110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

243/2009 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko garraiorako laguntzen 2009-2010 ikasturteko deialdia onesten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak unibertsitateko garraiorako laguntzen 2009-2010 ikasturteko deialdiari buruzko txostena aurkeztu du, bai haren antolakuntza alderdiaz bai unibertsitateko ikasle nafarrei ekartzen dizkien onura ekonomikoez.

Horretarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa hartu da kontuan. Halaber, aginduzko txosten juridikoa eman da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitateko garraiorako laguntzen 2009-2010 ikasturteko deialdia onestea.

2. Gehienez ere 117.054,76 euroko gastua onestea aurreko puntuan aipatutako aldirako. Horietatik 39.354,76 euro 2009ko aurrekontuan onetsitako kontu-sailaren kargura ordainduko dira (kontabilitate espedientea: 40003771), eta 77.700,00 euro 2010eko aurrekontuetan horretarako gaituko den "Nafarroako goi mailako irakaskuntzako ikastetxeetako eskola garraioa" izeneko kontu-sailaren kargura. Indarra duen aurrekontu-ekitaldian izen bereko kontu-saila ondoko hau da: 431000-43100-4800-322303.

3. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari agintzea unibertsitateko garraioaren kudeaketak dakartzan fakturak eta bestelako gastuak ordain ditzala, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren, aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera.

4. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, garraio enpresa interesdunei, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari, Argibide eta Agiri Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 17an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro José González Felipe.

UNIBERTSITATEKO GARRAIORAKO DEIALDIA 2009-2010 IKASTURTEA

Oinarriak

Lehena.-Xedea.

Deialdi honen xedea da egoitza Nafarroan duten unibertsitateko ikasleek, Nafarroako unibertsitate batean edo Nafarroako Gobernuak maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko baimendu dituen zentroetako batean ikasten badute, egunero ikastokiraino egin behar duten bidaia erraztea. Halaber, ez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren beka eta laguntzen Deialdiaren bidez ez eta Hezkuntza Ministeriokoaren bidez ere garraiorako bekarik lortu ez duten ikasleen garraio gastuak finantzatzen lagundu nahi du.

Bigarrena.-Aldia.

Deialdi honen ondorioak 2009ko irailaren 1etik 2010eko ekainaren 25era bitarte izanen dira. Honako hau hartuko da kontuan:

Garraio txartela: unibertsitateko garraio txartelaren onuradunek eskubide hauek izanen dituzte:

-Autobusetan plaza gordetzeko eskubidea, unibertsitateetara hurbilduz, 2009ko irailaren 21etik 2010eko ekainaren 2ra bitarteko eskola-egunetan.

-Txartelen dirua itzultzeko eskubidea, 2009ko irailaren 1etik 2009ko irailaren 20ra bitarte (Nafarroako Unibertsitateko ikasleen kasuan) eta 2010eko ekainaren 3tik 2010eko ekainaren 25era bitarte (Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen kasuan) egindako bidaiengatik.

Garraiorako laguntzaren kredentziala: garraiorako laguntzaren kredentzialaren onuradunek txartelen dirua itzultzeko eskubidea izanen dute bere ikasketen egutegi akademikoan zehar egindako bidaiengatik, betiere 2009ko irailaren 1etik 2010eko ekainaren 25era bitarteko aldiaren barruan.

Hirugarrena.-Laguntzetan sartutako ikasketak

Unibertsitate ofizialetan edo Nafarroako Gobernuak baimendutakoetan ikasketa hauetan diharduten ikasle nafarrek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

-Diplomaduna

-Arkitekto teknikoa

-Ingeniari teknikoa

-Lizentziaduna

-Arkitektoa

-Ingeniaria

-Graduko tituluak

-Master ofizialak

-Hirugarren zikloko ikasketak

Laugarrena.-Ikasketak zein ikastetxetan egin behar diren.

