19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

7/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Ebazpen honen bidez onetsi da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko irakasleendako euskaraz birziklatzeko A modalitateko ikastaro trinko bat lan baimenarekin egiteko deialdi berezia.

Martxoaren 13ko 237/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioko irakasleen Euskarazko Prestakuntzarako Planaren XXVII. deialdia, 2007-2008 ikasturtekoa. Deialdi horren barnean aurrez ikusi zen, B1 mailatik abiaturik, A modalitateko ikastaroetarako prestaturiko deialdi berezia egitea, Nafarroan irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko 2007-2011 aldirako itunean sartutako neurrien arabera.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak aldeko txostena aurkeztu du, Irakasleen Euskarazko Prestakuntzarako Deialdi berezi hori onesteko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko irakasleendako euskaraz birziklatzeko A modalitateko ikastaro trinko bat lan baimenarekin egiteko deialdi berezia egitea. Deialdi horren arauak ebazpen honen I. eranskinean daude.

2. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea Giza Baliabideen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Euskara Atalera, Euskararen Didaktika Bulegora eta Euskararen Nafar Institutuko (ENAI) "Zubiarte euskaltegia" Helduak Euskalduntzeko Ikastegi Publikora.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahal da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabetez.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 23an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko irakasleendako euskaraz birziklatzeko A modalitateko ikastaro trinkoa lan baimenarekin egiteko deialdi berezia

1.-Parte-hartzaileak.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasle funtzionario edo lan-kontratudun finkoek parte har dezakete, baldin eta Nafarroako ikastetxe publikoren batean behin betiko destinoa badute edo behin betiko destinorik ez badute.

Aldi baterako lan-kontratudunek ere parte har dezakete, baldin eta azken hiru urteetan Nafarroako Gobernuko ikastetxe publikoetan lanaldi osoko kontratuarekin lan egin badute eta bizilekua Nafarroan finkaturik badute.

Ez dute parte hartzen ahalko ondoko egoeretako batean daudenek:

a) Eskatu den modalitate berean lehenago ere parte hartu bada.

b) Lehenago ere onartua izanik parte hartzeari uko egin bazitzaion, behar bezala justifikatu gabe.

c) Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) baliokidea den edo berarekin baliozkotua dagoen edozein tituluren edo egiaztagiriren jabe bada edo birziklapen ikastaroak hasi aurretik agiri hori eskuratzeko azterketak gainditu baditu.

d) Birziklapenaldia bukaturik, euskaraz bost urtez gutxienez irakasten segitzeko konpromisoa betetzerik ez bada, eranskin honetako 6. arauko 1. atalean xedatutakoaren arabera.

2.-Ezaugarri orokorrak.

Helburua: euskaraz irakasteko gai izatea eta EGA agiria eskuratzea.

Programa: "Zubiarte euskaltegia" Helduak Euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 5eko 365/2002 Foru Aginduko 6. artikuluan helduei euskara irakasteko curriculumean ezarritako helburuei egokituko zaie. Helburu horiek hizkuntzen irakaskuntzarako, ikaskuntzarako eta ebaluaziorako Erreferentzia Marko Europar Bateratuarekin (A1, A2, B1, B2, C1) egokitu dira gaur egun.

Iraupena: 2008ko otsailetik 2009ko ekainera.

Parte-hartzaile kopurua: deialdi honetan 10 irakaslek hartuko dute parte, gehienez.

Betebeharrak: izangai guztiek euskara helduei irakasteko curriculumaren A2 mailari dagokion sarrera proba egin beharko dute (maila hori 4. urratsa edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko 2. kurtsoa da, gutxi gorabehera). A modalitatean sartu ahal izateko, eskatzaileek aipatutako sarrera proba gainditu beharko dute. Ez dira B1 maila edo goragokoa duten izangaiak onartuko.

3.-Ikastaroaren ezaugarriak.

