19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

77/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emana, laguntzetarako eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzeko deialdiaren oinarriak onesten dituena, bai eta entitate horiek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua ere.

Kontseiluak 2003ko irailaren 29an emandako 1782/2003 (EE) Erregelamenduan zuzeneko laguntza araubideei aplikatu beharreko xedapen orokorrak ezartzen dira nekazaritzako politika bateratuaren esparruan, eta Kontseiluak 2005eko irailaren 20an emandako 1698/2005 (EE) Erregelamenduan, berriz, FEADER Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa garapenerako ematen den laguntza arautzen da. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, erregelamendu horietan ezarritako laguntzetarako eskabide bakarra tramitatzeko bere jardueraren esparruan, laguntzetarako eskabide bakarra aurkezteko prozesua antolatu nahi du.

Helburu horrekin, eta laguntzen kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, zenbait entitate edo pertsona juridikok parte hartu behar dute eta eskura izan behar dituzte nekazari eta abeltzainen datu pertsonalak, Departamentuaren fitxategi informatikoetan daudenak.

Beraz, onuradunei laguntzak emateko behar diren agirien kudeaketari begira, lankidetza hitzarmena egin behar da entitate laguntzaile horien eta organo emailearen artean, bertan arautuko baitira aldeek beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta baldintzak. Lehendabizi, laguntzaile izan nahi duten entitateek bete beharreko baldintzak ezarri behar dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.

Bestalde, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, bermatu eta babestu egin behar dira askatasun publikoak eta pertsona fisikoen oinarrizko eskubideak, batez ere ohorea eta pertsonen nahiz familien intimitatea. Datuen tratamendua hirugarrenek egiteko arauetan, hori dela eta, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluaren aipamenak egin behar dira.

Horregatik komeni da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta aukeratzen diren entitateen arteko lankidetza hitzarmenaren eredua onestea, aipamen horiek jasoz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntza-eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen lagunduko dioten entitateak aukeratzeko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta entitate laguntzaileek sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua eta eranskinak onestea.

3. Ebazpen hau Nekazaritza Zerbitzuari, Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 22an.-Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

LAGUNTZETARAKO ESKABIDE BAKARRA BETETZEN ETA ERREGISTRATZEN PARTE HARTUKO DUTEN ENTITATE LAGUNTZAILEAK AUKERATZEKO OINARRIAK

Lehenbizikoa.-Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzetarako eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzea.

Bigarrena.-Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, entitate laguntzaile izan daitezke Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10.3 artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoak, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta lankidetza hitzarmena egiten badute, I. eranskineko ereduari jarraituz.

2. Foru lege horren 13.2 artikuluan azaldutako egoeretan dauden pertsona juridikoak ezin dira entitate laguntzaile izan.

Hirugarrena.-Entitate laguntzaile izateko baldintzak.

1. Entitate laguntzaile izateko, entitate eskatzaileek frogatu egin behar dute euskarri informatikoan bildu ahalko dituztela laguntzaile gisa eginen dituzten eragiketetako datuak, eta bide telematikoetatik igorri ahalko dituztela.

2. Halaber, erakunde bat daukatela frogatu behar dute, lana behar bezala burutzeko langile eta baliabideak dituena.

Laugarrena.-Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan, eta lau urteko epea izanen da (2008tik 2011ra) eskabideak aurkezteko, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, lankidetza hitzarmenaren I.2 klausulan ezarritakoarekin bat.

2. Eskabidea aurkezteak berekin dakar entitate eskatzaileak deialdi honetako arauak eta baldintzak onartzea.

3. Eskabidearekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Eraketa eskritura eta, halakorik bada, aldaketarena, merkataritza erregistroan behar bezala inskribatua, merkataritzako legeria aplikagarriak baldintza hori ezartzen badu. Horrela ez bada, eraketaren eskritura edo agiria aurkeztu beharko du, aldaketarena, estatutuak edo fundazio egintza, jarduera arautzen duten arauak agertuz, betiere behar den erregistro ofizialean inskribaturik.

b) Interesdunaren izenean eskabidea sinatzen duen pertsonarentzako ahalordea, eta ahalordedunaren NANa. Pertsona juridikoa denean, ahalordeak merkataritza erregistroan inskribaturik egon behar du, merkataritzako legeria aplikagarriak hala eskatzen badu.

c) Erantzukizuneko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako inguruabarretatik bakar bat ere ez dagoela egiaztatzeko.

d) Entitateak lana egiteko bere esku izanen dituen langileen eta baliabideen zerrena. Banku-entitateek, zerrenda horren ordez, zerbitzua eginen duten bulego guztien zerrenda eta horien helbideak jarri ahalko dituzte.

4. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, eta hala egiten ez badu eskaera bertan behera utzitzat joko dela ohartaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.1 eta 71. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Bosgarrena.-Entitate laguntzaileak aukeratzea.

Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak ebatziko du deialdia, ebazpen bidez, Nekazaritza Zerbitzuak proposaturik. Aldez aurretik zerbitzu horrek egiaztatu eginen du entitateak deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

Seigarrena.-Lankidetza hitzarmenaren formalizazioa

Aukeratzen diren entitateek eranskineko lankidetza hitzarmena formalizatu beharko dute 10 eguneko epean, entitate laguntzaile aukeratu dituen ebazpena jakinarazten zaien egunetik hasita.

I. ERANSKINA

Laguntzetarako eskabide bakarra bete eta erregistratzeko lankidetza hitzarmena

Iruñean, 2008ko ....................aren ......(e)an.

BILDURIK:

Alde batetik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, egintza honetan Ignacio Guembe Cervera jaunak ordezkatua. Jaun horrek badu egintza honetarako ahalmena, FEAGA Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik eta FEADER Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (Kontseiluak ekainaren 21ean emandako 1290/2005 (EE) Erregelamenduaren 3. eta 4. artikuluetan, hurrenez hurren, aipatzen diren funtsak) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundearen zuzendaria delako, eta "NPB Laguntzak, azaleren modulua/Ordainketa bakarra" izeneko fitxategiko datuen tratamenduaren arduraduna delako. Fitxategi hori uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak onetsi zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen esku dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak arautzen dituen foru dekretuak, hain zuzen ere.

Eta bestetik, .............. entitatea, ......................... jaunak/andreak ordezkatua, zerbitzua eginen duena.

Bi aldeek hitzarmen hau egiteko gaitasuna aitortu diote elkarri.

ADIERAZTEN DUTE:

I.-Kontseiluak 2003ko irailaren 29an emandako 1782/2003 (EE) Erregelamenduan zuzeneko laguntza araubideei aplikatu beharreko xedapen orokorrak ezartzen dira nekazaritzako politika bateratuaren esparruan, eta Kontseiluak 2005eko irailaren 20an emandako 1698/2005 (EE) Erregelamenduan, berriz, FEADER Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa garapenerako ematen den laguntza arautzen da. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, erregelamendu horietan ezarritako laguntzetarako eskabide bakarra tramitatzeko bere jardueraren esparruan, laguntzetarako eskabide bakarra aurkezteko prozesua antolatu nahi du, onuradunei entitate laguntzaileen bitartez hura bete eta aurkezteko bidea emanez.

II.-................ entitatea, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak ........(e)ko ....................aren ....(e)an emandako ........... zenbakiko Ebazpenaren bidez, aukeratua izan da laguntzetarako eskabide bakarra bete eta erregistratzeko entitate laguntzaile gisa.

III.-................. entitatearen xede soziala eta jarduera honako hauek dira: ............................

IV.-................. entitateak zehatz-mehatz betetzen ditu datu pertsonalen babesari buruzko arauak eta behar diren segurtasun neurriak jartzen ditu bere fitxategietan.

V.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta ................ entitateak lankidetza hitzarmen hau sinatu nahi dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, eta isilpekotasun akordioa ere bai, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren ondorioetarako, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

I.-Baldintza orokorrak.

1. Hitzarmen honen xedea da ................. entitatearen eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko lankidetzarako baldintza orokorrak ezartzea, laguntzetarako eskabide bakarra bete eta erregistratzeko zerbitzua (aurrerantzean "zerbitzua") egiteko.

2. Lankidetzak gehienez lau urte iraunen du (2008tik 2011ra arte, biak barne), hitzarmena sinatzen den egunetik hasi eta hitzarmenaren indarraldiko azken urteko laguntzetarako eskabide bakarraren aldaketak aurkezteko epearen azken egunera arte.

II.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren betebeharrak.

1. Hitzarmen honen II.a) eranskinean ezarritako moduan entitateak zerbitzurako izendatzen dituen langileei behar dituzten agiri teknikoak eta prestakuntza ematea.

