77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

376/2007 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Lan zuzendari nagusiak emana, "Savera" enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 49/2007).

Departamentu honetan 2007ko apirilaren 17an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 28 artikuluz osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (ELA-STV) 2007ko apirilaren 16an izenpetu eta onetsia.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuaren arabera, eta kontuan izanik Hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Berako "Savera" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108352) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 4an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

SAVERA, S.A. ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2007-2008-2009 URTEETARAKO

HITZARMENAREN TESTUA

1. artikulua. Langileak.

Enpresaren hitzarmen honek Saverako plantillako langile guztiengan izanen du eragina, salbu eta lan baldintzak eta ordainsariak banaka-banaka ituntzen dituzten zuzendaritzako langileengan. Batzordeari jakinarazi beharko zaio salbuespen honen ondorioz ukitutako langileak nortzuk diren.

2. artikulua. Lotura.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.

3. artikulua. Indarraldia.

2007ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra arte.

Hitzarmen honen amaiera 09/12/31rako iragartzen da.

4. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmenaren indarraldia bukatzen denerako, urteko lanaldia 1.689 ordukoa izanen da, urtero bi ordu kenduko baitira.

2 txandatan aritzen diren langileen eguneko benetako lanaldiaren barrenean, 15 minutu sartu dira enpresaren kontura eta beste 5 minutu langilearen kontura.

Hiru txanda: eguneko lanaldia 8 ordukoa da, eta hortik 20 minutu atsedenaldirako izanen dira.

Urteko lanalditik goiti egiten diren egunen konpentsazioak egutegian sartuko dira, hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetean. Beste kontzeptu batzuk direla-eta sortzen diren egunak IV. eranskinean azaltzen dira.

Lan egutegia enpresaren eta langileen ordezkarien artean adostuko da. Egutegia urtarrila bukatu baino lehen finkatuko da.

Nolanahi ere, urteko egun naturalei igandeak, larunbatak, jai ofizialak, oporraldiak eta zubiak kenduko zaizkie.

Larunbatetan eta zubietan lan egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

_72 ordu lehenagotik abisatu beharko da, edo aurreko hirugarren eguneko goizeko txandan, nahiz eta, salbuespen kasuetan, epe hori murriztu daitekeen enpresa batzordearekin adostuta.

_Gaueko txandan ezin da egun horietan lan egin.

_Lanerako aukerabide hori ez izatea ohiko kontua eta enpresak langileen batzordearekin adostea.

Orobat, 15 egun lehenagotik abisatuta, enpresak zilegi du lau txanda ezartzea, 2000ko otsailaren 16an horren gainean hartutako akordioaren arabera.

5. artikulua. Oporrak.

Oporrak Nafarroako Metalaren Hitzarmen Probintzialean ezarritakoak izanen dira. Urtero, apirilaren 30erako, langile bakoitzaren oporraldiak finkatuta egon beharko dira.

Ospitaleratzea dakarren istripu edo eritasun larri baten ondorioz, oporraldia hastean edo bitartean aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen diren langileek oporrak geroago hartzeko eskubidea izanen dute. Gainerako aldi baterako ezintasun egoeretan, berriz, ez da eskubiderik izanen.

Hori hala izanik ere, oporraldia noiz hartu enpresarekin adostu beharko da.

6. artikulua. Lanbide kategoriak.

Peoi espezializatuaren kategoria eta ordainsaria sei hilabetez aplikatuko da gehienez, hots, langilea enpresan lehenbizikoz sartzen denean. Behin besterik ez zaio aplikatuko langile bakoitzari.

B espezialistaren kategoriak, gehienez, bi urteko antzinatasuna izanen du, benetan kotizatzen diren egunak kontatuta; A espezialistaren kategoriak, berriz, bi urte eta erdikoa, benetan kotizatutako egunak kontatuta. Hitzarmen hau sinatzen den egunean adierazitako baldintzak betetzen dituzten langileak goragoko kategoriara pasako dira hitzarmena sinatzen denetik beretik.

Kategoria aldatzeko proposamenak urtarrilean aztertuko dira, urtero.

Enpresak nahi dituen langileak izendatuko ditu aginteko edo konfiantzako lanpostuetara igotzeko.

