19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

31/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, 2008. urterako Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako II. Sarirako dei egiten duena.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak, 22. artikuluan, xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu publikoaren kalitatea sarituko du Nafarroako administrazio publikoetan, baita praktika egokiak ere. Horrela, kontuan hartu eta sarituko dira herritarrendako zerbitzuaren kalitatea hobetzen nabarmendutako administrazioen mendeko organo eta entitateak, eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko ekimenak aintzatetsiko. Organo eta entitate horien arduradunak eta enplegatu publikoak ere sarituko ditu. Sariak emateko, kontuan hartuko da erakundeak zer nolako kalitatea eskaintzen dien herritarrei, eta haien iritzia, erabiltzaile diren aldetik.

Legezko agindu hori betearazteko, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. eta 42. artikuluekin bat, bidezkoa da 2008. urterako Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako II. Sarirako dei egitea, arau hauei jarraituz:

ARAUAK

Lehenbizikoa.-Xedea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako II. Sariaren xedea da Nafarroako edozein Administrazio Publikotako erakunde, unitate eta entitateak saritu eta aintzatestea, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen eta kudeaketarako praktika egokien bidez herritarren beharrak betetzen nabarmendu badira.

Bigarrena.-Laguntza-hartzaileak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetako organo, unitate administratibo eta erakunde publikoek hartzen ahalko du parte deialdi honetan, nortasun juridikoa izan ala ez, zerbitzu publikoak ematen badituzte.

Deialdi honetarako, hona hemen Nafarroako Administrazio Publikoak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, Nafarroako toki entitateak eta haien guztien mendeko erakunde publikoak. Halaber, zuzenbide publikoko beste entitate batzuek, sozietate publikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoa osatzen duten fundazio publikoek ere hartzen ahalko dute parte.

2. Aurten Bikaintasunerako Nafarroako Sarira aurkezten direnek ezin izanen dute sarian parte hartu, EFQM autoebaluazio metodologia erabili baita. Sari hori berariazko arauei lotuko zaie.

3. Aurreko deialdietan irabazle izan diren organoek, unitate administratiboek eta entitateek berriz parte hartzen ahalko dute, betiere beste hobekuntza jarduera batzuk edo beste praktika batzuk aurkezten badituzte.

Hirugarrena.-Sariak.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren ordezkaria den aldetik, hiru sari ematen ahalko ditu gehienez:

-Urrezko Saria, merezimendu gehien dituen partaidearendako.

-Zilarrezko Saria, haren ondoren merezimendu gehien dituen partaidearendako.

-Brontzezko Saria, haien ondoren merezimendu gehien dituen partaidearendako.

2. Sariarekin batera, hori frogatzen duen diploma bat ere emanen da.

Laugarrena.-Hautagaiak aurkeztea.

1. Sarian parte hartu nahi duten organo, unitate administratibo eta entitateek 2008ko maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte beren hautagaitzak eta, horrekin batera, berriki lortu dituzten merezimenduak, hautagaitza aurkeztu artekoak, frogatzen dituen memoria.

2. Memoria A-4 formatuan inprimatuta aurkeztuko da, lerroarte bakunean idatzita, "times new roman" letra motarekin, 12 tamainan, alde bakar batetik, 25 orriko luzera gehienez, eta euskarri informatikoan (word formatuan) ere aurkeztuko da. Datu hauek emanen dira:

-Identifikazioa: parte hartzen duen unitate edo entitatearen izena, harremanetarako datuak eta haren jardueraren azalpen laburra.

-Laburpena: memoriaren edukiaren azalpen laburra (10 lerro gehienez).

-Kalitatea hobetzearen inguruko zenbait alderdi: ekintzen helburuak, hobetu beharreko arloak, ebaluaziorako tresnak eta metodoak eta aurretiazko diagnostikoa.

-Proiektuaren aurrekariak: antolaketaren eta araudiaren ingurunea, zerbitzuen edo izaten diren prozesuen deskribapena.

-Esku-hartzaileak: nork bere gain hartzen dituen erantzukizunak, bezeroak/erabiltzaileak, esku hartzen duten langileak, gatazkak, batasunak, kanpoko laguntza.

-Abiarazte prozesua: ikuspegiaren deskribapena eta ekintzen hedapena, baliabideen kudeaketa barne.