Ikasle onuradunek Nafarroan kokaturik dauden ikastetxe hauetako batean ikasi beharko dute:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa: Iruñeko kanpusa eta Tuterako kanpusa.

-Nafarroako Unibertsitatea.

-Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala Nafarroan, Iruñeko Zentro Elkartua eta Tuterako Zentro Elkartua.

-Nafarroako Gobernuak maila unibertsitarioko ikasketak emateko baimendu dituen zentroak.

Bosgarrena.-Laguntzak eskatzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Familiaren bizilekua Iruñetik eta Iruñerritik kanpora izatea Iruñean kokaturik dauden unibertsitateetan edo arestian aipatutako zentro baimenduetan ikasten dutenentzat eta Tuteratik kanpora izatea Tuteran ikasten dutenentzat, hortaz, ikastokira joateko egunero garraioaren beharra izatea, eskualdeko garraio egokia ez izateagatik.

b) Deialdi honetako hirugarren oinarrian sarturiko ikasketetan eta laugarren oinarrian adierazitako ikastetxeetan aritzea.

c) Eskaera egiten duten momentuan, bi modalitate hauetako baten onurak espresuki hautatzea:

-Unibertsitateko garraio txartela.

-Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

Seigarrena.-Unibertsitateko garraio txartela.

A) 2009ko irailaren 21etik 2010eko ekainaren 2ra bitarteko aldirako.

Eskola-egun guztietan bidaia egiten duten ikasleentzat da, bidaia gehienak unibertsitateko garraio zerbitzuak erabiliz egiten badituzte.

Unibertsitateko garraio txartela titularrarena da, ez inori uztekoa. Titularrari eskubidea ematen dio 2009ko irailaren 21etik 2010eko ekainaren 2ra bitarteko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, joan-etorriko bidaia bat egiteko plaza erreserba izateko, linea jakin bateko unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan. Eserlekua gorderik izanen du enpresek unibertsitateko ikasleentzat antolatzen dituzten garraio berezietako goizeko lehen bidaian eta, itzulirako, arratseko azkenekoan.

Aurretik leihatilan txartela erosi beharrik izan gabe, Iruñerako autobus zerbitzu erregularrak dituen geltokietatik familiaren bizilekutik hurbilen dagoen horretan igotzen ahalko da. Halaber, onuradunak lehentasuna izanen du Iruñera eta Tuterara goizeko 8:00ak baino lehen iristen den autobusean sartzeko eta Iruñetik eta Tuteratik ateratzen den azken zerbitzuan, 21:00etan. Bi autobus zerbitzu horiek unibertsitateen ingurura hurbilduko dira.

Salbuespen gisa, laguntzen Balorazio Batzordeak, garraio enpresekin kontsultatu ondoren, Iruñera eta Tuterara iristeko eta Iruñetik eta Tuteratik itzultzeko ordutegien aldaketa onartu ahal izango du.

Deialdi honen helburu nagusia ikasleak goizeko eskoletara garaiz iristea da. Hortaz, enpresak konpromisoa hartzen du eskatutako ordutegian behar adina autobus paratzeko. Ikasle onuradunek, bere aldetik, eskaeran aipatutako ordutegia betetzeko konpromisoa hartzen dute.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak emanen du unibertsitateko garraio txartela. Hori erakutsi beharko da autobusean igo ahal izateko.

Ikasketak direla-eta ikasleren batek larunbatetan ere behar badu unibertsitateko garraioa, halaxe adierazi beharko du eskaeran. Horrelakoetan, erabiltzaileak eskola ordutegi hori aurkeztu beharko du justifikatzeko. Onuradunek txartelak ordaindu eta bidali behar dituzte, hiruhilekoen buruan, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, bulegoak bakoitzari dagokiona itzultzea erabaki dezan (txartelen kostu osoaren %70).

