110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

129/2009 FORU AGINDUA, abuztuaren 3koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren ezarpena arautzen duena eta jarraibideak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasketa horiek egiten dituzten ikasleen sarrerari, matrikulazioari eta ebaluazioari buruz.

Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du foru agindu hau onets dadin, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautzeko eta, halaber, jarraibideak emateko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasketa horiek egiten dituzten ikasleen sarrerari, matrikulazioari eta ebaluazioari buruz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko Lege Organikoak (HLO) 68.2 artikuluan dioenez, oinarrizko hezkuntzari dagozkion gaitasunak eta ezagutzak lortu nahi dituzten pertsona helduek beren baldintza eta beharretara egokitutako eskaintza izanen dute. HLOn xedaturikoa betetzearren, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza eskaintza horren funtsezko alderdiak ezarri ditu, Nafarroako Foru Komunitatean Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta ikasketa horien egitura eta curriculuma ezartzen dituen uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuan.

Foru dekretu horrek Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren antolaketan bi gradu bereizten ditu, Hasierako Ikasketak batetik eta Helduentzako Bigarren Hezkuntza bestetik, eta gradu horien iraupena arautzen du. Bi gradu horien curriculuma moduluka egituratuta dago eta hiru jakintza esparru ditu. Antolaketa modu ireki eta malgu horrek helduen ezaugarriei eta beharrei erantzuten die, haien ikasteko era eta estiloa errespetatzen ditu eta lehendik dituzten ezagupen eta esperientzien balorazioa errazten du.

Foru agindu honek zehaztu egiten ditu aipatu foru dekretuan jasotako alderdi orokorrak eta jarraibideak ematen ditu ikasketa hauek abian jartzeko: inskripzioa eta matrikula, aurretik ikasitakoak baloratzeko jarraitu beharreko prozesua, taldeen eraketa, asteko ordutegiaren banaketa, eta ikasleentzako arreta ikasgelako modalitatean eta urrutiko modalitatean.

Ebaluazioaren, hurrengo mailara igarotzearen eta titulazioaren printzipio orokorrak ere zehazten ditu, 61/2009 Foru Dekretuaren IV. kapituluan jasotako printzipioak hain zuzen, Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren egiturarekin, oinarrizko gaitasunekin, helburuekin eta edukiekin bat etorriko den ebaluazio prozesua zehazte aldera. Gainera, ebaluazio agiriak definitzen dira. Ikasketa hauen berezitasunetara egokitu dira Lehen Hezkuntzako ebaluazio agiriak (abenduaren 18ko 216/2007 Foru Agindua) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak (abenduaren 18ko 217/2007 Foru Agindua).

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 e) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren ezarpena onestea eta jarraibideak ematea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasketa horiek egiten dituzten ikasleen sarrerari, matrikulazioari eta ebaluazioari buruz, oinarri hauekin bat.

Oinarriak

1. oinarria.-Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautu eta jarraibideak ematea ikasketa horiek egiten dituzten ikasketen sarrerari, matrikulazioari eta ebaluazioari buruz.

2. Foru agindu hau ikasketa horiek emateko baimena duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan aplikatuko da.

2. oinarria.-Inskripzioaldiak.

1. Inskripzioaldi arrunta irailaren lehenbiziko bi asteetan izanen da, lehen hiruhilekorako, eta urtarrilaren azken astean, bigarren lauhilekorako.

2. Salbuespenez, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe eta ikasgelek Hasierako Ikasketetan inskribatu ahal izanen dituzte inskripzioaldi arrunta bukatutakoan hala eskatzen duten pertsonak. Halaber, urrutiko modalitatean Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketak emateko baimena duten ikastetxeek lan kontratua duten pertsonei baimena ematen ahalko diete ikasketa horietan inskribatzeko.

3. oinarria.-Aldez aurreko ezagutza eta esperientziak baloratzeko prozesua.

1. Ikastetxeek, 61/2009 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat, matrikulazioaren aurretik eta nahitaez, ikaskuntzen hasierako balorazioa (IHB) eginen diete Helduen Oinarrizko Hezkuntzan lehen aldiz inskribatzen diren pertsonei. Horrela, ikasleari bere ezagutza eta gaitasunetarako gradu eta maila egokienak esleituko zaizkio eta Helduen Oinarrizko Hezkuntza osatzeko zein modulu egin behar dituen zehaztuko da. Ikasleak ez ditu egin beharko esleitzen zaion mailaren aurretik ematen diren moduluak.

2. Hauxe da hasierako balorazioan jarraitu beharreko prozesua:

a.) Prestakuntza arautuaren, Lehen Hezkuntzaren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren edo iraungitako hezkuntza sistemen ziurtagiri ofizialak aurkezten dituzten pertsonei I. eranskineko baliokidetasun taulak aplikatuko zaizkie.

b.) Ikasketa arautuen ziurtagiririk edo Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik beherakorik aurkezten ez duten pertsonei ezagutzak eta gaitasunak baloratzeko proba objektibo bat eta aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaizkie. Emaitzak ikusirik, gradu eta maila egokiak esleituko zaizkie eta dituzte beheragoko moduluak egin beharrik izanen.

c.) 255/1999 Foru Dekretuaren bidez araututako Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasketak amaitu gabe utzi dituzten ikasleak 61/2009 Foru Dekretuak araututako ikasketa berrietan sartuko dira, foru agindu honen II. eranskineko baliokidetasun taulen arabera.

3. IHBaren araberako hezkuntza orientabideak ikaslearen espediente akademikoan jasoko dira.

4. oinarria.-Matrikula.

