-kurtsoa

-Aukera hau da, gitarra izan ezik, edozein tresna ikasita II. maila burutu duten ikasleentzat: gitarrako egokitze-kurtso egin eta III. mailan gitarra elektrikoa ikasi nahi dutenentzat. Aukera hau ematen zaie urtebetean bakarrik aukera honetan matrikulatzen direnei, III. mailan jatorrizko tresnan matrikulatzen ez direnei. Irakas-denbora izanen da II. mailako edo sarbide kurtsoetako tresnak duenaren antzekoa. Hona hemen prezioa:

  • Eguesibarren erroldatuak:
  • 81,38 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 112,43 eurokoa bakoitza.
  • Erroldatu gabeak:
  • 81,38 euroko matrikula eta hiruhilekoko hiru kuota, 168,65 eurokoa bakoitza.

2. epigrafea. Beherapenak eta horiek aplikatzeko arauak

-Tarifen sailean adierazten diren prezioei hobariak aplikatuko zaizkie zenbait inguruabarretan laguntzeko. Hobariak aplikatzen dira bakarrik hiruhilekoko hiru kuoten gainean eta ez matrikularen gainean. Honako hauek dira hobariak:

  • 1. mota: Familia ugarietako ikasleak: %20ko beherapena hiruhilekoko kuoten gainean.
  • 2. mota: Familia unitate bereko hirugarren kidea eta ondorengoak, eskola honetan ikasten ari direnak: %30eko beherapena hiruhilekoko kuoten gainean.
  • 3. mota: Pentsiodunak eta pentsiodunen onuradunak: %30eko beherapena hiruhilekoko kuoten gainean.
  • 4. mota: Ohorezko matrikula: %40eko beherapena, hurrengo kurtsoko hiruhilekoko kuotetan.

Hobariak aplikatzeko, honako arau hauei jarraikiko zaie:

-Beherapenak aplikatzen ahal zaizkie bakarrik hiruhilekoko kuotei, eta ez matrikulari dagokion zenbatekoari.

-Beherapenak bakarrik Eguesibarren erroldaturiko ikasleei aplikatuko zaizkie.

-Ikasle bakar batek beherapen mota bakarraren onura izaten ahalko du. Ikasle batek beherapen mota bat baino gehiago lortzen ahal baditu, ikaslearentzat onuragarriena dena bakarrik aplikatuko da.

-Eguesibarko Udalak, zalantzazko kasuetan, eskubidea izanen du erabakitzeko ea beherapen mota bat aplikatu behar den ala ez, eta hiru motetan zein aplikatu behar den.

-2. motako beherapena aplikatzerakoan, familia unitate bereko kidetzat joko dira aita, ama eta 18 urtetik beherako seme-alabak; eta 18 urtetik gorako seme-alabak, gutxienez ere %33ko ezgaitasuna badute (Gizarte Segurantzak hori onartu duelarik) edo ekonomikoki gurasoen mendean badaude.

-3. motako beherapena aplikatzerakoan, pentsioduntzat joko dira bai kotizaziopeko pentsioa edo kotizaziorik gabekoa dutenak, bai inolako pentsiorik jasotzen ez duten 65 urtetik gorako pertsonak. Onuraduntzat joko dira pentsiodun horien ezkontideak edo ondorengoak, baldin eta ekonomikoki pentsiodun horien mende badaude.

-Beherapenetako bat jaso ahal izateko, interesdunak eskatu egin beharko du, matrikularen inprimakiko laukitxoan adierazita; eta onuraduna izateko eskubidea frogatu beharko du, honako agiri hauek aurkeztuta inprimaki horrekin batera, matrikula egiterakoan:

  • 1. motako beherapena: Familia ugariko ikaslea:
  • Frogagiria: familia ugariaren karnetaren fotokopia konpultsatua, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen Institutuak emana.

OHAR GARRANTZITSUA: agiri hau indarrean egon beharko da. Ez da beherapenik izanen, baldin eta aurkezten den karneta iraungita badago.

  • 2. motako beherapena: Familia unitateko bereko hirugarren kidea eta ondorengoak, eskola honetan ikasten ari direnak.
  • Frogagiria: kasu guztietan familia liburuaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko da, eta han agertuko dira familia unitateko kideak, eta gainera:
  • Familia unitatearen barruan kontuan izan behar den kideetako bat ezgaitasuna duen 18 urtetik gorako semea edo alaba bada, ezgaitasun hori organo eskudunak emandako ziurtagiriarekin frogatuko da, eta agiri horretan ezgaitasun maila aipatuko da.
  • Familia unitatearen barruan kontuan izan behar den kideetako bat ekonomikoki gurasoen mendean dagoen 18 urtetik gorako semea edo alaba bada, ezinbestekoa izanen da gurasoekiko duen mendekotasun ekonomiko hori frogatzea, gurasoen errenta aitorpenaren fotokopia konpultsatuaren bidez.
  • 3. motako beherapena: Pentsiodunak eta pentsiodunen onuradunak:
  • Frogagiria: norbait pentsionista dela frogatzeko, kotizaziopeko kontribuzioen kasuan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak igorritako pentsio goratzearen jakinarazpenaren fotokopia konpultsatua edo, beste organo batek ematen badu pentsioa, hark luzatutako ziurtagiria; kotizaziorik gabeko pentsioen kasuan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak emandako ziurtagiria; pentsionisten onuradunen kasuan, hau da, ekonomikoki pentsiodunen mendean daudenen kasuan, bizikidetzaren ziurtagiria eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako azken deklarazioaren fotokopia konpultsatua.

OHARRA: ez da onartuko ziurtagiri gisa osasun txartela ekartzea.

  • 4. motako beherapena: Ohorezko matrikula.

Eskaerari ez zaio agiririk erantsi beharko.

-Eguesibarko Udalak eskubidea izanen du aurreko arauetan den edozein alderdi interpretatzeko eta horietan aipatzen ez diren kasuetan ebazpena emateko.

Iragarkiaren kodea: L0921148