77. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

204/2008 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, ezintasunak dituzten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateendako oporretarako programetarako 2008ko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan ezartzen du botere publikoek gizarte zerbitzuen arloan egiten dituzten jarduketen funtsezko helburuak hauek izanen direla, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan, gizartean, ekonomian, politikan, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea eta komunitateak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateak.

Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan xedaturikoarekin bat, Espainiako Konstituzioko 49. artikuluan xedaturikoarekin harremanetan jarri behar da. Horren arabera, agintariek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arau-emaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren. Erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xede den arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla eta deialdia eta haren oinarriak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Ezintasunak dituzten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateendako oporretarako programetarako 2008ko diru-laguntzen deialdiko arauak onestea. Arauok foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. 227.242,00 euroko gastua baimentzea, "Turismo eta programetan parte hartzeko laguntzak, ezintasunak dituzten pertsonendako" izeneko 92005-91810-4819-231307 kontusailaren kargura, 2008ko gastuen aurrekontuan.

3. Foru agindu honen berri ematea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Legearekin bat.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 19an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Ezintasunak dituzten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateendako oporretarako programetarako 2008ko diru-laguntzen deialdiko arauak

1.-Xedea, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da ezintasunak dituzten pertsonentzako oporretarako programak 2008an kofinantzatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da, pertsona horiei laguntzen dieten entitateek aisialdirako, kulturarako eta osasunaren sustapenerako jarduerak egin ahal ditzaten, oporretarako eta bainuetxeko tratamenduetarako bidaien bidez.

Programa horien helburuak dira urritasun fisiko, intelektual edo zentzumenezkoak dituzten pertsonek aisialdia eta osasuna ingurune egokitu eta normalizatu batean gozatzea eta ahaideei eta zaindariei atsedenaldiak ematea.

Horrekin batera, programen bidez taldeak sortu nahi dira eta talde horien kideek parte-hartu eta elkarlanean aritzea, partaideen gaitasun sozialak garatzen eta haiek integratzen. Hori dena Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kudeatzen dituen prestatzio, programa eta zerbitzuen osagarri.

1.2. Aplikazio esparrua.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak hirugarren adinaren arloan ari diren irabazi asmorik gabeko Nafarroako entitateentzat dira.

1.3. Aurkeztu beharreko programen tipologia.

a) Oporretarako eta turismorako programa. Horren xedea da urritasunen bat duten pertsonak ahalik eta gehien integratu eta gizarteratzea, txanda normalizatuen bidez aisialdia, kultura eta natura gozatu ahal dezaten, eta urritasunak dituzten pertsonez arduratzen diren familiei atsedena ematea.

b) Bainuetxetarako programa. Horren xedea ezgaitasunak dituzten pertsonen bizi kalitatea eta autonomia sustatzea da, bainuetxeko tratamenduetarako txanden bidez, osasuna gozatu ahal dezaten.

2.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Urritasunen bat duten pertsonen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko Nafarroako entitateak izaten ahalko dira arau hauetan aurreikusten diren dirulaguntzen onuradun.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatua egotea:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroa.

-Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik bidezko izan daitezkeen horietan.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori oinarri honetako a) atalean aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi asmorik ez edukitzea.

d) Erakundearen xedea urritasunen bat duten pertsonentzako jarduerak prestatzea dela espresuki agertzea estatutuetan.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide nahikoak izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

3.-Dirulaguntzen xede diren proiektuek bete beharreko baldintzak.

3.1. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntzen printzipio, helburu eta xedeekin bat etortzea, deialdia onesten duen foru aginduan eta arau hauetariko lehenbizikoan xedaturikoaren arabera.

b) Beste finantzabide bat edukitzea, berezko funtsetatik eta/edo bestelako dirulaguntza publiko edo pribatuetatik.

c) Entitateek definizio hauek hartuko dituzte kontuan, aurkezten den proiektuan adierazi beharko direnak:

-Proiektua: entitate berak aurkeztutako programa guztien multzoa.

-Programa: mota bereko txanda guztien multzoa. (Oporrak eta turismoak edo termalismoa).

-Txanda: talde homogeneo batek toki eta egun jakinetan egiten duen oinarrizko unitatea da. Horrek esan nahi du taldeko kide guztiendako postuaren kostua bera dela. Txanda bakoitzean sartu eta itzultzeko egunak sarturik egonen dira. Gauak egunak baino bat gutxiago izanen dira.