3.1. Egutegia eta ordutegia.

Bigarren seihilekoko klaseak hasten direnetik 2008ko maiatzaren 30a arte, hogeita hamar eskola-ordu emanen dira astean.

Ekainean, 2008ko ekainaren 20ra arte, 5 eskola-ordu emanen dira egunero.

Uztailean edo abuztuan lau asteko barnetegi bat egin beharko dute herri euskaldun batean edo gutxienez 100 orduko ikastaro trinko bat.

2008ko irailaren hasieratik "Zubiarte euskaltegia" IPn ohiko klaseak hasi arte, bost eskola-ordu emanen dira egunero.

"Zubiarte euskaltegia" IPn ohiko klaseak hasten direnetik maiatzaren bukaera arte, hogeita hamar eskola-ordu emanen dira astean. Aldi horretan birziklapeneko parte-hartzaileek hilabete bat egon beharko dute praktikatan, D ereduko ikastetxe batean.

2009ko ekainean, 5 eskola-ordu emanen dira egunero.

Aipatutako salbuespenak kontuan izanik, irakasle parte-hartzaileek "Zubiarte euskaltegia" IPrako onartutako eskola egutegia izanen dute.

Birziklapenaldia bukaturik, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak barnetegi erako bigarren ikastaro bat egiteko eska diezaieke EGA agiria edo baliokidea ekaineko deialdian eskuratzen ez dutenei. Gainerako parte-hartzaileek ere ikastaro hori egin dezakete, beren borondatez.

Birziklapeneko ikastaro trinkoetan onartutako irakasleek beren jatorrizko ikastetxean ikasturte berria antolatzeko lanetan parte hartu eta haien ordezko arituko direnekin koordinazio lanak egin ditzaten, eskola-egunak berriro 2008ko irailaren 9an hasiko dira.

Klaseak 2009ko ekainaren bukaeran amaituko dira.

3.2. Ikastaroaren iraupena.

Ikastaroa gutxi gorabehera 1.790 ordukoa izanen da, udako jarduera osagarriak, praktikaldia eta otsailean "Zubiarte euskaltegia" IPk programatutako bestelako jarduerak kontuan harturik.

Onartutako irakasleek Euskara Atalari eska diezaiokete 2008ko udan egindako ikastaroak finantzatzeko (ikastaro horiek barnetegi erakoak ere izan daitezke).

Laneko baimenaldia birziklapeneko ikastaroa hasten denetik (2008ko otsailetik) 2009ko ekaina bitartekoa izanen da. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak 2009an antolatuko dituen EGA probetan aurkeztu beharko dute. Iraileko lehen egunetan eta urtarrileko azkenetan irakaslea bere ordezkoarekin batera arituko da eskolako koordinazio lanetan.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak EGA agiria ekaineko deialdian eskuratzen ez duten parte-hartzaileei ikastaro trinko bat egiteko eska diezaieke. Ikastaro hori 2009ko udan eginen da, herri euskaldun batean.

4.-Ikastaroaren antolaketa.

"Zubiarte euskaltegia" IPko ikastalde arruntetako ikasleak klaseak hartzen hasten diren egun berean hasiko dira birziklatu nahi dutenak ere euskarazko klaseak hartzen. Horretarako, "Zubiarte euskaltegia" IPn osatzen diren euskara ikasteko taldeetan (beren mailari hobekien egokitzen zaizkion haietan) sartuko dira eta talde horietarako zehaztutako ordutegia (goizekoa eta/edo arratsaldekoa) izanen dute.

"Zubiarte euskaltegia" IPren antolaketa dela-eta, bestela egitea erabakiko balitz, irakasle horiekin talde bereziak egiten ahalko dira, baldin eta maila bereko aski ikasle izanen balitz.

"Zubiarte euskaltegia" IPko zuzendaritza taldeak esan beharrekoa entzun ondoren, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak aldaketak egiten ahalko ditu, bai egutegi honi dagokionez, bai taldeak antolatzeari dagokionez.

5.-Norbanakoaren birziklapen plana eta jarraipena.

