55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

137/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri zituen azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatu eta 2008ko laguntzen deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 478/2007 Foru Aginduaren bidez, teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri ziren, kooperatiben berregituraketaren esparruan, eta 2007ko deialdia onetsi zen.

Foru agindu honen bidez kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak 2008ko ekitaldian emateko deialdia egiten da eta azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatzen da, zenbait betebehar zehazteko eta epe batzuk doitzeko, hori guztia onuradunentzako berme judizialak handitzeko eta neurriaren kudeaketa hobetzeko.

Kooperatibak berregituratzeko esparrua Nafarroako nekazaritzako kooperatiben sektorea berregituratzeko Jarduketa Planean mugatu zen. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Gobernuaren erabaki horretan, gainera, Jarduketa Planean ezarritako neurriak gauzatzeko konpromiso ekonomikoak jasotzen dira, besteak beste, foru agindu honetan adierazitakoa.

Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak ekitaldian emateko arauak ezarri zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatzea foru agindu honen eranskinean agertzen den bezala.

2. Kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen 2008ko ekitaldiko deialdia onestea.

3. Eskaerak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasi eta 2008ko abenduaren 31n bukatuko da.

4. 200.000 euroko gastua baimentzea foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritzako kooperatibak berregituratzeko pizgarriak" izeneko 721000-72210-4701-413100 kontusailaren kontura eta 2012. urtera arteko aurrekontuetan ezartzen diren kontusailen kargura.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauen aldaketa

Bakarra.-Azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatzea.

1. 2. artikuluari hirugarren lerroaldea gehitu zaio. Hona testua:

"3. Kontratazio berriak programa berariazko batean aurreikusi beharko dira. Programan lanpostu bakoitzarentzat hitzemandako gehieneko kontratazio urteak finkatu beharko dira, baina kontratazioaldia bi urte baino gehiagokoa izanen da beti".

2. 3. artikuluko 2. lerroaldea aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"2. Bat-egite prozesu baten ondotik sortzen den entitateak gehienez lau urtez jasoko ditu laguntzak, entitate hori dagokion erregistroan inskribatzen den egunetik hiru hilabete igaro ondoren kontatzen hasita. Kooperatiben arteko akordioen kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da bakarrik".

3. 5. artikuluko c) atala aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"c) 2.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzemandako gehieneko kontratazio urteak zenbat diren horrenbeste iraungo du laguntzak. Nolanahi ere, lanpostu bakoitzerako laguntza lau urtez jasoko da gehienez".

4. 6.1. artikuluko e) atala aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"e) Kontratazio beharra justifikatzen duen memoria, lanbide profila, kontratatu beharreko langilearen jarduera esparrua eta hitzeman daitezkeen kontratazio urteen gehieneko kopurua, lanpostuz lanpostu".

5. 10.1.a) artikulua aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"1. Laguntza eman eta hurrengo urtetik hasi eta hitzemandakoari eutsi bitartean, urtero, abenduaren 1a baino lehen, entitate onuradunak honako agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Egindako gastuak eta dagozkion ordainketak frogatzen dituzten egiaztagiriak. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak, behin zigilatuta, itzultzen direnean".

6. 10. artikuluari laugarren lerroaldea gehitu zaio. Hona testua:

"4. Laguntzetarako ezarritako mugak diru-laguntza eman eta handik aurrerako urte osoetan aplikatzen direnez, bigarren urtetik aurrera, laguntzon ordainketa justifikatzeko, aurreko urte zibileko fakturak eta ordainagiriak aurkezten ahalko dira".

Iragarkiaren kodea: F0805535