77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

47/2007 FORU DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu zen eta haren estatutuak onetsi ziren. Zerbitzua administrazio erakunde autonomo gisa eratu zen orduko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak enpleguaren arloan dituen eginkizunak eta dagozkion zerbitzuak egiteko.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren sorrera-prozesua agente ekonomiko eta sozial garrantzitsuenekin negoziatuz abiarazi zen. Negoziazio haietan ondorio honetara heldu ziren alderdiak: Nafarroako Foru Komunitateak enplegu zerbitzu publikoa behar zuen, erakunde autonomo gisa eratua, Nafarroako Gobernuaren enpleguaren arloko politikak koordinatuta kudeatuko zituena eta, LANEren 88. Hitzarmenarekin bat etorriz, antolamenduan eta jardunean langileen eta enplegatzaileen ordezkarien lankidetza izango zuena.

Beste alde batetik, abuztuaren 1eko 1319/1997 Errege Dekretuak Foru Administrazioari eman zizkion behin betiko Enpleguko Institutu Nazionalak lanerako lanbide-prestakuntzan ezarrita zeuzkan eginkizunak eta zerbitzuak, Nafarroako Gobernuak 1998ko urtarrilaren 1etik kudeatzen zituenak, eta pentsatzekoa zen luze gabe eskualdatuko zitzaizkiola enpleguaren arloko gainerako politika aktiboak, ordura arte Enpleguko Institutu Nazionalaren esku zeudenak, eta horregatik guztiagatik onuragarritzat jo zen eginkizun eta zerbitzu horiek kudeatuko zituen zerbitzu publikoa sortzea.

Aurreko guztia oinarritzat hartuta, sindikatu eta enpresa elkarte garrantzitsuenen iritziak entzunda eta haiekin adostasunera iritsita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legeko 50. artikuluak emandako eskumenez baliatuz, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enplegu Zerbitzua izeneko erakunde autonomoa sortzea erabaki zuen, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikita.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak hainbat aldiz aldatu dira; hona estatutuok aldarazi dituzten foru dekretuak: 201/1998 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa; 433/1999 Foru Dekretua, irailaren 13koa; 587/1999 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa; 62/2005 Foru Dekretua, martxoaren 14koa.

Abenduaren 3an Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legea onetsi zen, eta haren bidez aldaketa garrantzitsuak egin ziren Administrazioaren antolamenduan; esaterako, erakunde autonomoak erakunde publiko gisa arautu dira eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu jakinen berariazko programak betetzeko, zerbitzu publikoak sustatzeko, egiteko edo kudeatzeko lanak agindu zaizkie.

Ildo honetatik, 15/2004 Foru Legeko hirugarren xedapen iragankorrean ezarri zen ordurako jardunean ari ziren erakunde publikoak bertan ezarritakora moldatu behar zirela indarra hartu eta urtebete pasatu baino lehen, beharrezkoa izanez gero.

Beste alde batetik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jardun-esperientziak agerian utzi du oraingo egitura organikoa egokitu behar dela Zerbitzuari eratxikitako egiteko eta eskumenetara, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin eta sorrera eragin zuten helburuak erdiesteko. Horregatik guztiagatik, Zerbitzua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakora egokitzeaz gainera haren egungo egitura organikoa berrantolatu behar da.

2006ko ekainaren 29an Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritzak foru dekretu honen proiektuaren alde egin zuen.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren hogeita bateko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, hauxe

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen onespena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi dira. Haien testua foru dekretu honen jarraian txertatu da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa._Izendapenak.

Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendariaren izendapenarekin egin zen bezala (zerbitzuaren izena aldatu da eta orain Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua da), Enplegurako Prestakuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren izendapena berretsi da (zerbitzuaren izena aldatu da eta orain Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzua da), bai eta Lana Aurkitzeko Zerbitzuko zuzendariarena (hemendik aurrera Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzua) eta Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariarena ere (hemendik aurrera Enplegu Behatokiaren Zerbitzua).

Bigarrena._Aurrekontuko aldaketak.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko aurrekontuetan behar bezainbat aldaketa egiteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Arauak indargabetzea.

Foru dekretu honek xedatzen duenaren aurkako maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak indargabetu dira; bereziki, honako hauek:

a) 148/1998 Foru Dekretua, apirilaren 29koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu eta haren estatutuak onetsi zituena, 1. artikulua izan ezik.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatu duen maiatzaren 15eko 174/2000 Foru Dekretuko 1. artikuluko lehenengo idatz-zatia.

c) Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren 2000ko maiatzaren 2ko Foru Agindua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko lurralde unitateak zehaztu dituena, 1. taldeko lurralde unitateei dagokienez.