2. .................... entitateari zerbitzua egiteko behar dituen informatikako aplikazioak ematea.

3. Entitateak zerbitzua egiteko izendatzen dituen pertsonen eskura jartzea 2007. urteko eskabide bakarraren datuak eta eskatzaileari esleitutako ordainketa bakarreko eskubideen datuak.

III.-Laguntzetarako eskabidearen kudeaketan entitateak izanen dituen betebeharrak.

1. Entitatea arduratuko da eskabideekin batera dokumentazio egokia aurkez dadin, deialdian laguntza bakoitzerako eskatzen dena, eta berak egiaztatuko du dokumentazioa.

2. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak baditu, entitateak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala.

3. Eskabidea beterik, entitateak hura igorri eta Nafarroako Gobernuaren sistema informatikoetan erregistratuko du, horretarako ezarritako prozedura telematikoaren bidez.

4. Entitateak eskabidearen kopia bat emanen dio eskatzaileari, eta haren laburpen-agiria emanen dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, eskatzaileak aurkeztutako agiriekin batera. Entitateak eskabide guztiak tramitatu behar ditu, aplikatu beharreko arauetan ezarritako epeetan aurkeztu diren ala ez kontuan hartu gabe.

5. Entitateak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuaren egiaztapen eta jarraipen jarduketak onartu behar ditu, bere betebeharrak zehatz-mehatz beteko dituela bermatzeko.

IV.-Datuen babesaren arloko betebehar eta konpromisoak.

1. Entitateak zerbitzua egiteko soilik erabiliko ditu datuak. Zerbitzua amaitutakoan suntsitu eginen ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emandako datuak, edo, behar izanez gero, informazioa daukaten euskarriak Departamentuari itzuliko dizkio.

Datuei ezin zaie inola ere hitzarmen honetan ezarritakoaz bestelako tratamendurik eman. Akordio honetan xedatutakoa ez den edozein datu-tratamenduren erantzule bakarra ...................... entitatea izanen da, bai hirugarrenen aurrean, arau-hausterik bada, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurrean ere, kalte edo galerarik eragiten badio.

2. Entitateak banaka izendatu behar ditu datuen tratamenduaren arduradunak, hitzarmen honen II.a) eranskinean. Datuen tratamenduaren arduradunen hasierako zerrenda gero aldatzen badu, aldaketak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraziko dizkio. Jakinarazpen hori hitzarmenari erantsiko zaio.

3. Eskatzaileren batek lehen aldiz tramitatzen badu laguntzetarako eskabide bakarra entitatearekin, adostasun idazkia eskatu beharko zaio, eskabide bakarrari eta esleitutako eskubideei buruzko haren datuak eskuratu ahal izateko.

4. Entitateak daturik ez lagatzeko konpromisoa hartzen du.

5. Entitateak adierazten du zehatz-mehatz betetzen dituela datu pertsonalen babesari buruz indarra duten arauak, eta, bereziki, behar diren segurtasun neurriak jartzen dituela bere fitxategietan.

6. Entitateak konpromisoa hartzen du Datu Pertsonalen Babesari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 9. artikuluan ezarritako segurtasun neurriak aplikatuko dituela, baita 994/1999 Errege Dekretua, datu pertsonalen fitxategi automatizatuei aplikatu beharreko segurtasun neurriei buruzko erregelamendua onesten duena, eta arlo horretan une bakoitzean indarra duten xedapenak ere.

V.-Azpilagapenak. (Tratamenduaren arduradunak zerbitzuak azpikontratatzen baldin baditu).

1. Jarduera eraginkortasunez egin ahal izateko ezinbestekotzat jotzen bada datuak hirugarren bati lagatzea, ................... entitateak aldez aurretik baimena eskatuko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, III. eranskinean ageri den ereduari jarraituz, eta Departamentuak baimena eman edo ......................... entitatearekiko hitzarmena suntsiarazi ahal izanen du.

