55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

172/2008 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zilbetin eta Presetan (Esteribar eta Erroibar) ikerketarako lau zundaketa egiteko. Proiektua Magnesitas de Navarra, S.A.k sustatu du.

2008ko otsailaren 7an goian aipatzen den espedientea sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.C eranskineko P atalean sarturik dago, Natura 2000 Sareko "Alduide Mendia" Zainketa Babes Bereziko eremuaren barrenean gauzatu nahi delako. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

2008ko otsailaren 25eko txostenaren bidez, sustatzaileari dokumentazio osagarria eskatu zitzaion, hain zuen: zundaketa puntuen UTM koordenatuak, zundaketa bakoitzean ukituko den eremua eta dauden sarbideak hobetzeko egin litezkeen obrak zehaztea. Sustatzaileak 2008ko martxoaren 6an eman zuen dokumentazio hori.

Lau zundaketa mekaniko proiektatu dira, mendiko pistetan prestatuko diren 35 m² inguruko zelai txiki batzuetan. Hiru zundaketa Zilbetin eginen dira (Erroibar) eta laugarrena Preseta izeneko alderdian, Esteribarren.

Errotazio zundaketak izanen dira, etengabeko lagina errekuperatuz, 100 eta 300 metro bitarteko zulaketak eginez. Zundaketa buruaren mozketa-koroa hozteko ura erabiliko da. Ura upeletan eramanen da eta birziklatuko da, dekantazio-putzu txiki batetik pasatuz. Hantxe botako dira zulaketaren lohiak eta garbituko da ura. Baltsaren edukiera 1-2 m³ bitartekoa izanen da.

ZB3 zundaketa eskutik utzia dagoen mendiko pista osagarri batean eginen da. Horregatik, beharrezkoa da bertako sastrakak garbitzeko lanak egitea, laharrez eta zuhaixkaz beteta baitago. Gainerako zundaketak egun erabiltzen ari diren mendiko pistetan eginen dira, landarediari inolako kalterik eragin gabe. LE6 zundaketan (Preseta), litekeena da legarra ekarri behar izatea, putzuz beterik dauden tarte batzuk finkatzeko.

Zundaketa lanak bukatuta, dekantazio baltsak eta gainerako materialak kenduko dira, eta plataformak lehengoratuko. Pistak proiektua burutu aurretik zeuden egoera berean utziko dira.

Zundaketak eta plataformen lehengoratze lanak egiteko epea bi hilabetekoa izanen da.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak 2008ko urtarrilaren 26an egindako txostenean adierazi du ez dagoela inolako oztoporik proiektua burutzeko, lan guztiak mendiko pisten barrenean egiten direlako eta zundaketa lanak bukatutakoan eragiten diren kalteak konponduko direlako.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusita, besteak beste foru lege horren 27.2 artikuluan xedatutakoaren arabera Erroibarko eta Esteribarko udalek prestatutako txostenak, non adierazten baita udalen aldetik ez dagoela oztoporik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zilbetin eta Presetan (Esteribar eta Erroibar) ikerketarako lau zundaketa egiteko, Magnesitas de Navarra, S.A.k sustaturik. Dena dela, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Zundaketak adierazitako puntuetan eginen dira, UTM koordenatu hauek dituzten tokietan hain zuzen:

ZUNDAKETA UTM X UTM Y

ZB1 625.500 4.762.365

ZB2 625.510 4.762.170

ZB3 625.706 4.762.274

LE6 622.331 4.765.114

2. Zundaketa bakoitzean 35 m²-ko eremua ukituko da eta mendiko pistak besterik ez da okupatuko. Eremu horretan kokatuko dira bai zulaketa lanak, bai balizko lur-pilaketak, baita zulaketaren ondoriozko lohiak dekantatzeko baltsa ere.

3. Belar-sastrakak garbitzeko lanak ZB3 zundaketan besterik ez dira eginen. Garbitze-lan horiek eskutik utzia dagoen mendiko pista estaltzen duten zuhaixkak kentzeko izanen dira bakar-bakarrik. Gainerako zundaketetan, ez dira ukituko pisten inguruko landareak.

4. Zundaketak eta ukitutako lurrak lehengoratzeko lanak bi hilabeteko epean egin beharko dira. Obrak bukatutakoan, pistak obrak hasi aurretik zeuden egoera berean utziko dira eta ingurutik soberako material guztiak jasoko dira.

5. LE6 (Preseta) zundaketako sarbidea hobetzeko balizko obrak mendiko pistan besterik ez dira eginen, hura sendotu eta, behar izanez gero, garbituz, baina pistatik kanpoko lurrak eta landaredia ukitu gabe.

6. Proiektua Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren baimenak beharko ditu.

2. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 12.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Esteribarko eta Erroibarko udalei eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0805425