Zuzeneko esku-langileak: 1. mailako edo 2. mailako ofizialen lanpostuetan aritzen diren A edo B espezialistek espezialistaren soldataren eta betetzen duten lanpostuaren soldataren arteko aldea adinako plusa kobratuko dute. Langile arduradunak horren berri eman beharko dio Langileria Departamentuari, eguneko lan gaztiguaren bidez.

Zeharkako esku-langileak: Langileren bat bere kategoriatik gorako lanetan aritzen bada, lanpostu berriaren soldata aitortuko zaio lanpostu horretan aritzen den bitartean, eta hango lanbide kategoria, berriz, lanpostuan urtebete eman ondoren. Dena dela, urtebete igaro baino lehen, lehenagoko lanpostura itzultzeko agintzen ahalko zaio, hartan zituen baldintza berberetan aritzeko.

Goragoko lanbide kategoria batera igotzeko, langileak aurre-aurreko kategoriakoa izan beharko du eta alderdi hauek baloratuko dira:

_Titulazio egokia izatea.

_Lanpostua ezagutzea.

_Lanbide historiala enpresan.

_Ezartzen diren probak gainditzea.

_Balioaniztasuna izatea.

Nolanahi ere, aurretik langileen ordezkariei iritzia eskatuko zaie.

Lanpostuen banaketa lantegian (ikus II. eranskina).

7. artikulua. Soldata.

2006ko abenduaren 31n sortutako soldatei 2006ko KPIa gehi %1,2 gehituko zaie; 2007ko abenduaren 31n sortutako soldatei 2007ko KPIa gehi %1,2 gehituko zaie, eta 2008ko abenduaren 31n sortutako soldatei 2008ko KPIa gehi %1 gehituko zaie. Igoera horiek nominaren kontzeptu guztietan aplikatuko dira.

Urtarrilean, "Geroa" Aurreikuspen Sozialerako Entitateari egiten zaizkion ekarpenak Gipuzkoako Hitzarmen Probintzialean itundutako kopuru berean igoko dira.

Ekarpenak enpresak egiten ditu, batera. Hortaz, langileari dagokion ehunekoa soldaten nominetatik kenduko dio.

Kobraketa eguna hauxe izanen da beti: likidatzen den hilabetearen ondoko hilabeteko hirugarren laneguna.

Aparteko pagak 30 egunekoak izanen dira, eta oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren gainean kalkulatuko dira. Udako paga uztailaren 7a baino lehen kobratuko da eta Eguberrietakoa, berriz, abenduaren 20a baino lehen.

8. artikulua. Produkzio saria.

Soldata-osagarri hau ateratzeko, VII. eranskinean azaltzen den formula erabiliko da.

Produkzio sariak hitzarmen honetako 7. puntuan adostutako igoera izanen du. Udako oporraldia bi zatitan hartzen bada, saria bigarrena bukatutakoan ordainduko da, dena batera. Uztaileko nominarekin batera, epe horri dagokion likidazioaren konturako aurrerakina ordainduko da.

Langileen ordezkariek jakin gabe, ezin da kalkulurako zerrendan langilerik erantsi edo hortik kendu.

9. artikulua. Gaueko lana.

22:00etatik 6:00ak bitarte lan egiten duten langileek gaueko plusa kobratuko dute, benetako soldataren %25ekoa hain zuzen. Benetako soldata ateratzeko, oinarrizko soldata, antzinatasun saria eta produkzio saria batuko dira.

Enpresan bi txandatan aritzeko diren lanpostuak edo atalak izan bitartean, horietan aritzeko lehentasuna 55 urteko langileek edo hortik gorakoek izanen dute.

10. artikulua. Kilometrajea.

Kontratazio berrietan, Savera abiapuntutzat duten joan-etorrien kilometrajea ordainduko da bakarrik, hots, langileen eginkizunekin lotuta dauden kudeaketen ondoriozko joan-etorrietako gastuak edo distantzia saria, etxetik lanpostura bitarteko joan-etorriak kontuan hartu gabe, hori soldataren barrenean dagoela hartzen baita.

Lehengo kontratazioetan, non lantokira joateko kilometrajearen ordain bat finkatuta baitzegoen, soldatetarako itundua dagoen proportzio berean igoko da sari hori.

Enpresaren autoa erabiltzen denean, 0,320 euro emanen dira kilometro bakoitzeko.

11. artikulua. Deiaren saria.