AZKEN XEDAPENA

Lehena._Arauak emateko gaitzea.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera juridikoa eta atxikipena.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa da, berezko nortasun juridikoa dauka eta autonomiarekin jardun dezake bere helburuak lortzeko.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari atxikita dago. Zerbitzuaren eraginkortasuna Nafarroako Gobernuak kontrolatuko du, eta horrez gainera Foru Komunitateko Administrazioaren beste erakunde batzuek ere bai.

2. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumen esparrua.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Foru Komunitateko Administrazioak enplegu politiken plangintzaz, betearazpenaz eta kontrolaz esleituak dauzkan eskumenak baliatuko ditu, agente sozialekin bat. Horretarako modu koordinatuan kudeatuko ditu enplegua sustatzeko eta lana aurkitzeko bitartekotza, orientazioa eta prestakuntza bultzatzeko eta Nafarroako lanaren arloko politikak eta egoera aztertzeko ezartzen diren zerbitzuak eta programak.

2. Hain zuzen ere, aurreko paragrafoan azaldu den eskumenak garatzeko egiteko hauek edukiko ditu:

a) Kontratazioa aldezten eta bultzatzen duten programak prestatzea eta proposatzea.

b) Foru Komunitatean lanerako lanbide-prestakuntza eta etengabeko prestakuntza kudeatzea, planifikatzea eta koordinatzea.

c) Lanbide-prestakuntza sustatzea lanerako lanbide-prestakuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako laguntzen bidez, Europako Gizarte Funtsaren programa eta helburuekin koordinatuta.

d) Lan-merkatuko eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekotzan modu aktiboan parte hartzea.

e) Enpleguaren behatoki dinamikoa ezartzea, gainerako egitekoen euskarri teknikoa izango dena.

f) Lanbide orientazioko zerbitzuak bultzatzea langabeak laneratzeko.

g) Enplegu planak prestatzea agente sozialekin elkarlanean.

h) Enpleguaren arloko estatuko programak eta Nafarroako Gobernuarenak kudeatzea.

i) Erakunde pribatuen eta publikoen enpleguaren aldeko ekimenak sustatzea.

j) Behartsuenei eta bazter geratzeko arriskuan daudenei lana aurkitzen laguntzea.

k) Pertsona guztiek lana aurkitzeko aukera berdinak edukitzea bultzatzen duten politikak sustatzea.

l) Enpleguaren eta haren sustapenaren kudeaketa hobetzen duten gainerako jarduketa guztiak.

3. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren antolamendu orokorra.

1. Hauexek dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zuzendaritza organoak:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendari kudeatzailea.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzua, zuzendaritza organoen zuzendaritza gorenari lotuta, unitate organiko hauetan egituratu da:

a) Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua.

b) Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzua.

c) Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzua.

d) Enplegu Behatokiaren Zerbitzua.

II. KAPITULUA

Egitura organikoa

1. ATALA

Gobernu Kontseilua

4. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Gobernu Kontseiluan hiru alderdiren ordezkariak izango dira; hona:

a) Administrazioaren ordezkariak:

a.1) Kontseiluburua: lanaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.

a.2) Kontseiluburuordea: lanaren arloko eskumena duen zuzendari nagusia; kontseilaria ez dagoenean haren ordez ariko da.

a.3) Kidea: industriaren arloko eskumena duen zuzendari nagusia.

a.4) Kidea: ekonomiaren arloko eskumena duen zuzendari nagusia.

a.5) Idazkaria: Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuen lau ordezkari, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Enpresa elkarteen lau ordezkari, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatuak.

2. Zuzendari kudeatzaileak zilegi du Gobernu Kontseiluko bileretara joatea, hizpidearekin baina botorik gabe.

5. artikulua. Eskurantzak.

Gobernu Kontseiluak ondoko eskurantza hauek dauzka:

a) Enpleguaren arloko ekintza planak prestatzea eta haietarako behar diren zenbatekoak zehaztea.

b) Zerbitzuaren urteko aurrekontuaren proiektua prestatzea eta onestea, eta Nafarroako Gobernuari aurkeztea, onets dezan.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa kontrolatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

d) Zuzendari kudeatzailearen izendapenari adostasun txostena ematea.

e) Kontseiluburuari Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen aldaketa proposatzea, gero Nafarroako Gobernuak onets ditzan.

f) Kontseiluburuari eskuordetza ematea izapidetza-gaiak zein presakoak erabakitzeko.

g) Batzorde Iraunkorraren eskumeneko izan arren bere ustez berak aztertu edo onetsi behar dituen gaiez arduratzea, eta behar denean baita onestea ere.

h) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako ondarea administratzea.

