77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARTAXOA

Ordenantza edo barne araubideko erregelamendua, Artaxoako Udalaren herrilurretan Nafarroako Ubideak ureztatuko duen eremuko III. sektoreko aprobetxamenduarena. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2007ko otsailaren 23an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artaxoako Udalaren herrilurretan Nafarroako Ubideak ureztatuko duen eremuko III. sektoreko aprobetxamenduaren barne araubideko erregelamendua edo ordenantza.

Iragarkia 2007ko 45. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 11n, eta Udalaren oholean agertu zenetik iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea, eta inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu haren kontra; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat, hasiera batez onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta beraz osorik argitaratzen da Artaxoako Udalaren herrilurretan Nafarroako Ubideak ureztatuko duen eremuko III. sektoreko aprobetxamenduaren barne araubideko erregelamenduaren edo ordenantzaren testua.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean izan daitezen.

Artaxoan, 2007ko maiatzaren 18an._Alkatea, Pedro María Egea Ortiz.

ORDENANTZA EDO BARNE ARAUBIDEKO ERREGELAMENDUA, ARTAXOAKO UDALAREN HERRILURRETAN NAFARROAKO UBIDEAK UREZTATUKO DUEN EREMUKO III. SEKTOREKO APROBETXAMENDUARENA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi proiektuan ezarritako jarduketa eremuaren barreneko lurrei aplikatuko zaie araudi hau.

Uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea da helburua eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizuna arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoa finkatzea.

Sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta, ureztatzeko eremuan, haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

.Ureztatzeko arauak ezartzea.

.Matxuren berri ematea.

.Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, lan batzordeak proposaturik, nekazari bakoitzari adieraziko dio zenbat metro kubiko dagozkion lurzati bakoitzean kanpaina horretan, zer laborantza dituen edo ezarri gogo dituen kontuan hartuta.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kontsumo errealei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzotan tarifatuz.

Fakturatzeko orduan, I. multzoa oinarri finko bat da, ureztatzaileak kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko ordaindu beharko duen prezioa, alegia. Alkatetzak kalkulatua da, lan batzordeak proposatuta. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzailearen kontsumoa, harentzat aldez aurretik finkatutakoa adinakoa edo txikiagoa bada, edo %10 gehiago bada, gehienez ere.

Ureztatzaile batentzat aldez aurretik ezarritakoa %10 eta %20 artean gainditzen duen kontsumoa II. multzoan sartuko da eta zehapena izanen du (ezarri zaion kontsumotik gorakoa) 1. multzoko metro kubikoaren prezioa %300 gehituta.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzailearentzat ezarritakoa %20tik gora gainditzen duen kontsumoa. Kasu honetan, ezarri zaionetik gorako kontsumoaren prezioa I. multzokoa izanen da %500 gehituta.

Alkatetzak, lan batzordeak proposatuta, ureztatze kanpaina bakoitzean ezarriko du kontsumitutako metro kubikoaren prezioa.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Ureztatzailearen erantzukizuna da instalazioak behar ez bezala erabiltzeagatik haietan eragindako kaltea; batez ere, eremurako eta ohiko laborantzetarako ezarritako ur kontsumotik gora aplikatzearen ondorioz.

Kaltea zerk eragin duen ezin denean argitu edo ureztatzaileei ezin egotzi zaienean, ez zaio inola ere Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari leporatuko.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku utziko dituzte ezarrita dauden edo ezarri gogo diren laborantzen gaineko datu aipagarrienak. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, ureztatzeko oinarrizko azalera izanen dute loteek edo gehiago. Oinarrizko azalera hori Eraikuntza Proiektuan definituko da, eremu horretako jarduketa zehazten duen Nafarroako Gobernuaren dekretuan oinarrituta.

Modernizaziotik edo eraldakuntzatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A) Aurrena, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak edo nekazari gazte bat dutenak arduradun.

B) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatzen badituzte.

C) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loteak egonez gero, enkante publikoaren bidez esleitzen ahalko dira, aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ematen ez Udalari ez ureztatzaileei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emandakoak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituztenak ez zaizkie kenduko.

Iragarkiaren kodea: L0708437