46. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ANTZIN

Ordenantza, Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziak arautzen dituena

Antzingo Udalak, 2007ko abenduaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziak arautzen dituen ordenantzako aldaketa. Iragarkia 2008ko urtarrilaren 18ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik jendaurreko epea inolako erreklamaziorik gabe iragan denez, behin betiko onetsitzat jo beharra dago.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Antzinen, 2008ko martxoaren 12an.-Alkatea, Javier Ibáñez Iriarte.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRILURRETAKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren babesean.

2. artikulua. Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupean ondoko aprobetxamendu edo erabilera pribatiboetarik edozein egitea da zergapeko egintza:

1.-Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.

2.-Irabazteko xedearekin mahaiak eta aulkiak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

3.-Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.

4.-Hegalkina garabiekin eta gisako instalazioekin okupatzea..

5.-Erabilera publikoko zorupea okupatzea.

3. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak jasotzen dituztenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe ere Udalean haren baja aurkezten ez dutenak.

4. artikulua. Ordenantza honetako ordainarazpenaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako zoru, hegalkin edo zorupe publikoaren luze-zabalak hartuko dira kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

Nolanahi ere, bizilagunen gehiengoari edo zati handi bati eragiten dioten hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresentzat, tasaren zenbatekoa udal mugapean urtean fakturatzen duten dirusarrera gordinaren portzentaje bat izanen da aplikatuko den tarifa; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 105.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, betiere 4/1999 Foru Legeko idazketaren arabera.

5. artikulua. 1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

2. Kalteak konponezinak badira, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari.

Udalak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

6. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

7. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den prezio publikoa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke, baimena lortzeko has daitekeen espediente administratiboa ukatu gabe.

8. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduak behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta aulkiekin okupatzeari dagokionez, Udalak balio gabe utzi dezake baimena edo aldi baterako kendu, bidezko arrazoiak, obrak, konponketak eta abar badaude, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea beste beharkizunik ez du izanen.

9. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bertzelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Toki Ogasunei buruzko Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Udalak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den bertze edozergatik sortutako gastuak jabearen bizkar geldituko dira.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

EREMU PUBLIKOKO ETA HERRILURRETAKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEKO APROBETXAMENDU BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAKO ZENBATEKOEN ERANSKINA

-Ostalaritzako establezimenduei atxikitako ostatu-barrak:

Herriko bestetan edo udalerrian ospatzen diren bertze jai batzuetan baizik ez dira paratzen ahalko, eta halakoetan ere gehienez ere bat.

-Metro koadro edo zatiki bakoitzeko, 60 euro.

Barra establezimenduaren barnean paratzen bada, baina eremu publikoan dauden bezeroei zerbitzatzen bazaie. Kanpoaldean dagoen barraren metro lineal bakoitzeko, 60 euro.

-Edariak saltzeko etxolak. Herriko bestetan edo udalerrian ospatzen diren bertze jai batzuetan baizik ez dira paratzen ahalko, eta halakoetan ere gehienez ere bi, Udalak horretarako erraten duen tokian. Horren esleipena egiteko, enkante publikoaren deialdia eginen da, publizitate eta lehiakortasun printzipioei loturik, eta Udalak baldintza partikularrak zehaztuko ditu, behar den baldintza-orrian.

Zenbatekoa: 4.000 euro, eta gehienez ere 32 m².

-Izozkiak eta edariak saltzeko kioskoak. Gehienez ere bat baizik ez da paratzen ahalko, uda partean, Udalak esaten duen tokian. Horren esleipena egiteko, enkante publikoaren deialdia eginen da, publizitate eta lehiakortasun printzipioei loturik, eta Udalak baldintza partikularrak zehaztuko ditu, behar den baldintza-orrian.

-Metro koadro edo zatiki bakoitzeko, 75 euro.

-Mahaiak, aulkiak eta mahaitxoak:

-Metro koadro edo zatiki bakoitzeko, urtean, 10 euro.

-Merkatu txikiak, azoka txikiak, eta abar:

-Metro koadro edo zatiki bakoitzeko, egunean, 2 euro.

-Zorua okupatzea material, obra-hondakin, garabi, edukiontzi eta abarrekin, metro koadro edo zatiki bakoitzeko:

-Okupazioa, egunean, lehenbiziko 30 egunean: 0,5 euro.

-Okupazioa, egunean, 31 egunetik goiti, egunean, 0,75 euros.

Ibilgailuei bidea osotara ixten bazaie karrika batean barna, kuotak 0,50 euro handituko dira.

-Zorua beste jarduera ekonomiko batzuetarako okupatzea, 10 metro koadro edo zatiki bakoitzeko:

-Okupazioa, egunean, lehenbiziko 30 egunean: 1,70 euro.

-Okupazioa, egunean, 31 egunetik goiti, egunean, 2,20 euro.

-Bestetako jolaskizunak:

-Tiro etxola: 100 euro besta guztietarako.

-Ohe elastikoak: 100 euro besta guztietarako.

-Dardo jaurtiketa: 6 euro metro koadroko, besta guztietarako.

-Litxarrerien salmenta: 40 euro besta guztietarako.

-Izozkien salmenta: 60 euro besta guztietarako.

-Aitzineko ataletan sartu ez diren bertze batzuk: 6 euro metro koadroko, besta guztietarako.

-Zorupearen aprobetxamendu berezia:

-Erregaien biltontziak, urteko kuota: 500 euro.

-Gasa banatzeko sare nagusien instalazio eta aprobetxamenduengatik izanen den gutieneko kuota, metro lineal bakoitzeko, urtean: euro bat.

Iragarkiaren kodea: L0804445