-Koordinatzailea: diru-laguntza hartzen duen entitateak izendaturik, txandaren orotariko arduradun lanetan diharduena. Txanda bakoitzean nahitaez koordinatzaile arduradun batek agertu beharko du.

-Begiraleak eta laguntzaileak: koordinatzaile arduradunarekin batera taldea koordinatzen eta txanda antolatzen dihardutenak, programaren helburuak lortu ahal izateko. Onuradunei lagundu behar diete eguneroko bizitzan, hala eskatzen badute.

d) Entitate eskatzaileek proiektu bana aurkeztuko dute, programa bana edo bina biltzen ahalko dituztenak, lehen aipatu diren moten arabera. Proiektu hori estatutuetan beretan zehazten den ezgaitasuna duten pertsonendako izanen da.

3.2. Programen baldintzak:

a) Programan Nafarroako Foru Komunitatetik heldu diren urritasunen bat duten pertsonek parte hartzea.

b) Programa ezgaitasunak dituzten pertsona guztiei irekirik egotea, betebeharrak betetzen badituzte, programa kudetzen duen entitatean sarturik ez egonik ere.

c) Alde onuradunaren arabera txandetan egituraturik egotea, gutxienez ere zazpi egunetakoak eta gehienez hamabost egunetakoak.

d) Txanda laburragoak aurreikusten ahalko dira, helburua kultur jardueretan edo aparteko ekitaldietan parte hartzea denean edo taldearen inguruabar bereziengatik hala komeni denean.

e) Txandak gehienbat hoteletan edo antzekoetan egitea, non sartzea erraza baita eta zeinak taldearendako egokiak baitira.

f) Txanda bakoitzak koordinatzaile arduradun bat, dirulaguntzaren xede den entitatearen izenean arituko dena, begirale eta hala bada laguntzaile lanetan aritzeko gai diren pertsonak izatea, parte-hartzen duten pertsonek behar adina eta pertsona horiek ezgaitasun eta menpekotasun motara egoki direnak. Gutxienez ere bat izanen da ezgaitasun larriak dituzten lau pertsonako.

g) Txanda bakoitzak hamabost ezgaitutik hogeita hamar bitarte izanen ditu. Salbuespenez, behar diren arrazoiak emanda, pertsona gehiago edo gutxiagoko txandak antolatzen ahalko dira.

h) Onuradunek parte-hartzeagatik pagatu beharreko kuota ezartzea, ez koordinatzaileengatik edo begirale eta laguntzaileengatik.

i) Entitateak aurkezturiko administrazio eta kudeaketa gastuek proiektuaren kostu osoaren %10 ez gainditzea.

j) Hautatzeko irizpide edo baremo hauek erabiltzea: ezgaitasun handiena, behar sozioekomiko handiena, familia ugariko kide izatea (kategoriaren arabera), aurreko deialdietan parte-hartu ez izana eta ahaideen atseden beharra.

k) Salbuespen gisa, onuradunen lehen mailako ahaideek parte-hartzen ahalko dute, familiaren batasuna indartzeko. Pertsona horiek oso-osorik pagatu beharko dute postua.

l) Onuradun adingabeen edo babespean edo egitezko zaintzan daudenen kasuan, bidaia egin ahal izateko gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen baimena aurkeztea.

m) Aseguru poliza edukitzea, gutxienez zauritu edo gaixoen osasun garraioa, joan-etorrien gastuak edo ospitalean asegurudunaren laguntzaile edo ahaide baten egonaldia, asegurudun zenduaren joan-etorria, garraiobideen istripu asegurua eta asegurudunaren erantzukizun zibil pribatua estaltzen dituena.

n) Erabiltzaileek txanda bakar baterako dirulaguntza edukitzea. Beste txanda batzuetako inskripzioa ez da finantzatuko, beste elkarte baten bidez parte-harturik ere. Salbuespen gisa, postuak eskabideak baino gehiago direnean, Nafarroako Mendekotasun Agentziak baloratuko du pertsona bera txanda bat baino gehiagotara joateko aukera.

o) Entitate batzuen aldi baterako batasunak aurkezturiko proiektuak onartuko dira.

3.3. Entitateen erantzukizuna:

-Garraio enpresak kontratatzea, postuak erreserbatzea, ostatu eta zerbitzua ematea.

-Dagokion egutegiaren antolakuntza.

-Dagokien aseguruen kontratatzea.

-Oporretan egin beharreko jardueretarako programa ezartzea.

-Programa burutzeko behar diren langileak kontratatzea.

