77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

60/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Osasun kontseilariak emana, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketa Aringarrien Erregistroa" izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen menpeko fitxategi informatizatuak, datu pertsonalak biltzen dituztenak, arautzen ditu.

Beharrezkotzat jo da "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketa Aringarrien Erregistroa" izeneko fitxategi informatizatua sortzea. Haren helburua da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko edo hari atxikitako osasun zentroetan tratamendu aringarria hartzen ari diren onkologiako gaixoak erregistratzea, haiei behar bezalako arreta eta segimendua bermatzeko.

143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen du fitxategien ezaugarriak aldatu eta bertan behera utziko direla, eta fitxategiak sortu ere bai, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen menpe edo zer departamenturi atxikirik egon, hango kontseilariaren foru aginduaren bidez.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko zuzendariordeak adostasun txostena eman dio foru aginduaren proiektuari.

Adierazitakoarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Datu pertsonalen fitxategi informatizatu hau sortzea:

2. Fitxategiaren izena: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zainketa Aringarrien Erregistroa.

a) Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak.

Erregistroaren helburua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta/edo erakunde publiko horrekin ituna duten osasun zentroetan tratamendu aringarria hartzen ari diren onkologiako gaixoak erregistratzea da, gero datu horien kudeaketa egin dadin, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalek, baita erakunde horrekin itundutako osasun etxeetako profesionalek ere tratamendu eta segimendu egokia egiten dietela bermatzeko.

b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak.

Erregistroak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan edo erakunde publiko horrekin itunduak dauden osasun zentroetan tratamendu aringarria hartzen ari diren onkologiako gaixo guztiei buruzko datuak bilduko ditu.

c) Datuak biltzeko prozedura.

Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko datu base administratiboetatik eta erien historia kliniko informatizatuetatik lortuko dira, eriak horretarako baimena emanez gero.

d) Fitxategiaren oinarrizko antolamendua eta bertan sartuko diren datu pertsonalak.

Identifikazio datuak:

_Izen-deiturak.

_Jaioteguna.

_Historia klinikoaren zenbakia.

_Identifikazio Fiskaleko Txartelaren zenbakia.

_Helbidea.

_Telefonoa.

Babes berezia duten beste datu batzuk:

_Osasun egoerari buruzko datuak:

e) Datu pertsonalen lagapena.

Ez da daturik lagako. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan adierazitakoarekin bat, hirugarren batek datuetara jotzea beharrezkoa baldin bada tratamenduaren erantzuleari zerbitzu bat emateko, ez da datuen jakinarazpentzat hartuko.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko Zuzendaritza.

g) Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko Zuzendaritza.

h) Segurtasun neurriak.

_Goi mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.

2. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Osasunbidea-Nafarroako Osaun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko zuzendariari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiko Antolaketa Zerbitzuari.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 4an._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0708031