77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

ORKOIEN

Deialdi publikoaren oinarriak, 2007. urtean garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntzetarako

Txirotasuna eta desberdintasuna ez dira berezko zerbait, "Iparraldeko" herrietako eredu ekonomikoak eta garapenak sortutakoa baizik.

Iparralde eta Hegoalde arteko harreman bidezko eta berdintasunekoak sortu nahian, Orkoiengo Udalak kontusail bat bideratzen du urtero garatzen ari diren herriekiko lankidetza proiektuak finantzatzeko eta sentsibilizatze jardueretarako.

Lehena._Deialdiaren xedea.

Laguntza hauek garapen bidean dauden herrien proiektuak bultzatzea dute helburu. GGKEek aurkeztuko dituzte proiektu horiek eta Orkoiengo udalerrian herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak erantsiko zaizkie.

Bigarrena._Irabazteko asmorik gabeko GGKEek (Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak) eskatzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta estatutuetan _erakundearen berariazko xede gisa_ herrien garapena bultzatzen eta haien arteko elkartasuna sustatzen duten jarduerak egitea jasota badute, eta baztertuta geldituko dira, aurreikusitako epean, aurreko ekitaldietan hartutako dirulaguntzei dagozkien gastuak behar adina justifikatu ez dituztenak.

Hirugarrena._Proiektuak Udal honen sarrerako erregistroan aurkeztu beharko dira, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun balioduneko epean.

Laugarrena._Proiektuek datu hauek jasoko dituzte:

a) Proiektuaren izenburua.

b) Laguntza hartzen duen erakundea.

c) Elkarte edo erakunde hartzailearen helburuak.

d) Kontrapartearen deskribapena.

e) Proiektua non kokatuko den.

f) Proiektua kokatuko den eremuko baldintza sozial eta ekonomikoen deskribapen orokorra.

g) Proposatzen den proiektuaren azalpen zehatz eta justifikatua, generoaren ikuspegitik.

h) Komunitate onuradunak proiektuan duen parte hartzea.

i) Bideragarritasun teknikoa eta jarraitzeko aukera.

j) Aurrekontua.

k) Proiektuak beste erakunde edo organismo batzuetatik laguntzarik hartzen ote duen.

l) Proiektuaren ebaluazioa.

Bosgarrena._GGKEek edo elkartasuneko erakundeek herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programa bat ere aurkeztu beharko dute, lankidetza proiektuan oinarritua. Herriko hainbat sektoreri eta kolektibori zuzenduko zaizkie, irizpide hauei jarraituz:

a) Jarrera eta portaeren aldaketa bultzatzea herrien arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoaren aurrean, jendeak bizirik segitzeko eta haien bizi baldintzetan dituen ondorio larriak kontuan hartuta.

b) Informazio kontrastatu, osagarri eta kritikoak eskaintzea.

c) Jarduerak egitea (hitzaldiak, Iparralde-Hegoalde harremanen arteko ikastaroak, non herritarrek eta kolektiboek parte hartuko duten, erakusketak, ...)

Seigarrena._Udal honek lagundutako proiektuak aurkezten dituzten entitateek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Entitate hartzaileak txosten bat aurkeztuko du, lagundutako proiektua abiatu eta 6 hilabeteren buruan, proiektua zertan den eta gerta daitezkeen gorabeherak aipatuz.

b) Laguntza hartu duen erakundeak txosten bat aurkeztuko du proiektua bukatutakoan, dirulaguntzekin egindako inbertsio edo gastuen ordainagiriak eta material grafikoa erantsita.

c) Proiektua aurrera eramatean izandako gorabehera eta aldaketen berri emanen da, eta Udalak haiek onartzeko eskatuko da gauzatu baino lehen.

Zazpigarrena._Dirulaguntza hartzen duten entitateek, proiektuaren gaineko txostenaz gain, beste bat aurkeztuko beharko dute Orkoienen eta beste herrietan sentsibilizatzeko egindako jarduerei buruzkoa.

Zortzigarrena._Batzorde bat eratuko da, aurkeztutako proiektuak ebaluatuko dituena, eskatzen diren baldintzei hobekien lotzen zaizkienak aukeratzearren.

Honakoek osatuko dute batzorde ebaluatzaile hori:

a) Batzordeburua: Orkoiengo Udaleko gizarte gaietarako zinegotzi delegatua.

b) Kideak: Orkoiengo Udaleko zinegotzi bat.

c) Lankidetza proiektuetako teknikari bat, deialdi honetan proiektua aurkezten duen GKE edo elkartasun erakunde batekoa ez dena, batzordeburuak izendatua. Hizpidea izanen du baina botorik ez.

d) Orkoiengo Udaleko Kultura Alorreko teknikaria

Bederatzigarrena._Batzordeak alderdi hauek baloratuko ditu:

_Proiektuaren esparru logikoa.

_Proiektuaren azalpena genero ikuspegia kontuan harturik.

_Proiektuaren xedeko komunitate edo herriaren garapen integrala.

_Proiektuaren jarraipena.

_Bertako baliabide teknikoen, jendearen eta abarren erabilera (onuradunen ingurunekoak).

_Proiektuaren interes soziala.

_Lortu beharreko helburu eta xedeen azalpen egokia. Proiektuaren kalitate teknikoa eta barne koherentzia (helburu argiak, jarduerak, etab.).

_Onuradunak edo eragin biderkatzailea.

_Proiektua burutuko duen kontrapartearen edo entitate erantzulearen informazio egokia.

_Proiektuaren bideragarritasuna.

Hamargarrena.-Betebeharrak.

10.1. Zertarako ematen diren, hartarako erabili beharko dituzte dirulaguntzak erakunde onuradunek eta haien aplikazioa agiriekin justifikatuko dute. Halaber, Udalak eskatzen dizkien egiaztapenak onartu beharko dituzte, eta haietan lagundu.

10.2. Dirulaguntzaren entitate onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean egon beharko dute; zorrik izanez gero, haiek kitatuz ordainduko da dirulaguntza.

Hamaikagarrena.

_Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea Udalaren baimenik gabe aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako laguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe legeetan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

_Aurreko ekitaldietan txostenak edo memoriak aurkeztu ez eta, oro har, deialdiaren seigarren oinarrian ezarritakoa bete ez duten entitateen eskaerak ez dira onartuko hurrengo deialdietan, harik eta oinarrietan ezarritakoa bete arte.

Orkoienen, 2007ko maiatzaren 28an._Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.

Iragarkiaren kodea: L0708879