77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LEDEA

Aldaketa Ledeako Udaleko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2008ko urtarrilaren 16an egin bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Ledeako Udaleko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan (2008ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, otsailaren 15ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2008ko maiatzaren 14an.-Alkatea, María Beatriz Lucía Olleta Sánchez.

ALDAKETA UDAL ORDENANTZAN

44. artikulua. Kontuan harturik zenbat azienda buru hartzeko gaitasuna duten, larreen kalitatea eta ixtegirik dagoen ala ez, Ledeako Udalak urtean 14.444,44 euroko saria ezarri du belarren aprobetxamendurako, 2008tik goiti, gisa honetara banaturik: Bazkatokiak: 12.444,44 euro, eta gainerako belarrak: 2.000,00 euro.

Zenbateko horiek jarri dira aipatu bazkatoki bakoitzeko zenbatesten den baloreagatik, eta herritarrendako zuzeneko esleipenaren urteko lur-saria zenbateko horien %90 ezarri da, hau da, 13.000,00 euro, guztira.

45. artikulua. Zenbateko hauek 2008. urtekoari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, epealdi horretarako ezartzen den nekazariek eta abeltzainek eskuratutako prezioen aldaketa aplikatuz, betiere erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

49. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

a) Esleipen hartzaileen aziendak ez dira inola ere larreez baliatuko, olibondo, mahasti edo ureztalur finketan, horien jabeen eta/edo errentarien baimen idatzirik ez badute. Baldintza hori betetzen ez badute, esleipen hartzaileek erantzun beharko dute egindako kalteez.

b) Errentariak alor eta landaketa mota guztiak errespetatu behar ditu. Euri egunetan ez da herrilurretako eta finka partikularretako belarrez baliatzen ahalko, ezta ondokoetan ere, kalte nabariak sortzen ahal dituen heinean.

Halako finka batean uzta bildu bada, esleipen hartzailearen betebeharra izanen da hura errespetatzea, uzta bildu eta 15 egun iragan arte errespetatu ere.

c) Nekazariek uztondoak erretzen ahalko dituzte irailaren lehenetik (edo Foru Komunitateko erakunde eskudunek ezartzen duten datatik) aitzina, aldez aurretik erregelamenduzko baimena izanik eta betiere indarra duen legeriak horretarako baimena ematen badu.

d) Belarren aprobetxamendutik kanpo geratzen da, berariaz, "Granja de Cortés" deritzon lursail partikularra, baita udalerriko hiri eremu guztia ere.

Iragarkiaren kodea: L0808854