77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

29/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Toki Administrazioko kontseilari eta Nafarroako Gobernuaren eledunak emana, 2007an ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, ikus-entzunezkoen sektoreak eragin handia du egungo gizartean, herrien garapen sozialean, kulturalean eta ekonomikoan zuzeneko eragina baitu. Gure foru erkidegoak bere ikus-entzunezko sistema izateak gure gizartearen eta hura osatzen duten herritar talde guztien nortasun ikurrak eta baloreak sustatzen lagunduko du.

Informazioaren eta komunikazioaren gizarte berri honen esparruan, ikus-entzunezkoen sistema goraka doan industria da, enplegua eta aberastasuna sortzeari begira oso aurreikuspen onak dituena. Gaur egun, telebistaren seinalearen digitalizazioak irudiaren eta soinuaren kalitatea hobetzea ekarri du eta espektru irrati-elektrikoa hobeki aprobetxatzea. Horrela, programa gehiago transmititzen ahal dira. Telebistaren irudiaren digitalizazioa ezinbesteko mugarria izan da ikus-entzunezkoen sektorearen bilakaeran. Hortaz, une ezin egokiagoa da hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura hori gure foru erkidegoan sustatu, bultzatu eta sendotzen laguntzeko.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Nafarroako Parlamentuari igorritako 2005eko urteko txostenean ikus-entzunezkoen sistemak gure erkidegoan izan duen garapena eta aurkitu dituen arazo eta zailtasunak ebaluatzen ditu. Txosten horretan adierazten da Nafarroako telebista batzuek bertako ekoizpenaren ehunekoa jaitsi dutela, kanpokoaren onerako. Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren iritziz, beherakada hori ez da ona. Aurreko urteetako txostenetan, Ikus-entzunezkoen Kontseiluak azaldu zuen beharrezkoa litzatekeela hurrengo urteetan Nafarroako Foru Komunitateko telebista kate batzuek ekoizpen propioaren igorpenak handitzea poliki-poliki, eskualdekoa sustatzearren.

Era berean, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak 2006ko otsailaren 23an Nafarroako Gobernuari igorritako txostenean, errepikatzen da telebistaren sektorea egoera larrian dagoela Nafarroako Foru Komunitatean eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Nafarroako ikus-entzunezko sektorea sendotzen laguntzeko, gutxienez abian diren proiektuen bideragarritasuna bermatuz.

Hori helburu, Ikus-entzunezkoen Kontseiluak proposatu du, besteak beste, ekintza-lerro bat abian jartzea dirulaguntzen bidez telebista horietan tokiko eta Nafarroako ekoizpenak eta bertako programa interesgarriak ugaltzeko.

Horregatik, Nafarroako Gobernuarentzat oso garrantzitsua da sektore hori sustatzeko politika aktibo bat garatzea, ikus-entzunezkoen bertako industria sustatzeko, eta ikus-entzunezkoen ekoizpenari laguntzeko araubide bat ezartzea, ondoko helburuekin:

Nafarroako erkidego osorako eta tokiko telebisten emankizunen zerrenda betetzen laguntzea, Nafarroaren eta nafarren kultur, gizarte, arte eta literatur egoerari loturiko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatuz, kalitateko, estraineko eta hurbileko edukiekin osatuak.

Ikus-entzunezkoen sektorea garatzen laguntzea, ikus-entzunezkoen ekoizpena eta emanaldiak bultzatuz eta ikus-entzunezkoen industrian parte hartzen duten enpresa, hezkuntza, kultur eta gainerako agenteen arteko lankidetza sustatuz ikus-entzunezkoen ekoizpenaren arloan.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuak erkidego osorako eta herrietarako emandako lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten telebistaren irrati-difusioko entitateek ikus-entzunezkoak ekoitzi eta haien difusioa egiteko jardueretarako dirulaguntzen araubidea ezartzea. Hori helburu:

Ikus-entzunezkoak emititu, ekoitzi eta haien difusioa egiteko proiektuetarako laguntzak ezarri dira.

Nafarroako Foru Komunitate osorako eta bertako herrietarako emandako lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten telebistaren irrati-difusioko entitateak izan daitezke laguntzen onuradun.

Laguntza espedienteak tramitatzeko segitu beharreko prozedura ezartzen da eta ordaintzeko bideak finkatzen dira.