1. Behin IHB prozesua bukaturik, ikastetxeek ikasleak matrikulatuko dituzte. Ikastetxeko idazkaritzan espediente akademiko bana eginen zaie matrikulatutako ikasleei.

2. Hasierako Ikasketak I mailan sartzen diren ikasleek, IHBa egin ondoren, dagokien modulu orokorrean egin beharko dute matrikula.

3. Hasierako Ikasketak II mailan sartzen diren ikasleek gehienez ere 3 modulutarako egiten ahalko dute matrikula. Esparru bakoitzeko 2. moduluetan matrikulatu ahal izateko, gaindituak izan behar dira 1. moduluak.

4. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasleak, ikasgelako irakaskuntzaren modalitatean nahiz urrutiko irakaskuntzarenean, ezin izanen dira izen bereko bi modulutan matrikulatu, edukiak behetik gora ikasi behar direlako. Modulu jakin batean matrikulatu ahal izateko, izen bereko aurreko modulua gainditu beharko da.

5. oinarria.-Irakaskuntzaren modalitateak.

1. Hasierako Ikasketak ikasgelako irakaskuntzaren modalitatean bakarrik emanen dira.

2. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketak ikasgelako irakaskuntzaren modalitatean nahiz urrutiko modalitatean ematen ahalko dira. Ikasleek modalitateetako batean matrikulatu beharko dute. Arau orokor gisa, ikasleak modalitatez aldatzen ahalko dira hurrengo lauhilekorako inskripzioaldian.

3. Modalitate aldaketaren ondorioz ikaslea urrutiko irakaskuntzatik ikasgelako irakaskuntzara igarotzen bada, aldaketarako baldintza izanen da eskatutako ikastetxean tokia egotea.

4. Salbuespenez, ikasleek, ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharreko idazki baten bidez, bi modalitateak batera eskatzen ahalko dituzte, matrikulatu nahi duten moduluetako eskola guztietara joaterik ez dutenean.

6. oinarria.-Taldeak eratzeko ratioak.

1. Ikasle taldeak, ikasgelako modalitateko gradu eta maila guztietan, ondoren zehazten diren ikasle kopuruen arabera eratuko dira:

-Hasierako Ikasketak I: gutxienez 10 eta gehienez 15.

-Hasierako Ikasketak II: gutxienez 15 eta gehienez 25.

-Helduentzako Bigarren Hezkuntza: gutxienez 20 eta gehienez 30.

2. Egoera berezietan, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko du aurreko lerroaldean zehaztutako ratioak betetzen ez dituzten taldeak eratzeko.

3. Hainbat mailatako moduluetan batera matrikulatzen diren pertsonak modulu gehien egin behar dituzten mailako taldean sartuko dira.

7. oinarria.-Ikasketen asteko ordutegia.

1. Ikasturtea bi lauhilekotan zatituko da. Lauhileko bakoitzean gutxienez 80 eskola egun izanen dira.

2. Hasierako Ikasketak I mailako modulu orokorren asteko ordutegia gehienez 10 ordukoa izanen da.

3. Hasierako Ikasketak II mailako moduluek astean eskola ordu hauek izanen dituzte:

-Komunikazioaren esparruko moduluek: 5 ordu.

-Zientzia eta Teknologia esparruko moduluek: 5 ordu.

-Gizarte esparruko moduluek: 2 ordu.

4. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako esparruei dagozkien asteko ordutegiak foru agindu honen III. eranskinean zehazten dira. Ikastetxeek ordubetetik beherako irakastaldietan zatitzen badute ordutegia, eranskin horretan zehazturiko irakastorduak bermatzeko adina irakastaldi izanen dira. Irakastaldi bakoitza 45 minutukoa izanen da gutxienez.

8. oinarria.-Tutoretza eta orientazioa

1. Tutoretza eta orientazioa irakaslanaren zati dira eta ikasle talde bakoitzeko irakasle guztiak elkarlanean ariko dira lan horietan.

2. Taldeek tutore bana izanen dute. Tutoreak irakasle taldearen jarduna eta irakaskuntza koordinatuko ditu.

3. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako urrutiko ikasketetan, irakasle bat I. mailako moduluak egiten ari diren ikasle guztien tutorea izanen da, eta beste bat II. mailako moduluak egiten ari direnena.

4. Zuzendariak izendatuko du tutorea, ikasketaburuaren proposamenari jarraituz, ikasle taldearekin diharduten irakasleen artetik.

5. Tutore bakoitzak bere taldeari jakinarazi behar dio tutoretzarako ezarria duen ordutegia. Irakasle tutoreei astean irakastaldi bat esleituko zaie tutoretza lanetarako.

6. Irakasle tutoreak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

a.) Irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatzea.

b.) Ikasleen banakako eta taldeko hezkuntza prozesua bideratzea.

c.) Ebaluazio saioak koordinatzea eta haietan buru egitea.

d.) Ikasleek taldean izan behar duten integrazioa erraztea eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

e.) Taldearen eskariak eta kezkak bideratzea eta bitartekotzan aritzea gainerako irakasleen eta zuzendaritza taldearen aurrean.

7. Hezkuntza orientazioa Helduen Oinarrizko Hezkuntza osoan da beharrezkoa, baina bi unetan garrantzi berezia du:

a.) Ikasketen hasieran, aurreko ikaskuntza baloratzeko prozesuan. Pertsona heldu bakoitzari informazioa emanen zaio ikasketen antolaketaz, eta aholku emanen zaio bere ibilbidea osa dezan, bere ezaugarriak eta duen denbora kontuan harturik.

b.) Ikasketen amaieran ikasleei orientabidea emanen zaie beren etorkizun akademiko eta profesionalerako aukera eta ahalbideei buruz.

