77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

1031/2007 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, ondoko espediente hau onestearen aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena, ingurumen aldetik egokia baita: Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala, 9. unitate integratuaren 1. sektorearen eremuan. Espedientea Gardachales herritarren elkarteak sustatu du.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Tuterako Udalak 2006ko 70. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 12koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen Ingurumen ondorioen azterlana jasotzen zuen espedientea. Jendaurrean egondako epean ez da ingurumen arloko alderdien gainean inolako alegaziorik jaso.

HAPOaren aldaketak hartzen duen eremua hiriaren hego-ekialdean dago, Zaragozako etorbidetik ezker-eskuin. Hauek dira mugak: iparraldean, Zaragozako etorbidean dagoen bizitegi multzoaren azken etxeak; hegoaldean, garai bateko Tutera-Tarazona trenbidea, gaur egun Tarazonicaren natur bidea dena; ekialdean, aipatutako hiria, egungo trenbidea eta La Azucarera auzoko sarbideak; eta mendebaldean, Institutuko poligonoa. Eremu horrek 495.234 m²-ko poligonoa osatzen du. Ingurumen ondorioen azterlanean, aldaketari loturiko azpiegiturek ukituko dituzten eremuak ere adierazi dira.

Tuterako HAPOaren aldaketa eta 9. unitate integratuaren 1. sektorearen plan partziala prestatzeko orduan, ezarri diren ingurumen arloko helburuak hauek dira:

_Zarataren ondoriozko afekzioak saihesteko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzea.

_Zuhaitz bereziek bizirik iraungo dutela bermatzea.

_Auzoberriaren eta eraikinen garapenean freatikoa hurbil dagoela kontuan hartzea.

_Egun dauden bideak eta ubideak mantentzea, inguruko nekazariek eta abeltzainek erabili ahal izateko.

_Tarazonicaren natur bideak landa bide gisa iraungo duela bermatzea.

_Auzoberriaren eta hango eraikinen diseinuan eta exekuzioan eraginkortasun energetiko eta hidraulikorako neurriak eta hondakinak eta jaulkipenak murriztekoak aplikatzea.

_Hirigintza garapen berriaren hesi-efektua, ahal den neurrian, murriztea.

Ingurumen ondorioen azterlanean eremu hartako ingurune fisiko eta biologikoaren, paisaiaren eta ingurune sozioekonomikoaren azalpen zehatza egiten da. Aztertu dira, orobat, hiri hondakinen sorrerarekin lotutako konponbideak, mugikortasuna eta baliabide berriztagarrien eta berriztaezinen kontsumoa baloratu da, argindarraren, uraren eta abarren kontsumoari erreparatuz. Zaraten gaineko azterlana erantsi da eta urbanizazio proiektuan garatu beharreko neurri zuzentzaileak ezarri dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta azaldu du nola gehitu zaizkien ingurumen baldintzak Tuterako HAPOaren aldaketari eta 9. unitate integratuaren 1. sektorearen plan partzialari. Horrenbestez, adostasun txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ondoko espediente hau onestearen aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, ingurumen aldetik egokia baita: Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala, 9. unitate integratuaren 1. sektorearen eremuan. Espedientea Gardachales herritarren elkarteak sustatu du.

2. Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari igortzea urbanizazio proiektuan zarataren aurka jasoko diren neurri zuzentzaileen garapena.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu baino lehen testu bategina aurkeztu beharko da.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tuterako Udalari eta Gardachales herritarren elkarteari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko maiaitzaren 16an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

Iragarkiaren kodea: F0708679