110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTZIN-AMESKOAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duena.
Behin betiko onespena

Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbizuen Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2009ko maiatzaren 28an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2009ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22an; handik aitzina, jendaurreko epea inok erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez, behin betiko onetsitzat jo behar da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Antzinen, 2009ko abuztuaren 14an.-Mankomunitateko burua, Javier Ibáñez Iriarte.

ORDENANTZA, ANTZIN-AMESKOAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko guztietan ezarri ziren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuan babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoaren eskaintza eginez.

Menpekotasun organikoa dutenez, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzu (ELZ) bakoitzak bere udal araudia du, ordenantza bat gehienetan. Hala ere, eta zerbitzu bera eta, hortaz, printzipio, eduki eta prestazio antzekoak izanagatik ere, bakoitzak bere udalerriko araudia du. Egoera horren ondorioz, errealitate ezberdinak sortu dira zerbitzuaren prestazioan, bizilekuaren arabera, eta horrek nahasmena eragin du herritarren ikuspegian.

Egoera hori hobetu nahirik, 2004ko ekitaldiaren amaieran, lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, toki entitateen eta gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen eskariari erantzunez.

Asmoa izan da guztiendako arautze batera ekartzea Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuen esku-hartzearen alderdi funtsezkoak, eta horrela Nafarroan zerbitzu hauek homogeneizatzeko aitzinapausoak egin. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa sistema baten prestakuntza eta, balorazioak egiteko, denendako tresna beraren ezarpena.

Horren emaitza da ordenantza eredu hau, toki entitateen eskura jartzen dena. Gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen ekarpen teknikoak jasotzen ditu eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak onetsi du.

1. artikulua. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ udal zerbitzua da, oinarrizko premiak bere ohiko inguruan asetzeko mugak dituzten herritarrendako, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren arabera. Xedeak dira pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txertatzea, haren beregaintasun funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

-Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuak eskuragarriak direla bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatzeko erantzukizuna.

-Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute eguneroko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea, betiere eskuratzeko baldintzak betetzen badira.

-Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten bertze zerbitzu eta baliabide batzuekin.

-Aurreneurri izaera: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.

-Autonomiaren sustapena: bultzatuko da norberak eguneroko jardueretan parte hartzea eta bere familia inguruko nahiz komunitateko bizitzako alorretan ongi moldatzea. Bultzatuko da nork bere erabakiak hartzea bai eraman nahi duen bizimoduari bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokienez.

-Laguntza pertsonalizatua eta osoa: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

-Malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideen konbinazioa eginen da.

-Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, elkarbizitza harmoniatsua izan dadin.

-Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea eta, ahal delarik, komunitatearen bizitzan parte hartzen dutela bermatzea.

-Koordinazioa: baliabide instituzionalekin nahiz sostengu informaleko baliabideekin koordinazioa eginez, esku-hartzearen sinergia hobetuko eta eraginkortasun maila handiagoa bermatuko da.

-Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.

-Boluntario lanaren sustapena: herrian bertan, zerbitzua erabiltzen dutenen sostengu sare informalaren atal gisa parte hartzen ahal dute eta.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

-Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beregaintasun pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.

-Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

-Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

-Integrala, bizikidetza unitateen premiari oso-osorik heltzen baitie.

-Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, bizi kalitate hobea bermatu ezean.

-Osagarria, bere xedeak lortzeko bertzelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.

-Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz ase nahi baitira.

-Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.

-Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

-Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.

4. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Zerbitzuak helburu hauek ditu:

-Pertsonak beren ohiko inguruan ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate gehienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, inguruarekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

-Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

-Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

-Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

-Norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

-Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.

-Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate inguruan indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.

-Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren helburuko erabiltzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira halako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizkoa osatzen duten udalerrietariko batean erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta, ondorioz, dituzten premia pertsonal eta sozialak beren kasa bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

-Beregain izateko arazoak dituzten zaharrak.

-Beregaintasunari modu larrian eragiten dion ezgaitasuna dutenak.

-Familia unitateak, beren baitan adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak dituztenak, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZn esku hartzen duten profesionalak.

Etxeko Laguntza Zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

-Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

-Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

-Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko bertze profesional batzuek esku-hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

-Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da bere ardura, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

-Psikologoa: esku-hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

-Bertze profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enplegu arloko teknikariak, berdintasuneko teknikariak...

7. artikulua. Eskuratzeko irizpideak: menpekotasuna baloratzeko tresnak:

Etxeko Laguntza Zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak kontuan hartuko du:

-ELZren esku-hartzea onartzea eta baloraziorako behar edo eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

-Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

-Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

-Onuradun izan daitekeenaren egoera soziala eta familiarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda:

8.1. Etxeko laguntzaren barrenean ondoko jarduketa hauek guztiak, edo hauetako zenbait, sartzen dira. Etxeko laguntza ez da inolaz ere izanen 2 ordutik gorakoa eguneko.

