110. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

102/2009 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Euskararen Gaitasun Agiria-EGA eta titulu horren baliokidetzat jotzen diren titulu eta ziurtagiriak euskarazko C1 jakite mailarekin berdintzen dituena. Maila hori Europako Kontseiluko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan zehazten da.

Nafarroako Gobernuak, 1985eko irailaren 11ko Erabakiaren bidez, Euskararen Gaitasun Agiria-EGAko tituluak luzatzeko ahalmena bere gain hartu zuen.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak, urriaren 30eko 1535/1985 Foru Aginduaren bidez, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) sortu zuen.

Gero, honako hauek jo ziren titulu horren baliokidetzat:

430/1986 Foru Aginduaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Gaitasun Agiria eta Euskal Autonomia Erkidegoan balio ofiziala aitorturik daukaten titulu guztiak homologatu ziren. Halaber, Euskaltzaindiak ordura arte emaniko titulu guztiak.

689/1986 Foru Aginduaren bidez, Zaragozako Hizkuntza Eskola Ofizialak Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren bidez luzaturiko Euskararen Gaitasun Agiriak Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria-EGAren baliokidetzat jo ziren ofizialki.

776/1990 Foru Aginduaren bidez, Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiriari balio ofiziala aitortu zitzaion.

85/1992 Foru Aginduaren bidez, Iruñeko, Tuterako, Donostiako eta Gasteizko hizkuntza eskoletako gaitasun agiriei eta Espainiako Estatuko hizkuntza eskoletako antzeko tituluei balio ofiziala aitortu zitzaien.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratua Europako Kontseiluak eskaturik aditu batzuek prestaturiko tresna bat da, Europan hizkuntzak irakas-ikaskuntzaren koherentzia sustatzeko. 2001ean sortu zen, Hizkuntzen Europar Urtean, hain zuzen ere. Haren helburua hizkuntzen jakite mailetarako esparru bateratu bat ezartzea da, Europako hizkuntza guztietarako erreferentzia bateratutako balio izan dezan.

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak 2008ko uztailaren 2ko CM/Rec (2008) 7 Gomendioa onetsi zuen eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren erabilera bultzatu.

C1 mailako gaitasun xedeak berarekin dakar hizkuntza malgutasunez, eragingarritasunez eta zehaztasunez erabilitzea, edonolako egoeretan parte hartzeko, esparru pertsonal, publiko, akademiko eta profesionaletan, horietan ahozko testu eta testu idatzi zabal eta nahasiak ulertu, sortu eta prozesatu behar direnean, hizkuntzaren barietate estandar batzuetan, errepertorio lexiko zabal batekin, bai gai abstraktuez, bai konkretuez, baita hiztuna ohiturik ez dagoenekoez ere bai.

Maila hori bat dator Euskaren Gaitasun Agiria-EGA gainditzeko azterketan hizkuntzaren erabileran eskatzen den trebetasunarekin.

Antolaketa berri honetara egokitu beharraz jabeturik, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non proposatzen baitu alde batetik Euskararen Gaitasun Agiria-EGA Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailarekin berdindu dadila eta bestetik baliokidetasun esparrua osatu dadila, alegia, antolaketa berriaren arabera banatzen hasiko diren euskarazko C1 jakite mailako tituluak EGAren baliokidetzat jo daitezela.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria-EGA euskarazko C1 jakite mailaren baliokidetzat jotzea. Maila hori Europako Kontseiluko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan zehazten da

2. Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria-EGA Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza eskola ofizialetako eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza eskola ofizialetako euskarazko C1 jakite mailaren baliokidetzat jotzea.

3. Euskadiko Autonomia Erkidegoak Euskararen Gaitasun Agiria-EGAren baliokidetzat luzatu edo aitortzen dituen euskarazko titulu, ziurtagiri eta maila eskakizunak Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria-EGAren baliokidetzat jotzea.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da.

5. Foru agindu hau igortzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Euskara Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, EGA Bulegora, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza, Zuzentza eta Herrizaingo Sailera, Osasun Sailera eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 22an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

Iragarkiaren kodea: F0921204