19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

21/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 24koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitatearen sarirako dei egiten duena.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu horrek gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen kalitatearen hobekuntza sustatzeko gaitasuna esleitu zion departamentuari, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedaturikoaren barruan lortu beharreko helbururik garrantzitsuenetariko bat da eta.

Departamentu horren eskumena burutzeko asmoz, bereziki zahar-etxeetan zaintzen diren pertsonendako gizarte ekintzak, hezkuntza eta kultura garatzea xede duen "Tomas y Lydia Recari García" Fundazioarekin elkarlanean, Nafarroako ongintza, gizarte eta erlijio erakundeek diruz lagundurik, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitatearen sarirako dei egin da. Sari hori urtero banatuko da.

Gizarte zerbitzuen kalitatea orotariko kontzeptutzat hartu behar da, zahar-etxeen kudeaketaren eraginkortasuna eta langileen enpleguaren kalitatea ez ezik, pertsonendako laguntzaren kalitatea ere biltzen baitu, alegia, pertsonaren beraren oinarrizko eta funtsezko kontuak ardatz dituzten estandar batzuetan oinarrituriko bizi kalitatea, hala nola, ongizate fisikoa eta emozionala eta legeek pertsona guztiei aitortzen dizkieten eskubideen erabilera.

Horrexegatik, sariaren hurrengo edizioetan zahar-etxeen kudeaketaren kalitatea edo sektoreko enpleguaren kalitatea lehents balitez ere, lehen edizio honetan pertsonendako laguntzan oinarrituriko bizi kalitatea sustatu nahi izan da, bi helburu nagusi lortzeko asmoz. Alde batetik, gizarte zerbitzuak darabiltzatenei laguntzeko praktika egokiak sustatu nahi dira, haien bizi kalitatean eragiteko. Izan ere, gizarte zerbitzuen laguntza hartzen dutenak, direla pertsona edadetuak, ezgaitasunak dituztenak, gizartetik bazterturik gelditzeko arriskuan daudenak, babesik gabeko adingabeak edo genero bortizkeriaren biktimak, lehenik eta behin, funtsezko eskubideak dauzkaten pertsonak dira eta pertsona horiei gizarte laguntza eman behar zaie, haien beharrekin bat datorrena, haien bizitza atseginagoa, osasungarriagoa eta, pertsonak diren aldetik, duinagoa izan dadin. Horren helburua pertsonei eman beharreko laguntzan oinarrituriko praktika egokiak zabaldu eta iragartzea da, beste esparru batzuetara eraman daitezen eta beste entitate batzuendako akuilutako balio izan dezaten, antzeko ekimenak aurrera eramateko.

Halaber, sari honen bidez esan denarekin bat datozen praktika egokiak burutzen dituzten entitateen lanari eta ahaleginei esker ona eman nahi zaie, egunero gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzen diharduten horiei, hain zuzen ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitatearen sarirako dei egitea, ondoren ematen diren arauei jarraituz.

2. 2008rako luzaturiko 2007ko aurrekontuko "Beka, ikerketa proiektu eta publizitaterako transferentziak" izeneko 900001 91400 4809 231000 kontusailetik 6.000 euroko gastua baimentzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 24an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ARAUAK

1.-Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen kalitatearen sariaren bidez Nafarroan gizarte zerbitzuetan diharduten entitateak saritu nahi dira, gizarte zerbitzuak darabiltzatenei lagundu eta haien bizi kalitatea hobetzeko praktika egokiak burutu dituztenak, hain zuzen ere.

2.-Hartzaileak.

Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen esparruan entitate publiko eta pribatuek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, irabazi asmoa dutela edo ez, mendekotasun arloan (hirugarren adinean eta ezgaitasunetan), gizarteratzean, adingabeen arloan eta genero bortizkerian ari badira.

3.-Sariak.

-6.000 euro emanen dira sariarekin eta logotipoaren erreprodukzioarekin batera.

-Gainera, akzesit bat ematen ahalko zaio aitorpen hori merezi duen hautagaiari, irabazlearen ondoren hobekien baloratzen denari, sariaren logotipoaren erreprodukzioa eta 3.000 euro bilduko dituena.

4.-Hautagaiak aurkeztea.

Lehian parte hartu nahi duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2008ko ekainaren 1a baino lehen:

a) Azalpen-memoria bat, datu hauek edukiko dituena:

I.-Entitate parte-hartzailearen azalpen laburra eta haren jarduera.