6. artikulua. Bilkuren araubidea eta erabakiak hartzea.

1. Gobernu Kontseiluak bilkura arrunta eginen du bi hilez behin, kontseiluburuak deituta, eta aparteko bilkura kontseiluburuak, bere ekimenez edo ordezkaritza duten hiru alderdietako batek eskatuta, hartara deitzen duen guztietan.

2. Gobernu Kontseiluaren erabakiak hiru alderdien ordezkaritzek aho batez bozkatuta hartuko dira.

Erabakiak baliodunak izango badira, ezinbestekoa da Kontseiluan ordezkaritza duen alderdi guztiek onestea, 4.1. artikuluko a) eta c) idatz-zatietako ordezkaritzetan kideen gehiengo osoaz eta b) idatz-zatiko ordezkaritzan sindikatuen gehiengo osoaz.

3. Ezin izanen da aztertu eguneko aztergaien zerrendan ez dagoen gairik, ez hartaz ezer erabaki, salbuespen batekin: Gobernu Kontseiluko kide guztiak edo haien ordezkariak bilkuran izanik, gaia gehiengoaren botoez presakotzat jotzea.

7. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

1. Gobernu Kontseiluan Batzorde Iraunkorra eratuko da: batzorde honetako burua Gobernu Kontseiluburuordea izanen da eta kideak Administrazioaren ordezkari bat, lanaren arloko kontseilari eskudunak izendatua, sindikatuen bi ordezkari eta enpresa elkarteen bi ordezkari, beraiek izendatuak (sindikatuak eta enpresa elkarteak 4. artikuluan zehaztu dira).

Batzorde honen bilkuretan zuzendari kudeatzailea izanen da, hizpidearekin baina boto eskubiderik gabe.

2. Batzorde Iraunkorrak bilkura arrunta eginen du hilean behin, batzordeburuak deituta, eta aparteko bilkura batzordeburuak, bere ekimenez edo ordezkaritza duten hiru alderdietako batek eskatuta, hartara deitzen duen guztietan.

3. Batzorde Iraunkorraren erabakiak hiru alderdien ordezkaritzek aho batez bozkatuta hartuko dira. Erabakiak baliodunak izango badira, ezinbestekoa da Batzordean ordezkaritza duen alderdi bakoitzeko kideek aho batez bozkatzea haren alde.

4. Batzorde Iraunkorraren bilkuretako aztergaien zerrendak batzordeburuak prestatu eta onetsiko ditu, bere ekimenez zein edo ordezkaritza duten hiru alderdietako batek eskatuta. Ezin izanen da aztertu eguneko aztergaien zerrendan ez dagoen gairik, ez hartaz ezer erabaki, salbuespen batekin: Batzorde Iraunkorreko kide guztiak edo haien ordezkariak bilkuran izanik, gaia gehiengoaren botoez presakotzat jotzea.

8. artikulua. Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.

1. Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek dauzka:

a) Erakunde laguntzaileekin sinatu beharreko lankidetza hitzarmenei aldez aurreko adostasuna ematea.

b) Enpleguaren arloko politiken plangintzan parte hartzea eta haien garapenerako arauei adostasun txostena ematea.

c) Gobernu Kontseiluko buruari bilkuren deialdiak proposatzea, aztergaien zerrenda erantsita.

2. Presa, eraginkortasuna eta ekonomia aintzat hartuta, Batzorde Iraunkorrak Gobernu Kontseiluak eskuordetzen dizkion eskumeneko gai guztiak aztertu ahal izango ditu. Honelakoetan, erabakiak baliodunak izango dira hartzen diren unetik, eta orduantxe hasiko dira ondorioak sortzen.

9. artikulua. Lan batzordeak.

1. Gobernu Kontseiluan arlokako lan batzordeak eratu ahal izango dira; batzorde hauetan Gobernu Kontseiluko kideak ariko dira, hain zuzen ere hartan ordezkaritza duten erakundeen ordezkariak, berak izendatuak.

2. Lan batzordeak Gobernu Kontseiluak agintzen dituen azterlanak eta proposamenak egiteko eratuko dira. Kontseiluak ezarriko du batzordeetan jarduteko eta erabakiak hartzeko araubidea.

10. artikulua. Ordezko arautegia.

Estatutu hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, kapitulu honetan aipatutako kide anitzeko organoetako kideen araubidea, bai eta haien jardunaren eta antolamenduarena ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak kide anitzeko organoetarako ezarritakoa izanen da.

2. ATALA

Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea Nafarroako Gobernuak izendatuko du foru dekretu baten bidez, eta kargutik kendu ere berak egingo du modu berean, erakunde autonomoa atxikita dagoen departamentuaren titularrak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

2. Kargua hutsik badago, zuzendari kudeatzailearen eginkizunetan lanaren arloko eskumena duen zuzendari nagusia ariko da, harik eta norbait izendatu arte.