Sari hau, bere lanalditik kanpo lan egiteko deia jasotzeagatik, lanera etortzen diren langile guztiek kobratuko dute: 1. deiaren balioa = 28,10 euro; 2. deiaren balioa = 53,52 euro.

Deia gauaz egiten bada eta 4 ordu baino gehiago lan egiten baldin bada, hurrengo egunean konpentsatzen ahal dira. Kasu horretan, gaueko aparteko orduaren eta eguneko aparteko orduaren arteko aldea kobratuko da.

12. artikulua. Aparteko orduak.

Enpresak edozein arrazoi dela-eta eskaturik, ezarrita dagoen ohiko lanaldiaz gainera egiten den lan-denbora aparteko ordutzat hartuko da.

Debeku da ohiko lan-jardunbide gisa aparteko orduak egitea, alde batera utzita ezinbesteko arrazoiengatik, ustekabeko absentziengatik, mantentze-lanen ezinbesteko beharrengatik (egiturazko orduak) eta antzeko egoerengatik egiten direnak.

Aparteko orduak egitea beharrezkoa baldin bada eta ezinezkoa bada, orduak egin beharrean, aldi baterako edo lanaldi partzialeko langileak kontratatzea, Zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinaraziko dio zeintzuk diren aurreko atalean ezarritako kausen barrenean sartzen ahal diren egoerak.

Hilabetero, egiten diren aparteko orduen berri emanen zaio enpresa batzordeari.

Aparteko orduen ordez denbora librea emanen da, honelako formulen arabera: aparteko orduak lanegunetan: lanordu bat = 1,75 ordu; aparteko orduak jaiegunetan: lanordu bat = 2 ordu; aparteko orduak jaiegunetako gauetan: lanordu bat = 2,25 ordu.

Aparteko orduari dagokion diru-zenbatekoa kalkulatzeko formula hau erabiliko da: oinarrizko soldata + antzinatasun saria laneratze plusa (urte osokoak) zati urteko lanaldia.

13. artikulua. Antzinatasun saria.

Langileak enpresarekin duen denbora-lotura saritzeko soldata-osagarri pertsonala da sari hori.

Hiru urteka ordainduko da eta bakoitzari dagokion diru-zenbatekoa lansarien tauletan agertzen da (ikus VI. eranskina).

14. artikulua. Finikitoa.

Langileak eskatuz gero, langileen ordezkariek finikitoa aztertuko dute, sinatu aurretik.

15. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Langileak, lan ezintasunak iraun bitartean, baja-agiria hartu aurreko hilabetean zuen erregulazio-oinarriaren %100era bitarteko soldata-osagarria jasoko du, baina lanean egongo balitz kobratuko lukeen kopurua gainditu gabe.

Osagarri hori jasotzeko eskubidea izateko, absentzien indizeak %2,55etik beherakoa izan behar du, Saveran erabili ohi diren irizpideei jarraikiz (III. eranskina).

16. artikulua. Erretiro aurreratua.

60 urteko langileek eta hortik gorakoek, enpresarekin adostuz gero, erretiroa hartu eta errelebo-kontratuaz baliatzeko aukera izanen dute.

Enpresak langilearekin erabakiko du langileak 65 urte bete bitarte egin behar duen lan denbora, hots, lanaldi osoaren %15, nola antolatu. Lanaldi hori kotizatuko zaio.

Errelebo-kontratua betetzeko kontratatzen den langileak lanaldi osoko kontratua izanen du.

Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio enpresa batzordeari errelebo-kontratuaren bidez kontratatzen diren langileen gaineko informazio eta dokumentazio guztia, hau da: langilearen datuak, kontratu mota etab. Hori guztia erretiro partziala hartu aurretik.

Kontratatzen den langileari, aldi baterako kontratazioak egiteko enpresan erabiltzen diren irizpideak betez gero, mugagabeko kontratua eginen zaio, enpresaren hitzarmenean ezarrita dagoenari jarraikiz. Bete ezean, beste langile bat hartuko da aurrekoaren baldintza berberetan.

Testua erantsirik. V. zk.

17. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Langileen laneko segurtasun eta osasuna denon erantzukizuna denez gero, enpresak hitz ematen du behar diren antolaketa arau egokiak hartuko dituela arlo horretan kalitate handia lortzeko. Arduradun bat izendatuko du eta bere lana behar bezala gauzatzeko behar dituen langileak eta diru-baliabideak esleituko dizkio.