1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

-Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

-Bizarra egitea.

-Ohean direnen garbiketa.

-Bainua/dutxa.

-Xatar aldatzea.

-Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.

-Hanka eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).

-Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

-Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketa/zainketak.

b) Jantzia/oinetakoak:

-Janztea/eranztea.

-Oinetakoak janztea/eranztea.

-Jantzia eta oinetakoak zaintzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

-Ohetik jaikitzeko edota etzateko laguntza.

-Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

-Etxean mugitzen laguntzea.

-Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

-Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

-Postura aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.

-Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

-Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.

-Errezeta eta botikak eskuratzea.

-Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik.

-Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.

-Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

-Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

-Osasun kontsultetara laguntzea, joan-etorriak ibilgailuz egin behar ez badira.

-Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...).

-Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

-Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.

2. Etxeko zeretan sostengu emateko jarduerak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

2.1. Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

-Elikagaiak prestatzen laguntzea.

-Elikagaiak prestatzen laguntzea (berotu, mahaia jarri, otordua banatzea).

-Baxera eta otordua prestatzen erabilitako tresnak bildu eta fregatzea.

2.2. Erosketari lotuak:

-Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraitzea.

-Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

-Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).

-Erosketak etxera ekartzea.

-Erositakoa antolatzen laguntzea.

2.3. Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:

-Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

-Arropa hedatu eta biltzea.

-Arropa lisatzea.

-Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

-Armairuak txukuntzea.

-Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza bereziren beharrik gabe.

Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.

2.4. Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

a) Bizitegiaren mantentze lana:

Jarduera/zeregin arruntak:

-Oheak janztea.

-Erratza pasatzea.

-Xurgagailua pasatzea.

-Mopa pasatzea.

-Hautsa kentzea.

-Lanbasa pasatzea.

-Beirak garbitzea.

-Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.

-Sukaldea garbitzea.

-Komuna garbitzea.

Jarduera/zeregin bereziak:

-Sabaiak garbitzea.

-Errezelak garbitzea.

-Lanparak garbitzea.

-Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).

-Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea

-Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).

b) Etxeko konpontze lan errazak:

Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.

Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.

-Etxebizitzaren egitura eta hainbat instalazio (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa) behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.

-ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.

3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen etxeko zeretan sostengu emateko jarduketak:

Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta oinarrizko iaiotasunak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduera eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin.

-Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, menpekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).

-Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan...).

-Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak (errespetua, onarpena, entzutea...) gainditzeko jarrera positiboak indartzea.

-Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa...).

-Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohitura eta trebetasunak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta tresnei lotutakoak).

-Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

-Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

-Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak... antolatzea).

-Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).

-Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).

-Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.

b) Familia edo pertsona zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Familia edo pertsona zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.

-Laguntza emozionala zaintzaileei.

-Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.

-Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

-Laguntza tekniko, baliabide eta sostengatzeko bertze modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

-Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.

-Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu sozio-komunitarioko jarduerak. Honako hauek sostengu sozio-komunitarioko jarduerak dira:

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduera eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:

-Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

-Kultura, aisialdi edo denborapasako jarduketetan parte hartzera bultzatzea.

-Kultura, aisialdi edo denbora-pasako jarduketetan parte hartzeko lagun egitea.

-Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko zereginetarako.

-Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

-Komunitatea sentsibilizatzea menpekotasunean dauden pertsonei buruz.

4. Sostengu teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk. Honako hauek dira sostengu teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk:

Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten bertze bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak.

-Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

-Etxea egokitzeko beharrei buruz eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

-Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Laguntzazko bertze baliabide batzuk.

-Etxean sostengu emateko bertze baliabide osagarri batzuez (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...) baloratu, informatu eta orientatzea.

-Etxean egon beharrean bertze baliabide batzuei buruz baloratu, informatu eta orientatzea.

8.2. Zerbitzuen zerrenda aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbertzez, zerrenda horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.

b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek egitea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZaren eta merkatuan diren bertzelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.

c) Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.

d) Bertzelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduera eta lanak eginen dira eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

e) Zerbitzuen zerrendan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

-ELZko lan taldeak balorazio profesionala egitea.

-Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal baita.

-Hura betetzeko bertze aukera edo baliabiderik ez egotea.

-Aldi baterako egitea, eta aldi berean bertze aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

f) Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten inguruabarrak gertatzen badira.

g) Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.

h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.

i) Zerrenda aplikatzen eta Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legal, sozial eta emozionaletik.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

-Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

-Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZn definitzen den familia unitatea:

Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

-Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.

Landalurreko eta hirilurreko ondasunetatik, haien katastroko balioaren %3 kontatuko da, ohiko etxebizitza kenduta.