-Behar diren boluntarioen parte-hartzea eta prestakuntza erraztea.

-Programa zabaldu eta argitaratzea, bertan parte-hartzeko erraztasunak emateko.

-Onuradunak Nafarroako Mendekotasun Agentziak aldez aurretik ezarri eta ezagututako irizpide eta prozeduren arabera hautatzea.

-Aurrekontua zuzentasunez administratzea.

-Programa baloratu eta ebaluatzeko behar diren agiriak prestatzea.

-Diru-laguntzaren zenbatekoaz burutu beharreko behin betiko txandak Nafarroako Mendekotasun Agentziari jakinaraztea.

-Programa burutzeko hartutako diru-laguntzen gastua Nafarroako Mendekotasun Agentziaren aurrean justifikatzea.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Mendekotasun Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalean, zk.g.) eta erakunde beraren webgunean (www.cfnavarra.es/inbs) eskuratzen ahalko da.

20 egun balioduneko epea izanen da eskabideak aurkezteko, entitate interesdunaren legezko ordezkariak izenpetuak, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren erregistroan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez jakinarazi beharko dio Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.2.1. Entitate eskatzaileari buruzko agiriak. Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Mendekotasun Agentziak baldin badauzka, entitate interesatua ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdian aurkezteagatik.

a) Elkarte edo entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko diren erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroa.

-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

c) Dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Hala behar izanez gero, eta 11.4 arauan xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostena.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar baditu edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

4.2.2. Proiektuei dagokien dokumentazioa:

A.-Entitate eskatzaileari buruzko agiriak. Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Mendekotasun Agentziak baldin badauzka, entitate interesatua ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko irabazki asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdian aurkezteagatik.

a) Entitatearen memoria tekniko laburra, hark 2007an egin baina Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren dirulaguntzarik hartu ez zuten programak laburki azalduz eta erakunde horrek urte berean finantzaturiko programen zerrenda aurkeztuz.

b) Entitateak 2007an izandako dirusarrera eta gastuen zerrenda.

c) Entitatearen proiektuaren azalpen laburra. 2008an egin asmo diren baina Nafarroako Mendekotasun Agentziaren dirulaguntzaren xede izanen ez diren programak laburki eta zehatz azalduko dira eta urte berean dirulaguntzaren xede izan daitezkeen programen zerrenda aurkeztu.

d) 2008rako entitateak duen dirusarrera eta gastuen orotariko aurrekontua.

B.-Aurkeztutako proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) 2007ko memoria tekniko eta ekonomikoa, 2008an diru-laguntza eskatu den opor programa bakoitzaren gainekoa. Memoria hori deialdi honetako I. eranskineko 12. arauan xedatutakoarekin bat prestatuko da.

b) 2007ko memoria tekniko eta ekonomikoa, urte horretan finantzatu baina 2008an diru-laguntza eskatzen ez duen oporretarako programa bakoitzaren gainekoa. Memoria hori deialdi honetako 12. arauan xedatutakoarekin bat prestatuko da.

c) Diru-laguntza jaso nahi duten programak biltzen dituen proiektua, ondokoa zehaztuta:

-Izena.

-Helburuak.

-Epeak.

-Postu kopurua, txanden eta destinoen arabera banatuta.

-Txanden iraupena:

-Eginen diren jarduerak.

-Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak diren, boluntarioak...)

-Erabiltzaile mota eta behar duten sostengua.

-Onurdaunak hautatzeko irizpideak.

-Koordinatzaile eta begiraleak hautatzeko irizpideak.

-Jarduera zabaltzeko sistemak.

-Boluntarioak erakartzeko sistemak.

-Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak...).

Proiektua eskabide ofizialaren eranskina izanen da eta formatu librean aurkeztuko da.

d) Proiektu ekonomikoa, dirusarrera eta gastuen aurrekontua, finantzazio iturrien aurreikuspena eta Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskatutako dirua adierazten dituena.

Txanda bakoitzaren gastuak honelaxe sailkaturik aurkeztuko dira:

-Ostatu hartzea eta mantenua.

-Garraioa.

-Jarduerak.

-Zuzeneko langileria.

-Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Eskaerarekin batera derrigorrezko agiriak aurkeztuko ez balira, organo instruktoreak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

5.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko eginkizunak Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du kontzesio prozedura ebazteko eskumena.

