77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

94/2008 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, 2008. urtean Nafarroan hartzaile lanak egiten dituzten bidaia agentzientzako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Azken urteotan, Turismoko Plan Estrategikoan eta geroago Marketing Planean ikusi denez, Nafarroak presentzia txikia izan du trade turistikoan. Horregatik departamentuak laguntza eman izan du bidaia agentziek hartzaile lanen arloan egiten dituzten jardueretarako. Produktua sortu, sustatu eta merkaturatzeko eginkizunetan agentziek egiten dituzten bitartekari lanek, beren sektorean ez ezik, turismoko gainerako sektoreetan ere eragin onuragarria izanen du, zalantzarik gabe.

Horregatik, egoitza nagusia Nafarroan duten bidaia agentziek 2007ko abenduaren 1etik 2008ko azaroaren 30era bitarte sustatzen dituzten hartzaile lanak bultzatzen segitu nahi dugu aurten ere.

Deialdi hau lehiarik gabe ebatziko da. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, erregistraturiko guztiak aztertuko dira eta erabakiko da zeinek betetzen dituen eta zeinek ez deialdian ezarritako irizpideak. Aitzitik, banaketa-formula hauxe izanen da: diru-laguntza jasotzen duten guztien artean laguntzetarako dagoen diru-zenbateko osoa proportzionalki banatuko da. Hori horrela eginen da garrantzitsutzat jotzen baita bidaia agentziak enpresa hartzaile gisa ere jardutera bultzatzea, ez igorle gisa bakarrik, ohi den bezala. Bestalde, enpresak berak dira hobekien dakitenak zein jarduketa zehatz egin daitezkeen beren produktuak merkaturatu edo sustatzeko.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2008. urtean Nafarroan hartzaile lanak egiten dituzten bidaia agentzientzako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

2. Diru-laguntza horietarako, gehienez 64.000 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Bitartekaritza eta zerbitzuetarako laguntzak ETE-ei" izeneko A10001 A1120 4709 432300 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, kontu-hartzaile delegatuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALari.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 14an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2008. URTEAN NAFARROAN HARTZAILE LANAK EGITEN DITUZTEN BIDAIA AGENTZIENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea.

2008an Nafarroara etortzen direnei eskaintzen zaizkien turismoko aukerak eta zerbitzuak hobetzearren bidaia agentziek sustatzen dituzten ekintzak bultzatzeko xedea du deialdi honek.

2. Onuradunak.

Egoitza nagusia Nafarroan duten bidaia agentziak eta horien elkarteak, Nafarroan hartzaile lanak egiten badituzte edo agentzia hartzaile lanetan hasten badira. Establezimendu horiek turismoko establezimenduen, enpresen eta entitateen Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik beharko dute izan deialdi honek eskabideak aurkezteko ezarri duen epea bukatu aurretik eta inskribaturik segitu beharko dute deialdi honek indarra duen bitartean behintzat.

Laguntza jasotzen duten enpresek ETE-en definizioan finkatutako mugen barnean egon behar dute, 2003ko maiatzaren 6an Batzordeak enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 2003/361 EE Gomendioan edo hura ordeztu nahiz aldatzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

3. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honetako konpromisoak finantzatzeko gehieneko aurrekontu zuzkidura 64.000 eurokoa da, eta 2008ko gastuen aurrekontuko "Bitartekaritza eta zerbitzuetarako laguntzak ETE-ei" izeneko A10001 A1120 4709 432300 kontusailaren kargura izanen da. Aurrekoari beste diru kopuru batzuk gehitu ahalko zaizkio, programa bereko beste deialdi batzuk ebatzi ondoren geratzen direnak, aurkezten diren eskaeren arabera.

Diru-laguntzetarako eskaerek deialdi honi esleitutako aurrekontu zuzkidura gainditzen badute, diru-laguntzak proportzionalki banatuko dira, dagoen diruari egokitzeko.