Azkenik, laguntzak itzultzeko kasuak eta arau-hausteetarako eta zehapenetarako araubidea zehazten dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa-Komunikazio Zuzendaritza Nagusia sortu eta arautzen duen martxoaren 14ko 60/2005 Foru Dekretuko 3. artikuluak ematen dizkidan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. 2007an ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

3. 3.000.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastuen aurrekontuko "Ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak" izeneko 220002 22100 4709 467900 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu honen bidez onetsi diren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 18an._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

2007an ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzen deialdia

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuak erkidego osorako eta herrietarako emandako lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten telebistaren irrati-difusioko entitateek ikus-entzunezkoak ekoitzi eta haien difusioa egiteko jardueretarako dirulaguntzen araubidea ezartzea.

2. Aurrekontuetako dirua.

Deialdi honetarako 3.000.000 euro bideratu dira, 2007ko gastuen aurrekontuko "Ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak" izeneko 220002 22100 4709 467900 kontusailaren kontura.

3. Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitate osorako eta bertako herrietarako emandako lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten telebistaren irrati-difusioko entitateak izan daitezke laguntzen onuradun.

4. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen ikus-entzunezko proiektuen tipologia.

Nafarroako eta/edo bertako herritarren kultura, gizarte edo literatura egoerari edo bestelako errealitate bati loturik egoteagatik Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren edukiak sortu eta emititzeko ikus-entzunezko proiektuak izan daitezke dirulaguntzen xede. Dirulaguntzak hartu ahal izateko, nahitaezkoa da proiektuan jasotzea Nafarroako Foru Komunitate osorako eta bertako herrietarako telebistaren lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten telebistaren irrati-difusioko entitateek proiektuaren ondoriozko edukiak zabaldu eta emitituko direla.

Aurreikusten diren ikus-entzunezko eragiketa eta jardueren arabera, proiektu mota hauek izanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatearentzat intersgarriak diren ekitaldiak zuzenean emititzea.

b) Ikus-entzunezko ekoizpenerako proiektuak: dokumentalak, telesailak, lehiaketak, magazinak, eztabaidak, ezgaitasunak dituztenei egokituriko albistegiak, film luzeak, film laburrak eta bestelako telebista saioak egiteko jarduera eta eragiketak biltzen dituzte.

c) Ikus-entzunezko aurreekoizpenerako proiektuak, urtebeteko epean emititzeko konpromisoa dutenak: ikus-entzunezko proiektu bat prestatu eta diseinatzeko eragiketa eta jarduerak biltzen ditu, berezko ekoizpen fasea baino lehenagokoak, hala nola, gidoia garatzea, sortzaile, ekoizle eta gidoilari lantaldeak osatzea, filmatzeko argazkiak, aktoreak eta filmatu beharreko tokiak bilatu eta aukeratzea.

5. Finantzatzen ahal diren gastuak.

Laguntza hauei dagokienez, gastu hauek finantzatzen ahal dira, betiere dirulaguntzaren xede den jarduera egiten deneko denboran pagatu badira:

5.1. Onuradunak bere kasa egiten dituen gastuak eta onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera bere kasa egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa.

5.2. Dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo partez burutzeko hirugarrenekin egiten diren kontratazioen ondoriozko gastua, deialdiko 6. oinarrian ezarritako mugak gainditu gabe.

Gastuak kontzeptu hauetako batean sartuko dira eta dirulaguntzaren xede den jarduerari dagokion zati proportzionalean egotziko dira:

_Diruz laguntzen den ikus-entzunezko proiektuaren jarduerei zuzen-zuzenean loturiko langileen ordainsariak.

_Proiektuan zuzenean erabili diren zerbitzu, ekipo, hornigai eta bestelako gastuak.

_Proiektuari zeharka egozten ahal zaizkion zerbitzuak, azpiegiturak eta gastu orokorrak.

Aurreko ataletan ondoko hauetatik datozen gastuak ere sartzen ahalko dira: giza baliabideak, kamerak, monitoreak, soinu-ekipoak, grabazio eta erreprodukzio ekipoak, filmatzeko makineria, produkziorako softwarea, soinua eta irudia editatu eta muntatzeko ekipoak eta softwarea, unitate mugikorrak eta sateliteekiko loturak, lokalak, zerbitzuak, materialak, hornigaiak eta, oro har, aipatu gabe egonda ere, diruz laguntzen den jarduerarekin zuzenean edo zeharka lotuta dagoen edozein kontzeptu.

