46. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

140/2008 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 8Mw-ko eguzki-parke fotovoltaikoa egiteko Ablitasko udalerriko 5. poligonoko 1576. lurzatitik 1583. lurzatira eta 1587. lurzatitik 1641. lurzatira (guztira 38 ha-ko azalera okupatuko du). Parkea Singula Energías Renovables, S.L.-k sustatu du eta hauei dagokie: Promociones Fotovoltaicas Juglans (2 Mw), Promociones Fotovoltaicas Juniperus (2 Mw), Promociones Fotovoltaicas Laurus (2 Mw) eta Promociones Fotovoltaicas Pinus (2 Mw).

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

2007ko urriaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 21ean eman zuen 471/2007 Ebazpenaren bidez, Ablitasen "Ablitas 2" izeneko eguzki-parke fotovoltaikoa jartzeko espedientea, Singula Energías Renovables, S.L.-k sustatua, jendaurrean jarri zen.

Jendaurreko aldian, Gurelur, Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkarteak aurkeztutako ingurumenari buruzko alegazio bat jaso da. Haren edukia eta erantzuna ebazpen honen eranskinean ageri dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 8Mw-ko eguzki-parke fotovoltaikoa egiteko Ablitasko udalerriko 5. poligonoko 1576. lurzatitik 1583. lurzatira eta 1587. lurzatitik 1641. lurzatira (guztira 38 ha-ko azalera okupatuko du). Parkea Singula Energías Renovables, S.L.-k sustatu du eta hauei dagokie: Promociones Fotovoltaicas Juglans (2 Mw), Promociones Fotovoltaicas Juniperus (2 Mw), Promociones Fotovoltaicas Laurus (2 Mw) eta Promociones Fotovoltaicas Pinus (2 Mw).

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Elektrizitatea ateratzeko linea lurpekoa izanen da, Ingurumen ukipenetarako azterlanaren I. eranskinean ageri den trazadurarekin bat.

-Inguruko hesia ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako nahikoa toki utzi beharko da (20 zentimetro inguru).

-Obra bukatutakoan, lurrraren landare tratamendua eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarria izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira, Ingurumen ukipenetarako azterlanean zehaztutako hazi nahasketa erabiliz.

-Ukituko dira, bakarrik, zimentazioak eta kanalizazioak egin ahal izateko ezinbestean ukitu behar diren eremuak; ahalik eta lur mugimendu gutxien egin beharko da eta ez da inguruko topografia aldatuko.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), baldintza hauekin:

-Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du, inguruan dituen bide publiko guztiekin.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

-Panelak kokatu eta antolatzean, kontu handiz ibiliko da inguruko paisaiarekin, ikusizko eragina kontuan hartuz, hartara ahalik eta hobekin egokitzeko.

-Eguzki-sorgailuak jarriko diren lurren inguru osoan landare-hesi bat jarri beharko da, eta landare autoktonoak sartuko dira.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 60.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanak hasi baino lehen, fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, obrek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkezteko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Ablitasko Udalari, alegaziogileari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 10ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

1. ERANSKINA

Jendaurrean paratzeko tramitea

Gurelur elkarteak aurkeztutako alegazioak

1. alegazioa.

Alegaziogileak eskatu du proiektua ez dadila onartu, harik eta faunanaren gaineko eraginei buruzko ganorazko azterlana egin arte. Bertan aztertu beharko lirateke beren habiak egiteko, jateko eta negua igarotzeko lekuak aldaketen eta andeaketen kontra legez babestuta dituzten espezieak.

Erantzuna:

Ingurumen ukipenetarako azterlanean, faunaren azterketa egokia egin da, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian eskura dagoen informazio guztia kontuan hartuta.

2. alegazioa:

Alegazioak azpimarratzen du gure erkidegoan eguzki-energiaren garapenari buruzko araudia urratu dela, ez baitira saihestu edozein landaredi motaren gaineko okupazioak. Ukitzen diren lurzati batzuek landaredi naturala dute, beste batzuek zuhaitzak dituzte eta, gainera, Carraborja bidea ere ukitzen da. Hesiak ez du hiru metroko bide-zorra inguruan dituen bide publiko guztiekin.

Erantzuna:

Ingurumen zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 197/2007 Ebazpenak ezartzen duenez, ustiapen fotovoltaikoak ekoizpen txikiko laborantza lurretan eginen dira (ahal dela lehorreko lur estentsiboetan), eta ez landarediz estalitako lurretan. Ebazpen haren bidez, 2005-2010 urteetako Nafarroako Energia Planaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen; planaren sustatzailea Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentua da. Laboreak okupatzen dira. Hortaz, kokalekuak 197/2007 Ebazpenean zehazten diren baldintzak betetzen ditu. Carraborja bidea azkenean ukitzen bada, berriro jarriko da baldintza berberetan.

Mugakide diren bide publiko guztien bide-zorraren distantzia errespetatzeari dagokionez, proiektuak 3 m-ko bide-zorrak errespetatzen ditu, eta halaxe eginen da proiektua gauzatu bitartean.

3. alegazioa:

Alegatzaileak Ingurumen ukipenetarako azterlana (aurrerantzean IUA) ez onartzeko eskatu du. Haren iritziz, aurkeztu den agiriak ez ditu betetzen 64/2006 Foru Aginduan ezarritako baldintzak, azterlanaren atal batzuk eta proiektuari buruzko datu batzuk falta direlako edo behar bezalakoak ez direlako: hautabideak, ingurumen inbentarioa, paisaiaren gaineko eraginaren azterlana, lehengoratze neurriak, lurraren malda.

Erantzuna:

IUAk legez eskatzen diren atal guztiak ditu, eta hautatu den antolabidearen justifikazioa ere ematen du "Kokalekuaren egokitasuna" izenburuko puntuan; hor aztertzen da nola betetzen diren energia fotovoltaikoko instalazioetarako bi arau berariazkoenak: 197/2007 Ebazpena, Nafarroako Energia Planaren Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena, eta 64/2006 Foru Agindua. Ingurumen ukipenetarako azterlana egiteak bide eman du kokalekua egokia dela baieztatzeko, emandako xedapenak betetzen baititu.

Izan ere, parkeak betetzen ditu Energia Planaren IEAk eguzki- energia fotovoltaikoko instalazioen ingurumen eraginak murrizteko ezarritako baldintzak. Ez ditu 50 hektarea baino gehiago hartzen eta lehorreko laborantza estentsiboko lurretan kokatu da, landaredi naturaleko gunerik okupatu gabe, salbu eta soro ertz txikiak, bide ertzak, lugorri utzitako finkaren bat, etab. Ukitutako lurrak batez beste %5eko malda du, eta ez da inolako lur erauzketarik ez berdinketarik eginen plakak instalatzeko. Kokatuko den lekuan, parkea ez da nabarmenduko inguruko erliebean. Barneko eta kanpoko linea elektrikoak lurpetik joanen dira.

Halaber, parkeak betetzen ditu 64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluan (Kokaleku egokiak) ezarritako irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako xedapenak. Foru agindu horrek irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak ezartzen ditu, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko.

4. alegazioa:

Alegazioan parkeko hesia debekatzeko eskatu da, ehizarako hesi baten parekoa delako eta horrelako itxiturak debekaturik daudelako ehiza eta arrantzari buruzko foru legerian.

Erantzuna:

Itxiturako sareak neurri ertain eta txikiko animaliak pasatzeko moduko begiak izanen ditu, eta animaliak pasatzeko egokia den ikusteko beharrezko jarrraipena eginen da.

Iragarkiaren kodea: F0804390