77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

CABANILLAS

Deialdia, Cabanillasko Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Cabanillasko Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, funtzionarioak nahiz lan-kontratudun finkoak izan, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.

1.2. Hautapen probak gainditu ondoren administrari-ofizial lanposturako izendatzen den izangaia C mailan sailkatuko da eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Izangai izendatuek bizilekua Cabanillasko udal mugapean izan beharko du.

1.5. Lanpostua eskuratzen duen lagunak burutu beharreko egitekoak, bere mailari eta kategoriari dagozkienak izango dira. Udalaren alor berari atxikita jarraituko du, berak zituen egitekoak eginez, maila berria edo laneko jardun berriaren ondoriozkoez gain.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Cabanillasko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa izatea, D mailari edo taldeari atxikia.

b) Administrari laguntzaile lanpostu baterako izendapena izatea edo lanpostu hori esleiturik izatea, Udalak hartu erabakiaren bidez.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cabanillasko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Orobat, lehiaketaldian baloratu beharreko agiriak ere aurkeztuko dituzte.

3.2. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: Ana M.ª Rodríguez Eneriz, Cabanillasko Udaleko alkate udalburua.

_Ordezkoa: Luis María Asiain Cervera, lehen alkateordea.

_Lehen mahaikidea: Manolo Corpas Rubio Monteagudoko, Tulebrasko eta Barillasko Udaletako idazkaria.

_Ordezkoa: Fernando Arriazu Bonel, Ablitasko Udaleko idazkaria.

_Bigarren mahaikidea: Juan José Inibarren Laita, Villafrancako Udaleko idazkaria.

_Ordezkoa: Alfonso Araujo Guardamino, Larraungo Udaleko idazkaria.

_Hirugarren mahaikidea: Ramón Muruzábal Ruiz, Arguedasko Udaleko idazkaria

_Ordezkoa: Roberto Horcada López, Murillo el Frutoko Udaleko idazkaria.

_Mahaikide idazkaria: Francisco José Fernández Segura, Cabanillasko Udaleko idazkaria.

_Ordezkoa: Francesca Ferrer Gea, Deierriko Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta dagozkionetan aritu ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Gero, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, egoki denean paratu ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7._Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Prestakuntza.

Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

_15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

_15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu 1.

_30 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1,5 puntu.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

b) Administrazio publikoetan, administrari laguntzailearen lanpostuan egindako urte bakoitzeko puntu 1. Gehienez ere, 15 puntu.

7.3. Lehiaketan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai paratuko du oposizioaldira onartutako izangaien zerrenda Cabanillasko Udalaren iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

8._Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: ariketa praktikoa izanen da, deialdiko 2. eranskinean agertzen diren informatikako gaiei buruzkoa.

Ariketa hau egiteko 90 minutu emanen dira gehienez.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu.

b) Bigarren ariketa: 40 galdera teoriko edo teoriko-praktikoak (test motakoak), deialdiko 3. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa hau egiteko 2 ordu emanen dira gehienez.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du Kalifikazio guztien banaz bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa atal bakoitzaren emaitza.

8.4. Ariketa bakoitza burututa, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Cabanillasko Udaleko iragarki oholean emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

8.5. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9._Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Cabanillasko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin zen tokian ikusgai jarriko du azterketa gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan ateratako puntuazioak batu ondoren.

9.2. Epaimahaiak organo eskudunari bidaliko dio puntuaziorik altuena lortu duten lehiakideak izendatzeko proposamena edo lanpostua haiei esleitzeko proposamena.

10._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatu hautatze prozesua bukatutakoan, alkateak ebazpen baten bidez Cabanillasko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du puntuazio handiena lortu duen izangaia, Corellako Udaleko administrari-ofizial lanpostuan ari dadin, deialdi honen 9.2 oinarrian ezarri bezala.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatzen den izangaiak karguaren jabetza hartu beharko du hilabeteko epean, izendapenaren jakinarazpenetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbertzekoak salbu, baten batek edo denek jabetzarik hartzen ez badute, administrari-ofizialaren mailari dagozkion eskubide guztiak galduko dituzte, eta gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Cabanillasen, 2007ko maiatzaren 29an._Alkatea, Ana María Rodríguez Enériz.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............................. adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ............., jaioteguna: ........., jaioterria: ........... (.......). Bizitokia: .............. (.........), karrika: .........., zenbakia: ..........., posta kodea: ........, telefonoa: ..................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Cabanillasko Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

CABANILLASKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

2. ERANSKINA

Informatika

1._Word testu-lanketa.

2._Excel kalkulu-orria.

3._Katastroa kudeatzeko programa.

4._Mantentze-lan orokorrerako programa.

5._Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren programa.

6._Zirkulazioaren gaineko zergaren programa.

7._Udal erroldaren programa.

8._Dirubilketaren programa.

9._Sarrera-irteeren programa.

3. ERANSKINA

1._Udalerria: antolaketa, biztanleria eta udal mugapea.

2._Udalen funtzionamendua.

3._Hirilurraren gaineko kontribuzioa. Zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Zerga oinarria. Kuota. Hobariak. Sortzapena eta zergaldia.

4._Hirilurraren gaineko kontribuzioaren kudeaketa. Katastroa. Kontzeptua. Kontserbazioa. Ondasun higiezinetako aldaketak.

5._Jarduera ekonomikoen gaineko zerga: izaera eta zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Tributu kuota. Zergaldia eta sortzapena.

6._Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kudeaketa.

7._Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga: izaera eta zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Zergaldia eta sortzapena.

8._Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kudeaketa.

9._Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: Izaera eta zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Zerga oinarria, kuota eta sortzapena.

10._Eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergaren kudeaketa.

11._Hirilurren balioaren igoeraren gaineko zerga. izaera eta zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Sortzapena.

12._Hirilurren balio igoeraren gaineko zergaren kudeaketa.

Iragarkiaren kodea: L0708950