6. Azpikontratazioa.

6.1. Onuradunek zilegi dute diruz laguntzen den proiektuaren jarduera eta eragiketak Europar Batasuneko estatukide baten eremuan ezarrita dauden pertsona fisiko edo juridikoekin azpikontratatzea, horien helbidea edo egoitza iraunkorra Nafarroan baldin badago. Dena dela, kontratua aurreko baldintza betetzen duten entitateekin sinatzea ezinezkoa dela behar bezala egiaztatuz gero, eremua zabaltzen ahalko da.

6.2. Onuradunak pertsona fisiko edo juridiko independenteekin edo haien elkarteekin egiten ahalko du azpikontratazioa, eta ez beste inorekin, baldin eta haiek ikus-entzunezko sektorean badihardute modu profesionalean, deialdi honetako 4. arauan aipatzen diren arloetariko batean. Dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko beharrezkoak diren azpikontratazioak ere izanen dira bidezko. Deialdi honi dagokionez, independenteak dira jabetzagatik, parte-hartze finantzarioagatik edo administrazio organoetako parte-hartzeagatik irrati-difusioko entitateek menperatzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

6.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eragikortasunez eta ekonomiaz hautatu direla justifikatzeko, gutxienez ere bi eskaintza eskatu direla frogatu beharko da.

6.4. Beste batzuekin hitzarturiko jarduera dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hogeitik gorakoa bada eta zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioa egiteko onuradunak eta entitate azpikontratatuak idatziz kontratu bat egin beharko dute. Haren zenbatekoa gutxitu eta, horrenbestez, betebehar hau saihesteko ezin izanen da kontraturik zatitu.

6.5. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, proiektuaren kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

6.6. Azpikontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak behartuak daude Administrazioaren kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztatze eta kontrol finantzariorako lanetan laguntzera eta horretarako erraztasunak ematera.

7. Laguntza motak.

Deialdi honetako 4. arauan aipatzen diren ikus-entzunezko ekoizpenerako proiektuei Nafarroako Gobernuak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen ahalko dizkie.

8. Laguntzen zenbatekoa.

Administrazio publiko honek edo beste administrazio edo entitate batek finantzatzen ez dituen gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100eko laguntza emanen da, betiere aurkezturiko proiektuak 9. oinarriko 3. atalean ezartzen den gutxieneko puntuazioa gainditzen badu eta aurrekontuetan behar adina diru badago.

Deialdi honen arabera ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten edonolako laguntzekin, baldin eta haien guztien baturak dirulaguntzaren xede den ikus-entzunezko proiektuaren zenbateko osoa gainditzen ez badu. Zenbateko osoa gaindituz gero, deialdi honen babesean kobraturiko dirulaguntza itzuli beharko da edo dagokion zatia ez da pagatuko.

9. Prozedura.

9.1. Eskaerak eta agiriak.

Nafarroako Gobernuko erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusitako lekuetako batean eskabide bat aurkeztuz hasiko da prozedura. Eskabidea I. eranskinean azaltzen den ereduari jarraikiz beteko da.

Laguntza eskatzeko eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hasiko da eta 2007ko irailaren 15ean bukatuko.

Aurkeztutako eskabidea eta agiriak aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusten bada edo beharrezkotzat jotzen bada datu edo agiri osagarriak eskuratzea, gehienez ere 15 egun naturaleko epea emanen zaio eskatzaileari horiek aurkezteko, eta hori egiten ez badu, eskaera bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Hori guztia jakinaraziko zaio.

9.2. Instrukzioa.

Hedabide Zerbitzua izanen da prozedura instruitzeaz arduratuko den organoa, hari baitagokio espedientea aztertu eta ebaluatzea. Proiektu edo jarduketaren zailtasuna edo beste arrazoi batzuk ikusita, aditu independenteen laguntza eskatzen ahalko du.

Organo instruktoreak 9.3 oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak. Betiere, eskatzaileek aurkeztutako aurrekontuak ikus-entzunezkoen merkatuko prezioen errealitatearen araberakoak ote diren ebaluatuko du, hala nola proposatutako langileak eta baliabideak aurkeztutako proiektuaren tamainaren araberakoak ote diren.

