19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

104/2008 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, 2008ko Ikuskapen Plana oinarritzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10. artikuluak dioenez, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoak urteroko ikuskapen plana eginen du, aukeran, ausazkotasunean eta bidezko deritzen beste irizpide guztietan oinarrituz. Plan horrek subjektu pasiboak aukeratu eta bertan sartzeko kontuan hartu beharreko irizpideak ezarri beharko ditu.

Bestalde, ikuskapen plan bereziak ere egiten ahal dira, gertaerek zentzuzko egiten dutenean. Plan horien iraupena ez da zertan izan urte batekoa.

Ikuskapen plana prestatzea, garatzea eta aplikatzea Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren jardueraren mamia da. Baina ikuskapen jarduera ez da egintza horiekin bukatzen. Gainera, beste administrazio batzuekin dagoen lankidetzaren arloan, txostenak, jarraipideak, ikerlanak, informazio bilaketak egiten dira, bai eta perituen jarduketak eta justiziari laguntza ematea ere, Ogasun Publikoaren aurkako delituen aferetan batez ere.

2008ko Ikuskapen Planaren oinarri diren irizpide orokorrak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen dira, eta horrela betetzen da Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluak ezarritakoa.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

2008ko Ikuskapen Plana oinarritzen duten honako irizpide orokor hauek onestea:

1. Jarduketa ildoak:

a) Zerga iruzurraren aurkako planean parte hartzea. Tributuen Kontrolerako Zuzendaritzak eta Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuak zeregin garrantzitsua izanen dute iruzurraren aurkako neurriak proposatzean.

b) Zergadunak hautatu eta zerga arriskuak atzemateko tresna berriak sortzea, informazio biltegiak eta teknologia berriak erabiliz.

c) Zerga iruzurrik larriena jazartzea, zerga administrazioekiko, polizia kidegoekiko, fiskaltzarekiko eta organo judizialekiko elkarlana handituz.

d) Zergadunen lokalei buruzko informazioa lortzea eta horietan egiaztapenak egitea sustatzea, bulegoetatik kanpoko lana bultzatuz eta eremuari buruzko datuak biltzeko giza baliabideez hornituz.

e) Iruzurraren aurkako lankidetza hitzarmenak sinatzen jarraitzea, bereziki, beste administrazio eta erakundeekin, elkarte profesionalekin eta enpresaburuekin.

f) Enpresen prestakuntza bultzatzea, bereziki, arlo tekniko-zergazkoan eta kontablean eta prozeduren eta praktika hobeen arloan, beste zerga administrazioekiko truke programen bidez.

2. Arreta bereziko esparruak:

a) Higiezinen sektorearekin zerikusia duten jardueretako zerga portaera egiaztatzen eta ikertzen segituko da, modu integralean hartuta. Eraikuntza jardueren barruan, zoladuren eta isolamenduen gainekoak aztertuko dira, besteak beste.

b) Metalen ekoizpenarekin eta lehen eraldaketarekin lotutako jarduerak aztertuko dira eta horiek eraldatzeko industriei buruzko egiaztapenekin jarraituko da.

c) Hondakinak tratatzearen eta metalak berreskuratzearen gaineko jardueretan egiaztapenak eta ikerketak egiten jarraituko da.

d) Kautxuaren eraldaketarekin lotutako jarduerak aztertuko dira eta gai plastikoen eraldaketari buruzko egiaztapenekin jarraituko da.

e) Zuraren sektoreko zerga portaera aztertuko da.

f) Ibilgailuak konpontzen lan egiten duten zergadunen zerga portaera aztertuko da; bereziki, txapa eta pinturari dagokienez.

g) Zerga portaera aztertuko da sektore eta jarduera hauetan:

-Ostatu eta jatetxe zerbitzuetako jarduerak.

-Arrainen eta produktu zoosanitarioen handizkako merkataritzako jarduerak.

-Desinfekzio, errauste eta zaborren ezabatze zerbitzuak ematearekin lotutako jarduerak eta ingurumena babeseko, suteez eta istripuez babesteko eta saneamenduko jarduerak.

-Enpresei egindako zerbitzuak: juridikoak, teknikoak, publizitate eta harreman publikokoak, datuak ustiatzekoak, merkatuaren azterlanekin zerikusia dutenak eta abar.

-Haien azterlana eta analisia egin ondotik, egiaztatzea komenigarria dela irizten zaien jarduerak.

h) Talde fiskalen azterketak jarraituko du. "Zergadun handiek" egindako eragiketa garrantzitsuei arreta berezia paratuko zaie.

i) Beharrezkotzat jotzen da iruzur antolatuak, batez ere BEZarekin, zerga bereziekin eta Europar Batasunaren barneko trafikoarekin zerikusia duten guztiak, aztertzen eta ikertzen jarraitzea. Orobat, "ordainagiri faltsuen" tramen azterketak eta ikerketak jarraituko dute.

j) Zergadunen zerga portaera aztertuko da, haiek adierazitako informazioa (errenta aitorpenetan bildutakoa batez ere) eta Ogasunak bere datu baseetan duen informazioa gurutzatuz. Arreta berezia paratuko da aitortu gabeko errentetan eta onura fiskalak aplikatzean.

Azkenik, 2008ko Ikuskapen Planak hartzen dituen jarduketen artean daude, besteak beste, Zerga Ikuskapen Zerbitzuari Foru Komunitateko zergadunei buruzko egoera anomaloen berri emanez egindako komunikazioen ondoriozkoak, halakoen berri ematen ahal baitute tributuen unitate kudeatzaileek, Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuek, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunek. Halaber, salaketak ere sartuko dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Zerga Ikuskapen Zerbitzuak, arlo horiez gain, bidezko izanen du behar dituen ikuskapen-jarduera guztiak egitea, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren barnean egindako jarduketen bidez funtzionarioek proposatutakotik sortu badira.

Iruñean, 2008ko otsailaren 4an.-Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, José Ignacio Pérez de Albéniz Andueza.

Iragarkiaren kodea: F0801994