4. Araubide juridikoa.

Laguntzen modalitate hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduaren babesean ezarri da. Erregelamendu horretan zehazten da nola aplikatu behar zaizkion EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei. Horrelako diru-laguntzak ematen direnean enpresa onuradunak gehienez ere 200.000 euro jaso ditzake hiru urteko epean. Beraz, aurreko hiru zergaldietan de minimis laguntzaren bat jaso duten enpresek horren berri eman behar diote Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari.

5. Laguntzak jasoko dituzten inbertsioak eta erreferentzialdia.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute 2007ko abenduaren 1etik 2008ko azaroaren 30era bitarte egiten diren jarduera mota hauek:

a) Produktuak sortzea: produktu berriak diseinatzeko gastuak.

Turismo produktuek pakete bat osatu beharko dute eta horren barrenean hiru zerbitzu sartu beharko dira gutxienez: ostatua, garraioa, otorduak, txangoak, kirol jarduerak, ikuskizunetarako sarrerak, etab. Agentziaren hornitzaileek egoitza Nafarroan izan beharko dute eta, jarduera arautuen kasuan, horiek ere Turismo Erregistroan inskribaturik beharko dute izan.

Gastuak justifikatzerakoan, "diseinu gastu" gisa hartu ahalko dira agentziak lan horietarako dituen langileen joan-etorrietako eta dietetarako gastuak, ostatuaren, garraioaren (edo kilometraje justifikatua) edo otorduen fakturen bidez behar bezala justifikatuz gero, bai eta hornitzaileekiko kontratazioarengatik sortutakoak ere. Hornitzaileen zerrenda aurkeztu beharko da beti.

b) Sustatu eta merkaturatzea:

1. Atal honetan sartuko dira sustapen materialak sortzeko eta argitaratu edo berrargitaratzeko gastuak eta Nafarroari buruzko web orrien gastuak, bai eta sustapen materialak banatzeko gastuak ere.

2. Nafarroako turismoa sustatzeko ekintzak ere sail honetan sartuko dira, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak aldeko txostena emanez gero. Adibidez, azoka edo jardunaldietara edo produktuen aurkezpenetara joatea. Atal honetan 180 euroko laguntza emanen da pertsona eta eguneko, jarduera Espainiatik kanpo bada, eta 110 euro pertsona eta eguneko estatuko jardueretarako (gehienez ere 2 pertsona eta 4 egun azoka, jardunaldi edo aurkezpen bakoitzeko).

6. Laguntzen zenbatekoa eta muga.

Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira. Horien zenbatekoa onartutako aurrekontuaren %55 izanen da, 5.a eta 5.b.1 ataletan.

Laguntzen muga: Arau orokor gisa, gehienez 4.500 euro emanen dira 5.a eta 5.b.1 ataletako jardueretarako, eta onuradun bakoitzeko 20.000 euro deialdi honetako jarduera guztietarako, oro har.

Diru-laguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) zenbatekoa kenduko da.

7. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Deialdi hau lehiarik gabe ebatziko da. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, erregistraturiko guztiak aztertuko dira eta erabakiko da zeinek betetzen dituen eta zeinek ez deialdian ezarritako irizpideak. Aitzitik, banaketa-formula hauxe izanen da: diru-laguntza jasotzen duten guztien artean laguntzetarako dagoen diru-zenbateko osoa proportzionalki banatuko da.

8. Eskabideen eta agirien aurkezpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskabideak aurkeztuko dira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan. Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasuna.

a.1) NAN/IFZ.

a.2) Aldaketa sozialen eskritura (turismo erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

a.3) Notario-ahalordea eta ahaldunaren NANa, halakorik bada.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa.

b.1) Eginen diren jarduketen memoria, jarduketen eta kontzeptuen arabera zehaztua.

b.4) Aurrekontua, kontzeptuen arabera zehaztua.

c) Beste batzuk.

c.1) Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko baldintza guztiak betetzen direlako erantzukizuneko aitorpena, Europako Batzordearen 70/2001 EE Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera, eta berariaz ezarritako ereduari jarraikiz.

c.2) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan, aurtengoa barne, administrazio honek edo beste batzuek de minimis arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

c.3) Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen kostuetarako eskatu edo hartutako beste laguntza batzuen zinpeko aitorpena.

c.4) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea. Honako helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Todos+los

+servicios/Asistentes/Impresos+de+Tesoreria.htm)

c.5) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoera debekatu batean ez dagoela dioena, eta luzatzen den ereduaren araberakoa.