Gero, Toki Administrazioko kontseilari eta Gobernuaren eledun denari txosten bat igorriko dio, hala bada, eskatzaileak laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela adierazteko. Laguntzak ebazteko proposamen bat ere igorriko du.

9.3. Ebaluatzeko irizpideak.

Ebaluazio irizpide eta baremo hauek kontuan hartuz ebaluatuko dira eskaerak:

a) Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak edo Foru Komunitateko beste erakunde batzuek antolatutako ekitaldi ofizialak zuzenean emititzea: 12 puntu.

b) Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren kultur edo kirol ekitaldiak zuzenean emititzea. 10 puntu.

c) Proiektuaren kalitate artistikoa (sormena, originaltasuna): 50 puntu.

d) Proiektuaren kalitate tekniko eta teknologikoa eta ikus-entzunezko edukiak eta zerbitzu interaktiboak, teknologiaren aldetik aurreratuak, biltzea: 3 puntu.

e) Emititzeko ordutegia: 15 puntu.

f) Laneko aukera berdintasuna sostengatzen duen enplegua sustatzea: 5 puntu.

g) Ezgaitasunak dituzten taldeendako saioak, haiei egokituak: 5 puntu.

Dirulaguntza eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da eskatzaileek aurkezturiko proiektuek 100 puntuen artetik gutxienez 50 puntu lortzea.

9.4. Ebazpena.

Toki Administrazioko kontseilari eta Gobernuaren eledunak emanen ditu laguntzak, foru agindu baten bidez. Proposamena ikusirik, laguntza emateko ebazpena eginen da. Bertan ordaintzeko modua zehaztuko da, hala nola onuradunek haietaz baliatzeko bete beharreko baldintza eta betebeharrak. Ebazpena emateko epea hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezetsitzat joko da epe horretan espresuki ebazpenik eman ez bada.

9.5. Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzaren onuradunak honako beharkizun hauek izanen ditu:

a) Dirulaguntzaren xede den ikus-entzunezko ekoizpen eta hedapeneko jarduerak egitea eskaeran, proiektua azaltzen duen memorian, dirulaguntza ematen duen ebazpenean eta onuradunak sinaturiko agirian aurreikusten diren epe eta moduetan.

b) Nafarroako Foru Komunitate osorako eta bertako herrietarako emandako lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten irrati-difusioko entitateek proiektuaren ondoriozko edukiak zabaldu eta emititzea, deialdi honetako oinarrietan ezarritako epean, nahitaezko betebeharra baita. Emititzeko ordutegia nahitaez 9:00etatik 24:00ak bitarte izanen da eta posible denean, ikus-entzule gehien dauden orduetan.

c) Proiektuen ondoriozko ikus-entzunezko edukietan edo aurkezpenean, publizitatean eta zabalkundean, beti haien hasierako kreditu tituluetan, espresuki eta modu nabarmenean, Nafarroako armarri ofizialeko logotipoaren ondoren, hauxe adieraztea: "Nafarroako Gobernuaren lankidetza eta finantziazioa".

d) Dirulaguntzaren xede den ekoizpenaren proiektuaren kopia estandarra, jatorrizko formatuan eta bertsioan, egoera on-onean, Nafarroako Gobernuari aurkeztea, haren izenean eta haren jabetzapean gelditzeko, hark eskatzen duenean. Kopia hori zaintzekoa izanen da. Jendaurrean erakusten ahalko da helburu instituzionaletarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren onuradunari jakinarazi ondoren.

e) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebehar, baldintza eta helburuak bete direla.

f) Nafarroako Gobernuak emandako laguntzari buruz egiten dituen egiaztapen guztiak onartzea.

g) Onesten den proiektuan egin nahi duten edozein aldaketa organo emaileari idatziz jakinaraztea. Proiektuan aipatzen den taldekide erabakigarriren bat aldatuz gero, horren berri ere eman beharko dute. Aldaketak egiteko organo emailearen baimena beharko da.

h) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamenaren egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

i) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari, haiek jaso direla jakin bezain pronto eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

j) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Laguntzaren xede den proiektua edo jarduketa egoki egin dela eta laguntza egoki erabili dela aztertzeko egiaztapenak egiteko bidea erraztea. Hori helburu, lanak nola doazen aztertzeko eskatzen zaizkion datu, agiri eta txostenak aurkeztu beharko ditu.

l) Proiektu edo jarduketaren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabehera organo emaileari jakinaraztea.

10. Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza batera edo bi zatitan ordaintzen ahalko da.

a) Lehenengo kasuan, lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten irrati-difusioko entitateek proiektuaren ondoriozko eduki guztiak, dirulaguntzaren xede izan zirenak, egin direla frogatu ondoren pagatuko da dirulaguntza, proiektuaren jardueren memoria aurkeztu eta dirusarrerak eta gastuak deialdiko 12. oinarrian azaldu bezala justifikatu ondoren.

b) Bigarren kasuan, bi ordainketak honela eginen dira:

Lehenengo ordainketa, onuradunak proiektuko edukiak egin eta/edo emititu dituela eta dirulaguntzaren xedeko jardueraren kostu osoaren ehuneko berrogeita hamarrari dagokion gastua egin duela egiaztatu ondoren. Horretarako, egindako gastuei dagokien justifikazio kontua (II. eranskina) aurkeztu beharko du.

Bigarren ordainketa, hots, azkena, lurreko telebista digitalaren lizentziak hartu dituzten irrati-difusioko entitateek proiektuaren ondoriozko eduki guztiak, dirulaguntzaren xede izan zirenak, egin direla frogatu ondoren pagatuko da, proiektuaren jardueren memoria aurkeztu eta dirusarrerak eta gastuak deialdi honetako 12. oinarrian azaldu bezala justifikatu ondoren.

Hori horrela, aurrekontuetan zehaztutako gastu errealak murriztuz gero, emandako laguntza ere proportzionalki murriztuko da, baina, gastu errealak handituz gero, ordea, ez da laguntza handituko.

11. Laguntzak aldez aurretik pagatzea.

Dirulaguntzaren ehuneko berrogeita hamarreko aurrerakina ematen ahal da, gehienez, laguntza onartzen duen foru aginduarekin batera, betiere diru funtsen beharra justifikatzen bada. Kasu horretan, proiektua bukatu ondoren pagatuko da beste ehuneko berrogeita hamarra, onuradunak ondoriozko emaitzak egin eta/edo emititu dituela frogaturik.

Nolanahi ere, aurrerakina ordaintzeko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimena beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.5 artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Proiektuaren aurrerakina 60.000 (hirurogei mila) eurotik gorakoa bada, onuradunak abal bat aurkeztu beharko du berme gisa.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Diruz lagundutako jarduerak egin ondoren, dirulaguntza kobratu ahal izateko, onuradunak ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dio organo emaileari:

a) Dirulaguntza jaso duen proiektuaren bukaerako txostena, aurreikusitako helburuen betetze-maila baloratuko duena.

b) Justifikazio kontua, II. eranskinean azaltzen den ereduari jarraikiz. Bertan, egindako jardueren aitorpena eginen da eta bakoitzaren kostua azalduko, diruz laguntzen den jarduera bakoitzak benetan sortutako gastu guztiak xehekatuz. Diruz lagungarriak 2007ko abenduaren 31ra artekoak izanen dira, ez geroagokoak, deusetan galarazi gabe gastu horien ordainketa egun hartatik aurrera egitea. Horretarako, justifikazio kontuarekin batera, gastuen zerrenda zenbakitua aurkeztu beharko da eta, orobat, fakturen jatorrizkoak edo fotokopiak. Fakturak izan ezean, merkataritza trafiko juridikoan baliagarriak diren edo administrazio bidean froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk aurkezten ahalko dira.

Gizarte Segurantzaren gastuaren justifikazioa TC1 eta TC2 ofizialak aurkeztuz eginen da.

Gastuak justifikatzeko kargu-agiriak erabiltzen badira, behar bezala justifikatuak aurkeztu beharko dira, diruz laguntzen den jarduerari egozten zaiona identifikatzeko behar beste informaziorekin.

Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak deialdiko 6. oinarrian adierazi bezala azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturetan argi eta garbi xehekatu beharko da kostu bakoitzari dagokion jarduera.

Justifikazio kontuan agertzen diren gastuez gainera, dirulaguntza kobratu ahal izateko, ordainketa benetan egin dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

12.2. Diruz lagundutako jarduera berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatua izan bada, justifikazioan hauek adierazi beharko dira: diru-funtsen zenbatekoa, jatorria eta jardueran nola aplikatu diren.

13. Laguntzen itzulketa eta arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

Organo emaileak laguntzaren jarraipena eta kontrola eginen du eta, horretarako, egoki deritzen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio.