Txartelaren dirua ordaindu behar duten ikasle onuradunek txartel hori berehala Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora igorriko dute Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez. Behar bezalako argibidea azalduko dute Administrazioak ordain dezan. Horrelakoetan, diru-kopuru hori hilean enpresari ordaintzen zaion fakturatik deskontatuko da.

B) 2009ko irailaren 1etik 2009ko irailaren 20ra bitarteko eta 2010eko ekainaren 3tik 2010eko ekainaren 25era bitarteko aldietarako.

2009-2010 ikasturtean Nafarroako unibertsitateetan hiru egutegi akademiko daudenez, Hezkuntza Departamentuak bat egiten ez duten eskola egunetako garraioaren gastua hartuko du bere gain.

Kasu hauetan dauden ikasleek leihatilan ordaindu beharko dute garraioaren prezioa gainerako bidaiariek bezala eta, deialdi honetan xedatutakoaren arabera, ondoren eskubidea izanen dute eginiko gastua Administrazioak itzul diezaion. Garraioa linea erregularren beste edozein zerbitzu publikotan egin ahalko da.

Txartelak gazte garraioaren karnetaren deskontua izanen du, ikasleak horretarako eskubidea baldin badu.

Zazpigarrena.-Unibertsitateko garraiorako kredentziala.

Unibertsitateko garraiorako kredentzialaren bitartez Hezkuntza Departamentuak aitortzen du 2009-2010 ikasturteko eskola egunetan eguneko joan-etorriko bidaia egiteko eskubidea, unibertsitateko garraiorako hitzartutako zerbitzuetan edo bidaiarentzako linea erregularren beste edozein zerbitzu publikotan. Aitortza honek ahalbidetzen du garraioa erabiltzea inolako agiririk erakutsi gabe, onuradunak lehiatilan ordaindu beharko baitu garraioaren prezioa gainerako bidaiariek bezala eta, deialdi honetan xedatutakoaren arabera, ondoren eskubidea izanen du eginiko gastuaren zati bat Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak itzul diezaion. Txartelak gazte garraioaren karnetaren deskontua izanen du, ikasleak horretarako eskubidea baldin badu.

Modalitate honetan onuradun izan daitezke:

a) ikastetxera egunero joan behar izaten ez duten ikasleak, astelehenetik ostiralera, gehienez ere astean lau egunetan.

b) garraio txartela eskatu baino 10 eskaera baino gutxiago izanik zerbitzua antolatu ez eta txartela lortu ez duten ikasleak. Horrelako kasuetan, autobusa asteko bost egunetan erabiltzen ahalko dute. Eskaera egiterakoan modalitate honetan sartzeko asmoa dutela adierazi behar dute.

Txartelaren onuradun diren ikasleen kasuan bezala, zerbitzua larunbatetan ere erabiltzen ahal dute, haientzat ezarritako baldintza berdinetan.

Zortzigarrena.-Garraio lineak.

Unibertsitateko garraioaren antolamenduak Nafarroako eskualdeetan dauden bidaiarien garraio lineetan du oinarria.

Jendea hartzeko geltokiak eta baimendurik dauden ordutegi eta prezioak linea erregularretarako ezarritako berberak izanen dira.

Bederatzigarrena.-Laguntzen zenbatekoa.

Garraioaren kostua ikaslearentzat, modalitatearen arabera, hauxe izanen da:

-171,00 euro, astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua, astean, gehienez, lau aldiz erabiltzeko, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe, kredentziala eskatu duten ikasleentzat.

-234,00 euro, astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua, asteko bost egunetan, erabiltzeko, unibertsitateko txartela eskatu duten ikasleentzat. Hileko kopurua 26 eurokoa da.

Horrenbestez, laguntzaren zenbatekoa honakoa izanen da: herritik etortzeko eguneko bidai txartelaren prezioa bider baimenduriko eta justifikaturiko egunen kopurua, ken goian adierazitako kopurua, dagokionaren arabera.

Kredentzialaren kasuan, onuradunek txartelen konpentsazioa jasoko dute justifikazioek 171,00 euro gainditzen dituztenean.

