46. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

88/2008 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2008. urtean Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuetan eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia onesten duena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak txosten bat egin du eta bertan adierazi komeni dela argitaratzea Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetan, 2008. urtean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia.

Hezkuntzaren garapenak hezkuntza jardueraren alderdi garrantzitsu hori kontuan hartzea eskatzen du, osagarria baita curriculum proiektuko eskola-ekintzetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetan 2008. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko ondotik doan deialdia onestea.

2. Gastuaren zenbatekoa, guztira 79.848 euro, "Eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea ikastetxe pribatuetan" izeneko 422000-42120-4811-322D00 kontusailaren kargura ordaintzea.

3. Deialdia eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Hezkuntza Garapenaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Aurrekontu eta Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 5ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatuetan 2008. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia

Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetan 2008. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak antolatzeko laguntzetarako deia egiten da.

Hezkuntza prozesu integralean garrantzi berezia ematen zaie ikastetxeetan bultzatu eta antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerei eta jarduera osagarriei, curriculum proiektu berean eskola-ekintzak osatzen baitituzte.

Prozesu horren lagungarri eta bultzagarri, Hezkuntza Departamentuak jendaurrera atera du Foru Komunitateko ikastetxe pribatuetan eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak 2008. urtean egiteko laguntzen deialdia, honako arau hauei jarraikiz:

ARAUAK

1. Deialdi honetan parte hartu ahalko dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak legez baimenduak dituen eta diru publikoa jasotzen duten Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuek.

Deialdi honen xedea da curriculum proiektu batean eskola-ekintzak osatzen laguntzea, hezkuntzaren garapenari begira, eta horretan sartzen dira eskola komunitateak antolatu eta ikasleak protagonista bihurtzen dituzten jarduerak (txango didaktikoak, antzerkia, zinema, abesbatzak, musika entzunaldiak, eskola aldizkariak, kirolak, arlo didaktikoekin zerikusia duten bestelako jarduerak, etab.), eskola orduetan nahiz eskola ordutik kanpo eginak.

Deialdi honetan parte hartzeko, nahitaezkoa da 2007an hartutako laguntzak justifikatu izana, behar zen moduan eta horretarako ezarritako epean.

2. Deialdi honetan parte hartzeko eskaera egiten duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A) Eskabidea, behar bezala betea, I. eranskineko ereduaren arabera. Horretan Eskola Kontseiluko buruak ziurtatu beharko du jarduerak Eskola Kontseiluak onetsi dituela eta urteko programazio orokorraren barnean daudela.

B) Laguntzen xede diren jarduera guztien azalpena, II. eranskineko ereduaren arabera.

C) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, III. eranskineko ereduaren arabera.

3. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bestelako bideren bat erabiliz aurkezten ahalko dira.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2008ko urtarrilaren 21ean bukatuko da.

Epez kanpo aurkezten diren eskaerak eta eranskinak behar bezala beteak ez dituztenak, edo datu faltsu nahiz ez-osoekin igortzen direnak, baztertu eginen dira.

Eskaerek 2. arauko baldintzak betetzen ez badituzte, interesdunei jakinaraziko zaie eta hamar eguneko epea emanen zaie, jakinarazi eta biharamunetik hasita, akatsak zuzentzeko.

Eskatutako agiriak aurkezterakoan, ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan hartzeko gomendioa ematen da, paperaren erabilera zentzuzkoagoa izan dadin, adibidez, paper birziklatua eta klororik gabe zuritutakoa erabiltzea eta bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.

5. Hezkuntza Departamentuak gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen du ebazpena deialdi honi buruz, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da eskaera ezetsi dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 23. artikuluan xedatu bezala.

6. Deialdia Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebatziko du, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak proposamena egin ondoren, prozeduraren instrukzio organoa den aldetik.

7. Hartarako eratuko den batzorde batek aurkezten diren eskaera guztiak aztertuko ditu, eta deialdiaren 8. arauan aipatzen diren banaketa irizpideak egoki betetzen diren ala ez begiratuko du. Ondoren esleipen proposamena eginen dio organo instruktoreari.

Batzorde hori ondoko hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Hezkuntza Garapenaren Ataleko burua.

Batzordeko kideak:

Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoko burua.

Ikastetxeen ordezkari bat, eskaera egin duten ikastetxeetako zuzendarien artean zozketa bidez aukeratu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: -Curriculum-diseinurako Bulegoko burua.

8. Eskaera egin duen ikastetxe bakoitzari eman beharreko laguntza zehazteko, Batzordeak honako hauek hartuko ditu kontuan: onartutako eskabideen kopurua, ikastetxeko ikasle kopurua, ikasleen ezaugarri geografikoak eta sozio-ekonomikoak eta aurkeztutako proiektuen kopurua, kalitatea eta interesgarritasuna.

Horretarako, ondoko banaketa irizpideei jarraikiko zaie:

A) Esleituriko zenbateko osoaren %17 onartzen diren eskaeren artean banatuko da; eskaera guztiei zenbateko bera emanen zaie.

B) Zenbateko osoaren %42 proportzionalki banatuko da, ikastetxeko ikasleen kopuruaren arabera.

C) Zenbateko osoaren %3,5 proportzionalki banatuko da, ikastetxe bakoitzean dauden egoera ekonomiko ahuleko familietako ikasle kopuruaren arabera. Horretarako, kontuan hartuko dira departamentu honetan dauden datuak.