12. artikulua. Ordezkapena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea ez badago, gaixorik badago edo aldi batez bere karguan jardun ezin badu, berak izendatzen duen erakunde autonomoaren zerbitzuburuak ordezkatuko du.

13. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eskurantzak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ondoko eginkizun hauek edukiko ditu Zerbitzuari esleitutako eskumenen eremuan:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ordezkari gorena izatea.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren unitate organiko guztiak zuzentzea eta antolatzea.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari agindutako programa eta jarduketa guztiak kudeatzea, haren helburuak betetzeko.

d) Administrazioko kontratazioari buruz indarrean dagoen araudiak erakunde autonomoen ordezkariei esleitutako ahalmenak erabiltzea.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren aurreproiektua proposatzea Gobernu Kontseiluari.

f) Zerbitzuari ezarritako aurrekontu programak betetzeko, haren jardun onerako behar diren denetariko ordainketa eta gastu guztiak baimentzea.

g) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak, auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak, langileria arloko erreklamazioak salbu, eta gainerako administrazio espediente guztiak ebaztea.

h) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileen buru aritzea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoek langileen arloan dituzten eskurantzak zehaztu dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak edo honen ordezko arautegiak erakunde autonomoetako gobernu erakundeei esleitutako eskurantza guztiak.

i) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jardun-eremuan, hura atxikita dagoen departamentuko kontseilariak edo Zerbitzuko Gobernu Kontseiluak agintzen dizkion eginkizun guztiak.

3. ATALA

Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua

14. artikulua. Eginkizunak.

Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua unitate organiko horizontala da; hauexek dira beraren eginkizunak:

a) Denetariko xedapenak aztertzea eta prestatzea.

b) Zerbitzuko zuzendaritza organoei eta unitate administratiboei beraien eginkizunetarako lege aholkularitza ematea.

c) Administrazio prozedurari buruzko jardun-irizpide bateratuak planifikatzea eta ezartzea, arloka.

d) Administrazio jardunaren hobekuntzarako plana egitea eta haren ezarpenaren jarraipena egitea.

e) Kudeaketa ekonomiko-administratiboa.

f) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko gainerako zerbitzuei agindutako programen kontrol juridiko eta prozesala.

g) NEZi dagozkion gaiei buruzko arautegia biltzea eta mantentzea.

h) Zuzendari kudeatzaileak ebatzi beharreko gaien espedienteak koordinatzea eta gainbegiratzea, onespenerako.

i) Zuzendari kudeatzaileak onetsitako ebazpenak erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

j) Zuzendari kudeatzailearen ebazpenen fede ematea eta haien ziurtagiriak ematea, eta gauza bera egitea NEZek dauzkan dokumentu eta datuekin.

k) NEZen langileei dagokienez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak idazkari nagusi teknikoei esleitutako eskurantza guztiak.

l) Orain arte aipatutako eginkizunen antzekoak edo haien osagarri direnak, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetu edo agintzen dizkion guztiak.

15. artikulua. Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuaren egitura.

Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuaren egituran unitate organiko hauek daude:

a) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

b) Kudeaketa Administratiboaren Atala.

16. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.

Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Aurrekontuetako gastuen eta sarreren programen burutzapena kudeatzea eta kontrolatzea.

b) Ekonomiaren eta finantzen kudeaketarako ezarritako sistema aplikatuta, kontabilitateko ekintzak koordinatzea eta burutzea.

c) Erabili ohi diren ondasun arrunten hornidura proposatzea eta kudeatzea.

d) Ondasun inbentariagarrien eskuraketa tramitatzea.

e) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

17. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eginkizunak.

Kudeaketa Administratiboaren Atalak ondoko eginkizunak dauzka:

a) Administrazio kontratazioen espedienteak kontrolatzea.

b) Langileak (funtzionarioak zein lan-kontratudunak) kontratatzeko deialdiak koordinatzea eta kontrolatzea.

c) Administrazio prozeduren kontrola eta jarraipena.

d) Langileak eta lan egiteko baldintzak betetzen direnez kontrolatzea.

e) Dokumentazioa erregistratzeko prozesuak koordinatzea, kudeatzea eta kontrolatzea.

f) Foru Komunitateko Administrazioa modernizatzeko proiektuak koordinatzea.

g) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

4. ATALA

Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzua.

18. artikulua. Eginkizunak.

Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzuak eginkizun hauek dauzka:

a) Lan eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekotzarako sistema ezartzea eta kudeatzea.

b) Zerbitzuaren eskumeneko gaietan laguntzen duten zentroak aitortzeko proposamenak egitea.

c) Zerbitzuaren laguntzaile diren zentroekin koordinatzea.

d) Zerbitzua kudeatzeko sistema informatiko egokiak prestatzea eta ezartzea.

e) Prestakuntzari eta enpleguari buruzko estatistikak egitea zerbitzuak eta programak hobetzea.

f) Enplegu agentziak koordinatzea eta haien kudeaketa kontrolatzea.

g) Laneratzearekin eta lan-orientazioarekin zerikusia duten jarduketa guztiak bultzatzea eta kudeatzea.

h) Laneratzea xede duen lanbide-prestakuntza integrala ezartzeko prozesuan modu aktiboan parte hartzea.

i) Foru Komunitatean egiten diren lanbide-prestakuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako programa eta ekimen guztiak koordinatzea, kudeatzea eta sustatzea.

j) Bere jardun-eremuko diru-laguntzak kudeatzea.

k) Europar Batasunaren egitura-funtsek finantzatzen laguntzen duten prestakuntza eta bitartekotzaren arloko programa operatiboen plangintza eta jarraipena.

19. artikulua. Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzuaren egitura.

1. Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzua unitate organiko hauetan egituratu da:

a) Bitartekotza Atala.

b) Orientazio Atala.

c) Lanerako Prestakuntzaren Atala.

d) Etengabeko Prestakuntzaren Atala.

2. Horiez gainera ondoko unitate organiko hauek ere Prestakuntza eta Bitartekotza Zerbitzuari atxikita daude atal gisa.

a) Iruñeko 1. Enplegu Agentzia.

b) Iruñeko 2. Enplegu Agentzia.

c) Iruñeko 3 Enplegu Agentzia.

d) Tuterako Enplegu Agentzia.

e) Iturrondo Prestakuntza Zentroa.

20. artikulua. Bitartekotza Atalaren eginkizunak.

Bitartekotza Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Bitartekotza prozesurako sistema informatikoa diseinatzea, mantentzea eta ustiatzea.

b) Zentro laguntzaileei eta Zerbitzuaren inguruko unitateei laguntza teknikoa ematea, eta hauen funtzionamendua gainbegiratzea.

c) Lan bila ari direnen lanbide eta prestakuntza historialak erregistratzea eta eguneratzea.

d) Lan eskaintzen kudeaketa koordinatzea.

e) Zentro laguntzaileetako arduradunei bitartekotza prozesurako sistema informatikoen erabilpenaz ematen zaien prestakuntza kontrolatzea eta zuzentzea.

f) EURES sarearen kudeaketa eta koordinazioa.

g) Lan eskaintzen jarraipenerako estatistikak egitea eta okupazioen bilakaera aztertzea, Enplegu Behatokiarekin koordinatuta.

h) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

21. artikulua. Orientazio Atalaren eginkizunak.

Orientazio Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Langabeei lan informazioa eta orientazioa emateko ekintzak proposatzea, burutzea eta koordinatzea, lana aurkitzen laguntzeko.

b) Lan-merkatuko prestakuntza-beharrizanei buruzko azterlanak egitea.

c) Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako lan informazioa eta orientazioa sustatzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta.

d) Laneratzeko eragozpen handiak dituzten pertsonentzako lan orientaziorako sistemak proposatzea eta ezartzea.

e) Enplegu bulegoetan ematen den orientazioa koordinatzea.

f) Eremu honetan laguntzen duten erakundeek garatzen dituzten orientazio-programak kontrolatzea.

g) Enplegu agentzietako teknikariak koordinatzea eta langileen aukeraketa teknikoari buruzko aholkularitza ematea.

h) Langileen aukeraketa teknikorako proba psikoteknikoak kudeatzea.

i) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

22. artikulua. Lanerako Prestakuntzaren Atalaren eginkizunak.

Lanerako Prestakuntzaren Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Langabeentzako berariazko prestakuntza programak proposatzea eta ezartzea.

b) Zerbitzuak hautematen dituen beharrizanetatik eta Enplegu Behatokiak hautemandako lan eskarien azterketatik ondorioztatutako prestakuntza ekintzak proposatzea eta programatzea.

c) Europar Batasunaren funtsek finantzatzen laguntzen duten programa operatiboak prestatzea eta proposatzea.

d) Erakundearen beraren lanerako prestakuntzako programetan eta Europar Batasunaren funtsek finantzatzen laguntzen dutenetan ezarritako laguntzak kudeatzea.

e) Lanerako Prestakuntza Plan Nazionalerako ekintzak proposatzea.

f) LP Plana Nafarroan kudeatzea, kontrolatzea, ebaluatzea eta haren jarraipena egitea.

g) Zentro laguntzaileei ikastaroak garatzeko baimena ematea aztertzea eta ematea proposatzea.

h) Zentro eta erakunde laguntzaileen erregistroa kudeatzea, bai eta LP Planeko datu estatistikoak ere.

i) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

23. artikulua. Etengabeko Prestakuntzaren Atalaren eginkizunak.

