77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLATZ

Hilerriaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Olazko Udalak, 2008ko otsailaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Hilerriaren erregelamendua. Hura 2008ko 44. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 7an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Olatzen, 2008ko maiatzaren 23an.-Kontzejuko burua, Iñaki Arocena Elorza.

OLAZKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Aplikazio esparrua eta xedea.

Erregelamendu hau Olazko Kontzejuan (Eguesibar) da aplikatzekoa, eta xedea du Kontzejuaren hilerriko zerbitzuak arautzea, haren ezaugarriak 1. eranskinean agertzen baitira. Hori guztia, Hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamendua onetsi zuen 297/2001 Foru Dekretuan xedatzen denaren babespean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak eta Osasunari buruzko 10/1990 Legeak hilotzen gaineko osasunaren arloan udalerriei ematen dizkieten eskumenaren babespean.

2. artikulua. Aplikatzen diren legeria eta printzipioak.

1. Erregelamendu hau aplikatu eta interpretatzean, kontuan hartuko da arautzen den zerbitzua interes orokorreko zerbitzu funtsezkoa dela eta, beraz, halako printzipio batzuek lotuko dute, hala nola unibertsaltasunak, eskuragarritasunak, jarraikortasunak eta erabiltzaileen eskubideen errespetuak.

2. Erregelamendu honetan aurreikusten ez den orotan, hilotzen gaineko osasunaren arloko xedapen hauek aplikatuko dira:

-Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

-Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea.

-Hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamendua onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua.

-Kontzejuaren bando eta erabakiak.

3. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, honako definizioak hartzen dira aintzat:

Nitxoa, banakoarendako konpartimendua, lurraren sestraren gainean zenbait maila dituela kokaturiko eraikuntzan dagoena.

Hilobia da banakakoarendako konpartimendu bat edo batzuk dituen instalazioa, lurraren sestraren azpian kokatua.

Panteoia da ehorzketetarako eraikuntza, lurraren sestraren gainean nahiz azpian konpartimenduak eta egiturak dituena.

Kolunbarioa da banakakoarendako konpartimendua, tamaina tikikoa eta gorpuzkin erraustuak ehorzteko xedea duena.

Hezurtegia da bortz urte baino gehiago izanik bertze hilobi batzuetatik ateratzen diren gorpuzkinak gordetzeko esparru komuna.

4. artikulua. Hilerriko zerbitzua.

Hilerriko zerbitzua interesdunek eskatuta eginen da. Egiteko hauek egiten ahalko dira:

a) Hilotzak eta gorpuzkinak ehorztea eta hobitik ateratzea.

b) Hilotzak eta gorpuzkinak hilerriaren esparruaren barnean lekualdatzea.

c) Hilerriko zaintze eta mantentze lanak.

5. artikulua. Hilerriaren antolamendua.

1. Hilerriko planoetan bakoitzerako zer zenbaki ordena ezartzen den, horren arabera esleituko dira hilobi, nitxo eta kolunbarioak.

2. Hilobi bakoitzak okupatzen duen azalera arrazionalizatuko da eta, beraz, 1,30 metro zabal eta 2,30 metro luze izanen da, eta biren artean ez da tarterik utziko.

3. Hobiek 2 metroko sakonera izan beharko dute, 0,80 metroko zabalera eta 2,30 metroko luzera, eta hobien artean 0,50 metroko tartea izanen da.

4. Hilarriek eta hilarri-estaldurek jabetza pribatua izanen dute (ez lurzoruak) eta ez dituzte artikulu honetako hirugarren atalean ezarri baino luze-zabal handiagoak izaten ahalko; haien kostua, paratzea, mantentze lanak eta manipulazioa jabeen bizkar izanen dira.

5. Alderen batean zorua eskas izanez gero, 1. eranskinean hilobi batetik deskribatzen diren aldeak berrantolatzen ahalko dira eta bertzelako neurriez hornitu.

6. artikulua. Hilobirako eskubidea.

1. Honako hauek eskubidea izanen dute hilobia eta errauskinen hilobi-kutxen gordailua izateko.

a) Hiltzean Olatzen bizilekua duten lagun gutziak.

b) Hiltzean erroldaturik egon gabe ere, Olatzen gutienez ere 10 urtez erroldaturik egon direla frogatua duten lagunak.

2. Bertze edozein kasutan, Kontzejuaren Batzarrak eman beharko du onespena.

7. artikulua. Ehorzketa eskubideen araubidea.

1. Kontzesio guztiak aldi baterako izanen dira, edo errentamendu moduan. Eskubidea emanen da lagun bat ehorzteko, eta ez dira eskualdatzen ahal. Bi urterako emanen dira gutienez eta hamar urte gehienez, eta bitan berritzen ahalko dira, hamarna urtez, Kontzejuari eskaera idatziz eginda eta horrek onetsita.

