19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

15/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Burlatako udal mugapeak aldatzeko espedientea hasi, jendaurrean jarri eta udal horiei entzunaldia ematen diena.

Iruñeko Udalak eta Burlatakoak, 2006ko irailaren 21eko eta azaroaren 29ko osoko bilkuretan hurrenez hurren, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan agindutako gehiengoa izanik, honako onespen-erabaki hauek hartu zituzten Iruñeko eta Burlatako udal mugapeak aldatzeko ekimena gauzatzeko. Ezkabako tunelak egitearen ondorioz, Iruñeko Udal Planeko U. 1 V (Txantreako) ARS-1 eremuaren hirigintza garapena eta bi udaletako hirigintzako antolamendua burutzea da xedea. Bi Udalek lankidetza hitzarmena sinatu dute non udal mugapeak aldatzeko espedientea tramitatzeko bi administrazioen borondatea azaltzen baita, eta proposatu aldaketaren eremuak finkatzen baitira.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 15. artikuluaren arabera, udal mugapeak aldatzen ahal dira, besteak beste, udalerri bateko edo batzuetako lur puska bat banandu eta beste bati edo batzuei eransten zaienean; horretarako, beharrezkoa da udalerriak mugakide izatea. Halaber, baimena ematen da jarduketa horiek espediente bakar batean biltzeko.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan (Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua) arautzen da udal mugapeak aldatzeko prozesuetan segitu beharreko bidea. Bestalde, 2. ataleko a) eta b) letretan adierazten da espedientea jendaurrean jarri behar dela, bi hilabetez bederen, eta horrelaxeko epea finkatuko dela prozesuan ukitzen diren udalen iritzia entzuteko.

Uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Biztanleriaren eta Mugaketaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluarekin bat, espedientean honako hauek bildu dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta eta espedientean eskatzen den gainerako dokumentazioa, eta hiru tarteetako bakoitzean proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluaren c) letran ezarritakoari jarraikiz: 1. tartean, Iruñeko ARS-1 eremuaren hirigintza garapenaren ondorioz sortu den bide-sistema udal mugape horretakoa izatera pasatzea. 2. tarteari dagokionez, Ezkabako tunelak egin izanak Iruñeko udal mugapetik lur horietara iristea oztopatzen du eta Burlatako eta Atarrabiako merkataritza erabilerako lurzoruen luzapen gisa agertzen dira. Hiru tarte ezberdinek osaturiko 3. tarteari dagokionez, bi udal mugapeak bereizten dituen marra Iparraldeko ingurabidearen trazadurara egokitzea tarte horretan.

Iruñeko eta Burlatako Udalek 2006ko abuztuaren 23an horretarako sinaturiko hirigintzari buruzko lankidetza-hitzarmena erantsi dute eta aipatu foru legearen 13., 14. eta 15. artikuluetan udal mugapeak partez banatzeko ezintasuna ekartzen duten gorabeherarik ez dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak udal mugapeak aldatzeko prozedurari dagokionez ezarritakoaren arabera, ekimena udal interesdunena izaten ahalko da, baina espedienteari, betiere, Foru Komunitateko Administrazioan Toki Administrazioari buruzko gaietan eskumena duen organoak emanen dio hasiera.

Horiek horrela, bidezko da egintza bakar batean irekitzea espedientea, jendaurrean paratzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea.

Horrenbestez, eta azaldu denarekin bat, Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko eta Burlatako udal mugapeak aldatzeko espedientea hasi, jendaurrean jarri eta udal horiei entzunaldia ematea.

2. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu entitateei entzunaldia emateko epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita. Hortaz, espedientea aurreko atalean aipatutako toki entitateen bulegoetan eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Arrieta kalea, 12-3.a) egonen da aztergai.

3. Ebazpen hau aipatu diren toki entitateei jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Toki Administrazioko Departamentuko Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzuari agintzea espedientearen hurrengo izapideak egin ditzala.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 23an.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

Iragarkiaren kodea: F0801181