Txartelaren kasuan, 6.b) oinarriari jarraikiz, onuradunek bidai-txartelaren prezioaren araberako konpentsazioa jasoko dute.

2009-2010 ikasturtean zehar nazioarteko mugikortasun programaren batean parte hartzen duten laguntza hauen onuradunek eskaera orrian garraio zerbitzu hau zein alditan erabiliko duten adieraziko dute. Horregatik, txartelaren kasuan, zerbitzu hau erabiltzen duten aldiari dagokion zati proportzionala soilik ordaindu beharko dute hilabetetan zatiturik.

Hamargarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunek deialdi honetan ageri den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, "Txartelaren edo laguntzarako kredentzialaren eskaera" izenekoa. Eskabide hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan har daiteke. Deialdia eta eskabidea Hezkuntza Departamentuko web orrian ere eskuragarri daude (www.pnte.cfnavarra.es). Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Txartela eskatuz gero:

-Eskatzailearen karneterako bi argazki (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

-Erroldatzearen edo bizilekuaren ziurtagiri gaurkotua, udalak luzatua.

-Txartelaren zenbatekoa (234,00 euro) 2054/0000/46/910124955.6 kontu zenbakian (Nafarroako Aurrezki Kutxako bulego nagusia) ordaindu izanaren egiaztagiria.

-2009-2010 ikasturteko matrikularen fotokopia, unibertsitateak konpultsatua edo baliozkotua, hura lortu bezain azkar (laguntza eskaera aurkeztu ondotik ekar daiteke).

b) Kredentziala eskatuz gero:

-Erroldatzearen edo bizilekuaren ziurtagiri gaurkotua, udalak luzatua.

-2009-2010 ikasturteko matrikularen fotokopia, unibertsitateak konpultsatua edo baliozkotua, hura lortu bezain azkar (laguntza eskaera aurkeztu ondotik ekar daiteke).

-Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera, behar bezala betea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioak jatorrizkoa izan behar du edo fotokopia konpultsatua (konpultsa Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan egin daiteke; Santo Domingo kalea, 8).

Hamaikagarrena.-Aurkezteko epea eta tokia.

Eskabidea bete ondoren, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetatik edozeinetan aurkeztu beharko da gainerako agiriekin batera. Eskaerak bide telematikotik ere aurkez daitezke Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez.

Aurkezteko epea 2009ko irailaren 30ean bukatuko da.

Eskaera data horietan aurkeztu beharko da, epea luzaezina delako, matrikulazio aldiari edo bizitokiari buruzko salbuespenetan izan ezik. Salbuespen horiek Balorazio Batzordeak baloratuko ditu.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta hamar eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

Hamabigarrena.-Eskaeren tramitazioa.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak, berehalakoan, eskaeren kopurua eta modalitatea aztertuko ditu, garraio enpresekin hitzarmena sinatzearen ondorioetarako.

Deialdi honetako 8. oinarrian aipaturiko linearen baterako edo, bidaiarien garraiorako Nafarroan dagoen beste linea erregularren baterako, hamar eskaera edo gehiago aurkezten badira, enpresa kontzesio-hartzailearekin behar diren kudeaketak eginen dira, dagokion hitzarmena sinatu, garraio txartelak prestatu eta interesdunei igortzeko.

Enpresa horiekin kontratua sinatzeko gutxieneko kopuru horretara iristen ez bada edo unibertsitateko garraioaren Balorazio Batzordeak hura sinatzeko baimenik ematen ez badu, berriz, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txartela egiteko ordaindu zen dirua itzuliko du. Gero eskaera bertan behera utziko da edo laguntzaren kredentziala emanen zaio eskatzaileari, horrek eskabidean hautatutakoaren arabera.

