77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

253/2008 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, eskolaren esparruan osasuna sustatzeko berrikuntza sarien deialdia egiten duena.

Irakaskuntzaren praktikaren esparru guztiei buruzko berrikuntza eta ikerketa irakasleen hobekuntzarako baliabide baloratuenetako eta eraginkorrenetakoa da, eta baita irakasleen esku-hartzea hobetzeko tresna ere.

Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak txostena aurkeztu du deialdi honen eta bere arauen baimena eskatzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2007-2008 ikasturtean eskolaren esparruan osasuna sustatzeko berrikuntza sarien deialdia baimentzea.

2. Ebazpen honen I. eranskinean ageri den deialdiaren arauak onestea.

3. 10.000 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Bizikidetzarako eta Balioetan Oinarritutako Hezkuntzarako Programa" izeneko 422000 42120 2269 321202 321202 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, argitara daitezen.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Hezkuntza Garapenaren Atalera, eta Bizikidetzarako eta Balioetan Oinarritutako Hezkuntzarako Bulegora

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 23an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Eskolaren esparruan osasuna sustatzeko berrikuntza sarien deialdia

ARAUAK

1. Deialdi honen helburua da eskolaren esparruan 2006-2007 eta 2007-2008 ikasturteetan osasuna sustatzeko egindako berrikuntza esperientziak saritzea da.

Bizimodu osasuntsuak bultzatu, hezkuntza-komunitate osoarendako osasunaren eta segurtasunaren sustapenerako helburu garbiak landu, osasun hezkuntza curriculum proiektuan modu koherentean sartu eta ikasleei beren osasunari buruzko erabaki arduratsuak hartzeko beharrezkoak diren ezagutza eta trebetasunak eman edo bere ingurunearen osasuna eta segurtasuna garatzen lagunduko duten praktikak sarituko dira.

Esperientzia horiek hezkuntza-komunitateko kide guztien parte-hartzea sustatu eta osasun eskualdeko gizarte eta osasun arloetako langileekin harremana sustatu beharko dute.

2. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztiek aurkeztu ahalko dute eskolaren esparruan osasuna sustatzeko proiektua edo esperientzia.

Lanak jatorrizkoak izanen dira, argitara eman gabeak eta aldez aurretik saritu eta bekarik jaso gabekoak.

3. Lanarekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabidea (II.eranskina).

b) Proiektuaren laburpena, gehienez ere lerroarte bikoitzean idatzitako orri batean.

c) Burututako proiektuaren berri ematen duen memoria.

d) Ikasleek egindako lan eta materialak, material didaktikoak edo proiektua baloratzeko egokiak diren beste batzuk azaltzen dituzten eranskinak.

4. Memoriak 20 orriko luzera izanen du gehienez ere (12 puntuko courier motako letrarekin, 1,5eko tartearekin eta trinkotu gabeko karakterekin) eta atal hauek izan beharko ditu, gutxienez:

-Ikastetxearen azalpen orokorra, eremu honetan zehaztutako hobekuntza alderdi nagusiak zerrendatuz.

-Aurkeztutako jardueren berariazko helburuak, curriculumean betetzen duten tokia espresuki aipatuz.

-Eranskin gisa aipatzen diren materialen zerrenda.

-Egindako jarduera edo esperientzien azalpena, hauetako bakoitzean eskola esparruan osasuna sustatzeko garatu nahi izan diren alderdiak zehaztuta, zein hezkuntza mailatan aplikatzen den, parte hartzen duten irakasleak, orientazio didaktikoa eta ekimenen egutegia.

-Burututako jardueren balorazio orokorra, bertan hurrengo alderdi hauek baloratuko dira: garapen arazoak, lortutako emaitzak, hezkuntza komunitatearen erantzuna eta etorkizuneko proiektuetarako aukera berriak.

5. Proiektua paperean aurkeztu beharko da. Horrez gainera, kopia bat aurkeztuko da euskarri informatikoan, formatu bateragarri batean.

6. Eskatutako agiriak 2008ko irailaren 30eko 14:30 baino lehen aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, z/g, 31001 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz. Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari zuzendutakoa izan beharko du.

7. Hezkuntza Garapenaren Ataleko buruak eta Bizikidetzarako eta Balioetan Oinarritutako Hezkuntzarako Bulegoko bi teknikarik osatutako batzordeak baloratuko ditu aurkezten diren proiektuak.