2. Ehorzketa eskubidearen kontzesioak (betierekoak, oker erranda), halakorik bada, gehieneko kontzesio epea bete arte errespetatuko dira, hau da, berrogeita hamar urte, legeak ezartzen duenez. Hortik goiti, aldi baterako ehorzketa eskubidekoak edo errentamendukoak izanen dira, eta artikulu honen 1. atalean agertutako baldintzei lotuak.

8. artikulua. Ehorzketa eskaria.

1. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzeko edo errausketen kutxak ehorzteko, ehorzketarako lizentzia beharko da, Kontzejuko buruak edo berak delegatzen duenak emana.

2. Ehorzketarako lizentziaren eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ahaideak edo eskatzaileak behar bezala sinaturiko eskaera.

b) Eskatzailearen eta hilaren NANaren fotokopia.

c) Ehorzteko edo hobitik ateratzeko baimena, halakorik eskatzen bada.

9. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak hilerriaren barnean lekualdatzea.

1. Udaleko edo espresuki baimenduriko enpresetako langileek baizik ezin izanen dituzte hilotzak eta gorpuzkiak hilerriaren barnean lekualdatu.

2. Lizentziarik ez duten enpresa edo pertsonek ehorzketa zerbitzuren bat egiten badute hilerriaren barnean, iruzurtzat hartuko da.

3. Errautsen kutxak garraiatzeko eta gero gordetzeko ez da inolako baldintzarik, osasunaren aldetik.

4. Gorpuzkiak lekualdatu eta murriztea jabearen kontura eginen da.

10. artikulua. Ehorzketen eregistroa.

Kontzejuak erregistro bat izanen du, eta inor ehortzi, hobitik atera edo berriz ere hobiratzen denean, horren berri emanen da bertan. Eguna, hilaren izena edo gorpuzkiaren titularrarena eta ehorzketaren toki zehatza zehaztuko dira.

11. artikulua. Jendearendako ordutegia.

1. Hilerria Omiasaindu egunean egonen da irekia, baita jaiegun horren aitzineko bi egunetan.

2. Urteko gainerako egunetan itxia egonen da eta, irekitzeko, Kontzejuko kideei eskatuko beharko zaie edo, bertzenaz, Kontzejuko Batzarraren baimena duen norbaiti.

12. artikulua. Tarifak.

1. Kontzejuak erabakiko ditu zerbitzuaren tarifak, Kontzejuko Batzarrean onetsirik.

13. artikulua. Doako zerbitzua.

1. Kontzejuak bere gain hartuko ditu udalerrian hiltzen diren behartsuen ehorzketa zerbitzuak egiteak ekartzen dituen kostuak.

2. Baliabide ekonomikorik ez dutenek eta ehorzketaren gastuak bere gain hartzen ahal dituen ondorengorik ez dutenek izanen dute doako hilobi zerbitzua izateko eskubidea. Doako zerbitzua Kontzejuburutzaren dekretu baten bidez erabakiko da, gizarte zerbitzuetan behar den txostena egin ondoan, edo, bertzenaz, epaile baten aginduz.

14. artikulua. Hilerria ixtea.

Hilerria ez da bertze xede batzuetarako erabiltzen ahalko, harik eta hamar urte iragan arte azken ehorzketaz geroztik.

1. ERANSKINA

Hilerriaren ezaugarriak eta bertako instalazioak

1. Hilerria harresi batek inguraturiko esparrua da, 450 m²-ko azalera duena (27,2 m luze eta 17 m zabal). Haren barnean, nitxoak, hilobiak, kolunbarioak eta hezurtegi bat daude, behar bezala mugatuak, eta lokal bat gorputegitako.

2. Instalazioen ezaugarriak:

a) Hilobien aldea: hainbat korridoretan banatuta; bertan, gehienez, banakakoendako 65 lurzati egon daitezke, 1,3 metro zabal eta 2,30 metro luze dituztenak.

b) Nitxoak: haren edukiera 30 hobi dira, 10na unitateko 3 ilara gainjarrietan banatuak. Aurrez aurre begiratuta, haien zenbakiak 1ekin hasiko dira eskuin aldeko goiko ertzetik abiatuta, eta beheiti segituko du, 2a eta 3a behean dituela, eta 4a, berriz, 1aren ezkerraldean, eta orobat segiturik gainerakoetan.

c) Kolunbarioak: errauskinen 25 hilobi-kutxa gordetzeko edukiera izanen du.

d) Hezurtegia: oinezkoen sarreraren ezkerraldera, ertzean kokatua dago. 2,83 m zabal da 3,12 m luze eta 3 m sakon da, hiru mailako bi apal dituela alde bakoitzean.

e) Gisa honetakoak ehorzteko eremua: gorpuzkiak; haurgaltzeen, ebakuntzen edo mutilazioen ondoriozko giza hondarrak, eta errausketen ondoriozko errautsak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0808561