Enpresak dohainik helaraziko dizkie langileei behar dituzten laneko jantzi guztiak. Gainera, jantziak garbitzeaz ere arduratuko da.

Urtean behin, enpresak azterketa medikoa eginen die langileei.

Segurtasun betaurreko graduatuak ordainduko zaizkie halakoak behar dituzten langileei.

Kontingentzia arrunten (eritasun arrunta eta lanekoak ez diren istripuak) ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeretan ordaintzen diren prestazio ekonomikoen estaldurak eta, halaber, halakoetan izaten diren alta eta bajen osasun kontrolak sistema publikoaren esku segituko dute. Beraz, enpresak ezin izanen du estaldura hori Gizarte Segurantzari laguntzeko entitateen bitartez egin, enpresa batzordearen baimena izan gabe.

18. artikulua. Azpikontratazioa.

Azpikontratazioren bat egin aurretik, enpresako zuzendaritzak asmo horren berri eman beharko die idatziz langileen ordezkariei, astebete lehenago gutxienez, horretarako arrazoiak emanez. Idazki horretan erabakiaren azalpena, azpikontratatzen den enpresa edo tokia, azpikontratazioaren baldintzak eta entitate kontratatuak Gizarte Segurantzan duen egoera azaldu beharko dira.

Langileen ordezkariak enpresak proposatzen duen azpikontratazioarekin ados ez badaude, desadostasuna adierazten ahalko dute, egoki iruditzen zaizkien arrazoiak alegatuz.

Azpikontratazioa enpresaz kanpoko langileekin egiten bada, langile horiek Savera enpresan lan horretan edo antzekoetan aritzen diren kategoria bereko langileen lanaldi eta baldintza ekonomiko berberak izanen dituzte.

Hiru egunetik beherako azpikontratazioetan, baldintza hauek bete beharko dira: enpresa batzordeari jakinaraztea eta lantegiko lanaldia errespetatzea.

19. artikulua. Prestakuntza.

Enpresak langileen prestakuntza beharren diagnostiko bat eginen du. Diagnostiko horren berri batzordeari emanen zaio, ezagut eta onets dezan.

Beste lan mahai batean, langileen prestakuntza behar guztiak finkatu ondoren, behar horiek ahalik eta lasterren betetzeko sistema gauzatuko da (ikastaroak kanpoan, lantegian, kostua langileen eta enpresaren artean nola banatu...).

20. artikulua. Enplegua.

Hitzarmen hau sinatzearekin batera bost lanpostu finko berri sortuko dira.

Behin-behineko langileak ezin dira %15etik gorakoak izan. Ehuneko hori bulegoetan eta lantegian aplikatuko da.

Ohiz kanpoko egoeretan, enpresak, batzordearekin adostuz gero, ehuneko hori gainditzen ahalko du, baina sei hilabetez gehienez.

Mugagabeko kontratua duten langileek erretiroa edo edonolako baja hartuz gero eta lanpostu horiek amortizatzen ez badira, mugagabeko beste kontratazio bat eginen da.

Behin-behineko kontratuak, egoera normaletan, 6 hilabetekoak izanen dira, gutxienez.

Egoera normaletan, enpresak aldi baterako kontratuen bajak gertatu eta gutxienez hilabete bat lehenagotik jakinarazi beharko die ukitutako langileei.

21. artikulua. Inbertsioak.

Zuzendaritzak urtean egin gogo inbertsioen aurrekontuen berri emanen die ordezkari sindikalei. Horrez gainera, lau hilabetean behin, egiten diren inbertsioen bilakaeraren berri emanen die.

Enpresak mekanizazio lerro bat irekiko du 5. nabean. Lerro horretan brotxatzeko makina, trokelak, xaflagailua, oinarrien lixagailuak eta garbigailua izanen dira. Irailean erabiltzeko moduan egonen da instalazio hori eta, 2007. urtearen bukaerarako, bukatua.

22. artikulua. Familia-laguntzak.

Langileren bat hil edo ezintasun egoeran geldituz gero eta, hori dela eta, haren seme-alabek ikasten segitzeko arazo ekonomikoak baldin badituzte, enpresak, batzordeak txostena eginda, hitz ematen du horretarako diru-laguntza emanen diola familiari. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta iraupena kasuan-kasuan erabakiko dira.