9. oinarria.-Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako arreta urrutiko irakaskuntzaren modalitatean.

1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako urrutiko ikasketak egiten dituzten ikasleek irakasle tutore bat izanen dute matrikulatzen diren moduluetako bakoitzeko. Arau orokor gisa, jakintza esparru bereko modulu guztietan irakasle tutore bera izanen dute.

2. Ikasleari modulu bakoitzean laguntza emateko, zuzeneko tutoretza saioak eginen dira taldeka, eta orientaziorako tutoretza saioak banaka.

3. Ikasketak urrutiko modalitatean egiten dituzten ikasleen berezitasunak direla eta, tutoretza saioetara joatea borondatezkoa izanen da. Taldeko tutoretza saioetara joan ezin direnek ikasturte hasieran eman behar izanen diote horren berri tutoreari, eta orduan zehaztuko da zein den haien beharrizanetara egokitzen den banakako tutoretza mota.

4. Taldeka egiten diren zuzeneko tutoretza saioetan irakasgaiaren funtsezko alderdiak jorratuko dira ikasleekin. Horretarako, tutoreak ikasturte hasieran ikasleei jakinaraziko dien jarduera programa beteko da.

5. Banakako tutoretza saioak telefono bidezkoak, telematikoak edo aurrez aurrekoak izan daitezke. Horien bitartez, tutoreak ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren jarraipena eginen du.

6. Esparru bakoitzeko tutoretza saioen asteko ordutegia foru agindu honen III. eranskinean ezarritakoa izanen da. Esparru bakoitzean asteko irakastaldi bat, gutxienez, taldekako eta zuzeneko tutoretzarako izanen da.

7. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketak urrutiko modalitatean egiten dituztenei ikaslearen gida emanen zaie beren bakarkako lanean orientatzeko.

Gidan ikastetxeari eta ikasketei buruzko informazio orokorra jasoko da, baita ebaluazioen eta tutoretzen egutegia eta jakintza esparru bakoitzeko moduluetan lan egiteko agenda ere. Hain zuzen, ikasleak errazago ikasteko interesekotzat jotzen den informazioa jasoko da agenda horretan, hala nola: helburuak, edukiak, denboraren banaketa, ebaluatzeko irizpideak, material didaktikoak, jarduerak, ikasteko orientazioak, etab.

8. Koordinazio didaktikorako departamentuen ardura izanen da ikaslearen gida prestatzea, eta ikasketaburuak lan hori zuzenduko du.

Zuzendaritza taldeak, ikasturte hasieran, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek gida jaso dezaten edo bide telematikoz eskuratzeko aukera izan dezaten.

9. Ikasketa hauek emateko baimena duten ikastetxeetan irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa errazteko gela birtual bat izanen dute. Gela horretan, gainera, ikasleak orientatzeko eta haien ikaskuntza prozesuari laguntzeko beharrezkoak diren hezkuntza baliabideak egonen dira.

10. oinarria.-Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebaluazioaren helburua ikasleen ikaskuntza baloratzea da, kontuan izanik oinarrizko gaitasunen eta hezkuntza helburuen lorpena, ikasleen gaitasunak eta ikasteko prozesuan egindako lana eta ahalegina.

2. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa banakakoa izanen da, hezitzailea, etengabea, curriculumeko edukien araberakoa, eta gelako eguneroko zereginetan txertatua.

3. Irakasleek ikasleak ebaluatzerakoan kontuan hartuko dituzte Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasketen curriculumaren osagaiak, uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuan araututakoak.

4. Moduluetako ebaluazio irizpideak funtsezko erreferente izanen dira ikasleek oinarrizko gaitasunak zenbateraino bereganatuak dituzten eta helburuak zenbateraino bete dituzten neurtzeko.

5. Irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua eta norberaren irakaslana baloratuko dituzte. Horretarako, ikasleek etengabeko ebaluazioan lortutako emaitzak erabiliko dituzte, besteak beste.

11. oinarria.-Kalifikazioen eskala.

1. Kalifikazioa ikasleari eskala baten araberako kategoria bat emateko ekintza da, betiere ebaluazio prozesuaren emaitzak kontuan hartuta.

2. Hasierako Ikasketak I mailako moduluetan, ebaluazio prozesuaren emaitza honela adieraziko da: "gai" edo "ez-gai".

3. Hasierako Ikasketak II mailako eta Helduentzako Bigarren Hezkuntzako moduluetan ebaluazio prozesuaren emaitzak zehazteko ondoko kalifikazio eskala hau erabiliko da: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) eta Bikain (B).

4. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako moduluetan kalifikazio horiei batetik hamarrera bitarteko zenbaki bat gehituko zaie, dezimalik gabea, eta baliokidetasun hauek aplikatuko dira:

Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4

Nahikoa: 5

Ongi: 6

Oso ongi: 7 edo 8

Bikain: 9 edo 10

5. Bai Hasierako Ikasketak I mailan bai Helduentzako Bigarren Hezkuntzan, Gutxiegi (G) kalifikazioa negatiboa izanen da, eta beste laurak positiboak.

12. oinarria.-Irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, talde bateko ikasleei irakasleekin lanean ari diren irakasle guztien multzoa.

2. Modulu bakoitzaren ardura duen irakasleak erabakiko du kalifikazioa. Ikasle jakin bati eragiten dioten gainerako erabakiak taldeko irakasle guztien adostasunez hartuko dira. Adostasunik lortu ezean, tutorearen informazioa eta irizpidea hartuko dira kontuan bereziki.