Eskatzaileak kredentziala aukeratu badu, modalitate horretako onuradunekin bezala jokatuko da berarekin eta txartela eskatzeko ordaindu zuen diru-kopurua itzuliko zaio; kasu horretan, asteko egun guztietan bidaia egiteko eskubidea izanen du, astelehenetik ostiralera.

Hamahirugarrena.-Laguntzak emateko proposamenak egiteko ardura duen Balorazio Batzordea.

Ebazpen proposamena egin behar duen Balorazio Batzordeko kideak hauek izanen dira:

Mahaiburua:

-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

-Batzordeburua falta denean, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak hartuko ditu bere gain hari dagozkion eginkizunak.

Batzordekideak:

-Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

-Goi Mailako Irakaskuntzaren Ataleko burua.

-Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua.

Idazkari lanetan Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua arituko da.

Hamalaugarrena.-Ebazpena.

Laguntzak Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, kontzesio organoak proposaturik, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak aldez aurretik txostena emanda.

Laguntza horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko dira, eta zerrendak unibertsitate eta ikastetxe interesdunetara igorriko, ikasleei haien berri eman diezaieten. Hezkuntza Departamentuko Beka Bulegora ere igorriko dira. Ukatu diren laguntzen berri idatziz emanen zaie interesdunei.

Hamabosgarrena.-Laguntzen eta garraio gastuen ordainketa.

Laguntzen eta gainerako garraio gastuen ordainketa deialdi honetako oinarriak onesten dituen ebazpen honetan xedatutakoari jarraikiz eginen da, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuaren txostena jaso eta ziurtagiri hauek aurkeztu ondoren:

Unibertsitateko garraiorako kredentzialaren onuradunen kasuan, hiruhileko bakoitza bukatutakoan ordainduko da, ezarrita dauden arauei jarraikiz, egindako bidaien autobus-txartelak, egun eta hilabeteen arabera ordenatuak, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan aurkeztuta.

Txartelaren onuradunen kasuan, 6.b) oinarriaren aldian, ikasleek garraioaren prezioa leihatilan ordaindu beharko dute eta hurrengo hilabetean Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzura igorriko dute, honek itzulketa egin diezaien.

Onuradunek egin eta justifikaturiko gastutik 171 edo 234 euro kenduko dira, deialdi honen 9. oinarrian adierazitakoaren arabera.

Garraio txartela duten ikasle unibertsitarioentzako zerbitzua egin duten garraio enpresei hilabetero ordainduko zaie, banan-banan enpresa bakoitzari, enpresak bederatzi hilabeteetako bakoitzean egindako zerbitzuari dagokion faktura aurkeztu ondoren.

Hamaseigarrena.-Onuradunen betebeharrak.

2009-2010 ikasturterako unibertsitateko garraio txartela edo garraiorako kredentziala eskatzen badu, eskatzaileak arau hauek guztiak ezagutu eta onartu beharko ditu.

Onuradunak unibertsitateko garraioaren antolaketa eta funtzionamendu egokirako Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak ematen dituen jarraibideei men egin beharko die.

Autobusean sartzeko, unibertsitateko garraio txartelaren onuradunak gidariari txartela nahitaez erakutsi beharko dio. Halaber, laguntzen onuraduna behartuta dago Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari aditzera ematera laguntza errefusatzen duela, oinarri hauen arabera laguntzaren bateraezintasuna dakarkion beste zerbait baldin badu.

Onuradunak deialdi honetako baldintzaren bat betetzen ez badu, dokumentazioa faltsutzen badu, bidezko ez den autobus-txartelen bat aurkezten badu edo matrikulatua dagoela frogatzen duen agiria aurkezten ez badu, txartel edo kredentzial horren onuradun gisa baja emanen zaio berehalakoan eta itzuli beharko du. Gainera, emandako laguntza galduko du eta horren bidez eskuraturiko dirua itzuli beharko dio Nafarroako Gobernuari, deusetan galarazi gabe legozkiokeen lege-egintzak eta zehapenak. Diru kopuru horiek, legezko ondorioetarako, diru-sarrera publikotzat joko dira.

