46. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

91/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emandako otsailaren 12ko 36/2007 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez galtzeko zorian dauden arraza autoktokoak babesteko eta sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren otsailaren 12ko 36/2007 Foru Aginduaren bidez, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri dira.

2007ko ekitaldian laguntzak kudeatuta, ikusi da beharrezkoa dela 36/2007 Foru Aginduko arauak aldatzea, zenbait alderdi zehazteko.

Horiek horrela, abeltegiko abere errolda egiteko datak finkatu behar dira, %80 ALU izateko konpromisoari eusteko. Halaber, 2008ko kanpainarako egiten diren eskaerei dagokienez, laguntza emateko beharrezkoa izanen da abereak Nafar Kastaren Erregistro Genealogikoan behin betiko onartzea, beharrezko proba guztiak egin ondoren.

Komenigarritzat jotzen da laguntza berrien zenbatekoa mugatzea, laguntzaren zenbatekoa abeltegiaren tamainaren arabera mailakatuz. ALUetarako laguntza eskatu bada eta horiek berek abeltzaintza ekologikorako laguntza jaso behar badute, komenigarritzat jotzen da galtzeko zorian dauden arrazetarako laguntzen zenbatekoa murriztea.

Bestalde, galtzeko zorian dauden arrazetarako laguntzak zenbait arrazetako ugalketarako emeentzat dira ("Nafarroako Zaldikoa", "Auritz", "Betizu", "Nafar Kasta" eta "Sasi Ardi"). Bada, ernalketarako arrak ere diruz lagundu behar dira, eta, haragitarako edo zezenketetarako arretatik bereizteko, komeni da abere taldean diruz laguntzen ahal diren arren gehienezko portzentajea ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Aldatu da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren otsailaren 12ko 36/2007 Foru Agindua, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duena. Honelaxe aldatu da:

a) 5. artikuluari 3., 4., 5., 6. eta 7. artikuluak erantsiko zaizkio:

"3. Soilik kontuan hartuko dira dagokion arrazaren liburu genealogikoaren erregistro ofizialean jaso eta ugalketarako diren abereak, edo etorkizunean ugalketarako izanen direnak. ALUak zenbatzeko eme guztiak hartuko dira kontuan, eta, gainera, 0tik 30era arteko eme taldeetan ar 1, 31tik 60era arteko eme taldeetan 2 ar, 61etik 90era arteko eme taldeetan 3 ar, eta 90etik gorako eme taldeetan 4 ar.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea bukatu eta ondoko lehenbiziko bost hilabeteetako bakoitzaren lehen lanegunean zenbatutako ALUen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da.

4. Laguntza kalkulatzeko, abeltegiko ALUen guztizkoa honela murriztuko da, abeltegiko ALU kopuruaren arabera:

a) Lehenbiziko 40 ALUak bider 1 eginen da.

b) 40 ALUtik gora eta 80 edo gutxiagoren ?arteko tartea bider 0,6 eginen da.

c) 80 ALUtik gorako tartea bider 0,3 eginen da.

5. Titularra pertsona juridikoa denean, primaren zenbatekoa kalkulatzeko, honela kalkulatuko da ALU kopurua: ALU guztiak bazkide guztien artean banatuko dira, sozietatean duten parte-hartzearen proportzioaren arabera, eta bazkide guztien ALUen batuketa izanen da ALUen guztizkoa. Bazkide bakoitzaren ALU kopurua kalkulatzeko 4. puntuan azaldutako tarteen murrizketak aplikatuko dira.

6. Eskatzaileak abeltzaintza ekologikorako laguntzak esleituak baldin baditu, eta emakida horren kalkuluaren arabera abere dentsitatea bat baino handiagoa baldin bada, arestiko atalak aplikatzearen ondorioz sortzen den galtzeko zorian dauden arrazetako ALU kopuruari honako hauek emanen zaizkio:

a) Laguntza honetarako eskatutako hektarea kopurua gainditzen duten abeltzaintza ekologikoko ALUei zenbateko unitario osoa.

b) %0,2 gainerakoei.

7. Eskatzaileak abeltzaintza ekologikorako laguntzak esleituak baditu eta esleitze horren kalkuluan abere dentsitatea batekoa edo gutxiagokoa baldin bada, galtzeko zorian dauden arrazetako ALU guztiei zenbateko unitarioa bider 0,2 emanen zaie.

b) 6. artikuluko 2. atala aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"2. Eskaera egindako urte bakoitzean baliozkotutako ALUen gainean kalkulatutako da laguntza, 5. artikuluan azaldutako prozedurarekin bat, eta ezin izanen da gainditu lehenbiziko urtean emandako zenbatekoa."

c) 7. bis artikulua gehitu da:

"7. bis artikulua. Konpromisoak zabaltzea.

1. Urteroko laguntzen eskaera bakarraren deialdian konpromisoak zabaltzea onartzen ahalko da.

2. Konpromisoen zabaltzeko deialdia egiten den ekitaldietan, emakidaren zenbatekoa handitzeko eskatzen ahalko da, konpromisoko gainerako aldirako, betiere hasierako emakidatik ALUak %10 gehitzen badira gutxienez, eta 2 ALU gehiago bederen. Titular horientzat beste emakida bat onetsiko da bost urterako, foru agindu honek aldatu duen 36/2007 Foru Aginduaren 5. artikuluko arauekin bat."

Xedapen gehigarri bakarra.-Nafar Kasta arraza.

Nafar Kastaren kasuan, eta 2008. urteko kanpainaren deialdiko laguntza emateari dagokionez, ALU kopurua 5. artikukuko 3. atalean azaldutako prozeduraren arabera kalkulatuko da, Nafar Kastaren Erregistro Genealogikoan behin betiko onartutako ALUekin.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko martxoaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0804732