D) Zenbateko osoaren %3,5, ikastetxeen arteko desberdintasun geografikoak konpentsatzeko.

E) Gelditzen den %34a, aurkeztutako eta onartutako jardueren arabera banatuko da, deialdi honetako 9. eta 10. arauetan ezarritakoari jarraikiz.

9. Aurkeztutako jarduerak baloratzerakoan, eskola komunitateak antolatu eta ikasleak protagonista bihurtzen dituzten jarduera guztiak hartuko dira kontuan (txango didaktikoak, antzerkia, zinea, abesbatzak, musika entzunaldiak, eskola aldizkariak, kirolak, arlo didaktikoekin zerikusia duten bestelako jarduerak, etab.), eskola orduetan nahiz eskola ordutik kanpo eginak, baldin eta hurrengo atalean bazter uzten ez badira.

Lehentasuna izanen dute honako gai hauei buruzko edukinak lantzen dituzten jarduerak: berdintasunerako eta bizikidetza baketsurako hezkuntza, ingurumen-hezkuntza, osasuna, bide hezkuntza eta kontsumo arduratsua.

10. Deialdi honetan ez dute lekurik izanen ondoko hauek:

A) Ikastetxeko urteko programazio orokorraren barrenean sartuta ez dauden eta/edo Eskola Kontseiluak onartzen ez dituen jarduerak.

B) Departamentu honen edo beste erakunde publikoren baten deialdiaren bidez laguntza jaso duten jarduerak.

C) Ohiko ikastorduak gehitzea ekartzen duten jarduerak.

D) "Ikasketa bidaiak" eta egun bat baino gehiago irauten duten jarduerak, egonaldiak edo bidaiak.

E) Material inbentariagarria erostea.

F) Atzerriko hizkuntzei lotuta dauden eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak, departamentu honek horretarako deialdi berariazkoa egiten duelako.

11. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du deialdi honen ebazpena eta bertan adieraziko du zer ikastetxe diren laguntza hauen onuradunak, zenbana ordainduko zaien eta zer ikastetxe baztertu diren, halakorik bada, eta zergatik.

12. Ikastetxe bakoitzari ematen zaion dirua epe bakar batean ordainduko da, esleitzen duen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren. Ordainketa hori aurrerakin moduan eginen da, eta onartutako betebeharrei erantzuteko dauden funtsen eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimenaren menpe egonen da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

13. Laguntza hauen onuradunek 2008ko abenduaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko dituzte egindako gastuak frogatzen dituzten jatorrizko agiri edo fakturak, eta horietan zehazten den zenbatekoa ez da laguntzarena baino txikiagoa izanen. Halaber, dirua zer jardueratan erabili den adieraziko da.

14. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako argibide osagarriak eskatu eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

15. Arau hauek hautsiz gero, emandako laguntza bertan behera geldituko da eta harturiko dirua itzuli beharko da, eta hurrengo deialdian parte hartzeko eskubidea galtzea ekar lezake, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa galarazi gabe.

16. Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu, jendaurrean jarri edo jakinarazten denetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntza eskaera. Ikastetxe pribatuak. 2008. urtea

Ikastetxea:

Helbidea: ........................ Herria:

Telefonoa: .................................. P.K.:

I.F.K.:

Ikasturte honetako ikasle taldeen kopurua:

Ikasturte honetako ikasleen kopurua:

Ematen diren hezkuntza mailak:

Goian aipatu datuak dituen ikastetxe honek eskatzen du 2008an ikastetxe pribatuetan eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ematen dituen laguntzen deialdian parte hartzea.

Ikastetxeak bere erantzukizunpean aitortzen du ez duela debekaturik laguntzen onuradun izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren arabera.

Ikastetxeko Eskola Kontseiluak, eta bere izenean kontseiluburua denak, ziurtatzen du jarduera hauek kontseilukideen gehiengoaren onespena jaso dutela eta ikastetxearen urteko programazio orokorraren barrenean sarturik daudela.

...........(e)n, 2008ko..........aren ......(e)an.

Eskola Kontseiluko burua

(Sinadura eta zigilua)

II. ERANSKINA

Jarduera edo bidaien azalpen-txostena

Jarduera/bidaia:

Zein mailatarako den:

Ikasle kopurua:

Lortu nahi diren helburuak:

Noiz egin:

Joan-etorrian zenbat kilometro:

Arduradunaren izena:

Gastuen aurrekontua:

1.- Zenbatekoa:

2.- Zenbatekoa:

3.- Zenbatekoa:

Guztira:

Oharrak:

(Oharra: bete ezazue bat jarduera edo bidaia bakoitzeko)

III. ERANSKINA

Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdian aurkeztutako jarduera eta bidaien zerrenda laburtua. Ikastetxe pribatuak. 2008. urtea

1.- Zenbatekoa:

2.- Zenbatekoa:

3.- Zenbatekoa:

4.- Zenbatekoa:

5.- Zenbatekoa:

6.- Zenbatekoa:

7.- Zenbatekoa:

8.- Zenbatekoa:

9.- Zenbatekoa:

10.- Zenbatekoa:

11.- Zenbatekoa:

12.- Zenbatekoa:

13.- Zenbatekoa:

14.- Zenbatekoa:

15.- Zenbatekoa:

Guztira:

...........(e)n, 2008ko ...........aren .........(e)an.

Eskola Kontseiluko burua

(Sinadura eta zigilua)

Iragarkiaren kodea: F0804141