77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AIEGI

Ordenantza, Aiegiko Udalaren edukiontziaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2008ko apirilaren 1eko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Aiegiko Udalaren edukiontziaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, jendaurreko epean erreklamazio, ohar edo kexarik aurkeztu ez denez gero, Aiegiko Udalak, 2008ko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, behin betiko onestea erabaki zuen aipatu ordenantza; hortaz, bidezko da ordenantzaren testu osoa argitaratzea.

Aiegin, 2008ko maiatzaren 28an.-Alkatea, José Artiz Segura.

ORDENANTZA, AIEGIKO UDALAREN OBRA HONDAKIN ETA HONDARRETARAKO EDUKIONTZIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA. TESTU OSOA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarreko araudiarekin bat, Udalaren edukiontziaren erabilera arautzen du. Edukiontzia Sarnabiaga harrobiko sarbideetan dago, Aiegiko udal mugapean.

2. artikulua. Edukiontziaren erabiltzaileak.

Partikularrek baizik ezin dute edukiontzia erabili, hau da, etxeetan igeltserotzako eraberritze-obra txikiak gauzatzen dituzten pertsona fisikoek, baita banaka lan egiten duten igeltseroek ere. Hortaz, eraikuntzako edo industriako enpresek ezin dute edukiontzia erabili.

3. artikulua. Edukiontzian isur daitezkeen hondakinak.

Obra hondakin eta hondarrak baino ezin dira isuri. Ordenantza honen ondorioetarako honako hauek dira obra hondakinak: eraikuntza edo eraberritze-obretan sortzen diren hondakin bizigabeak, hala nola lurrak, igeltsuak, zementuak, adreiluak, harri-morroilo edo antzekoak. Honako hondakin hauek espresuki utzi dira obra-hondakinen definiziotik kanpo:

a) Etxeko zaborrak osatzen dituzten hondakinak, baita parke eta lorategiak garbitzean (kimaketa-lanetan) sortzen direnak

b) Etxeko gauzak (altzariak, etxetresna elektrikoak eta abar).

c) Usteltzen ahal diren hondakinak oro, animalia hilak barne.

4. artikulua. Hondakinak isurtzeko debekuak.

Debeku da edukiontzian obra-hondarrak ez direnak isurtzea, hala nola etxetresna elektrikoak, etxeko altzariak, industriako hondakinak eta abar.

Debeku da, orobat, materiala edukiontzitik kanpo laga eta inguruan botatzea, edukiontzia beterik dagoenean gertatu ohi den bezala. Hortaz, erabiltzaileren batek ikusten badu edukiontzia mukuru beteta dagoela eta ezin dela hondakin gehiagorik bota, Udalari jakinarazi beharko dio hustu dezan, hondakinak edukiontziaren inguruetan bota gabe betiere.

5. artikulua. Eskumena, baimena emateko.

Aiegiko bizilagunek ez dute hondakinak isurtzeko baimenik beharko. Hala ere, beste udaletako bizilagunak badira, edo eskualdeko beste herriren batean egindako obren hondarrak badira, Aiegiko Alkatetzaren baimena beharko da.

6. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileren bat harrapatzen bada hondakin desegokiak isurtzen edo hondakinak edukiontzitik kanpo botatzen, hura izanen da bere hutsaren erantzule bakarra, honako ordenantza honetako arauak urratu dituen heinean.

7. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da.

8. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen dirubilketa.

Lehen aldiz zehatzen direnei tarteko mailako isuna aplikatuko zaie; berrerorlei, aldiz, maila handienekoa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0808509