Uztailaren 5eko 365/2002 Foru Aginduaren 29. artikuluan ezarritakoa betez, euskaraz birziklatzen ari diren irakasleen tutoreak ikasle bakoitzarendako birziklapen plan bat eta bakoitzaren jarraipena eginen ditu.

Ikasle bakoitzaren birziklapen plana otsailean prestatuko da eta plan horren kopia emanen zaie ikasleari, "Zubiarte euskaltegia" IPko zuzendaritza taldeari eta Euskara Atalari. Plan horretan zehatz-mehatz bilduko dira: birziklapenaldian eskuratu nahi diren ikaskuntza-helburu eta -mailak, horretarako ustez beharko den denbora edo aurrez ikusitako denbora, jardueren programazioa, egin nahi diren ebaluazio saiorik esanguratsuenak eta asteko ordutegia.

Ikasleen lanari jarraipena eginez, tutoreak ikasle bakoitzaren txosten pertsonalizatu bat prestatuko du, gutxi gorabehera 150 eskola-orduko txosten bat. Txosten horren kopia emanen die ikasleari berari, "Zubiarte euskaltegia" IPko zuzendaritza taldeari eta Euskara Atalari. Txosten horretan honako alderdi hauek bilduko dira, gutxienez:

a) Ikasleen bertaratzea klaseetara.

b) Gorabeheren balorazioa, baleude.

c) Programatutako komunikazio-gaitasun eta -trebetasunen aurrerabidearen balorazioa. Kontuan hartuko da hizkuntzen irakaskuntzarako, ikaskuntzarako eta ebaluaziorako Erreferentzia Marko Europar Bateratua.

d) Norbanakoaren birziklapen planean aurrez ikusitako ikaskuntza mailen betetze-mailaren balorazioa.

e) Aurrez ikusitako birziklapen plana aldatzea komeni den edo ez.

Amaierako jarraipen txostenetan adieraziko da, aurrekoez gainera, ikasleak mailarik ote duen Nafarroako Gobernuaren EGA probak egiteko.

6.-Parte-hartzaileen eskubideak eta betebeharrak.

6.1. Birziklapenean parte hartzen duten irakasleek hitza ematen dute gutxienez bost urtez euskaraz edo euskara irakatsiko dutela.

Behin betiko destinoa dutenak beren ikastetxeko, herriko, eskualdeko edo aldameneko eskualdeko euskarazko lanpostuei edo euskara ematekoei atxikiko zaizkie. Konpromiso horrek irauten duen bitartean, lekualdatze lehiaketetan parte hartzen badute, euskara nahitaez jakin beharreko lanpostuak eskatzera beharturik egonen dira.

Konpromiso horrek irauten duen bitartean, behin-behineko destinoa dutenak beharturik daude hurrengo lekualdatze lehiaketetan euskarazko lanpostuak edo euskara ematekoak eskatzera. Euskarazko behin betiko lanposturik eskuratu ezean, euskara nahitaez jakin beharreko lanpostuetan aritzeko destinoa esleitzen ahal zaie behin-behinekoz.

Bitarteko irakasleek idatziz adierazi beharko dute irakasgaia edo espezialitatea euskaraz irakatsiko dutela Departamentuaren beharren arabera.

Parte-hartzaileren batek oposizioak gaindituko balitu, birziklapenari uko egin beharko lioke. Praktikaldia gainditu ondoren, berriro eska dezakete birziklapeneko beste ikastaro batean sartzea.

6.2. Ikastaroko parte-hartzaileek Nafarroako Gobernuaren EGA agiria eskuratzeko azterketetara aurkeztu beharko dute, gainditu arte.

6.3. Birziklapen ikastaroetako parte-hartzaileen lana aldian-aldian ebaluatuko da. Horren araberakoa izanen da ikastaroan segitzea edo ez. Ebaluazio horietan antzematen bada ikasle batek ez dituela ikasteko erritmo egokiak edo justifikatu gabeko utzikeria agertzen badu, baja emanen zaio ikastaroan eta bere destinora bidaliko da.