Etengabeko Prestakuntzaren Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Etengabeko prestakuntza sustatzea beharrizanen diagnostikoen eta enpresako prestakuntza planen bitartez.

b) Lanean ari direnentzako berariazko prestakuntza programak proposatzea eta ezartzea.

c) Europar Batasunaren funtsek finantzatzen laguntzen duten etengabeko prestakuntzaren arloko programa operatiboak proposatzea.

d) Etengabeko prestakuntzaren arloko diru-laguntzak kudeatzea.

e) Prestakuntzako ekintzak eta haietarako ezartzen diren diru-laguntzak kontrolatzea eta ebaluatzea, eta haien jarraipena egitea.

f) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

24. artikulua. Enplegu agentzien eginkizunak (Iruñeko hirurak eta Tuterakoa).

Enplegu agentzia bakoitzak eginkizun hauek dauzka bere jardunerako lurralde-eremuaren barruan:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ordezkari aritzea tokiko agenteen aurrean enpleguaren arloko politika aktiboei dagokienez.

b) Agentziako langileak zuzentzea eta antolatzea ezarritako helburuak lortu ahal izateko.

c) Lan bila ari direnei, langileei, enpresaburuei eta erakunde publiko zein pribatuei lanaren eta prestakuntzaren inguruko zerbitzuak eta aholkularitza ematea.

d) Lan eskaintza eta eskarien kudeaketa administratiboa, eta herritarrei informazioa eta laguntza ematea.

e) Lanaren arloko politika aktiboen esparruan, administrazioa deszentralizatzeko eta zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitea.

f) Lanari eta prestakuntzari lotutako agintariak, gizarte solaskideak, prestakuntza zentroak eta erakundeak koordinatzea.

g) Tokiko lan merkatuko jarduketak proposatzea, egitea eta koordinatzea hautemandako beharrizanen arabera.

h) Ardurapeko lurralde-eremuko lan eta prestakuntza beharrizan zehatzak hautematea eta aztertzea.

i) Lan merkatuan esku hartzeko ereduak proposatzea eta ezartzea.

j) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak, programak eta jarduketak Nafarroa osora hedatzeko ekintzak proposatzea eta garatzea.

k) Zuzendari kudeatzaileak edota Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

25. artikulua. Iturrondo Prestakuntza Zentroaren eginkizunak.

Iturrondo Prestakuntza Zentroak eginkizun hauek dauzka:

a) Zentroko eta bertako lanerako prestakuntzako lantegietako ekintzak koordinatzea, programatzea eta burutzea.

b) Zentroko eta bertako lanerako prestakuntzako lantegietako ekintzetarako laguntza teknikoa ematea.

c) Zentroan egiten diren prestakuntzako jarduerei buruzko espedienteak ebazteko proposamenak egitea.

d) Zentroan eta bertako lanerako prestakuntzako lantegietan egiten diren prestakuntzako ekintzak ebaluatzea eta haiei buruzko txostenak egitea.

e) Zentroko langileak antolatzea eta zuzentzea.

f) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

5. ATALA

Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzua

26. artikulua. Eginkizunak.

Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek dauzka:

a) Lanpostuen sorkuntza eta mantentzea eta enpleguaren egonkortasuna aldezten dituzten programak kudeatzea eta prestatzea.

b) Urrituentzako laneratzeko zentro berezientzako laguntzak kudeatzea.

c) Autoenplegua eta enpresa ekimenak bultzatzen dituzten programak sustatzea.

d) Gazteak, 40 urtetik gorakoak, langabeak eta lan merkatutik kanpo dauden edo egon daitezkeen pertsonak laneratzeko programa bereziak bultzatzea eta planifikatzea.

e) Enplegua sustatzeko eta bultzatzeko politika aktiboak abiaraztea.

f) Enplegua eta aukera berdintasuna sustatzeko diru-laguntzak antolatzea eta kudeatzea

g) Lantegi-eskola, lanbide-etxe eta enplegu-lantegiak proposatzea eta kudeatzea.

h) Aukera berdintasunerako jarduketak planifikatzea eta kudeatzea.

27. artikulua. Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzuaren egitura.

