77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

DEIERRI

Ordenantza, Deierriko Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duena

Deierriko Udalak, 2008ko otsailaren 29an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Landabideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, aurretik Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (2008ko 48.a, apirilaren 16koa) argitaratu ondoan, eta ebatzi dira aurkeztutako oharrak; hartara, Udalak, 2008ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea delako ordenantza. Hona hemen haren testu osoa:

Deierriko Udalaren eskumeneko landabide publikoen sarea Deierriko herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

-Deierriko natur ondarearen balioak zaintzea.

-Erabiltzaile mota guztien erabilera orekatua erdiestea.

-Erabiltzeko maneran edukitzea.

Horrenbertzez, Deierriko Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xedea du Deierriko udal mugapeko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua. Deierriko Udalaren menpeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua. Debeku da arras:

1.-Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematerakoan.

2.-Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bideetara, areketara eta erretenetara.

3.-Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4.-Nekazaritzako hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5.-Administrazio baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.-Lanabesak edo bertze edozein makineria mota garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua. Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua. Zuhaitzak bideetatik hurbil landatzen direnean, adarrek ez dute areketatik harata eginen.

6. artikulua. Deierriko landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko denboraldi lehorretan; izan ere, abidura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena den, 40 kilometro orduko da gehieneko abiadura.

7. artikulua. Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta gutienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Udalak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua. Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.

9. artikulua. Finketako itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua. Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.

12. artikulua. Deierriko Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzeko eman da ordenantza hau, udalerria osatzen duten kontzejuek arlo honetan duten eskumena errespetatuz.

Udalerriko bideak erratean, ulertu behar da bide horien erabilera eta mantentze lanak Deierriko Udalaren eskutan daudela.

Deierrin, 2008ko ekainaren 3an.-Alkatea, Carlos Remírez de Ganuza Ros.

Iragarkiaren kodea: L0808855