19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, ekonomialari lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2008ko urtarrilaren 16an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

Lehendabizikoa.-Deialdia egiten da, ekonomialari lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, betiere Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Bigarrena.-Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko izatea, B, C, D edo E maila edo taldekoa.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Ekonomiako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatura edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta prestakuntzak diraueino.

Hirugarrena.-Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

3.1. Proba teoriko edo/eta praktiko baten edo batzuen bidez eginen da hautaketa, deialdiko II. eranskinean bildutako gai-zerrendarekin lotutakoak betiere.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

3.2. Ariketaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia, hau da, 25 puntu gutxienez, lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

3.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertuko dira.

Laugarrena.-Prestakuntzarako izangaiendako deia.

Izangaiendako deia eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa indarra duen legerian ezarritakoaren arabera eginen da.

Bostgarrena.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.-Eskabideak.

6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Merkatuko kalean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Merkatuko kalean, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan adieraziko da zein espezialitatetan hartzen den parte.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Era berean, parte hartzeko eskabideari erantsi beharko diote baldintza gisa eskatutako tituluaren fotokopia.

Aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenek ezin izanen dute deialdian parte hartu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Zazpigarrena.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak jendaurrera aterako du ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plazan, Udaletxearen gibelaldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Zortzigarrena.-Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, ebazpen honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena.-Epaimahaia.

9.1. Espezialitate bakoitzeko epaimahai bat eratuko da, ondoko kideek osatua. Espezialitate bakoitzean onartutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean finkatuko da haien behin betiko osaera:

Mahaiburua: Iñigo Huarte Huarte jauna, Toki Ogasuneko Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Francisco Javier Bernabeu Llovet jauna, diruzaina.

Mahaikidea: María Angeles Arrula Ruiz andrea, ekonomialaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, orotariko batzorde paritarioetan diharduten sindikatuek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Nuria Larráyoz Ilundain andrea, Toki Ogasuneko Alorreko zuzendari teknikoa.

9.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Lehendakaritza Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

9.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

9.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen arauak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

Hamargarrena.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

10.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian probak gainditu eta prestakuntzarako egoera berezian dauden izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

10.2. Puntuetan berdinketarik gertatuz gero, kasuan kasuko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa Lehendakaritzako Alorrean eginen da eta bertara deituko zaie ukitutako izangaiei.

Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 16an.-Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................... adinez nagusi. NAN/nortasun agiria: ........ Jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ Jaioterria (udalerria, probintzia): ............. Nazionalitatea: ................ Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............ Posta kodea/herria: ............................. Telefonoa: ............ sakelarko telefonoa: ..................

AZALTZEN DUT:

Deialdian eskatzen den titulua badudala, eta oraingo jarduneko egoerarako dudanetik ezberdina dela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

ESKATZEN DUT:

f Onartua izatea ekonomialari lanpostuetan eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian, ......... eguneko ... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak Udalak hautapen prozeduran dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9; 31001 Iruña).

Iruñean, 200.......(e)ko ...................aren .......(e)an.

(Sinadura)

Oharra.-Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen den titulazioaren fotokopia ekarri.

II. ERANSKINA

1. gaia.-Tributuen antolamenduaren printzipio orokorrak. Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Helbide fiskala. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak. Zerga-oinarria. Kontzeptua eta zehaztapen araubideak. Likidazio oinarria. Karga-tasa. Tributu zorra. Tributu zorraren ordainketa. Preskripzioa. Tributu zorra iraungitzeko bertze modu batzuk. Tributu kredituaren bermeak.

2. gaia.-Nafarroako toki ogasunen baliabideak (I). Tributuz bertzeko dirusarrerak: berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Herrilurretako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bertzelako prestazioak.

3. gaia.-Nafarroako toki ogasunen baliabideak (II). Tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak, prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

4. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunen zergak (I). Lurraldearen gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Lurren balio igoeraren gaineko zerga.

5. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunen zergak (II). Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: luxuzko gastuen gaineko zerga. Etxebizitza hutsen gaineko zerga.

6. gaia.-Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Isiltasun administratiboa.

7. gaia.-Finantza eragiketa bakunak eta konposatuak; kapitalizazioa eta deskontua. Maileguak. Amortizazio sistemak: errenboltsu bakarra, amortizazio kuota iraunkorra, urteko sari iraunkorra, aritmetikoki eta geometrikoki handituz doazen urteko sariak.

Iragarkiaren kodea: L0801096