Behin unibertsitateko garraio txartela edo kredentziala emanik, hari uko eginez gero, Administrazioak ez du inolako diru konpentsaziorik emanen, salbu eta ezinbesteko kasuetan, agiri bidez behar bezala frogatzen bada eta betiere Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusia ados badago.

Hamazazpigarrena.-Bateraezintasunak.

Unibertsitateko garraio laguntzak bateraezinak dira izaera bereko beste laguntza batzuekin, baita egonaldirako laguntzekin ere, Nafarroako edo Espainiako edozein erakunde publikok zein pribatuk emanak badira.

Hamazortzigarrena.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari lotuko zaio.

Zehapen prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

Hemeretzigarrena.-Errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatuz emandako egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hogeigarrena.-Kontratua enpresekin.

Unibertsitateko garraioa antolatzeko, Nafarroako bidaiarien garraio enpresekin hitzarmena sinatuko da, betiere linea erregularren ibilbide berbera egiteko, gutxienez hamar txartel eskaera aurkezten badira eta dagokion kontratua sinatzeko adostasuna lortzen bada. Dena dela, laguntzen Balorazio Batzordeak, aurkezten diren eskaeren kopurua ikusirik, balorazioa egin eta kontratua enpresei esleitzen ahalko die, finkatutako gutxieneko eskaera kopurura iristen ez bada ere.

Antolatzen diren ibilbide guztien jomuga Iruña eta Tutera izanen dira eta abiapuntua kasuan kasuko linea erregularrek dutena.

Garraiobidea linea erregularrak finkatuta dituen geltokietatik edozeinetan hartzen ahalko da, kasuan-kasuan zehaztu diren tarteetan betiere.

Linea jakin baterako kontraturik sinatzen ez bada eta, horrenbestez, garraio txartela egiterik ez badago, ikasle interesdunek garraio linea hori erabiltzen ahalko dute, gainerako bidaiariek bezala, enpresak finkatutako zerbitzuen ohiko ordutegietan, garraiorako kredentzialaren onurez baliatuz edo, besterik gabe, unibertsitateko ikasle ez diren gainerako erabiltzaileentzako baldintza beretan.

Garraio enpresek konpromisoa hartzen dute garraio txartela duten unibertsitarioak adierazitako geltokietan hartzeko, lehenbiziko eskola hasi baino lehen Iruñean edo Tuteran egon daitezen, eta betiere goizeko 8:00ak baino lehen, eta euren herrietara 21:00etan itzul daitezen. Etortzeko lehen zerbitzuan eta arratsean ateratzeko azken zerbitzuan, autobusak unibertsitateen ondoan dauden ohiko tokietan geldituko dira.

Enpresek zerbitzu berezi hau antolatu ahal izan dezaten, ikasleak haiek laguntzera beharturik daude. Horretarako, eskabidean adierazitako goizeko lehen zerbitzua eta arratsaldeko azken ordukoa erabiliko dituzte, enpresak beraientzat espresuki paratutako autobusak erabiliz.

Autobusetan ikasle guztientzako tokia izanen da, bai joanean bai etorreran, eta, hortaz, ezin izanen da ikaslerik zerbitzurik gabe utzi.

Iruñera eta Tuterara etortzeko lehen zerbitzuan eta arratsean ateratzeko azken zerbitzuan, autobusak unibertsitateen ondoan dauden ohiko tokietan geldituko dira. Bakar-bakarrik muturretako bi zerbitzuotarako gordeko da tokia. Garraio zerbitzuko gainerako orduetan, deialdi honen onuradunek zerbitzu publikoaren gainerako bidaiarien eskubide berak izanen dituzte. Ikasleek eskaera egitean onartu duten ordutegia errespetatu beharko dute. Egunero zerbitzua erabiltzen duten ikasleen kopurua edozein dela ere, enpresa beharturik dago muturreko ordu horietan kontrataturiko autobusak jartzera, ziurtaturik baitu zerbitzua kobratzea.

