55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VILLAFRANCA

0-3 urtekoendako haur eskolako zerbitzuko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Villafrancako Udalak, 2008ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea 0-3 urtekoendako haur eskolako zerbitzuko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2008ko 24. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, otsailaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Villafrancan, 2008ko apirilaren 8an.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.

ORDENANTZA FISKALA, VILLAFRANCAKO (NAFARROA) 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLAKO ZERBITZUKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau ezarri da Nafarroako toki entitateei aplikatzen ahal zaien zerga araudiak ematen dizkien ahalmenen babespean eta haiekin bat, erran nahi baita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 180. artikulua eta ondokoak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 100. artikulua eta ondokoak.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea da tasak edo prezio publikoa ezartzea Haur Eskolan hezkuntzako lehen zikloari (0-3 urte) dagozkion adinak dituzten haurrei zainketa eta egonaldi zerbitzuak egiteagatik. Haurrek ikasturtea hasi baino gutxienez 16 aste lehenago jaioak edo jaiotzekoak izan behar dute, eta Villafrancan izen emanda egon behar dute.

Hona, beraz, ezartzen diren ordainarazpenen izaera fiskala: tasak, beraz, Villafrancako Haur Eskolan hezkuntzako lehen zikloari (0-3 urte) dagozkion adinak dituzten haurrei zainketa eta egonaldi zerbitzuak egiteagatik, aipatu 2/95 Foru Legearen 100. eta ondoko artikuluetan aipatzen direnak.

III. KAPITULUA

Aplikazio esparrua

3. artikulua. Ordenantza hau Villafrancako Haur Eskolan (0-3 urte) aplikatuko da, Villafrancako Grupo Escolar karrikan baitago, Las Escuelas pasealekuan.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Zergapeko egintza da Villafrancako Haur Eskolan hezkuntzako lehen zikloari (0-3 urte) dagozkion adinak dituzten haurrei zainketa eta egonaldi zerbitzuak egitea edo haiekin jarduerak egitea, baita bertan ematen diren zerbitzu, irakaskuntza eta irakaskuntza jarduerak eskura izatea eta/edo erabiltzea, eta erakunde horretan urtero haurrak sartzeak dakar, aipatu zikloari (0-3 urte) dagozkion adinak dituzten haurrendako zainketa eta egonaldi zerbitzuak egiteko, eta jarduerak egiteko eta irakaskuntzak emateko eta erabiltzeko eskatu ondoan izena eman eta aurretiaz onarpena emanda.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta, beraz, ordenantza honetan ezarritako tasak zergadun gisa ordaintzera behartuta daude pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak, baita zerbitzua jasotzeagatik ordainerazpenera beharturik dauden adingabeen legezko ordezkariak ere, hala nola tutoreak, gurasoak, etab.

Borondatezko zerbitzua denez, pertsona edo erakunde eskatzaileak, prestazioa jasotzen duten adingabeen legezko ordezkariak dira zergak ordaintzera behartuta dauden subjektu pasiboak.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria zehaztuko da kontuan hartuz zein den egindako zerbitzua -hezkuntzako lehen zikloari (0-3 urte) dagozkion adinak dituzten haurrei zainketa eta egonaldi zerbitzuak egitea edo haiekin jarduerak egitea-, ordenantzako tarifetan adierazten diren zenbatekoei jarraikiz.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplikatu beharreko tasa eta tarifak Udalak ezarriko ditu ekitaldi eta ikasturte bakoitzean, Udaleko Informazio Batzordeak eta Haur Eskolako Hautapen Batzordeak adostasuneko irizpena eman ondoan. Delako tarifak ordenantza honen eranskin eta atal izanen dira.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-tasaren oinarriari indarra duten tarifak aplikatuko zaizkio.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Ez da inolako salbuespenik onartuko.

X. KAPITULUA

Sorrarazpena

11. artikulua. Ezarritako tasak hilero ordainaraziko dira ikasturtean, umea Villafrancako 0-3 urtekoendako Haur Eskolan sartzen den puntutik, aitari, amari edo haurraren legezko ordezkariari ordainarazi ere. Salbuespenez dirusarrerarik gabeko zerbitzurik eginez gero, orduan ere ordaindu beharko da.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Hilaren lehen bortz egunean ordainduko dira ordenantza honetan arautzen diren tasak. Entitateak ez du hileko zenbateko hori itzuliko haurra, nahita edo ez, hara joaten ez denean, dela ospitalera eraman dutelako edo eri delako etab. Hiru hileko ez ordaintzeak zerbitzu egitetik gelditzea ekarriko du.

13. artikulua. Ordainketak.

A. Dirubilketaren arduradunak gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dio ordaindu gabeko kuoten berri Hautapen Batzordeari, eta horrek haurrari ikastetxetik baja emateko erabakia hartzen ahal du.

Bi kuota ez ordaintzeak berekin ekarriko du dagokion familiari idatziz errekerimendu egitea, eta hartan ohartaraztea ikastetxetik baja emateko bidea dagoela, berriz ere kuota bat ordaindu ezean.

Hautapen Batzordeak bere iritziaren arabera onarturiko arrazoirik gabe hiru kuota ez ordaintzeak haurrari ikastetxetik baja ematea ekarriko du.

B. Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, justifikaturiko arrazoiak direla kausa Ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berarekin.

C. Jantokia hileko osoetan ordaindu beharko da, hilaren lehenbiziko egunean, zerbitzuaz zenbat egunetan baliatu den kontuan hartu gabe.

Ikasturtea hasitakoan ere egiten ahalko da alta jantoki zerbitzuan. Horretarako, zuzendaritzari aditzera eman beharko zaio behar bezain lehenagotik, hilaren lehen hamabostaldian alta eginez gero hileko osoa ordaindu beharko baita, eta bigarren hamabostaldian eginez gero, berriz, hileko osoaren %50.

Jantoki zerbitzua ikasturte osoan etenik gabe egitekoa dela ulertzen da. Beraz, jantokitik baja egiteko, arrazoi egokiak eman beharko dira eta horiek Hautapen Batzordeak onartu hala nahita.

XII. KAPITULUA

Dirubilketa

14. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen 86. artikuluan aurreikusiarekin bat, tributu-zorrak "jakinarazpen gabetzat" jotzen dira.

15. artikulua. 13. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legeak eta aplikatzen ahal diren gainerako legeek ezartzen dituzten errekarguekin.

Epe hori zorrak ordaindu gabe iraganez gero, premiamendu bidez ordainaraziko dira, non ez duten Udaleko Informazio Batzordeak eta Haur Eskolako Hautapen Batzordeak hura erregelamenduari jarraikiz geroratzeko baimena eman.

16. artikulua. Tributu zorren ordainketa honela egiten ahal da:

Banku batean helbideratuz.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 93. artikuluan eta ondokoetan arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan, Villafrancako 0-3 urtekoendako haur eskola arautzen duen ordenantzan eta Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean xedatua aplikatuko da, hurrenez hurren.

Bigarrena.-Behar den tramitazio prozesalaren ondotik, ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Iragarkiaren kodea: L0805394