Enplegua eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Zerbitzua unitate organiko hauetan egituratu da:

a) Enplegurako Laguntzen Atala

b) Lan-mundura sartzeko Atala

28. artikulua. Enplegurako Laguntzen Atalaren eginkizunak

Enplegurako Laguntzen Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Laneratzeko laguntzei buruzko informazioa, aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

b) Enplegurako laguntza eta diru-laguntzei buruzko espedienteak ebazteko proposamenak egitea, kasu hauetan:

b.1) Erretiro aurreratua.

b.2) Kontratu finkoa.

b.3) Urrituak eta lana aurkitzeko eragozpenak dituzten beste pertsona batzuk laneratzea.

b.4) Toki erakunde batek herritar guztien onurarako obra edo zerbitzuetarako kontratatzea.

b.5) Gizarte ekonomiako enpresentzako programak.

c) Enpresek lanpostuak sortzeko pizgarriak ezartzea (diru-laguntzak).

d) Estatistika zehatzak eta jardueren memoria egitea.

e) Enplegurako programak eta enplegua sustatzeko ekintzak ezartzeko edo aldatzeko proposamenak prestatzea.

f) Enpleguaren egonkortasuna sustatzeko programak prestatzea.

g) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

29. artikulua. Lan-mundura sartzeko Atalaren eginkizunak.

Lan-mundura sartzeko Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Laneratzeari buruzko informazioa, aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

b) Laneratzeko orientazio eta prestakuntzako programak aztertzea.

c) Langabeziak gogor jotako kolektiboetako pertsonak eta lan merkatutik kanpo daudenak edo egon daitezkeenak laneratzeko programa bereziak sortzea.

d) Laneratzeko diru-laguntzen inguruko espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta ebazteko proposamenak egitea.

e) Laneratzearen arloko zentro laguntzaileak kontrolatzea, koordinatzea eta haien jarraipena egitea.

f) Laneratzearen inguruko estatistikak egitea.

g) Onetsitako proiektuen eta haiek finantzatzen laguntzeko ematen diren laguntzen jarraipen teknikoa eta burutzapenaren kontrola.

h) Lantegi-eskolak eta lanbide-etxeak sortzea proposatzea, eta kudeatzea.

i) Enplegu-lantegiak sortzea proposatzea, eta kudeatzea.

j) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

6. ATALA

Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzua

30. artikulua. Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzuak eginkizun hauek dauzka:

a) Estatistikaren arloan eskudun diren erakunde publikoekin koordinatzea.

b) Nafarroako lan-aurkitzeak aztertu eta begiratzea.

c) Nafarroako Prestakuntzen Institutuarekin lankidetzan aritzea lan merkatuak eskatzen dituen lanbide prestakuntzak identifikatzeko.

d) Lanen geroari buruz, lan merkatuaren joerak ikuskatzea.

e) Lanerako prestakuntzaren garapena eta prestakuntza sistemaren ezarkuntza bultzatzea eta aldeztea.

f) Ekoizpen munduko eskakizunetara egokitutako prestakuntzako eta laneratzeko programen orientazioa, laneratzeko eragozpenak dituzten pertsonentzat egiten direnetan arreta berezia jarriz.

g) Egiten diren politika, ekintza eta programen zabalpen integral eta koherentea, ohiko hedabideen bidez eta teknologia berriak erabiliz.

h) Enplegu eta prestakuntzarako programen eragina aztertzen laguntzea.

i) Europar Batasunaren programen eta enplegu-sorgune berrien zuzendaritza.

j) NEZen programak ebaluatzeko kalitate-irizpideak eta prozedurak ezartzea.

k) Zuzendari kudeatzaileak ikerketa, azterketa, ikuspen, ebaluazio, argitalpen eta zabalpenaren arloetan esleitzen dizkion guztiak.

31. artikulua. Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzuaren egitura.

Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzuaren egituran unitate organiko hauek daude:

a) Lanerako Prestakuntza Garatzeko Atala.

b) Azterketa eta Berrikuntza Atala.

32. artikulua. Lanerako Prestakuntza Garatzeko Atalaren eginkizunak.

Lanerako Prestakuntza Garatzeko Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Lanerako prestakuntzaren eredua diseinatzen laguntzea

b) Lanerako prestakuntza planifikatzen, antolatzen eta programatzen laguntzea.

c) Prestakuntza hobetzeko planak proposatzea.

d) Prestakuntzaren arloko jardun onak zehaztea.

e) Nafarroako Gobernuak ezarritako koordinaziorako gidalerroei lotuta, laguntza teknikoa ematea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza sistemaren garapenaren ondorioz sortzen dituen bitarteko eta tresnak ezartzen eta abiarazten.

f) Lanerako Prestakuntzaren Zentro Nazionalari laguntzea.

g) Prestakuntza garatzeko bitartekoak eta tresnak proposatzea.