Bidaiarien nahitaezko asegurua eta aseguru osagarria garraio enpresa adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira eta, hortaz, huraxe izanen da kontratatzen den zerbitzuaren ondorioz gerta litezkeen kalteen erantzule zibil bakarra, dela zuzenean, dela subsidiarioki.

Ikasturtea hasita, erabiltzaileentzat komenigarria ikusten bada joan-etorrietako nahitaezko zerbitzuen ordutegia aldatzea, egin, egiten ahalko da, aldez aurretik Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari jakinarazten baldin bazaio. Halaber, adjudikazio-hartzaileak baimena eskatzen ahalko dio Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari lineen ordutegietan behar diren aldaketak egiteko, unibertsitarioentzat ezarrita dauden ordutegiei egokitzearren.

Hogeita batgarrena.-Argibideak.

Argibideak, Goi Mailako Irakaskuntzaren Atalean: Santo Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).

Telefonoak: 848 426078. 848 426064. 848 426065.

Helbide elektronikoa: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es

Hezkuntza Departamentuaren web orria: http://educacion.pnte.cfnavarra.es/portal/Guia+de+Estudios/Becas+y+Ayudas/Estudios+Universitarios/Transporte+universitario

UNIBERTSITATEKO GARRAIORAKO LAGUNTZEN DEIALDIA. 2009-2010 IKASTURTEA. ERANSKINA

Txartelaren edo laguntzarako kredentzialaren eskaera

......................................................................jaun/andrea NANa: .................... Helbidea: .......................................................................... Zkia ..... Solairua .....Telefonoa .......................... P.K. ............. Herria ...................................

2009-2010 ikasturteko datu akademikoak

Unibertsitatea:

Fakultatea:

Titulua:

Matrikulatuta nagoen ikasmaila:

ESKATZEN DUT:

a) UNIBERTSITATEKO GARRAIO TXARTELA q

b) LAGUNTZARAKO KREDENTZIALA q

Erabiliko dudan linea:

Jatorrizko herria:

Destinoko herria: .

Herritik ateratzeko ordua

Herrira itzultzeko ordua:

Ikasketak direla eta, zerbitzua larunbatetan ere erabili behar dut

q BAI q EZ

Txartela eskatu bai, baina linea horretarako gutxienezko kopurura, 10 eskaerara, ez bada iristen, aukeratzen dut:

  • Eskaera deuseztatzea.
  • Laguntzarako kredentziala aitortu dakidan.

Dirua itzuli behar izanez gero, kontu honetan sartu:

Banketxea edo aurrezki kutxa:

Bulegoa:

Kontrola:

Kontu zenbakia:

Nazioarteko mugikortasun programaren batean dauden onuradunak soilik Unibertsitateko garraioa hilabete hauetan erabiliko dut:

.............(e)tik, ........ ..........(e)ra eta ........(e)tik ..........(e)ra.

Aitortzen dut 2009-2010 ikasturterako unibertsitateko garraioa arautzen duten arauak ezagutu eta onartzen ditudala.

Eguna eta sinadura:

Eransten den dokumentazioa:

-Karneterako 2 argazki eguneratu. (txartela modalitatean).

-Erroldatzearen edo bizilekuaren ziurtagiri eguneratua.

Nafarroako Aurrezki Kutxan, 2054/0000/46/910124955.6 zenbakian, 234 euro sartu izanaren egiaztagiria, txartela eskatzen bada.

-2009-2010 ikasturteko matrikularen fotokopia, unibertsitateak konpultsatua edo baliozkotua (laguntza eskaera aurkeztu ondotik ekar daiteke)

-Transferentzia bidezko ordainketa eskaera (kredentzialeko onuradun berrientzat).

LANBIDE HEZIKETAREN ETA UNIBERTSITATEEN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F0921068