6-Dirulaguntzak emateko prozedura, baloratzeko arau orokorrak eta lehentasunak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenbizikoan entitate eskatzailea dirulaguntzaren xede den proiektuaren egilea den aldetik baloratuko da, alegia, hura garatzeko duen gaitasuna; bigarrenean, aurkezten den proiektua baloratuko da.

Bi faseak elkarrengandik bereizirik baloratuko dira. Hurrengo arauan aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabiliko dira. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek 40 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Proiektua entitate batzuen aldi baterako batasunak aurkezten badu, aski izanen da haietariko batek 40 puntu lortzea.

Diru-laguntzak kobratu ahal izateko, eskabideek, bi faseak batuta, gutxienez 100 puntu lortu beharko dituzte.

7.-Balorazio irizpideak.

7.1. Lehen fasea: entitatea proiektuaren egile gisa.

a) Azpiegitura (25 puntu):

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

-Elkartearen egitura, curriculuma, gaitasun tekniko eta ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak eta abar aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

-Aretoak konpartitzea eta entitateen batasuna izatea.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

-Baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna, ukituriko pertsonen beharren eta horiek asetzeko entitateak duen gaitasunaren arteko erlazioa, bazkide kopurua eta egiazko gaitasuna kontuan hartuz proiektuak aldatzeko entitatea prest egotea baloratuko dira.

-Halaber, hasierako aurrekontua eta 2007ko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

-Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

-Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

7.2. Bigarren fasea: Programetan egituratutako proiektuak:

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarriak, helburuak, jarduerak, epeak, espero diren emaitzak, ebaluzioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, baliabide tekniko eta ekonomikoak eta abarrak bat etortzea eta koherenteak izatea. Puntuak honelaxe banatuko dira:

a) Aurkezpena (10 puntu).

Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Helburuak eta esperientzia operatiboa (25 puntu).

Kontuan hartuko da proposaturiko programak bat etortzea entitateen estatutuen helburuekin eta entitateak haiek burutzeko duen esperientzia operatiboarekin bat etortzea.

c) Programetako partaideak (15 puntu).

Programen interesa hartzaileei dagokienez baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (15 puntu).

Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkideen eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

e) Eskatzailearen eskarmentua dirulaguntza jaso nahi duten programetan (30 puntu).

Proiektu beraren edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta 2007ko programaren benetako gastua eta 2008rako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

f) Programaren eremua (5 puntu).

Kontuan hartuko da programaren eragina zein den eta partaideak Foru Komunitate osotik etortzea, entitatearen egoitza non dagoen aitzakotzat hartu gabe.

8.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

100 puntuak gainditzen dituzten programa guztiak lagunduko dira diruz, oinarrizko txanda bakoitzeko modulu hauen arabera ("oinarrizko txanda" zortzi egunekoa edo zazpi gauekoa eta 15 pertsona ezgaitu biltzen dituena).

OINARRIZKO TXANDARAKO DIRU-LAGUNTZA MODULUAK ZENBATEKOA

Ezgaitasun fisikoa dutenak hoteletan 4.900

Ezgaitasun fisikoa dutenak bainuetxeetan 8.000

Ezgaitasun fisikoa dutenak aterpetxeetan edo antzekoetan 2.250

Ezgaitasun fisikoa dutenak atzerrian 14.700

Buru eritasuna dutenak hoteletan 4.900

Buru eritasuna dutenak bainuetxeetan 6.000

Buru eritasuna dutenak aterpetxeetan edo antzekoetan 2.250

Buru eritasuna dutenak atzerrian 14.700

Adimeneko ezgaitasuna dutenak hoteletan 4.900

Adimeneko ezgaitasuna dutenak bainuetxeetan 6.000

Adimeneko ezgaitasuna dutenak aterpetxeetan edo antzekoetan 2.250

Adimeneko ezgaitasuna dutenak atzerrian 14.700

Zentzumeneko ezgaitasuna dutenak hoteletan 4.000

Zentzumeneko ezgaitasuna dutenak bainuetxeetan 5.000

Zentzumeneko ezgaitasuna dutenak aterpetxeetan edo antzekoetan 2.100

Zentzumeneko ezgaitasuna dutenak atzerrian 12.000

Diru-laguntzaren xede den txanda oinarrizkoa ez beste denean, dirulaguntzaren zenbatekoa pertsona eta egun kopuruarekiko proportzioan kalkulatuko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

9.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Organo instruktoreak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Programaren aldaketa onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak programa hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamenak ikusita, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko arrazoiak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, emandako diru-laguntzak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, z.g.) argitaratuko dira. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsitzat joko da. Hala ere, Administrazioa behartuta dago ebazpena ematera.