h) Lanerako prestakuntzaren garapenean ari diren erakunde eta organismoekin koordinatzea.

i) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

33. artikulua. Azterketa eta Berrikuntza Atalaren eginkizunak

Azterketa eta Berrikuntza Atalak eginkizun hauek dauzka:

a) Lan merkatuaren adierazleak eta estatistika aztertzea.

b) Lanbide-profilak, lanbideak eta lan merkatua aztertzea, bai eta horien eta prestakuntza eskaintzaren arteko erlazioa ere.

c) Bultzatzen diren programa eta proiektuak sortzen, zehazten eta ebaluatzen laguntzea.

d) Laguntza teknikoa ematea Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren komunikazio eta hedatze ekintzetarako.

e) Kolektibo jakin batzuen laneratzeko aukerak hobetzeko ekintza berritzaileak burutzen laguntzea.

f) Enpleguaren Ataria koordinatzea, mantentzea eta eguneratzea.

g) Europar Batasunaren programak eta enplegu-sorgune berriak koordinatzea eta ebaluatzea.

h) Zerbitzuko zuzendariak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion eginkizun guztiak.

7. ATALA

Atalaz azpiko unitate administratiboak

34. artikulua. Sortu, aldatu eta kentzea.

Negoziatuak edo atalaz azpiko beste unitate administratibo batzuk edo haiekin parekatutako beste unitate batzuk sortzeko, aldatzeko edo kentzeko foru agindua eman behar du Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena egin ondoren.

III. KAPITULUA

Zentro laguntzaileak

35. artikulua. Aitorpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zentro edo erakunde laguntzailetzat aitor ditzake lanbide heziketaren, lanerako bitartekotzaren eta orientazioaren, enpleguaren eta laneratzen arloetan Zerbitzuaren helburuekin bat datozen lanak egiten dituzten zentro eta erakunde publiko zein pribatuak.

36. artikulua. Formalizazioa.

Zentro bat laguntzaile aitortzeko hitzarmena egin behar da Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin, eta gero Gobernu Kontseiluak onetsi behar du. Hitzarmenean lankidetzaren arloa eta irismena zehaztuko dira.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

37. artikulua. Ondare araubidea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ondare araubidea Nafarroaren ondareari buruzko arautegian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izango da.

38. artikulua. Langileen araubidea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileei Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen arautegia aplikatuko zaie.

39. artikulua. Kontratazio araubidea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontratazio araubidea Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko arautegian erakunde autonomoetarako ezarritakoa izango da.

40. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua ondoko baliabideez finantzatuko da:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideez.

b) Ondasun eta eskubide horien etekin eta errentez.

c) Jasotzeko baimena duen sarrera arrunt eta apartekoez.

b) Nafarroako aurrekontu orokorretan ezartzen zaizkion diru kopuruez.

e) Administrazioek edo erakunde publikoek ematen dizkioten diru-laguntzez (arruntak zein kapitalekoak).

f) Erakunde pribatuen eta norbanakoen dohaintza, legatu eta bestelako ekarpenez.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabide guztiez.

41. artikulua. Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.

Aurrekontuen, ekonomia eta finantzen, esku-hartzearen, finantzen kontrolaren eta kontabilitatearen araubidea Nafarroako Foru Ogasunari buruzko arautegian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izango da.

42. artikulua. Egintzen araubide juridikoa.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emango ditu bere egintza administratiboak.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen egintza administratiboek ez dute agortuko administrazio bidea eta beraien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Zerbitzua atxikita dagoen departamentuaren titularrari. Salbuespena: auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak eta ondare erantzukizuneko erreklamazioak ebazten dituztenak aurrean adierazitakotik salbu daude.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako egintza deusezen ofiziozko berrikuspena, egintza deuseztagarrien kaltegarritasunari buruzko deklarazioa eta zigor edo kargaren bat ekar dezaketen egintzen errebokazioa Zerbitzua atxikita dagoen departamentu kontseilariaren foru agindu bidez egingo dira.

4. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak dauka auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebazteko eskumena. Langileen arloko erreklamazioak, berriz, funtzio publikoaren arloko eskumena daukan kontseilariak ebatziko ditu, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak aginduzko txostena egin ondoren.

Auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioen ebazpenen aurka demanda aurkez daiteke eskumena duen ordena jurisdikzionalean.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak dauka Zerbitzuaren jardunaren ondoriozko ondare erantzukizuneko prozedurak ebazteko eskumena, Zuzenbide Publikoko erlazioetan zein Zuzenbide Pribatukoetan.

Ondare erantzukizuneko prozeduren ebazpenen aurka aukerako berraztertze-errekurtso aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 21ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0709110