55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRAÑETA

Auzolana arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Irañetako Udalak, 2008ko urtarrilaren 2an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen auzolana arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2008ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 15ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Irañetan, 2008ko apirilaren 8an.-Alkate udalburua, Cristina Irigaray Beraza.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek auzolana arautzea du xede, hau da, bizilagunen lana eta bidelana, Irañetako Udalaren eskumena dena, herriko obra eta zerbitzuak egiteko.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, auzolanaren bidez arautzen da, Irañetako ohitura zaharra baita; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Irañetako erroldan daudenek egin beharko dute auzolana, honako hauek izan ezik:

a) Hemezortzi urtez beheitikoak eta berrogeita hamabostez goitikoak.

b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak. Behar bezala frogatu beharko da auzolana egiteko ezintasuna, eta eskualdeko gizarte laguntzaileak adostasun txostena eman beharko du.

c) Presondegietan giltzapetuak.

d) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak.

Bizilagunen batek bere burua Udalaren erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan sartuko dute.

4. artikulua. Arauketa.

Irañetako Udala behartua dago herritarrak, auzolanean ari direla, izan ditzaketen istripuen arriskuaz babesteko.

5. artikulua. Herritarren lana edo auzolana urtean bi egunetan eginen da, gehienez; egunak ez dira izanen elkarren segidakoak. Oro har, jaiegun ez diren larunbatak izanen dira, goizeko zortzietatik ordu bietara, justifikatuta legokeen kasu bereziren batean izan ezik. Lan aferak direla-eta bizilagunen batek ordu horietan ezin badu, Udalari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ekarriko ez lukeen beste ordutegi bateko auzolanen batera deitzeko. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest bada. Aldez aurretik, ordezpen horren berri emanen zaio Udalari.

Orobat, urtean diru kopuru bat, Udalak osoko bilkuran onetsiko duena, ordainduz libratu daiteke auzolanetik. 2008. urtean 50 eurokoa izanen da auzolaneko egun bakoitza. Diru hori borondatezko ordainaldian pagatzen ez bada, derrigorrezko dirubilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Urtean egiten diren auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

6. artikulua. Irañetako Udalak 24 ordu lehenago eginen du auzolanerako deialdia, bando bidez eta iragarki oholean paratuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

7. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek edo hartaz behar bezala arduratzen den pertsona batek zuzenduko du.

8. artikulua. Irañetako Udalak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, lantegietako lanak etab. Lehendik egindako lanak direla eta, ez da auzolanetik libratuko Udalaren Auzolan Batzordeko ordezkariak ez badie oniritzia idatzita ematen auzolana egin aurretik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

Irañetan, 2008ko urtarrilaren 2an.-Alkate udalburua, Cristina Irigaray Beraza.

Iragarkiaren kodea: L0805442