8. Baloratzeko irizpideak ondoko hauek izango dira:

a) Proiektuaren izaera berritzaile eta sortzailea, bere gaiagatik, metodologiatik edo erabiltzen dituen baliabideengatik, gehienez ere 10 puntu.

b) Ikastetxea aipatu ikasturteetan Osasuna Sustatzeko Eskolen Europako Sareko kide izatea, gehienez ere 20 puntu.

c) Proiektuaren kalitatea: 60 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

c.1) Helburuen ulergarritasuna eta zehaztasuna, gehienez ere 10 puntu.

c.2) Eskolaren esparruan osasuna sustatzeko hobekuntzarerekin zerikusia duten ekimen eta jardueren azalpena eta sekuentziazioa, gehienez ere 10 puntu.

c.3) Ikasleekin erabilitako metodologia eta baliabideak, gehienez ere 20 puntu.

c.4) Ekimenaren komunitate-izaera, gehienez ere 10 puntu.

c.5) Proiektuaren ebaluazio plana, dagokien adierazleak zehaztuta, eta baita markatutako helburuekiko egokitasuna, gehienez ere 10 puntu.

d) Ikastetxearen ekimenekiko inplikazioa: 40 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

d.1) Ekimenen presentzia Ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean, gehienez ere 10 puntu.

d.2) Irakasleen klaustroaren parte hartzea, gehienez ere 20 puntu.

d.3) Proposaturiko jarduerak garatzeko ikastetxearen berezko baliabideak erabiltzea, gehienez ere 10 puntu.

e) Ekimenak beste ikastetxeetan erabiltzeko bideragarritasuna, gehienez ere 10 puntu.

f) Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea (gurasoak, ikasleak, irakasleak, eta kanpo entitate eta zerbitzuak...), gehienez ere 20 puntu.

g) Proiektua eskualdeko Osasun Etxeekin koordinatzea. Gehienez ere 20 puntu.

9. Deialdiaren gaineko ebazpena. Hautapen batzordeak aurkeztutako lanen zerrenda erdietsitako puntuazioaren arabera apailatuko du eta lau proiektu sarituko ditu, bi Haur eta eta Lehen Hezkuntzan, eta besei bi Bigarren Hezkuntzan. Proiekturen baten esleipena hutsik geratzen bada, batzordeak beste hezkuntza maila bateko proiektua hautatu ahalko du.

Zerrenda 2008ko urriaren 15ean jarriko da jendaurrean Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean. Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, batzordeak saritutako lanen aldeko ebazpen proposamena eginen du.

Deialdiaren ebazpena idatziz jakinaraziko zaie parte hartzaile guztiei, sarituak izan edo ez, ebazpen hau eman eta hamar eguneko epean. Saritu gabeko lanak arrazoituak beharko dute izan.

10. Etapa bakoitzerako bi kategoria ezarri dira. Lehenengo kategoria 3.000 eurokoa izanen da eta bigarrena 2.000 eurokoa.

11. Eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta hamar eguneko epean zuzendu ditzan. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, aurretik horri dagokion ebazpena emanda.

12. Hezkuntza Departamentuak ebazpen hau eman eta gehienez ere bi urteko epean saritutako lanak argitaratu ahalko ditu, argitalpenak memoria guztia edo zati bat eduki ahalko du. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdi honetan parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpenaren jabetza intelektualaren eskubideei uko egitea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

II. ERANSKINA

Eskabidea Eskolaren esparruan osasuna sustatzeko berrikuntza sarien deialdia

Ikastetxea

Proiektuaren izena

Zein ikaslerendako den

Koordinatzaile arduraduna

Parte hartzaileak

Eskolaren esparruan osasuna sustatzeko berrikuntza sarien deialdiko baldintzak onartu izanaren deklarazioa.

............................... jauna/andreak, ........... NANa duenak, ............... eskolaren esparruan osasuna sustatzeko proiektuaren koordinatzaile arduraduna baita, aitortzen du proiektu hori argitaratzeko eskubideen jabe dela eta argitaratzeko baimena Nafarroako Gobernuaren esku uzten duela.

.............(e)n, 2008ko .........aren.....(e)an.

Sinadura: koordinatzailea

............................... jauna/andreak, ........... ikastetxeko zuzendaria, ............... egiaztatzen du eskolaren esparruan osasuna sustatzeko proiektua, ........... ikastetxeko hurrengo plangintza tresnetan dagoela, eta tresna horretan sartzea onesteko ardura duen organoarean .....% babesa jaso zuela.

.............(e)n, 2008ko .........aren.....(e)an.

Sinadura: ikastetxeko zuzendaria

Iragarkiaren kodea: F0808494