Hortaz, administrazioaren aldez aurreko baimena izan gabe diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiten badira, bidezkoa izanen da emandako laguntzaren zenbateko osoa eta berandutza interesak itzultzeko eskatzea.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko IV. titulua hartuko da aintzat.

14. Laguntzak aplikatzeko epea.

Laguntza araubide hau deialdiko 4. oinarrian aipatzen diren jarduerei aplikatuko zaie, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi eta 2007ko abenduaren 31 baino lehen bukatzen badira.

15. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetako 9. oinarriko 5.c) atalean xedatutakoa galarazi gabe, Toki Administrazioko Departamentuak ondoko hauek argitaratuko ditu bere webgunean: emandako dirulaguntzak, zein deialdiri dagozkion, zein aurrekontu-programa eta kredituri egotziko zaizkien, onuradunak, emandako zenbatekoak eta dirulaguntzaren helburuak.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

IKUS-ENTZUNEZKOAK EKOIZTEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO EREDUA

1._Eskatzailearen eta legezko ordezkariaren datuak.

Eskatzailea/Entitatea .................. IFK

Helbidea (kalea, plaza, etorbidea eta zenbakia)

Herria ................................... Probintzia .............................. Posta kodea

Telefonoa .............. Faxa .............. Helbide elektronikoa

Legezko ordezkaria

Izen-deiturak ........... IFZ

2._Laguntzaren xede izanen den ekoizpenaren datuak.

Proiektuaren izena

Aurkeztu den proiektu mota:

A Zuzeneko emanaldia.

B Ikus-entzunezko ekoizpena edo ekoizpenaren aurrekoa, urtebeteko epean emititzeko konpromisoa duena.

C Ikus-entzunezko ekoizpena.

Aurrekontua euro.

Eskatutako zenbatekoa euro.

3._Erantsitako agiriak.

3.1. Proiektuaren memoria eta azalpena, Nafarroako eta/edo nafarren kultura, gizarte, literatura edo beste esparru bateko egoerarekin duen harremana aipatuta.

3.2. Erabili beharreko baliabide teknologikoen eta teknikoen azalpena.

3.3. Proiektuaren dirusarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua.

3.4. Talde tekniko eta/edo artistikoaren osaera eta, horrelakorik baldin badago, proiektuan lan egin edo lagunduko duten erreferentziazko taldekideak.

3.5. Erantzukizunpeko aitorpena.

3.6. Enplegua eta aukera-berdintasuna sustatzeko jarduketak, halakorik badago.

3.7. Ezgaitasunen bat dutenen taldeentzako programazioa eta egokitzapenak, horrelakorik baldin badago.

3.8. Beste autonomi erkidego batzuetan emititzeko konpromisoa jasotzen duen agiria, horrelakorik baldin badago, eguna eta ordutegia adierazita.

3.9. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

ERANTZUKIZUNPEKO AITORPENA

Izena:......................, helbidea: ............., IFK: ........................, nire izenean edo ondokoa ordezkatuz: ....................., sozietatearen helbidea: ............. eta IFZ: ...................... (ezabatu behar ez dena), ..................... dirulaguntza eskatu du, eta hori dela eta aitorpen hauek egiten ditu:

1._Lorturiko beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

Eskaturiko dirulaguntzari dagokionez, adierazten dut:

f Eskaera honen xedeari dagokionez, Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, ente publiko edo pribatu edo partikularretatik dirulaguntza bat ere ez dudala lortu.

f Eskaera honen xedeari dagokionez, Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, ente publiko edo pribatu edo partikularretatik dirulaguntza hauek lortu ditudala:

(eurotan)

Datuen gaurkotzeari buruz:

Hitz ematen dut aitorpen honetan zehazten diren dirulaguntzetan gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi idatziz jakinaraziko diodala, Komunikabide Zerbitzuaren bitartez, dakidanetik 15 egun naturaleko epean gehienez ere. Halaber, hitz ematen dut dirulaguntza eskaera aurkeztu diedan entitate publiko guztiei jakinaraziko diedala.

2._Azpikontratazioen aitorpena.