3. Talde bakoitzaren tutorea izanen da ebaluazio saioak zuzendu eta araudia betetzen dela bermatuko duena, ikasketaburuak koordinatuta.

13. oinarria.-Etengabeko ebaluazioa.

1. Ikasleek eskubidea dute beren ikasketen errendimendua gardentasun irizpideei jarraituz balora dadin. Hori bermatze aldera, taldeko irakasleek, lauhileko bakoitzaren hasieran, moduluen helburuak, oinarrizko gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak jakinaraziko dizkiete ikasleei.

2. Ikasturtean zehar, etenik gabe, irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko informazioa bilduko dute behaketa sistematikoaren, lanen balorazioaren eta berariazko proben bidez, ikaskuntza horren jarraipena errazteko eta ikasleei hobeki ikasten lagunduko dieten neurriak ezartzeko.

14. oinarria.-Hasierako ikasketak: azken ebaluazioa eta mailaz igotzea.

1. Taldeko tutoreak, lauhilekoa amaitzean, ikasle bakoitzak egin dituen moduluen azken ebaluazioa eginen du. Ikaskuntzan lortutako mailari buruzko oharrak eginen ditu, eta garrantzitsutzat jotzen diren beste alderdi guztiei buruzkoak ere bai. Ebaluazio horren gaineko informazioa espediente akademikoan jasoko du.

2. Azken ebaluazioko saioaren ondoren, tutoreak ikaskuntza prozesuaren emaitzen berri emanen dio taldeko ikasle bakoitzari. Informazio horren barnean, moduluen kalifikazioak jakinaraziko dizkio, eta, ikasteko zailtasunak detektatu baditu, horiek gainditzeko neurriak gomendatuko.

3. Hasierako Ikasketak I mailako helburuak lortu eta modulu guztietan kalifikazio positiboa jasotzen duten ikasleak Hasierako Ikasketak II mailako ikasketak egiten ahalko dituzte.

4. Hasierako Ikasketak II mailako helburuak lortu eta modulu guztietan ebaluazio positiboa jasotzen duten ikasleek Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten ahalko dituzte.

5. Hasierako Ikasketak II maila bukatutakoan, ikasleari Hasierako Ikasketen historiala emanen zaio, eta, Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igarotzekoa bada, historialaren kopia bidaliko da ikasketa horietarako hautatu duen ikastetxera. Ez da agiri horiek bidali beharrik izanen, abiapuntuko eta helmugako ikastetxeek "Educa" aplikazio informatikoa erabiltzen badute; izan ere, helmugako ikastetxeak informazioa kontsultatzen ahalko du.

15. oinarria.-Helduentzako Bigarren Hezkuntza: azken ebaluazioa eta mailaz igotzea.

1. Lauhilekoaren amaieran irakasle taldeak ikasleen azken ebaluazio saioa eginen du, taldeko tutoreak koordinaturik. Saio horretan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz.

2. Bilera horietan, etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak erabakiko du ikasle bakoitzak bere moduluan izanen duen kalifikazioa. Hala badagokio, ikaslearen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak erantsiko dira. Ebaluazio horri buruzko informazioa ebaluazio aktetan eta ikasle bakoitzaren espediente akademikoan sartuko da, irakasle tutorearen ardurapean.

3. Ebaluazio saioan bildutako datuekin, taldeko tutoreak txostena idatziko dio ikasle bakoitzari, bere ikaskuntza prozesuaren emaitzak azaltzeko. Txostenean jasoko dira ikasleak egin dituen moduluen kalifikazioak eta, hala behar denean, detektatu zaizkion ikasteko zailtasunak gainditzeko gomendioak.

4. Ikasturteko bigarren lauhilekoa amaitutakoan moduluren bat gainditu gabe duten ikasleek proba berezia egiten ahalko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen egunetan, modulu horiek gainditu ahal izateko. Aurkezten ez diren ikasleei 1 (G) nota jarriko zaie. Emaitzak ebaluazio bereziaren aktetan jasoko dira.

5. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasleek hiru jakintza esparruetako modulu desberdinak egiten ahal dituzte. Beraz, moduluka igaroko dira hurrengo mailara. Modulu batean kalifikazio positiboa lortzen duenak hurrengo modulua egiten ahalko du. Kalifikazio negatiboa jasotzen badu, modulua errepikatu beharko du.

6. Gainditutako moduluek Foru Komunitateko ikastetxe guztietarako eta ikasketa hauen modalitate guztietarako balioko dute.

7. Jakintza esparru bakoitzeko maila bateko modulu guztietan kalifikazio positiboa jasotzen duten ikasleek esparru horren maila hori gainditua izanen dute. Esparruko guztizko kalifikazioa moduluen batezbesteko aritmetikoa izanen da.

8. Hiru jakintza esparruetako bakoitzari dagozkion mailetako baten bat gainditzeak Estatu osoan izanen du balioa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko ikasketak ezartzen dituen abenduaren 29ko 1631/2006 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak dioenez.

16. oinarria.-Hasierako Ikasketen ebaluazioari buruzko agiriak.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.

2. Hasierako Ikasketetan ebaluazio agiri hauek izanen dira:

-Espediente akademikoa

-Mailako ebaluazio aktak

-Hasierako Ikasketen historiala

-Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.

3. Ebaluazio agirien edukia foru agindu honen IV. eranskinean ezarritakoa da.

4. Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du.

5. Ikasmaila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak eta hartutako erabakiak espediente akademikoan jasotzeko ardura talde bakoitzeko tutoreari dagokio.