II.-Helburuen, hobetu beharreko arloen eta buruturiko praktika egokien metodologiaren azalpena.

III.-Praktikak burutzeko erabili diren baliabideak.

IV.-Hobekuntzak eta horiek baloratzeko erabili diren adierazleak.

V.-Memoria A-4 formatuan aurkeztuko da, lerroarte bakunean idatziak, "Arial" letran, 11 tamainan, alde bakar batetik, eta euskarri informatikoan (Word formatuan). 20 orriko luzera izanen du gehienez.

VI.-Hautagiak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko González Tablas kalean. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako baliabideen bidez ere aurkez daitezke.

b) Saritzen diren praktika egokiak erreproduzitu eta hedatzeko baimena, ziurtatua.

Beste sari batzuetan sarituriko praktikak ez dira aintzakotzat hartuko.

5.-Epaimahaia.

1. Gizartean ez ezik kalitatearen eta gizarte zerbitzuen arloan izen ona duten pertsonek osatuko du epaimahaia. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusia eta "Tomas y Lydia Recari García" Fundazioa ados daudela izendatuko dira mahaikideak eta horietariko bat izanen da mahaiburua. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria eta "Tomás y Lydia Recari García" Fundazioko kide bat izanen dira mahaikide.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria arituko da idazkari lanetan. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Epaimahiaren osaera haren erabakiarekin batera argitaratuko da.

2. Epaimahaiaren jardunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Epaimahaiak hautagaiak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei eta hautagai diren entitateak bisitatzen ahalko ditu.

4. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoak biltzen ahalko ditu.

6.-Balorazio irizpideak.

Aurkezten diren izangaiak baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

1. Erabiltzaileei laguntzeko gizarte zerbitzuak ematen dituzten entitateek buruturiko praktika egokien ardatzak honako hauek izatea:

-Ongizate emozionala (segurtasuna, zoriona, estresik eza...).

-Norberaren garapena (prestakuntza, gaitasunak...).

-Gizarteratzea (gizartean parte hartzea...).

-Pertsonen arteko harremanak (intimitatea, familia, lagunak...).

-Ongizate fisikoa (osasuna, mugikortasuna, nutrizioa, aisialdia...).

-Eskubideak (herritar guztiei aitorturiko eskubide eta askatasunak).

-Ongizate materiala (jabetza ahalbidetzen duena, norberaren gauzen segurtasuna...).

-Autonomia (aukerak, erabakiak...).

2. Praktika egoki horiek beste gizarte zerbitzu batzuetan burutzeko aukera.

3. Baloratu beharreko praktika egokiek eragina izan duteneko 1. irizpidean aipatzen diren kontuen kopurua.

4. Epe luzera ebaluatzen ahal diren emaitzak lortzea.

5. Aurkezten den proposamenaren berritasuna.

6. Interesgarritzat jotzen den beste edozein kontu.

7.-Sarien publizitatea.

Epaimahaiaren erabakia 2008ko lehen seihilekoan argitaratuko dira eta sariak urte horretako bigarren seihilekoan banatuko dira.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emanen du ofizialki saria, foru agindu baten bidez. Saria interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak sariak eta saridunak ohiko hedabideetan eta espezializatuetan sustatzeko ahaleginak eginen ditu.

8.-Administrazioaren konpromisoak.

Sariketan parte hartzen dutenek isiltasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, telefonoz eta posta elektronikoaren bidez jakinaraziko ditu argibideak deialdiaren arauez.

9.-Deialdiaren onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar arauak osorik onartzea eta aurkezten diren lehiakide guztiak haien mende egotea.

10.-Gorabeherak eta ustekabeak.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak erabakiko du gerta litezkeen gorabeherez eta arau hauetan aurreikusten ez diren kasuez.

11.-Errekurtsoak.

Foru agindu honen kontra eta sariaren gaineko ebazpenaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute Nafarroako Gobernuan, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

12.-Aurrekontuko kontusaila.

2008rako luzaturiko 2007ko aurrekontuko "Beka, ikerketa proiektu eta publizitaterako transferentziak" izeneko 900001 91400 4809 231000 kontusailari egotziko zaio 6.000 euroko gastua.

Iragarkiaren kodea: F0801244