Zerbitzua egiteko beharrezkoa bada datuak hirugarren bati lagatzea, ..................... entitateari baimena emanen zaio datu horiek berarekin elkartutako entitateei igortzeko, eta horiek hitzarmen honetako I., III. eta IV. klausuletan xedatutakoa bere eginen dute oso-osorik. Gainera, .................... entitateak eta entitate lagapen-hartzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte: (II.b eranskina)

a) Datuen tratamenduaren arduradunak banaka identifikatuko dituzte hitzarmen honen II.b) eranskinean. Datuen tratamenduaren arduradunen hasierako zerrenda gero aldatzen bada, .............. entitateak eta entitate lagapen-hartzaileek aldaketak jakinaraziko dizkiote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakinarazpen hori hitzarmenari erantsiko zaio.

b) Entitate lagapen-hartzaileak, datu pertsonalen tratamenduan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta ................ entitateak sinatu duten hitzarmenean deskribatutako fitxategiaren arduradunaren jarraibideei lotuko zaizkio, eta akordio honetan xedatutakoaz bestelako datu tratamendurik eginez gero, entitate lagapen-hartzailea izanen da erantzule bakarra, bai hirugarrenen aurrean, arau-hausterik bada, eta bai Departamentuaren aurrean ere, eragiten ahal dizkion kalte edo galerengatik.

VI.-Ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Entitatea izanen da erantzule bakarra IV. klausulako 6. puntuko segurtasun neurriak jartzen ez badira. Horren ondorioz sor litezkeen kalte-galerez erantzun beharko du bai hirugarrenen aurrean eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurrean ere.

2. Hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egiaztapen eta kontrol jarduketei uko egin nahiz trabak jartzea arau-hauste administratibotzat joko da eta zehapena ezarri ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta 43. artikuluetan ezarritako moduan. Aldez aurretik zehapen prozedura instruituko da, foru lege horren 46. artikuluan xedatzen den bezala.

Eta adostasunaren adierazgarri, aldeek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goian adierazten diren egun-tokietan.-Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

II.A) ERANSKINA

Ordezkariaren izena .................................., NAN ....................

entitatearen izena .........................., IFK ...................., helbide soziala ................ (herria), ............... (kalea), telefonoa ..................., helbide elektronikoa .......................

Adierazten dut: laguntzetarako eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen laguntzeko helburuarekin Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren esparruan, entitatearen izenean datuen tratamenduaren ardura duten pertsonak honako hauek direla:

Entitatea: ............................ IFZ: ............., Izena:............., Deiturak: ................, NAN: ............., helbide elektronikoa: ...............

Entitatea: ............................ IFZ: ............., Izena:............., Deiturak: ................, NAN: ............., helbide elektronikoa: ...............

.............................(e)n, 2008ko ..................aren .....(e)an.

Ordezkaria,

Sin.

II.B) ERANSKINA

Ordezkariaren izena .................................., NAN ....................

entitatearen izena .........................., IFK ...................., helbide soziala ................ (herria), ............... (kalea), telefonoa ..................., helbide elektronikoa .......................

Adierazten dut: laguntzetarako eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen laguntzeko helburuarekin Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren esparruan, zerbitzua azpikontratatuko diela berarekin integratuta edo elkartuta dauden entitate hauei (entitate elkartu bakoitzaren izenean datu tratamenduaren ardura izanen duten pertsonak ere identifikatzen dira):

Entitatea: ............................ IFZ: ............., Izena:............., Deiturak: ................, NAN: ............., helbide elektronikoa: ...............

Entitatea: ............................ IFZ: ............., Izena:............., Deiturak: ................, NAN: ............., helbide elektronikoa: ...............

.............................(e)n, 2008ko ..................aren .....(e)an.

Ordezkaria,

Sin.

III. ERANSKINA

Rubén Palacios Goñi jauna, Nekazaritza Zerbitzuko zuzendaria.

Xedea: zerbitzua azpikontratatzeko baimena eskatzea.

Erreferentzia. Espedientearen kodea: STOA07188

Nekazaritza Zerbitzua

Tel.: 848 - Faxa: 848 -

Helbide elektronikoa: -

Gai honi buruz zerbait jakinarazten diguzun bakoitzean, mesedez, jar ezazu espedientearen kodea.

Adierazi entitatearen izena, .................................. (kontrataturiko zerbitzuaren xedea) dela-eta, eta jarduera eraginkortasunez egin ahal izateko zerbitzua azpikontratatu beharra badago.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena eskatzen dio, haren mendeko fitxategi informatizatuen arduraduna den aldetik, fitxategietan dauden datu pertsonalak berarekin integratu edo elkartutako entitateei lagatzeko, entitateak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sinatu beharreko lankidetza hitzarmenean ezartzen diren baldintzetan.

Iruñean, 200..(e)ko .............aren ............(e)an.

Izen soziala/Sinadura

Iragarkiaren kodea: F0801211