19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko urtarrilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Zangozako Rocaforteko industrialdea handitzeko industria eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako espedientearen tramitazioa hasten duena. Aldaketa espedientea Nasuinsak sustatu du.

I.-Aldaketaren aurrekariak, xedea eta justifikazioa.

Nafarroako Gobernuak, 2004ko ekainaren 28an, Zangozako Rocaforteko industrialdea handitzeko industria eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onestea erabaki zuen.

Nasuinsak, Smurfit Kappa Navarra, S.A. enpresarekin hitzarmena sinatu ondoren, UPSaren aldaketa puntual bat aurkeztu du tramitatzeko. Aldaketaren bidez Smurfit Kappa Navarra, S.A.ren lur batzuk UPSaren eremutik atera nahi dira, enpresa horrek beharrezkoak dituelako hedatu ahal izateko.

Smurfit Kappa Navarra, S.A.ren egungo industria instalazioak industriarako hiri lurretan daude, indarra duen udal planeamenduko sailkapenaren arabera, eta badituzte zerbitzu eta sarbide guztiak. Enpresak bere jabetzako lur horien beharra du instalazioak handitzeko. Lurrak UPSaren eremuaren barnean egonik, enpresak antolamendu eta urbanizazio berrietan parte hartu behar du. Alferrikako gastuak egin beharko ditu, enpresaren bideragarritasunean ere eragina izan lezaketenak. Bestalde, UPSaren hirigintzako baldintzak ere (aprobetxamenduak, okupazioak, eremu libreak, araudia...) ez dira egokiak enpresak bere instalazioak behar duen moduan handitzeko. Ildo horretan, bai enpresari bai Nasuinsari egokiagoa iruditzen zaie lur horiek hirigintzako udal planeamenduan arautzea, Zangozako Udalak ezartzen duen eran.

II.-Aldaketaren azalpena.

UPSaren eremuak 23.768 m² galduko lituzke -211.115 m²-tik 187.347 m²-ra pasatuz- eta horrek UPSko 3.1 industria lurzatian izanen luke eragina. Lurzati, bide eta azpiegituren antolamendua ez litzateke aldatuko, ezta azalera eraikigarriak eta lurzatien okupazioa ere. Horrela, azalera murriztuta eta eraikigarritasuna aldatu gabe, UPSko eredu-aprobetxamendua 0,59 m²/m²-tik 0,64 m²/m²-ra igoko litzateke, "industria" erabilera orokorrari dagokionez.

Halaber, aldaketa honetaz baliaturik agirian beste aldaketa batzuk egin dira:

a) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Higadura Zuzentzeko eta Abelbideetarako Bulegoak 2004ko ekainaren 14an emandako txostenaren ondorioz, T-10 zeharbidea definitzeko, abelbidearen zabalera handitu da eta berdegune publikoen azalera txikitu (%19tik %13ra).

b) Bide azalera ere zuzendu da, transformazio zentro elektrikoek hartzen duten azalera gehituz.

c) Sarrerako biribilgunearen izena zuzendu da planoetan, sistema orokorraren zabalgunea eta horrekiko konexioa baita, jarduketaren kargura gauzatu beharrekoa, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 100.c) artikulua betetzeko.

d) Egungo linea elektriko baten trazaduraren aldaketak UPSari lotutako jarduketa izateari utzi dio. Aldaketa hori, inguruetan dagoen enpresa baten hornidura beharrak eta enpresa hornitzailearen eskakizunak direla eta, enpresa horren kargura eginen da.

III.-Hirigintzaren arloko balorazioa.

UPSko lurzoru urbanizagarrian egin nahi den murrizketak, hasiera batean, berdeguneek eta erabilera anitzeko ekipamendurako lurzatiek hartzen duten azalera portzentajea aldaraz lezake. Izan ere, bi dotazio horietarako azalera kalkulatzeko lurzoru urbanizagarriaren azalerari lotutako estandarrak aplikatu behar dira eta azalera hori txikiagoa da orain.

Aztertzen ari garen kasuan, erabilera anitzeko dotazioetarako azalerak ez dira aldatuko eta horrek estandar aplikagarriaren betetze maila handiagoa ekarriko du.

Berdegune publikoei dagokienez, esan behar da eremua murriztearekin batera haien azalera ere murriztu dela (T-10 zeharbidearen definizioa dela medio) eta horren ondorioz berdegune publikoen guztizko azalera aldatu dela; azalera berria, ordea, eskatzen den gutxienekoa (sektoreko azaleraren %10) baino handiagoa da oraindik ere. Esan beharra dago, ildo horretan, berdeguneen azalera berri horri zeharbidearen iparraldeko zerrendarena kenduko bagenio, horrek 15 m-ko gutxieneko sekzioa ez izateagatik, berdeguneen azken azalerak gutxieneko estandarra (%10) gaindituko lukeela, hala ere.

Beste alde batetik, industrialdeko gehieneko azalera eraikiak bere horretan segitzen duenez gero (horrek, lurzoru urbanizagarriaren murrizketarekin batera, eredu-aprobetxamenduaren gehikuntza eragiten du), aparkatzeko plazen dotazioak ere bere horretan segitzen du, azalera eraikiaren araberakoa baita.

Azkenik, proposaturiko aldaketa bidezkoa eta zuzena den arren, errepidearen ondoan poligonoarekin parez pare "berdegune publiko" moduan dagoen zerrenda mantendu egin behar da eta bere osoan tratamendu bakarra eta berdina eman behar zaio. Eremutik atera nahi diren lurretan zerrenda horren zati bat dago. Zati horrek UPSaren eremukoa izaten jarraituko du, Smurfit Kappa Navarra, S.A. enpresak ez baldin badu idatziz hitz ematen zerrendaren zati horren ezaugarriak eta tratamendua, bere instalazioak handitzeko hirigintzako antolamenduan ere, zerrendaren beste zatiarenak bezalakoak izanen direla eta berak zainduko duela zerrendaren zati hori.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. Zangozako Rocaforteko industrialdea handitzeko industria eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako espedientearen tramitazioa hastea. Aldaketa espedientea NASUINSAk sustatu du.

2. Errepidearen ondoan industrialdearekin parez pare "berdegune publiko" moduan dagoen zerrendari dagokionez, erabaki honen azalpen zatian adierazitakoari jarraituko zaio.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta aldaketaren eraginpeko eremuko Udalari entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Hartarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 3. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Berrikuntza, Merkataritza eta Enplegu Departamentuari, Zangozako Udalari, Nasuinsari eta Smurfit Kappa Navarra, S.A. enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0801218