110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1321/2009 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren BF2 lurzatiaren xehetasun azterlana hasiera batez onesten duena. Sustatzailea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua da.

Agiri honen bidez aurreko xehetasun azterlanean Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren BF-2 lurzatiarentzat ezarritako determinazioak ordezkatzen dira. Xehetasun azterlan hori Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak urriaren 10ean emandako 1516/2008 Ebazpenaren bidez onetsi zen behin betiko (2008ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 27an).

Aretako industrialdearen eta Sarrigurengo biribilgunearen artean errepidean dauden eraikinak kendu nahi dira, etorkizunean errepidea bikoiztu edo handitu behar baldin bada.

Hiru eraikinen (BF2-1, BF2-2 eta BF2-3) lerrokadurak eta altuerak berriz finkatu dira, baita lurzatiaren barneko urbanizazioa ere.

Etxebizitza Zerbitzuak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena ikusirik eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren BF2 lurzatiaren xehetasun azterlana hasiera batez onestea. Sustatzailea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua da.

2. Xehetasun azterlana jendaurrean egonen da hogei egunez. Epe horretan edozeinek bidezkoak iruditzen zaizkion ohar eta alegazioak egiten ahal ditu idatziz. Horretarako, interesdunek espedientea eskura izanen dute Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada etorbidea, 2, 3. oina, Iruña).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Espedientearen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, eta Iruñeko, Uharteko, Burlatako eta Eguesibarko udalei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 17an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F0921227