55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

120/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, udal esparruan emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2008an diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politikoko, ekonomikoko, kulturaleko eta sozialeko arlo guztietan. Horretarako, sexuen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten baldintzak bultzatuko ditu, izatezko eta zuzenbidezko osotasuna eragozten duten oztopoak gainditzeko eta emakumeen eta gizonen gaineko bereizkeria mota guztiak deuseztatzeko, Nafarroan.

2006tik 2010era bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planak, arlo horren gaineko tokiko politikak bideratu eta koordinatzeko ekintzak eta gomendioak biltzen ditu bere helburuen barruan. Zehazki, planeko zeharkako 1. arloan, 1.8.2 ekintzak premia hauxe adierazten du: "Udalek foru planaren proposamenak zehaztuko dituzten berdintasun planak egin eta onets ditzaten bultzatzea, laguntza eta lankidetza bideak ezarriz, eta proposamen horiek kasuan kasuko toki entitatearen errealitatera eta beharretara egokituz". 1.8.3 ekintzak hau adierazten du: "Toki garapena lehentasuntzat hartzea eta, beraz, planaren ekintza guztiek hari erantzutea".

Nafarroako Gobernuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ustez, modu egituratuan lan egiteak, administrazio eta lurralde esparru ezberdinetatik errealitateari elkarrekin erantzunez, aukera berdintasunerako ekintza eta politika eragingarriagoak eta eraginkorragoak ekarriko ditu, eta, ondorioz, helburuak modu produktiboagoan lortzen ahalko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Udal esparruan emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2008an diru-laguntzak emateko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean ageri diren arauei jarraikiz.

2. 94.628,00 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko" izeneko 930001 94000 4609 232200 kontu-sailaren kontura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 2an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. araua.-Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2008an Nafarroako toki entitateei emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko diru-laguntzak emateko araudia ezartzea da. Hauek dira helburuak:

1. Toki esparruan emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna eta benetako berdintasuna sustatzea.

2. Toki esparruan genero mainstreaminga apliatzeko baldintzak sortzea.

3. Emakumeek boterea hartzea sustatzea toki esparrutik.

2. araua.-Entitate onuradunak eta baldintzak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arautu eta baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateak:

1. Egitura organikoa:

Aukera berdinatsunaren edo emakumeen zinegotzigoa/batzordea/alorra edukitzea edo 2008an eratzeko konpromisoa agertzea.

2. Aukera berdintasunaaren arloko ekintza eta proiektuetarako kontu-saila edo aurrekontu-asignazioa edukitzea alor edo zinegotzigoan.

3. araua.-Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta horiek gauzatzeko epea.

1. 2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 12ra bitarte burututako aukera berdintasunerako proiektuei emanen zaie diru-laguntza.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak:

2.1. Prestakuntza proiektuak: ikastaroak, lantegiak, gogoetarako eta eztabaidarako taldeak, betiere generoaren ikuspegitik.

2.2. Sentsibilizazio eta zabalkunde proiektuak: kanpainak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, sentsibilizazio materialak egitea, generoaren ikuspegitik.

2.3. Ikerketa, plangintza eta ebaluazio proiektuak, generoaren ikuspegitik.

2.4. Udal esparruan generoaren ikuspegi integratua edo genero mainstreaminga sartzeko programak.

Aurkezten diren proiektuek 1. arauan adierazitako helburuekin lotuta egon beharko dute, aukera berdintasuna eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatu beharko dute, generoaren zeharkakotasuna aplikatzeko baldintzak sortu beharko dituzte eta emakumeek indarra hartzea bultzatu beharko dute.

Horretaz gainera, toki entitateak aukera berdintasunerako plana onetsi badu, hari lotuko zatzaizkio.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua.

Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du, eta 6.5 arauko irizpideen arabera baloratuko da.

Proiektuak bakarka aurkeztu dituzten toki entitateek ezin izanen dute beste toki entitateekin batera egindako proiekturik aurkeztu.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzak gastu hauek finantzatzeko erabiliko dira soilik:

a) Laguntza teknikorako gastuak.