6.4. Ez da inolako eskubiderik izanen eritasuna (hilabete baino gutxiagokoa), greba edo ezinbesteko arrazoiak direla-eta egiten diren hutsegiteak berreskuratzeko, eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Birziklapenaren Hautapen eta Jarraipen Batzordearen esku geldituko da bestelako hutsegiteak aztertzea.

6.5. Onartutako irakasleek prestakuntza jardueretarako dagoen laguntza eska dezakete -zinez egiten dituzten kilometroak ordaintzekoa-. Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak joan-etorri horiek egin direla frogatzeko eskubidea du.

6.6. Baldintza, konpromiso eta betebehar hauek betetzen ez dituztenek ikasle izaera galduko dute eta Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu, hala nola, espedientea ireki eta/edo sortu diren gastuak itzultzeko eskatu.

7.-Eskaeren tramitazioa. Epeak. Sarrera probak.

Parte-hartze eskaerak eta deialdiko arauak eta baldintzak onartzeko zinpeko aitorpenarekin batera (II. eranskineko eredua), Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako tokietan aurkeztuko dira.

Horretaz gainera, bitarteko irakasleek ziurtagiri bat aurkeztuko dute, non Nafarroako herriren batean erroldaturik daudela adieraziko den. Orobat, idatziz adierazi beharko dute euren irakasgaia edo espezialitatea euskaraz irakatsiko dutela Hezkuntza Departamentuaren beharren arabera.

Eskaerak aurkezteko epea: ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 8 egun natural.

Sarrera probako onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta proba horiek egiteko tokia jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta http://www.pnte.cfnavarra.es web orrialdean eta Zubiarte euskaltegiaren www.pnte.cfnavarra.es/zubiarte web orrialdean. Bazter gelditu direnek erreklamazioa aurkez dezakete Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako tokietan, iragarki oholean argitaratu eta ondoko bost eguneko epean.

Sarrera probako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta http://www.pnte.cfnavarra.es web orrialdean eta Zubiarte euskaltegiaren www.pnte.cfnavarra.es/zubiarte web orrialdean.

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiek (edo hautapena egin behar den orduan bete ditzaketenek) sarrera proba eginen dute. Proba horrek bi zati izanen ditu: idatzia eta ahozkoa. Azterketak egiteko egunak jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta http://www.pnte.cfnavarra.es web orrialdean eta Zubiarte euskaltegiaren www.pnte.cfnavarra.es/zubiarte web orrialdean.

8.-Parte-hartzaileak hautatzea.

8.1. Birziklapenaren Hautapen eta Jarraipen Batzordea.

Batzorde honek parte-hartzaileak hautatuko ditu eta batzordekideak honako hauek izanen dira: Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, Euskara Ataleko burua, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria edo bere ordez arituko dena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo bere ordez arituko dena, ikastetxe ez-unibertsitarioetako Irakasleen Batzordeko bi kide eta programa honen ardura duen Euskara Ataleko teknikaria, batzordeko idazkari lanetan ere arituko dena. "Zubiarte euskaltegia" Helduak Euskalduntzeko Ikastegi Publikoko zuzendariak batzordekideei aholkua emanen die lan baimenarekin egiten diren euskarazko ikastaro trinkoetan parte hartzeko langileak hautatzeko.

8.2. Hautapen irizpideak.

Hezkuntza Departamentuaren irizpidea da irakasle funtzionarioen prestakuntzari lehentasuna ematea. Hori dela-eta deialdiko lanpostuen %60raino funtzionarioendako gordeko dira. Hori hala izanik ere, eskaera nahikorik ez bada, hutsik geratu diren postuak langile kontratudunei esleitzea izanen da.