Ebazpen espresuaren edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

10.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11.-Dirulaguntzaren ordainketa.

11.1. Ematen den dirulaguntza 60.000,00 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean ordainduko da, aurrerakin gisa, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera.

11.2. Onartutako diru-laguntza 60.000,00 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi partetan ordainduko da. Lehenbizi, diru-laguntza onartzeko ebazpenarekin batera eta hurrengoa eta hurrengoak, ebazpen horretan aipatzen diren epe edo mugaegunetan. Kasu horretan, aurretik pagaturiko zenbatekoari dagokion exekuzioa frogatu beharko da agirien bidez, dirulaguntzaren hurrengo ordainketak egiten ahal izateko.

Horretarako, dirulaguntza hartu duen entitateak agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Programek ordurarte izaniko dirusarrera eta gastuen zerrenda.

c) Programa bakoitzerako harturiko dirulaguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Mendekotasun Agentzian zigilatuko dira, hartutako dirulaguntza justifikatzearren.

11.3. Entitate onuradunak bankuaren abala edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztuz gero, 60.000,00 eurotik gorako aurrerakinak egiten ahalko dira, baldin eta dirulaguntza betetzeko funts berrien beharra frogatzen bada. Kasu horretan, aurkezten den bermea aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinakoa izanen da.

11.4. Arau honen aurreko idatz-zatietan aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitateak frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskaerarekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, entitateak txosten bat aurkeztuko du, behar hori frogatuko duena.

b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, arau hauetako 11.2 idatz-zatian xedatutakoarekin bat jarduera egin dela frogatu ondoren.

12.-Justifikazioa.

12.1. Dirulaguntza eman eta hurrengo urteko urtarrilean, entitate onuradunak memoria bat aurkeztuko du jardueraren exekuzioaz. Honako hauek adierazi beharko dira:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, 2006ko ekitaldiko dirusarrera eta gastuen orotariko balantzea barne. Nafarroako Mendekotasun Agentziak baldin ez badauzka, entitate interesatua ezgaitasunak dituzten pertsonen arloko irabazi asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzen deialdian aurkezteagatik.

b) Programen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

-Izena.

-Epeak.

-Txanden iraupena eta destinoak.

-Txanda bakoitzera joandako pertsona ezgaituen zerrenda, ezgaitasun mota eta aulki gurpildunik darabilten adierazirik.

-Txanda bakoitzerako itxaron zerrenda.

-Egindako jarduerak.

-Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak diren, boluntarioak...)

-Langileen jarduera zabaltzeko sistemak.

-Aseguru poliza, behar diren estaldurekin.

-Erabilitako laguntza teknikoak.

-Onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea. Foru Komunitateko ukituen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Programaren justifikazioko kontua, non dirusarrera guztiak zehaztuko dira, berezko funtsak eta Nafarroako Gobernuak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek emaniko baliabideak zehaztuko baitira. Balantzeak gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

-Ostatu hartzea eta mantenua.

-Garraioa.

-Jarduerak.

-Zuzeneko langileria.

-Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

d) Egindako programaren edo/eta jardueraren gastuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari aplikatua, agiri zenbakia, emailea, kontzeptua, eguna eta diru zenbatekoa zehazturik. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Mendekotasun Agentzian zigilatuko dira, hartutako dirulaguntza justifikatzearren.

Idatz-zati honetan aipatzen den eginbeharra 2008an justifikatzen den diru-laguntzaren zatiari dagokio, 11.2 c) idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

Jarduerak diru-laguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatu beharko dira. Horretarako, diruz lagundutako entitateek fakturen zerrenda aurkeztuko dute, diruz lagundutako jarduerarekin bat datozenak, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen-data eta zenbatekoa. Halaber, entitateak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren esku jarriko ditu faktura horiek, egiaztatu ditzan.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

13.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua entitateak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) Deialdi honetako 12. arauan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta bukaerakoak, aurkeztea. Nafarroako Mendekotasun Agentziak finantzatutako zatia agiriak, hala nola, banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, aurkeztuz justifikatuko da, adierazi denarekin bat. Gastu kofinantzatua gastuen zerrenda bat aurkeztuz justifikatzen ahalko da.

c) Programaren zabalkundean eta publizitatean dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

14.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

15.-Itzulketa.

Programa burutzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino ez diren bete ikusita.

16.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

17.-Deialdiaren eta arauen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arau-emaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

18.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0808333