55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BURLATA

Herritarrendako Harrera Bulegoaren Erregelamendua. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2008ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Herritarrendako Harrera Bulegoaren Erregelamendua (24. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 2008ko otsailaren 22an).

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2008ko apirilaren 7an.-Alkatea, José Muñoz Arias.

BURLATAKO UDALAREN HERRITARRENDAKO HARRERA BULEGOAREN ERREGELAMENDUA

Atariko titulua

1. Azken urteotan, toki entitateek, beren bilakaeran, biztanleriarengandik hurbilen dauden administrazioak diren aldetik, herritarrari ematen dizkioten zerbitzuak hobetu eta ugaritzera jo dute.

2. Bertze alde batetik, begibistakoa da herritarrek gero eta gehiago eskatzen dutela. Horri gastu publikoa errentagarri gertatu beharra gehiturik, zerbitzuaren kalitatearen ideia zabaldu da administrazioan, izan ere, herritarraren eskariei berehalako erantzuna emateak antolakuntza guztien kostuak gutitzen ditu, eta aldi berean administrazioaren irudi hobea ematen du herritar/erabiltzailearen aitzinean.

3. Herritarrari laguntza egokia emateak, zerbitzuaren kalitatearen funtsezko elementua baita, erran nahi du zerbitzua garatu behar dela, erabiltzailearekiko komunikazioa hobetuz eta, horrenbertzez, aferen moldatze eraginkorrean lagunduz.

Herritarrendako Harreta Bulegoaren eginkizunak eta abantailak (HHB)

1. Udalaren interesekoak diren orotariko informazioak ematea, udal zerbitzuek aldez aurretik emandakoak.

2. Bulegoaren esku dauden udal tramiteak modu eraginkorrean kudeatzea, gainerako udal zerbitzuekin batera kudeatu beharrekoak barne.

3. Herritarren ohar, kexa eta iradokizunak dagozkien udal zerbitzuetara bideratzea, eta erantzuna ematea, hala behar denean.

Hona hemen abantaila nagusiak:

1. Herritarrekin harreman zuzena eta aurrez aurrekoa ahalbidetzen du.

2. Normalizatu daitezkeen eskaera orokorrak ebazteko bitartekoa da.

3. Hobea da herritarrei ematen zaien harrera, hainbat tramite eta kontsulta bulego berean ebazteko aukera ematen zaielako.

4. Udalaren irudia nabarmen hobetuko da herritarren aitzinean.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Herritarrarendako Harrera Bulegoa (HHB).

HHBk zerbitzu publikoa izateko xede berariazkoa du, arduradun bakar batek zuzendutakoa, eta egoitza bakarrera biltzen du Udalaren eta herritarren arteko galde eta kudeaketen kopuru handi samarra, erakundearen eta bizilagunen arteko harremanak hobetu eta administrazio eskuragarriagoa lortu beharrez.

2. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da HHBri esleituriko jarduerak zehaztea, baita zerbitzuaren funtzionamendu arauak ere.

3. artikulua. HHBren printzipio orientatzaileak.

HHBak honako irizpide orokor hauek erabiliko ditu bere jarduna kudeatzeko:

-Herritarrei orientabideak ematea.

-Ematen diren zerbitzuak herritarren eskura azkar jarri ahal izatea.

-Herritarrei egiazko informazioa ematea.

-HHBko langileen profesionaltasuna, haien esku utzitako eginkizunak behar bezala betetzeko prestakuntza jasoko baitute.

-Herritarren eskaera eta iradokizunak jaso eta kontuan hartzea.

-Herritarren eskaerak azkar eta arin ebaztea.

-Objektibotasuna: HHBak herritar guztiak modu berean hartuko ditu, bereizkeria ezaren printzipioari eutsiz beti.

-Berrikuntza eta kalitatea: Etengabe hobetzearen printzipioak gidatuko du HHBaren jarduna; hortaz, herritarren mesedetan, kalitatea kudeatzeko sistema bat ezarriko du, aukera emanen baitu helburuak betetzen ote diren neurtzeko.

I. TITULUA

HHBaren eginkizunak

4. artikulua. HHBaren eginkizunak.

-Udalaren telefono zerbitzuaren kudeaketa.

-Udal barneko eta udalez kanpoko informazioa.

-Datutegian bildutako udal informazioaren mantentze-lanak.

-Udalaren alorrekin partekaturiko udal tramiteen kudeaketa, hala behar denean.

-Herritarren gaztigu, kexa eta iradokizunak alorretara bideratzea, eta erreklamazio horien gainean herritarrei erantzutea, hala behar denean.

5. artikulua. HHBaren jarduketa-ildoak.

HHBaren jarduerak elkarren osagarri diren hiru sarbideren bitartez eginen dira:

1. Aurrez aurreko harrera.

2. Telefono bidezko harrera, 012 Infolocal zerbitzuarekin elkarlanean.

3. Harrera telematikoa, teknologia berriak erabilita.

6. artikulua. Aurrez aurreko harrera.

Herritarrek maizenik eskatzen dituzten zerbitzuei erantzuteko dago, honako eginkizun hauek dituela:

1. Argibideak.

2. Oharrak, kexak eta iradokizunak bideratzea.

3. Bulegoaren esku dauden udal tramite normalizatuak kudeatzea.

7. artikulua. Telefono bidezko harrera.

1. Honako hauei buruzko informazioa:

-Udal prozedurak eta tramiteak.

-Ordenantzak.

-Enplegu publikoaren udal eskaintza.

-Udalaren eta Mankomunitatearen zerbitzuak.

-Erakunde autonomoak (Kirol Patronatua eta Kulturako eta Jaietako Paronatua).