Dena dela, izangaiak hautatzeko lehentasun irizpide hauek erabiliko dira, agertzen diren hurrenkeraren arabera:

-Lehentasuna izanen dute lanpostuak euskal eremuan eta eremu mistoan betetzen dituzten izangaiek edota hizkuntza ereduen garapenaren edo hezkuntza eskaintzaren berrantolaketaren ondorioz irakastordurik ez dutelako ordu-kopurua murrizturik dutenek.

-Izangaiak lanpostuak baino gehiago badira, ikastetxe bereko zenbat irakasle dagoen kontuan hartuko da eta haien kopurua mugatzerik izanen da.

-Aurreko erreserba eta irizpideak ezarririk, hasierako sarrera proban egiaztaturiko euskara mailaren arabera ordenatuko dira izangaiak.

8.3. Hautapen prozedura.

Hautapen prozedura honako egintza hauei lotuko zaie:

-Birziklapenaren Hautapen eta Jarraipen Batzordearen bilera, onartuen behin-behineko zerrenda onesteko.

-Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzea Departamentuko iragarki oholean eta http://www.pnte.cfnavarra.es web orrialdean eta Zubiarte euskaltegiaren www.pnte.cfnavarra.es/zubiarte web orrialdean.

-Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea.

-Birziklapenaren Hautapen eta Jarraipen Batzordearen bilera, erreklamazioak ebazteko eta onartuen behin betiko zerrenda onesteko.

-Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzea Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta http://www.pnte.cfnavarra.es web orrialdean eta Zubiarte euskaltegiaren www.pnte.cfnavarra.es/zubiarte web orrialdean.

8.4. Itxaron zerrenda.

Parte-hartzaileak hautatu ondoren, ikastaroa hasi aurretik sor daitezkeen postu hutsak betetzeko itxaron zerrenda prestatuko da.

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko irakasleendako euskaraz birziklatzeko A modalitateko ikastaro trinko bat lan baimenarekin egiteko eskaera

A modalitatea

Eskatzailearen datu pertsonalak:

Deiturak:

Izena: ................................. Jaioteguna:

NAN: ............... Langilearen errolda-zenbakia

Helbidea:

Herria: ........................................ PK:

Posta elektronikoa: .................... Telefonoak:

Lanpostua:

f Maisua/Maistra.

f Bigarren Hezkuntzako irakaslea.

f LHko irakaslea.

Lan egoera:

f Funtzionarioa.

f Bitartekoa.

f Bestelako egoera (zehaztu)

2007-2008 ikasturtean duen destinoa:

Ikastetxea: ................................. Herria:

Etapa: ............... Titulazioa: .................. Espezialitatea:

Euskararen jakintza:

Lortutako mailarik handiena: ........................ Urtea:

Euskaltegia edo ikastetxea:

Lan baimenarekin euskaraz egindako birziklapen-ikastaro trinkoak:

Modalitatea(k): ............................ Urtea(k):

ZINPEKO AITORPENA. Honako honen bidez adierazten da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko irakasleendako euskaraz birziklatzeko A modalitateko ikastaro trinkoa lan baimenarekin egiteko deialdiaren arauak onartzen direla eta bere baldintzak betetzen direla..

.................... jaunak/andreak, ................. zenbakidun NANa dudan honek, aditzera ematen dut Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko irakasleendako euskaraz birziklatzeko A modalitateko ikastaro trinko bat lan baimenarekin egiteko deialdia ezagutzen dudala, hartan eskaturiko baldintzak betetzen ditudala eta euskaraz birziklatzeko ikastaro trinkoei dagozkien baldintzak eta konpromisoak onartzen ditudala, bereziki birziklapena bukatu ondoren nire eskualdean 5 urtez euskaraz ikasteko beharrarena eta birziklapena bukatutzat emateko Hautapen eta Jarraipen Batzordeak egokitzat jo dezakeen epea.

(Sinadura)

....................(e)n, 2008ko ..................aren ..........(e)an

Bitarteko irakasleek Nafarroako herriren batean erroldaturik daudela dioen ziurtagiri bat ere aurkeztu beharko dute.

Iragarkiaren kodea: F0801508