Erregistro horretatik abiatuta eginen dira ebaluazio aktak.

6. Ikasturteko bigarren lauhilekoa amaitutakoan ebaluazio aktak eginen dira Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Hasierako Ikasketen mailetako bakoitzean. Taldeko tutoreak sinatuko ditu eta zuzendariak ikus-onetsiko ditu. Sinaduren ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna agertuko dira. Hasierako Ikasketak II mailari dagokion aktan Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko proposamena jasoko da.

7. Ebaluazio agirietako datuak artxibatu eta gordetzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio.

17. oinarria.-Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ebaluazio agiriak.

1. Hasierako Ikasketetan ebaluazio agiri hauek izanen dira:

-Espediente akademikoa

-Ebaluazioaren gaineko txostena, ikasleei emateko

-Azken ebaluazio arruntaren akta.

-Azken ebaluazio bereziaren akta

-Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketen historiala

-Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.

2. Ebaluazio agiri horien edukia foru agindu honen V. eranskinean ezarritakoa da.

3. Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu haiek zaintzeko edo, ikastetxea desagertuz gero, lekualdatzeko.

4. Ikasmaila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak eta hartutako erabakiak espediente akademikoan erregistratzeko ardura tutoreari dagokio. Erregistro horretan oinarrituta, azken ebaluazio arruntaren akta eta, egiten bada, azken ebaluazio bereziaren akta lortuko dira.

5. 2. moduluak egiten dituzten taldeei dagozkien aktetan jakintza esparru bakoitzeko guztizko nota jarriko da, hots, esparruko modulu guztietako noten batezbesteko aritmetikoa.

6. 4. moduluak egiten dituzten taldeei dagozkien aktetan jasorik utziko da baldintzak betetzen dituzten ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua ematea proposatu dela. Titulu hori lortzeko baldintzak 17. artikuluan daude.

7. Tutoreak eta ebaluazio batzordeko gainerako irakasleek aktak sinatuko dituzte eta ikastetxeko zuzendariak ikus-onetsiko ditu. Sinaduren ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna agertuko dira.

8. Ebaluazio agirietako datuak artxibatu eta gordetzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu haiek zaintzeko edo, ikastetxea desagertuz gero, lekualdatzeko.

18. oinarria.-Ebaluazio agiriak baliabide elektronikoen bitartez betetzea.

1. Ikastetxeek baliabide elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio agiri ofizialak, dela "Educa" aplikazio informatikoaren bidez, dela datuak formatu bateragarri batean jasotzea ahalbidetzen duen beste aplikazio baten bidez.

2. Ikastetxeek kudeaketa "Educa" aplikazioaren bidez egiteko sarbiderik ez duten bitartean, ebaluazio agiriak prestatzeko dituzten sistemak egokitu beharko dituzte, foru agindu honen aplikazioaren ondoriozko datuak bildu eta jasotzen direla bermatzeko.

19. oinarria.-Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesua gainbegiratzea, ikastetxeei aholku ematea eta hura hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.

20. oinarria.-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua.

1. Helduentzako Bigarren Hezkuntza amaitzean graduaren helburuak eta oinarrizko gaitasunak lortuak dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua jasoko dute. Graduaren helburuak eta oinarrizko gaitasunak lortu dituztela ulertuko da esparru guztietako modulu guztiak gaindituak dituztenean edo, salbuespenez, bi modulu gainditu gabe dituztenean.

2. Irakasle taldeak erabaki kolegiatua hartuko du, modulu guztiak egindakoan haietako bitan kalifikazio negatiboa duten ikasleei titulua emateko proposamenari buruz. Erabaki hori irakasleen arteko adostasunez hartuko da. Adostasuna ezinezkoa denean, erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, tutorearen kalitatezko botoa izanen da erabakigarria.

3. Erabaki hori hartzeko, kontuan hartu beharko da ea ikasleak Helduentzako Bigarren Hezkuntzako helburuak eta oinarrizko gaitasunak lortu dituen. Ez da inola ere titulurik lortuko kalifikazio negatiboa duten moduluak Matematika-Teknologiakoak eta Hizkuntzakoak badira. Arau hori, D ereduan, hiru modulu hauekin osatutako edozein bikoteri dagokio: Matematika-Teknologia, Hizkuntza, Euskara.

4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua lortzen ez duten ikasleek 61/2009 Foru Dekretuaren 19.3 artikuluan aipatzen den eskola ziurtagiria jasoko dute. Bertan agertuko dira ikasleak egindako ikasturteak eta moduluak.

5. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasketak amaitutakoan, ikasleei Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketen historiala emanen zaie. Inprimaki ofizialean eginen da, egindako ikasketak frogatzeko balioko du eta graduko ikasketetan ikasleak egindako aurrerapenak erakutsiko ditu. Ikasketen historiala eman den eguna espediente akademikoan agertuko da.

21. oinarria.-Ikasleen datu pertsonalak.

Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.-Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru agindu honek argitaratu eta biharamunean hartuko duela indarra.