Diru-laguntza emanen da, soilik, proiektuaz arduratzen diren taldeko kideek berdintasunerako politiketan prestakuntza eta esperientzia dituztela egiaztatzen duten enpresak kontratatzeko. Pertsona horiek izanen dira, gainera, politika horiek aurrera eramateko zuzeneko arduradunak.

b) Diruz laguntzen diren jardueren edizio, komunikazio eta publizitate gastuak.

c) Diruz laguntzen diren jarduerak edo bilerak iraun bitartean egiten diren zaintza lanetako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, zaharren zaintza).

5. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta jarduerak.

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen jarduerak.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berariazko programak eta jarduerak.

d) Edozein arlotako lege-egoerari buruzko hitzaldiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dohainik eskatzen ahal badira.

e) Batez ere Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumenekotzat jotzen diren jarduketak.

4. araua.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Entitateei dagozkien diru-kopuruak balorazioan lortutako puntuazioaren arabera banatuko dira:

Diru-laguntzak irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

2. Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak.

2.1. 15.000 euro bitarte.

-6.5 arauko 1. atalean baloratzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten toki entitateen proiektuak.

2.2. 5.000 euro bitarte.

-Aukera berdintasuneko agenteak kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza jasotzen duten toki entitateen proiektuak.

-6.5 arauko 1. atalean baloratzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituzten toki entitateen proiektuak.

3. Baremoan lortutako puntuazioa. Diruz lagunduko da:

-Bidaia gastuen %80, baldin eta, puntuazioa baloratzeko irizpideen arabera, 81 eta 100 puntu artean lortzen baditu proiektuak.

-Bidaia gastuen %70, baldin eta, puntuazioa baloratzeko irizpideen arabera, 61 eta 80 puntu artean lortzen baditu proiektuak.

-Bidaia gastuen %60, baldin eta, puntuazioa baloratzeko irizpideen arabera, 41 eta 60 puntu artean lortzen baditu proiektuak.

Aurkeztutako eskaerak ikusita, deialdirako aurrekontuko kreditua ez bada aski aipatutako irizpideen araberako zenbatekoak emateko, dagoen dirua diru-laguntzaren xede diren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, lehen aipatutako lehentasun irizpideen arabera. Horretarako, hasiera batean aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

5. araua.-Agiriak, eta eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak espresuki diseinatutako 2. ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.cfnavarra.es.

Diru-laguntzaren aurrerakin bat eskatu nahi duten entitateek funtsak aurretiaz behar dituztela frogatuko dute, aipatutako ereduko dagokion atalean.

b) Toki entitateko idazkaritzaren edo ordezkariaren ziurtagiria, 2. arauko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Toki entitateko idazkaritzaren edo ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea Diru-laguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

d) Entitatearen eta berdintasunaren eragile lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2008ko kontratuaren fotokopia konpultsatua.

Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek frogatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatu bezala.

2. Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko erregistroan, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako erredakzioan, ezarritako prozeduretako edozeinen bidez. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak egiaztatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera.

6. araua.-Balorazioa.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Ebaluazio eta Azterlan Atalari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da.

2. Eskaerak baloratzean, organo instruktoreak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzea, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

Ebaluazio eta Azterlan Atalak arlo juridikoko administrazio publikoaren teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta, bestetik, unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoa den ala ez, dagokion txostena tarteko.