Dirulaguntzaren xedeko jardueraren azpikontratazioari dagokionez, aitortzen dut:

f Dirulaguntzaren xedeko jarduera burutzeko ez dudala inolako azpikontrataziorik egin (behar).

f Dirulaguntzaren xedeko jarduera burutzeko azpikontratazioren bat egin dudala.

f Azpikontratazioa honelako entitate independenteekin egin (behar) dudala:

f Deialdiko 4. oinarrian adierazitako gaietan aritzen diren ikus-entzunezko sektoreko entitateak.

f Nafarroan helbideraturik edo bertan egoitza iraunkorra duten entitateak.

f Beste azpikontratazio batzuk (horien gaineko memoria eskaerarekin batera aurkeztu da).

3._Proiektuaren konpromisoak.

Proiektuaren datu teknikoei dagokienez:

Hitz ematen dut diruz laguntzen den proiektua Nafarroako Foru Komunitatean emitituko dudala ............. bitartean (hilabete bat) eta .............. bitarteko ordutegian (2 orduko tartea).

Hitz ematen dut diruz laguntzen den proiektua autonomia erkidego hauetan emitituko dudala:

AUTONOMIA ERKIDEGOA ORDUTEGIA EPEA

Beste konpromisoei dagokienez:

Deialdiko oinarrietan adierazitako beharkizunak betetzeko hitza ematen dut:

Aurkeztutako dokumentazioan jasotzen diren konpromiso eta beharkizun guztiak betetzeko hitza ematen dut, diruz laguntzen den jarduera proiektuaren arabera gauzatzeko.

4._Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko betebeharren aitorpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluak xedatzen duenez, bertan aipatzen diren inguruabarretako batean dauden pertsona edo entitateek ezin izanen dituzte kobratu foru lege horretan arautzen diren dirulaguntzak.

Artikulu horrekin bat, adierazten dut ez nagoela inguruabar hauetako bakar batean ere:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Hartzekodunen konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtso baten partaide gisa deklaratua izatea, kontu-hartze judizialaren menpe egotea eta, Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, ezgaitua egotea eta konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasunaldia bukatu gabe egotea.

c) Administrazioarekin sinatutako kontraturen baten bukaera irmoa eragin izana, erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza daukatenak indarra duen arautegian ezartzen diren bateraezintasun kasuetako batean egotea.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak ez izatea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak ez izatea.

f) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez edukitzea.

g) Epai irmo baten bidez zehatua izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzera, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren edo tributuei buruzko legeria orokorraren arabera.

.....................(e)n, 200...(e)ko ................aren ....(e)an.

Enpresaren sinadura eta zigilua

Eskatzailearendako argibide interesagarriak:

1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 9. artikuluko e) idatz-zatian ezarritako betebeharra betetzen duela frogatzeko, eskatzaileak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari baimena ematen dio dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean egiazta dezan tributu betebeharrak eguneratuak dituela.

2. Eskaera honekin batera emandako datuen, erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurkeztutako gainerako datuen eta agirien tratamendua, dirulaguntza hartuz gero, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartu, zuzendu eta ezabatzeko prozedurak Toki Administrazioko Departamentuan eginen dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

3. Toki Administrazioko Departamentuak ikertzen ahalko du ea adierazitako datuak egiazkoak diren eta, gezurrezkoak badira, eskatzen ahalko du emandako dirulaguntza eta kasuan kasuko berandutza interesak itzul daitezela eta arau-haustea oso larria bada zehapen espedientea irekitzen ahalko du.

I. ERANSKINA

Gastuen eta dirusarreren aurrekontu xehekatua

Proiektuaren izena

Aurkeztu den proiektu mota

1._Jarduera egiteko gastuak.

1.1. Berezko langileen ordainsariak.

A. Profesionalen soldata eta zerbitzu-sariak

B. Enpresaren konturako Gizarte Segurantza

C. Beste ordainsari batzuk

1.1 GUZTIRA

1.2. Proiektuan zuzenean erabiltzen diren zerbitzu, ekipo, hornigai eta bestelako gastuak.

ZENBATEKOA

A. Zerbitzuak

B. Ekipoak

C. Hornigaiak

D. Bestelako gastuak

1.2 GUZTIRA

1.3. Proiektuari zeharka egozten ahal zaizkion zerbitzuak, azpiegiturak eta gastu orokorrak.

A. Zerbitzuak

B. Azpiegiturak

C. Gastu orokorrak

C. Bestelakoak

1.3 GUZTIRA

2._Jarduera osorik edo partez burutzeko azpikontratazioak.