Hirugarrena.-Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Helduen Hezkuntzako Atalari, Ikasketak Antolatzeko Atalari eta Helduen Hezkuntzako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 3an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

I. ERANSKINA

Hainbat ikasketaren eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako gradu, maila eta moduluen arteko baliokidetasunen taula

IKASLEAK AURKEZTEN DITUEN

IKASKETA ZIURTAGIRIAK

HELDUEN

OINARRIZKO HEZKUNTZA (61/2009 FD)

HEZKUNTZARI BURUZKO 1970eko LEGEKO IKASKETAK

Osorik gaindituak

Egin beharretik salbuetsia

OHOko 6. maila

Hasierako Ikasketak

OHOko 7. maila

HBHko esparru guztietako 1. moduluak

OHOko 8. maila eta Eskola Graduduna

HBHko esparru guztietako 2. moduluak

BBBko 1. maila edo

LH Ieko 1. maila edo

IEEko 1. zikloa

HBHko esparru guztietako 3. moduluak

HSAOL-HLO IKASKETAK

Lehen Hezkuntzako 6. maila

Gainditua:

Hasierako Ikasketak II

Egin beharretik salbuetsia:

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

DBHko 1. maila

Gainditua:

HBH - 1. moduluak

Egin beharretik salbuetsia:

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

Gaztelania eta literatura

Hizkuntza

Euskal hizkuntza eta literatura (A eta D ereduak)

Euskara (A eta D ereduak)

Atzerriko hizkuntza

Atzerriko hizkuntza

Matematika eta Teknologia1

Matematika-Teknologia

Natur zientziak eta Gorputz hezkuntza2

Natura eta osasuna

Gizarte zientziak, geografia eta historia eta Musika3

Gizartea

DBHko 2. maila

Gainditua

HBH - 2. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

Gaztelania eta literatura

Hizkuntza

Euskal hizkuntza eta literatura (A eta D ereduak)

Euskara (A eta D ereduak)

Atzerriko hizkuntza

Atzerriko hizkuntza

Matematika eta Teknologia1

Matematika-Teknologia

Natur zientziak eta Gorputz hezkuntza2

Natura eta osasuna

Gizarte zientziak, Geografia eta historia, eta Plastika eta ikus hezkuntza3

Gizartea

Lanbide Hastapeneko Programak

HLKP - Lanbide Lantegien modalitatea

Gainditua

HBH - 2. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

HLKP - Oinarrizko modalitatea

Gainditua

HBH - 2. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Lanbide modulu eta oinarrizko modulu guztiak gaindituta

Esparru guztietako modulu guztiak

DBHko 3. maila

Gainditua

HBH - 3. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

Gaztelania eta Literatura

Hizkuntza

Euskal hizkuntza eta literatura (A eta D ereduak)

Euskara (A eta D ereduak)

Atzerriko hizkuntza

Atzerriko hizkuntza

Matematika eta Teknologia1

Matematika-Teknologia

Natur zientziak eta Gorputz hezkuntza2

Natura eta osasuna

Gizarte zientziak, Geografia eta historia, Plastika eta ikus hezkuntza, eta Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza3

Gizartea

HLOko Curriculum Aniztasuneko 3. maila

Gainditua

HBH - 3. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

Hizkuntza eta Gizarte esparrua, Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza, eta Esparruko ikasgaiei lotutako proiektuak.

Hizkuntza, Euskara (A eta D ereduak)

Gizartea

Zientzia eta Matematika esparrua. Gorputz hezkuntza eta Esparruko ikasgaiei lotutako proiektuak.

Matematika-Teknologia, eta Natura eta osasuna

DBHko 4. maila

Gainditua

HBH - 4. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Gaztelania eta literatura

Hizkuntza

Euskal hizkuntza eta literatura (A eta D ereduak)

Euskara (A eta D ereduak)

Atzerriko hizkuntza

Atzerriko hizkuntza

Matematika eta Teknologia (egina badu)1

Matematika-Teknologia

Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika eta Gorputz hezkuntza4

Natura eta osasuna

Gizarte zientziak, geografia eta historia eta Musika3

Gizartea

HLOko Curriculum Aniztasuneko 4. maila

Gainditua

HBH - 4. moduluak

Egin beharretik salbuetsiak

Osorik

Esparru guztietako modulu guztiak

Hizkuntza eta Gizarte esparrua, eta Esparruko ikasgaiei lotutako proiektuak

Hizkuntza, Euskara (A eta D ereduak), Gizartea

Zientzia eta Matematika esparrua. Gorputz hezkuntza eta Esparruko ikasgaiei lotutako proiektuak

Matematika-Teknologia, Natura eta osasuna

Curriculum Aniztasuna - HSAOL

Gainditua

HBH - 4. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Esparru praktikoa eta Hizkuntza eta Gizarte esparrua

Hizkuntza, Euskara (A eta D ereduak), Gizartea

Esparru praktikoa, Zientzia eta Teknologia esparrua eta Gorputz Hezkuntza

Matematika-Teknologia, Natura eta osasuna

HLKP - Oinarrizko modalitatea

Gainditua

HBH - 4. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparruko borondatezko moduluak

Hizkuntza, Euskara (A eta D ereduak), Atzerriko hizkuntza

Zientzia eta Teknologia esparruko borondatezko moduluak

Matematika-Teknologia eta

Natura eta osasuna

Gizarte esparruko borondatezko moduluak eta lanerako eta enplegurako orientazioko moduluak

Gizartea

DBHko gradudun titulua zuzenean lortzeko proba irekiak

HBH - 4. moduluak

2002 ondoko deialdietan gainditua

Egin beharretik salbuetsia

Hizkuntzaren arloa edo Komunikazioaren esparrua

Hizkuntza, Euskara (A eta D ereduak) eta

Atzerriko hizkuntza

Zientzia eta Teknologiaren arloa edo Zientzia eta Teknologia esparrua

Matematika-Teknologia, eta Natura eta osasuna

Gizarte Zientzien arloa edo Gizarte esparrua

Gizartea

2002 aurreko deialdietan gainditua

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Hizkuntza, Euskara (A eta D ereduak) eta

Atzerriko hizkuntza

Matematikaren esparrua

Matematika-Teknologia

Natur Ingurunearen esparrua

Natura eta osasuna

Gizarte Ingurunearen esparrua

Gizartea

(1) Edo bi ikasgaien arteko batez besteko nota gutxienez 5 izatea, betiere Matematikako kalifikazioa 5etik gorakoa bada eta Teknologiako kalifikazioa gutxienez 3 bada.