3. Eskaerak 6.5 arauan ezarritako baldintzei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.

4. Ebaluazio eta Azterlan Atalak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

5. Balorazio irizpideak.

5.1. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.-Toki entitateak aukera berdintasunarekin duen konpromisoa (gehienez ere 60 puntu):

a) Emakumearen edo berdintasunaren zinegotzigoa egotea

b) Berdintasunerako jarduketen aurrekontu berariazkoa izatea

c) Plantillan aukera berdintasuneko agentea egotea, Administrazioaren B mailako baldintzak betez eta lanaldi osoz

d) Aukera berdintasunerako plana edo ekintza positiboko plana edukitzea

e) Bateratzeko toki ituna egitea

f) Berdintasunaren edo emakumearen kontseilua edo batzordea egotea

2.-Proiektuarekin berarekin lotutako irizpideak (gehienez ere 40 puntu)

a) Proposamenaren kalitate teknikoa: proiektua generoaren ikuspegitik egin den baloratzea.

b) Ekintza posotiboko neurriak aplikatzea

c) Proiektua garatzen laguntzeko denborak, zerbitzuak eta egiturak.

5.2. Proiektuek gutxienez ere 40 puntu lortu beharko dituzte, diru-laguntza jaso ahal izateko.

7. araua.-Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Esleipenaren gaineko ebazpenean hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.cfnavarra.es webgunean jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

8. araua.-Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Aurreko hori gorabehera, 2. ereduan diru-laguntzaren aurrerakina eskatzeko atala betetzen duten toki entitateen kasuan, diru-laguntza emateko ebazpenean erabakiko da emandako diru-laguntzaren %75 aurretik ordaintzea. Gainerako %25a diruz laguntzen den proiektua bukatutakoan ordainduko da, proiektua egin izanaren memoria, ondorioak eta egiaztagiriak aurkeztu eta gero.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2008ko abenduaren 12rako:

-Jardueren memoria, prestaturiko ereduaren araberakoa (2. eredua). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eta/edo Internet bidez jaso daiteke (www.cfnavarra.es).

-Diruz laguntzen den proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa, idazkariak, kontu-hartzaileak edo entitatearen fede publikoa duen pertsonak luzatutako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek gastua diruz lagundutako jarduerarako erabili dela frogatu beharko du.

-Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen gastu lagungarriak 12.000 eurotik gorakoak badira, toki entitateak egiaztatu beharko du haien hautapena eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela.

-Entitateak berak diruz lagundutako proiektuen finantziazioan parte hartu badu, edo beste diru-laguntza bat jaso badu, justifikazioarekin batera, diruz lagundutako proiektuan erabilitako funtsen zenbatekoa, jatorria eta xedea adierazi beharko dira.

3. Gastuak diruz laguntzen den zenbatekoan pentsatutakoa baino gutxiago baldin badira, horri dagokion partea itzuliko da edo, bestela, bidezko den diru kopurua kenduko da diru-laguntzaren bigarren pagamendutik.

4. Egiaztapenerako epea bete eta entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, egiaztapen betebeharra bete gabe geldituko dela ulertuko da, eta 11. arauan ezarritakoa aplikatu ahal izanen zaio.

9. araua.-Bateragarritasuna.

Deialdian arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

10. araua.-Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xedea bete, eta diruz lagundutako proiektua gauzatzea.

b) 2008ko abenduaren 12a baino lehen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diruz lagundutako proiektua egin eta diru-laguntzaren xedea bete dela.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

g) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, horietan eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da, honela:

-Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

-Testuan: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza.

Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutura betebehar horren froga dokumentala bidaliko da.

11. araua.-Ordainketak itzuli beharra.

1. Diruz lagundutako jarduera burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

2. Proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, justifikazioa deialdian ezarritako epean egiten ez bada, entitate onuradunak kobratu gabe utzi edo itzuli beharreko zenbatekoa irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Emandako diru-laguntza %15 murriztuko da, edo diru-kopuru horren zati bat itzuli beharko, 8.2 atalean eskatutako dokumentazioa abenduaren 12aren ondotik eta 2009ko urtarrilaren 12a baino lehen egiten bada.

b) Emandako diru-laguntzaren %100 itzuliko da, 8.2 atalean eskatutako dokumentazioa igorri ez edo 2009ko urtarrilaren 12aren ondotik aurkezten bada.

12. araua.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

13. araua.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta arauen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

14. araua.-Ordezko araudia.

Arauetan aurreikusi gabeko guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako arauetan xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F0805295