Eskabideak aurkezteko ez dira onartuko mezulari zerbitzu pribatuak ez eta atzerriko posta zerbitzuak ere, behar bezala erregistraturik ez badaude.

9. Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Eskaerak tramitatu eta ebaztea.

Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Deialdia ebazteko 3 hilabeteko epea izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpenik egin gabe, eskaera ez dela onartu ulertuko da.

Laguntzen emakida azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web orrian:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

11. Justifikazioa eta laguntzen ordainketa.

Gastuak frogatu beharko dira, fakturak edo dieta eta kilometraje gastuen frogagiriak aurkeztuz (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua), Fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak, bai eta ordainketa frogatzeko banku agiriak ere. Frogagiri horiek zenbaki korrelatiboak izanen dituzte eta, horiekin batera, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak goian adierazitako helbidean emandako inprimakia aurkeztu beharko da, behar bezala betea.

Frogagiri horiek guztiak 2008ko abenduaren 15erako aurkeztu beharko dira.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako diru-laguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean pagatuko da, gastuen frogagiriak aurkeztu ondoren.

12. Onuradunen betekizunak

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den jarduketa deialdian ezarritako epearen barnean egitekoa ez bada, onuradunak hala jakinarazi beharko dio Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari 2008ko abuztuaren 30a baino lehen, eta bestela hurrengo deialdian ezin izanen du xede bereko laguntzarik eskatu.

b) Laguntzen xede diren jardueren memoria aurkeztea 2008ko abenduaren 15a baino lehen, eta, kasu bada, lagundu den material grafikoaren ale bat edo web orriaren helbidea ematea. Nolanahi ere, laguntza eskatzen duena arduratuko da diruz lagundu diren baliabideen bidez (erreserba bulego, web orria, aldizkari, iragarki eta abar) sustatzen diren turismoko establezimendu guztiak Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik egoteaz eta publizitatzen diren datuak egiazkoak izateaz. Baldintza hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza kendu ahal izanen da.

c) Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela azaltzea. Jarduera honetarako sortzen diren euskarri guztietan Nafarroako ikur turistikoa erabili beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideei jarraikiz.

d) Laguntzak emateko deialdi honekin zerikusia izan eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen edo/eta agiri guztiak zortzigarren oinarrian azaltzen den moduan egin beharko dira.

e) Ekipamendu ondasunak edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuak erosten diren kasuetan, diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu egin beharko du zerbitzuaren hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela.

Kasu horietan, onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du.

f) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebehar orokorrak (2005eko 136. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 14koa).

13. Emandako laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako onuradunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, Gobernuaren web orrian:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

14. Laguntzak bertan behera uztea, arau-hausteak eta zehapenak.

Hamabigarren puntuan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, onuradunak datu edo informazio faltsuak edo desitxuratuak ematen baditu, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak diren egintza edo gorabeherak ezkutatzen baditu edo horiek egiaztatzeko lanak oztopatzen baditu, espedientea tramitatu ondoren laguntzak baliogabetuko dira eta jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, berandutza-korrituak gehituta. Era berean bidezkoa izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, eta bertan adierazitako ondorioak sortuko dira.

15. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kostu hori gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Foru agindu honetako laguntzak Europar Batasuneko "de minimis" araubidearen menpe daude; hau da, aurreko hiru urteko epean jasotako diru-laguntza guztien batura ezin izanen da 200.000 eurotik gorakoa izan, edo Europar Batasuneko erregelamendu egokian ezartzen den kopurutik gorakoa.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.

Iragarkiaren kodea: F0807855