(2) Edo bi ikasgaien arteko batez besteko nota gutxienez 5 izatea, betiere Natur zientzietako kalifikazioa 5etik gorakoa bada eta Gorputz hezkuntzako kalifikazioa gutxienez 3 bada.

(3) Edo moduluko ikasgai guztien arteko batez besteko nota gutxienez 5 izatea, betiere Gizarte zientziak, geografia eta historiako kalifikazioa gutxienez 5 bada eta gainerako ikasgai guztietan kalifikazioa gutxienez 3 bada.

(4) Edo bi ikasgaien arteko batez besteko nota gutxienez 5 izatea, betiere Biologiako edo Fisika eta kimikako kalifikazioa 5etik gorakoa bada eta Gorputz hezkuntzako kalifikazioa gutxienez 3 bada.

II. ERANSKINA

HSAOLko Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren eta HLOkoaren arteko baliokidetasuna

HELDUEN

OINARRIZKO HEZKUNTZA

(255/1999 FD)

HELDUEN

OINARRIZKO HEZKUNTZA

(61/2009 FD)

I. maila - Hasierako Prestakuntza

Gainditua

Hasierako Ikasketak I

Egin beharretik salbuetsia

Modulu guztiak gaindituta

Mailako modulu guztiak

II. maila - 1. moduluak

Gainditua

Hasierako Ikasketak II - 1. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Komunikazio esparrua

Natur eta Gizarte Ingurunearen esparrua eta

Matematikaren esparrua

Zientzia eta Teknologia esparrua eta

Gizarte esparrua

II. maila - 2. moduluak

Gainditua

Hasierako Ikasketak II - 2. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Komunikazio esparrua

Natur eta Gizarte Ingurunearen esparrua eta Matematikaren esparrua

Zientzia eta Teknologia esparrua eta

Gizarte esparrua

III. maila - 1. moduluak

Gainditua

HBH - 1. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Hizkuntza eta Atzerriko hizkuntza

Matematikaren esparrua

Matematika-Teknologia

Natur Ingurunearen esparrua

Natura eta osasuna

Gizarte Ingurunearen esparrua

Gizartea

III. maila - 2. moduluak

Gainditua

HBH - 2. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Hizkuntza eta Atzerriko hizkuntza

Matematikaren esparrua

Matematika-Teknologia

Natur Ingurunearen esparrua

Natura eta osasuna

Gizarte Ingurunearen esparrua

Gizartea

III. maila - 3. moduluak

Gainditua

HBH - 3. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Hizkuntza eta Atzerriko hizkuntza

Matematikaren esparrua

Matematika-Teknologia

Natur Ingurunearen esparrua

Natura eta osasuna

Gizarte Ingurunearen esparrua

Gizartea

III. maila - 4. moduluak

Gainditua

HBH - 4. moduluak

Egin beharretik salbuetsia

Komunikazioaren esparrua

Hizkuntza eta Atzerriko hizkuntza

Matematikaren esparrua

Matematika-Teknologia

Natur Ingurunearen esparrua

Natura eta osasuna

Gizarte Ingurunearen esparrua

Gizartea

III. ERANSKINA

Helduentzako Bigarren Hezkuntzako asteko ordutegia irakaskuntza modalitateetan

Ikasgelako modalitatea

ESPARRUAK

MODULUAK

ASTEKO ORDUAK

I. MAILA

II. MAILA

1.

MODULUA

2.
MODULUA

3.
MODULUA

4.
MODULUA

Komunikazioa

Hizkuntza

6 - 72

6 - 72

6 - 72

6 - 72

Euskara1

Atzerriko Hizkuntza

Zientzia eta Teknologia

Natura eta osasuna

6

6

6

6

Matematika-Teknologia

Gizartea

Gizartea

3

3

3

3

ASTEAN, GUZTIRA

15 - 163

15 - 163

15 - 163

15 - 163

Urrutiko modalitatea

ESPARRUAK

MODULUAK

ASTEKO ORDUAK GEHIENEZ

I. MAILA

II. MAILA

1.
MODULUA

2.
MODULUA

3.
MODULUA

4.
MODULUA

Komunikazioa

Hizkuntza

4 - 64

4 - 64

4 - 64

4 - 64

Euskara1

Atzerriko Hizkuntza

Zientzia eta Teknologia

Natura eta osasuna

4

4

4

4

Matematika-Teknologia

Gizartea

Gizartea

2

2

2

2

ASTEAN, GUZTIRA

10

10

10

10

(1) D edo A hizkuntza ereduetan.

(2) 6 ordu G eredurako, 7 ordu D eta A ereduetarako.

(3) 15 ordu G eredurako, 16 ordu D eta A ereduetarako.

(4) 4 ordu G eredurako, 6 ordu D eta A ereduetarako.

IV. ERANSKINA

Ebaluazio agiriak Hasierako Ikasketetan

1. Ikasketa espedientean ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, hala nola espedientea luzatzen duen ikastetxearen datuak.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: espediente zenbakia, abizenak, izena, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea, identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia, eta ikasketak egin ditueneko ikastetxeak, eta datu mediko eta psikopedagogiko nabarmenenak.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: IHBaren emaitzak (maila-esleipena eta gomendatutako moduluak), gradua, maila, ikasketak arautzen dituen xedapena, moduluen zerrenda, zein ikasturtetan egin diren, ikastetxearen izena, lortutako kalifikazioak, modulu bakoitza zein egunetan gainditu den, oinarrizko gaitasunen lorpen maila graduaren amaieran, aniztasunari erantzuteko neurriei buruzko informazioa, Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala zein egunetan eman zaion ikasleari, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara sartzeko proposamena zein egunetan egin den. Behar denean, eskolatze liburuaren seriea eta zenbakia agertuko dira.