-Zergadunen egutegia.

-Burlatako egunean eguneko gertaerak, erakundeen egintzak.

-Burlatako helbide interesgarriak (elkarteak, ikastetxeak, kulturguneak, etab.).

-Garraio publikoaren lineak.

-Bestelakoak.

2. Tramiteen kudeaketa, udal zerbitzuekin batera, eta betiere telefono bidez egiteko modukoak direnean.

3. Herritarrek udal zerbitzuen funtzionamenduaz egiten dituzten kexak eta iradokizunak bildu eta kudeatzea.

8. artikulua. Harrera telematikoa.

Burlatako Udalaren helburua da herritarrendako diren gainerako harrera zerbitzuak teknologia berrien bitartez kudeatzea.

Burlatako Udalak bitarteko horiek ezari-ezarian abiaraziko ditu, HHBan eskura dagoen informazioa eskaintzeko baita tramiteak kudeatzeko eta udal zerbitzu guztietan sartzeko aukera emateko ere.

II. TITULUA

Zerbitzuaren funtzionamendu arauak

9. artikulua. Tramita daitezkeen kudeaketen katalogoa.

Alkatetzak, udal zerbitzu guztiekin bat, ebazpen bidez finkatuko ditu HHBaren bidez ebazten ahalko diren kudeaketak.

Nolanahi ere, Udalaren alor bakoitzak azken hitza izanen du halako tramite batzuk elkarrekin kudeatzeko komenientziaz. Tramite kopurua pixka-pixkanaka handituko da, zerbitzuak aitzina egin ahala.

10. artikulua. Prozeduraren gaineko esku-liburuak.

Burlatako Udalaren zerbitzuek HHBarekin batean finkatuko dute kudeaketa eta/edo informazio tramite bakoitzean segitu beharreko prozedura, kudeaketa izan edo informazioa izan.

11. artikulua. Pribatutasuna.

HHBaren bitartez kudeaketak tramitatzerakoan behar diren tresnak ezarriko dira berri-emailearen nortasuna segurtatzeko eta zerbitzuaren jarduera-esparru bakoitzean (telefono bidezkoa, telematikoa eta aurrez aurrekoa) datu pertsonalen pribatutasuna bermatzeko.

12. artikulua. Prozedura.

HHBak, herritarraren eskaria edozein bidetatik hartuta, behar diren kudeaketak eginen ditu eta, horrela behar badu, eskatzaileari behar den dokumentazioa eskatuta, eskatzen den tramitearen ziurtagiria emanen dio eskura edo haren etxera igorriko.

III. TITULUA

HHBak Burlatako Udalaren gainerako zerbitzuekin izango dituen harremanak

13. art. Udal zerbitzuekiko komunikazioa.

HHBari manatu zaizkion eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko, zerbitzu horren eta udal alor guztien artean komunikazio iraunkorra eta arina behar da. Komunikazio derrigorrezkoa da HHBari esleitu zaizkion eta arestian aipatu diren hiru eginkizunetarako (informazioa, tramitazioa eta gaztigu, kexa eta iradokizunak bideratzea).

14. artikulua. Alorreko erreferenteak.

HHBaren eta udal zerbitzuen arteko koordinazioa behar bezalakoa izan dadin, herritarrei ahalik eta zerbitzurik hoberena egitearren, erreferente izeneko figura sortu da. Udal zerbitzu bakoitzeko arduraduna edo burua izanen da erreferente hori, eta Alkatetzaren ebazpenaren bidez izendatuko da.

Hala ere, udal zerbitzuko buruak edo arduradunak, bere alor edo zerbitzuko langileen artetik, arduradunen bat eskuordetzen ahalko du, baita batzuk ere gaien luze-zabalak komenigarri egiten duenean, 15. artikuluan bildutako eginkizun guztietarako edo batzuetarako. Haiek guztiak aldez aurretik eta moduz izendatuko dira.

Era berean, erreferentearen ordezkoa ere izendatuko da, hura kanpoan denean haren ordez jarduteko.

15. artikulua. Erreferenteen eginkizunak.

-Alorrean sorturik herritarrei interesatzen zaizkien jakingarri guztiak HHBari jakinaraztea, eta haien gainean izan daitezkeen aldaketen berri ematea.

-Bakoitzak bere alorraren barreneko administrazio-prozeduretan egiten diren aldaketa guztien berri ematea HHBari.

-Bakoitzak bere zerbitzuko egitura organikoan gertatzen diren aldaketen berri ematea HHBari, baita garrantzizkoak diren gainerako datuen berri ere (arduradunen aldaketak, bulegoen leku-aldatzeak, telefono-zenbakien aldaketak...).

-Aurreikusten bada halako kanpaina, programa edo gertakari batek herritarren aldetik galde kopuru handia sorraraziko diola HHBari, behar den aurrerapenez ohartaraztea bulegoari.

-HHBk jasotzen dituen gaztigu, kexa eta iradokizunei harrera egitea, behar den aplikazio informatikoan erregistratzea eta haiei erantzuna emateko konpromisoa hartzea, bidezko denean, gehienez ere zazpi egun naturalean.

16. artikulua. Erreferenteen erantzukizuna.

Erreferenteek edo, hala behar bada, zerbitzuko arduradunek edo buruek izanen dute aitzineko artikuluan deskribatu diren eginkizunak betetzeko ardura.

17. artikulua. Kudeaketaren estatistikak.

HHBak hiru hilabetean behin estatistikak igorriko dizkiei udal zerbitzuei, jasotako kontsulta, gaztigu, kexa eta iradokizunei buruz, baita kudeaketaren emaitzari buruz ere.

Iragarkiaren kodea: L0805335