KONTZEPTUA ZENBATEKOA

2 GUZTIRA

3._Dirusarrerak, dirulaguntzak eta beste ekarpen batzuk.

ENTITATEA ETA KONTZEPTUA TARIFA

3 GUZTIRA

4._Aurrekontuaren laburpena.

GASTUAK IMPORTE DIRUSARRERAK ZENBATEKOA

1 GUZTIRA 3 GUZTIRA

2 GUZTIRA BEREZKO FINANTZIAZIOA

GASTUAK, GUZTIRA DIRUSARRERAK, GUZTIRA

5._Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza

Lan egindako orduak eta, halakorik bada, proiektuari egotzitako ehunekoak aparteko txosten batean aurkeztu beharko dira, erabilitako irizpideak, kalkuluak eta datuak ongi adieraziz.

Gainerako gastuetan, aparteko txosten batean erabilitako irizpideak, kalkuluak eta datuak justifikatuko dira.

II. ERANSKINA

Jardueraren justifikazio kontua

Proiektuaren izena

1._Jarduera egiteko datuak.

1.1. Atxikitako langileen ordainsariak.

PROIEKTUARI ESLEITUTAKO

ZENBATEKOA

A. Profesionalen soldata eta zerbitzu-sariak

B. Enpresaren konturako Gizarte Segurantza

C. Bestelako ordainsariak

1.1 GUZTIRA

1.2. Proiektuan zuzenean erabiltzen diren zerbitzu, ekipo, hornigai eta bestelako gastuak.

ZENBATEKOA

A. Zerbitzuak

B. Ekipoak

C. Hornigaiak

C. Bestelako gastuak

1.2 GUZTIRA

1.3. Proiektuari zeharka egozten ahal zaizkion zerbitzuak, azpiegiturak eta gastu orokorrak.

A. Zerbitzuak

B. Ekipoak

C. Hornigaiak

C. Bestelakoak

1.3 GUZTIRA

2._Jarduera osorik edo partez burutzeko azpikontratazioak.

KONTZEPTUA ZENBATEKOA

2 GUZTIRA

3._Dirusarrerak, dirulaguntzak eta beste ekarpen batzuk.

ENTITATEA ETA KONTZEPTUA ZENBATEKOA

3 GUZTIRA

4._Gastuen eta dirusarreren laburpena, guztira.

ZENBATEKOA LAGUNTZEN AHAL DEN ZENBATEKOA

A._GASTUAK [GUZTIRA (A) - (B)]

1 GUZTIRA

2 GUZTIRA

GASTUAK, GUZTIRA

B._DIRUSARRERAK

Oharra:

Justifikazio kontua paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko da (excel).

Gastuen eta dirusarreren zerrenda zehaztua zenbakien arabera ordenatuko da (1, 2, 3, ...) eta bakoitzaren zenbatekoak agertuko ditu (BEZa barne).

Fakturen jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko dira edo beste frogagiri batzuk, merkataritza trafiko juridikoan edo administrazio bidean balio dutenak.

Fakturen fotokopiak zenbakiaren arabera ordenatuko dira (1, 2, 3, ...) eta atal bakoitzaren zerrendan emandako ordena eta numerazio berberarekin aurkeztuko dira.

Gastua ordaindu edo konpentsatu baldin bada, ordainketaren egiaztagiria aurkeztuko da.

Lan egindako orduak eta, halakorik bada, proiektuari egotzitako ehunekoak aparteko txosten batean aurkeztu beharko dira, erabilitako irizpideak, kalkuluak eta datuak ongi adieraziz.

Gainerako gastuetan, aparteko txosten batean erabilitako irizpideak, kalkuluak eta datuak justifikatuko dira.

GASTUEN ZERRENDA ZEHAZTUA

1.1. Atxikitako langileen ordainsariak.

1.2. Proiektuan zuzenean erabiltzen diren zerbitzu, ekipo, hornigai eta bestelako gastuak.

1.3. Proiektuari zeharka egozten ahal zaizkion zerbitzuak, azpiegiturak eta gastu orokorrak.

2._Jarduera guztiz edo partez burutzeko azpikontratazioak.

DIRUSARREREN ZERRENDA ZEHAZTUA

3._Dirusarrerak: Dirulaguntzak eta bestelako ekarpenak.

Iragarkiaren kodea: F0708971