Ikastetxe bidaltzailearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Mailaren amaierako ebaluazioaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, gradua, maila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda eta zikloaren amaierako ebaluazioan modulu bakoitzean lortu dituzten emaitzak, eta hurrengo mailara edo Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko erabakia.

3. Hasierako Ikasketen historialean ikaslea identifikatzeko datuak, graduan egindako ikasketei buruzko informazioa eta ikastetxe emailea identifikatzeko datuak jaso behar dira.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, jaioteguna, jaio zeneko herria, probintzia eta herrialdea, identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia, graduan matrikulatu deneko ikastetxeak, eta, horietako bakoitzeko, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu zeneko eguna, ikastetxean baja hartu zeneko eguna.

Egindako ikasketei buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, maila, moduluen zerrenda, modulu bakoitzean lortutako kalifikazioa, hurrengo mailara igarotzeari buruzko erabakiak, horien data, eta Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko proposamenaren data.

Ikastetxe bidaltzailearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta zuzendariaren ikus-onespena.

4. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonalean, ikaslea identifikatzeko datuak, jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazioa jaso behar dira.

Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, jaioteguna, jaio zeneko herria, probintzia eta herrialdea, eta identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia.

Ebaluazio partzialaren prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: gradua, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, maila, egindako moduluen zerrenda eta horien kalifikazioak, aniztasunari erantzuteko neurriak, halakorik izan bada, eta egokitzat jotzen diren oharrak ikaslearen aurrerabide orokorrari buruz.

V. ERANSKINA

Ebaluazio agiriak Helduentzako Bigarren Hezkuntzan

1. Ikaslearen ikasketa espedientean ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, hala nola espedientea luzatzen duen ikastetxearen datuak.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: espediente zenbakia, abizenak, izena, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea, identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia, eta ikasketak egin ditueneko ikastetxeak, eta datu mediko eta psikopedagogiko nabarmenenak.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: IHBaren emaitzak (maila-esleipena eta gomendatutako moduluak), gradua, maila, hizkuntza eredua, ikasketak arautzen dituen xedapena, moduluak, zein ikasturtetan egin diren, ikastetxearen izena, deialdi arruntean lortutako kalifikazioa, deialdi berezian lortutako kalifikazioa, titulazioari buruzko erabakia eta horren data, aniztasunari erantzuteko neurriei buruzko informazioa, eta DBHko ikasketen historiala eta/edo eskola ziurtagiria zein egunetan eman zaion ikasleari. Halaber, ikaskuntza prozesuaren garapenerako beharrezkoak diren ohar guztiak eginen dira, baita oinarrizko gaitasunen lorpen maila ere, graduaren amaieran. Behar denean, eskolatze liburuaren seriea eta zenbakia agertuko dira.

Ikastetxe bidaltzailearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasleei eman beharreko ebaluazio txostenean ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo balio bereko agiria, egiten ari deneko gradua, hizkuntza eredua eta taldea.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: unean uneko ebaluazioa, moduluen zerrenda eta kalifikazioa. Horrez gainera, ikasketa prozesuari buruzko oharrak, eskolako hutsegiteen eta diziplina hutsegiteen laburpena eta, 4. moduluen azken ebaluazioaren kasuan, titulua emateari buruzko erabakia jasoko dira.

3. Azken ebaluazio arruntaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, gradua, taldea, hizkuntza eredua, eta taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, modulu bakoitzeko azken ebaluazio arruntean lortutako emaitzekin eta, 4. moduluak badira, titulua emateari buruz hartutako erabakiarekin batera.

4. Azken ebaluazio bereziaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, gradua, taldea, hizkuntza eredua, eta taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda, modulu bakoitzeko azken ebaluazio berezian lortutako emaitzekin eta, 4. moduluak badira, titulua emateari buruz hartutako erabakiarekin batera.

5. DBHko ikasketen historialean ikaslea identifikatzeko datuak, graduan egindako ikasketei buruzko informazioa eta ikastetxe emailea identifikatzeko datuak jaso behar dira.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo balio bereko agiria, jaioteguna, jaioterria, jaio zeneko probintzia, jaio zeneko herrialdea, graduan matrikulatu deneko ikastetxeak, eta, ikastetxe bakoitzari dagokionez, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria eta ikastetxean izan duen alta-eguna eta baja-eguna.

Egindako ikasketei buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, egindako moduluen zerrenda, deialdi bakoitzean lortutako kalifikazioa, aniztasunari erantzuteko hartutako neurriak, titulua emateari buruzko erabakia, eta erabaki horren data.

Ikastetxe bidaltzailearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta zuzendariaren ikus-onetsia.

6. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonalean, ikaslea identifikatzeko datuak, jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazioa jaso behar dira.

Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, abizenak eta NANaren edo balio bereko agiri baten zenbakia.

Ebaluazio partzialaren prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: gradua, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, moduluen zerrenda, kalifikazioak eta aniztasunari erantzuteko hartutako neurriak, eta egokitzat jotzen diren oharrak ikaslearen aurrerabide orokorrari buruz.

Iragarkiaren kodea: F0920829