23. artikulua. Jarduera sindikala.

Enpresan %33tik gorako ordezkaritza duten sindikatuetan afiliaturik dauden langile guztiek bilera sindikalak eta prestakuntza ikastaroak egiteko eskubidea izanen dute lanorduetatik kanpora, urtean 6 ordu gehienez.

Bilera edo ikastaro horietarako zitazioa edo deialdia sindikatuek eginen dute 48 ordu lehenagotik, jarduera hasteko eta bukatzeko orduak eta tokia adierazita.

Jarduera horiek lantegian berean edo sindikatuen egoitzetan egiten ahalko dira, eta enpresak ordu horiei dagokien soldata erreala ordainduko du.

Arrazoi justifikatuak daudenean, enpresa batzordeko kideei beren lan sindikala egiteko behar diren ordu ordainduak emanen zaizkie, neurrizko kopuru bat gainditu gabe.

Langileek behar adina batzar eginen dituzte, baina ez da horretarako ordu kopuru jakin bat finkatu urte osorako. Ordu horiek guztiak ordainduko dira. Biltzar horiek bi alderdiek onartua duten arautegiari jarraikiz eginen dira.

Enpresa batzordeko kide edo ordezkari sindikalak izateagatik langileen ordezkaritza duten langileak ezin dira lantokitik kanporatu, eta ezin zaie zehapenik jarri ordezkari gisa dagozkion eginkizunetan jarduteagatik. Ustezko arau-hauste larri edo oso larriagatik jartzen zaion zehapena edo kanporatzea beste arrazoi batzuengatik baldin bada, espedientea tramitatu aitzin, entzunaldia emanen zaie langileari eta bere sindikatuko ordezkari bati.

Berme horrek langilearen ordezkaritzaldia bukatu ondotik bi urte pasatu arte iraungo du.

24. artikulua. Eszedentzia sindikala.

Langileek, enpresatik goragoko esparru batean eginbehar sindikalak betetzeko hautatuak izanez gero, eginkizun sindikaletarako eszedentzia eskatzen ahalko dute eta enpresak derrigorrez onartu beharko die kargu horretan iraun bitarterako.

Eszedentzia bukatutakoan, langileek eskubidea izanen dute berehala beren lanpostura itzultzeko, behar den denborarekin eskatzen badute. Eszedentzia hartu aurretik zuten kategoria eta lanpostura itzuliko dira.

25. artikulua. Euskara.

Ondotik aipatzen diren agiriak elebitan erredaktatuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz:

_Lan hitzarmen kolektiboa, iragarki-oholeko oharrak.

_Nominak.

_Harrera egiteko esku-liburua.

_Kontratuak.

_Inprimakiak.

_Ahozko harremanei dagokienez, enpresak euskararen aldeko jarrera eta motibazioa sustatzeko kanpainak egiten ahalko ditu, baita euskararen erabilera bultzatzekoak ere. Behar izanez gero, kanpaina horiek beste enpresa eta erakundeekin eginen dira.

26. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.

Kontratatzeko den bizi eta istripu aseguru kolektiboak langile guztiak estaliko ditu. Langile guztiei aseguruaren kopia bana emanen zaie.

27. artikulua. Garantia-klausula.

Hitzarmen honetan aurreikusten ez den guztian, soldatei eta lanaldiei dagozkienetan izan ezik, Nafarroako metalaren sektorerako hitzarmen kolektibo probintzialean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta enpresaren aurreko itunetan eta, oro har, aplikatu daitezkeen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

Soldatei eta lanordu kopuruari dagokienez, hitzarmen honetan eta lege xedapen aplikagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio. Halaber, hitzarmen honetako baldintzak direla-eta lege xedapen horiek ezartzen dituzten hobekuntza ekonomiko guztiak bereganatzen ahalko dira.

Hitzarmen honek indarra izanen du berau ordezkatzeko beste bat onetsi arte.

28. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Lege indardunek agindutakoaren arabera, batzorde paritario bat sortu da, enpresa zuzendaritzako hiru ordezkarik eta enpresa batzordeko beste hiruk osatua. Hitzarmenak indarra duen bitartean hitzarmena bete, interpretatu edo aplikatzean edo haren eragina zehaztean sor daitezkeen auzi guztiak batzorde hartara eramanen dira.

Iragarkiaren kodea: F0707706