-Emaitzak: lortutako hobekuntzak, neurtutako emaitzak, erabilitako adierazleak, erabiltzaileen iritzia.

-Berrikuntza eta moldagarritasuna: izaera berritzailea, beste erakunde batzuei gomendioak ematea, ekintzen transferentziari buruzko datuak.

3. Hautagaiak Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordean aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001 posta kodean, edo agiriak posta ziurtatuaren bidez helbide horretaraxe igorriz. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako bideak erabiliz ere aurkezten ahalko dira.

Bosgarrena.-Epaimahaia.

1. Hautagaiak ebaluatuko dituen epaimahaiak kide hauek izanen ditu: Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatzen duen agintaria eta Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak izendatzen dituen beste lau kide. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Ebaluazioko Foru Batzordearen Laguntzarako eta Kalitaterako Ataleko burua arituko da idazkari lanetan. Hizpidea izanen du, baita botorik ez. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoak biltzen ahalko ditu.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Epaimahaiak bidezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkio partaide bakoitzari hautagaiak hobeki ebaluatzeko. Gainera, parte hartzen duten unitate edo entitateak in situ bisitatzen ahalko ditu.

4. Ebaluatzerakoan, epaimahaiak honako hau baloratuko du:

-Aurkezteko baldintzekin bat etortzea (deskribapena modu uniformean ebaluatzeko bidea ematen du).

-Zerbitzu publikoan sartu diren eta kalitatea handitzen lagunduko duten hobekuntzen berritasuna.

-Atzemandako beharrei erantzunak ematen dizkieten neurrian duten garrantzia (atzemandako beharrei erantzuna emateko ikuspegiaren eta diseinuaren koherentzia).

-Arrakasta faktoreetara bideratutako metodologia eta baliabideak erabiltzea (ekintzen diseinua gauzatzearen eta horien garapen operatiboaren maila).

-Epe luzera ebaluatzen ahal diren emaitzak lortzea (ekintzen iraunkortasun maila).

-Kasuaren interesa/Herritarrengan duen eragina (ekintzek balio publikoa sortzeko duten eraginkortasuna).

-Erabiltzaileek zerbitzuari buruz duten iritzia.

-Kasua hasierako esparrutik kanpora eraman ahal izatea (ekintzen ikuspegia eta diseinua beste ingurune batzuetan aplikatzeko aukera).

-Interesgarritzat jotzen den beste edozein alderdi, behar bezala arrazoiturik.

5. Epaimahaiak bere proposamen lotzailea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igorriko dio, sarien gaineko erabakia barne. Epaimahaiak hiru sarietariko edozein eman gabe uzten ahalko du, behar adina merezimendu ez dela bildu uste badu.

6. Epaimahaikideek, ebaluazio lanetan aritzeagatik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez finkatzen diren konpentsazioak jasotzeko eskubidea izanen dute, salbu eta debekaturik daukaten Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileek.

Seigarrena.-Sarien berri ematea.

1. Kalitatearen Nafarroako Eguneko ekitaldian emanen da epaimahiaren erabakiaren berri eta orduantxe banatuko dira sariak, horretarako erabakitzen den tokian eta egunean. Dena dela, epaimahiko idazkariak hautagai bakoitzari jakinaraziko dio aurkeztu duen memoriak zer emaitza lortu duen.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emanen du ofizialki saria, foru agindu baten bidez. Saridunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, orok jakin dezan. Foru agindu horretan epaimahaiko kideak nor diren adieraziko da.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa sariak eta saridunak hedabideetan sustatzen saiatuko da.

4. Nafarroako Atarian argitaratuko dira aurkeztu diren memoriak.

Zazpigarrena.-Administrazioaren konpromisoak.

1. Sariaren prozesu guztian parte hartzen dutenek isilpekotasuna gorde beharko dute.

2. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzuaren bidez, argibideak emanen ditu deialdiari buruz, bai 848 42 97 39 telefonoan bai sercalinap@navarra.es posta elektronikoan.

Zortzigarrena.-Deialdiaren onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar arauak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien mende egotea.

Bederatzigarrena.-Gorabeherak eta ustekabekoak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak hartuko du gertatzen diren gorabeheren eta arauetan aurreikusirik ez dauden gertaeren gaineko erabakia.

Hamargarrena.-Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta sariaren gaineko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Deialdia burutzeko gainerako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Jusitizia eta Barne kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 25ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0801377