55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

244/2008 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emana, Fegan SXXI, S.L.k aurkeztu duen produktu fitosanitarioen erabiltzaile izateko oinarrizko gaikuntza ikastarorako adostasuna ematen duena. Erakunde horrek Zaragozan du helbidea.

Ikusi da Zaragozako Fegan S.XXI S.L.k Landa garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztu duen eskaera, produktu fitosanitarioak erabili eta aplikatzeko oinarrizko gaikuntza ikastaroa baliozkotzeko.

Entitate horrek aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta egiaztaturik betetzen dituela bai Lehendakaritza Ministerioaren 1994ko martxoaren 8ko Aginduan, azkenekoz irailaren 19ko PRE/2922/2005 Aginduaren bidez aldatu zen horretan, eskatutako prestakuntza arloko baldintza guztiak bai martxoaren 6ko 75/2006 Foru Aginduan ezarritakoa, ikastaroa egiteko baimena eman daitekeela ikusi da, eta horren berri ematen zaio eskatzaileari.

Pestiziden bidezko tratamenduak egiteko gaikuntza ikastaroak homologatzeko arautegia ezartzen duen 1994ko martxoaren 8ko Aginduarekin eta ikastaro horiek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan egiteko araubidea ezarri zuen urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuarekin bat eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko gaikuntza txartela emateko prozedura arautzen duen martxoaren 6ko 75/2006 Foru Aginduarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zaragozako Fegan S.XXI S.L.k aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, pestizidak erabiltzeko oinarrizko gaikuntza ikastaroak antolatzeko baimena ematea, baldintza hauek betetzen badira:

-Programa eta eskola orduak (laburpena eranskinean ageri da) errespetatuko dira ikastaroa egitean, baita aurkeztutako dokumentazioan adierazitako irakasleak, kontrolak eta ebaluazioak ere. 30 ikasle izanen dira gehienez ere.

-Gaikuntza ikastaroa egin aurretik, aldioro, entitate antolatzaileak hasieraren berri eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, 15 egun lehenago gutxienez, martxoaren 6ko 75/2006 Foru Aginduaren IV. eranskinean adierazten den eredua erabilita.

-Gaikuntza ikastaroa amaitutakoan, entitate antolatzaileak ikastaroaren emaitzei buruzko txostena egin beharko du, martxoaren 6ko 75/2006 Foru Aginduaren V. eranskineko ereduari jarraiki, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari igorri, hura amaitzen denetik hilabeteko epean. Txosten horretan honako hauek azalduko dira: ikastaroaren identifikazio gakoa, dagokion gaikuntza maila, irakaskuntza-entitate edo zerbitzu ofizial antolatzailearen izena, ikastaroaren zuzendariaren izena eta titulazioa, ikastaroa egin den tokia, eskola orduen eta praktika orduen kopuruak eta ikastaroa gainditu duten ikasleen kopurua. Zerbitzu ofizialek ikastaroa ikuskatu duten ala ez adieraziko da, eta, hala izan bada, ikuskapenaren emaitza azalduko da; bereziki, irakasleen parte-hartzeari eta ikasleak eskoletara joan eta probak egiteari dagokienez.

-Interesdunak eskaturik emanen dira erabiltzaile txartelak, martxoaren 6ko 75/2006 Foru Aginduaren VI. eranskineko ereduarekin bat. Eskaerak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, ikastaroa bukatu eta handik hilabeteko epean. Aipatutako Foru Aginduaren 5. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkezten ahalko dituzte.

2. Urtero, ikastaroa emateko aurreikusitako aldien eta daten berri emanen dio erakunde antolatzaileak departamentu honi.

3. Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko martxoaren 18an.-Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

Iragarkiaren kodea: F0805027