Gastu kengarriak: lehen etxebizitzaren alokairua edo erosketa eta/edo ohiko etxebizitzaren zaharberritzea.

Hileko per capita errenta: ateratzen da aurreko kontzeptu guztien batura zati familia unitateko kide kopurua zati 12 hilabete eginez.

Erabiltzailea PFEZ aitortzera behartuta ez dagoenean, aurreko ekitaldiko diru-sarrerei begiratuta erabakiko da bere gaitasun ekonomikoa, aurreko kontzeptuetan adierazitako diru-sarrerak frogatzen dituen dokumentazio guztia aurkeztuta.

-Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute zerbitzuaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxez etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

-Tarifaren oinarrizko unitatea:

Zerbitzua etxean ematen iragandako denbora da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

-Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da. 66666.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK ETA TARIFEN ESKALA

PCEG (per capita errenta garbia) < OAEAP prezio publikoaren 0,05.

OAEAP <PCEG>%135 OAEAP prezio publikoaren 0,10.

%105 OAEAP <PCEG> %120 OAEAP prezio publikoaren 0,15.

%120 OAEAP <PCEG> %135 OAEAP prezio publikoaren 0,30.

%135 OAEAP <PCEG> %150 OAEAP prezio publikoaren 0,45.

%150 OAEAP <PCEG> %165 OAEAP prezio publikoaren 0,60.

%165 OAEAP <PCEG> %180 OAEAP prezio publikoaren 0,75.

%180 OAEAP <PCEG> %195 OAEAP prezio publikoaren 0,90.

PCEG > %195 OAEAP prezio publikoa.

10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku-hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

-Harrera eta gizarte orientazioa.

-Kasuaren azterketa.

-Egoeraren diagnostikoa.

-Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

-Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

-Esku-hartzearen hasiera.

-Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

-Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, bertze organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ebazpena ofiziozko prozedura abiatzea erabakitzen duena, data hori izanen da hasteko eguna.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

-Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendu eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: Udaleko alkatea edo Mankomunitateko edo udalen arteko Batasuneko burua da zerbitzua baietsi edo ezesteko organo eskuduna, non ez den eskumen hori bertze norbaiten esku utzi.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, bertzeak bertze:

1. Zerbitzua baietsi edo ukatzen den.

2. Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

-Banan-banan esku hartzeko plana.

  • Egin beharreko lan/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena, ELZren une bakoitzeko aukera errealen mende dagoena; bertzenaz, itxaron zerrendan utziko da.
  • Laguntza emateko orduak; ahal dela, eskatutako orduetan emanen da laguntza, baina zerbitzuaren aukera errealak eta lagundu beharreko gainontzeko erabiltzaileak hartuko dira kontuan.
  • Astean zein egunetan emanen den laguntza, ELZren aukeren mende hori ere.

-Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3. Onuradunarendako ezarritako bertze betebehar edo baldintza batzuk.

4. Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

d) Jakinarazpena:

Zerbitzua ematea baiesten denean, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaio Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoari eta dagokion profesionalari.

e) Iraungipena eta etena:

Iraungipena: honako hauengatik gertatuko da:

1. Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.

2. Zerbitzuaz baliatzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo baldintzak betetzeari utzi diolako.

3. 12. artikuluan ezarritako betebehar eta obligazioak ez betetzeagatik.

4. Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5. Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasun egiazkoak gertatzeagatik.

6. Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7. Egoera hobetzeagatik edo ELZaren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, GZOko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etenaldia: zerbitzua denbora baterako etetea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenaldietan, laguntza berehala berrezarriko da. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren segimendua, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan. Halaber, ELZko talde teknikoaren balorazioa, familia-langileen laguntza jarraituak dakarren zuzeneko behaketa eta zerbitzuaren unean uneko beharrak hartuko dira kontuan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bertzenaz GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik. Orobat, sortzen ahal diren aparteko gorabeherei: hala nola zuzeneko laguntza ematen duten langileen istripuak, laneko bajak edo bertzelakoak.

Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, GZOk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

-Esku-hartzeko banan banako planaren berri izatea.

-Plana berrikusi eta aldatzeko proposatzea, sorturiko premia berrien arabera.

-Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

-Aukerako bertze baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

-Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

-ELZko profesionalengandik begirunezko jokabidea jasotzea.

-Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

-Informazio guztia ekartzea, inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratuta, laguntzaren beharra zehazteko.

-Laguntza garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

-Esku hartzeko banan banako planean sarturiko lan edo jarduerak onartu eta errespetatzea.

-Zerbitzuko profesionalekin begirunez jokatzea.

-Laguntzaren kostuan parte hartzea, zein bere ahalbide ekonomikoaren arabera; ahal izanik, dagokion ordaina emanen du.

-Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.

a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarra duen araudiari jarraikiz, ez da Etxeko Laguntza Zerbitzurik emanen baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, bertzeak bertze:

-Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.

-Etxebizitza osasungaitzak (izurriak, izurriteak...).

-Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.

-Arrisku bereziko bertzelako egoerak (kontrolatu gabeko edo osasun bermerik gabeko animaliak, konparaziorako).

b) Aipatu horiez gain, Etxeko Laguntza Zerbitzua emateko honako baldintzak bete beharko dira, bertzeak bertze:

-Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu beharko du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen. Orobat, etxetik kanpo egon behar izanez gero, behar bezalako anztinatasunez eta gutienez ere 48 ordu lehenago gaztigatu beharko du, tasa kobra ez dakion.

-Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak.

-Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita segimendua egitera datozenak ere. Eta etxean sartzen utziko ditu, orobat, zerbitzua emanen duten langileen lan arriskuak balioestera datozenak, hala egitea beharrezkoa denean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek 2010eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzean, indarrik gabe geldituko da Etxez Etxeko Laguntzako Zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza, 1993ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, urriaren 25ean.

1. ERANSKINA

Esku-hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku-hartzea gertatzeko, honako hauek behar dira:

a) Harrera eta gizarte orientazioa:

Profesionalaren eta eskatzailearen hasierako topaketari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez. Zerbitzuari buruz eman beharreko informazioa:

-Zerbitzuaren titulartasuna eta zerbitzua ematen duen entitatearen izena.

-Zerbitzuaren definizioa, helburuak eta profesionalak.

-Zerbitzua hartzeko baldintzak.

-Prestazio motak eta zorroa.

-Antolaketa eta funtzionamendua.

-Zerbitzua emateko baldintza oinarrizkoak.

-Eskubideak eta betebeharrak.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa, eta, kasua bada, bertze egun baterako hitzordua ezarriko da.

b) Kasuaren azterketa: tokatzen den egoeraren ezagupen globala da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, bertze baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza....), etxean ikustaldiak eginen dira eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuko, eta ekarritako agiriak hartuko dira kontuan. Helburua izanen da ahal den informazio guztia biltzea bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko bertze batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnostikoa: egoeraren interpretazioa egin beharko da, eta horren barrenean hauek zehaztu:

-Erabiltzailearen premiak.

-Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

-Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

-Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZak bere gain eta horretarako zer bertze baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzarako proposamena edo esku-hartzearen diseinua: horren barrenean zehaztu beharko dira:

-Esku hartzearen helburuak.

-Egin beharreko lan/jarduketak.

-Laguntzaren maiztasuna.

-Esku hartu behar duten profesionalak.

-Laguntzaren ordutegia.

-Laguntzaren iraupena.

-Alderdien betebeharrak.

-Koordinazio premiak, bai barrenean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

-Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZak erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da; horrek zuzeneko laguntza ematen du banakako esku-hartze plana gauzatuz edo betearaziz; malgutasun eta egokitasun maila handia izan behar du erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bertzelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz banakako esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendu eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakako esku-hartze planean aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Aldaketa funtsezko bat gertatu bada (hala nola: familia unitateko kideen aldaketa, autonomia handitu duen aldaketa edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasuaren bertze balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena, etab., banakako proiektuan aplikatuko da. Kasuaren segimendua egiteko erregistroko euskarri bat erabili beharra dago. Bertan, gutxienez ere, honako hauek jasoko dira: laguntzan ematen den denborari eta jarduketei dagozkienak, eta pertsonaren bilakaerari eta/edo familiaren dinamikari dagozkionak.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

-Gizarte egoeraren gaineko txostena.

-Menpekotasuna baloratzeko tresna.

-Zerbitzua abiatzeko proposamena.

-Banan-banan esku-hartzeko plana.

-Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

-Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa

ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

-NANaren fotokopia.

-Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

-Osasun etxearen txostena onuradunaz eta mugak dituzten bizikideez (ereduaren arabera).

-Udalerriko erroldaren ziurtagiria, eta bizikidetasunarena, udalerrian duen antzinatasuna adierazita.

-Zerbitzuaren tasa ordaintzeko bankuko agiria, ereduaren araberakoa.

-Azken ekitaldi fiskaleko PFEZren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko dirusarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bertzelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien dirusarreren zinpeko aitorpena.

-Bizikidetasun unitateko kideek zein udalerritan dituzten ondasunak, haien landalurreko zein hirilurreko ondasunen katastroko ziurtagiriak.

-Etxebizitza alokatu edo erostearen ondoriozko gastu kengarrien frogagiriak, behar bezala egiaztatuak. Gastu horiek 9. puntuan jasota daude.

Bizikidetza unitatea nolakoa den, bertze agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da eskariaren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L0921007